gizartea
Trena denengana iristen ez denean
Jokin Sagarzazu
Maier King da ekintza horretan parte hartu zutenetako bat. Azaldu duenez, aurreko egunetan jarri ziren harremanetan Donostiako geltokiko arduradunekin, egin nahi zutenaren berri emateko eta mugikortasun arazoak dituztenentzako trenak zer ordutan pasatuko ziren jakiteko. «Esan ziguten egun horretan bik baino ez zutela aukera hori eskainiko; zehaztutako orduan joateko, eta igoko ginela. Han inguruan zegoen langile gazte batek, baina, ohartarazi zigun ezingo genuela hori egin».
Eta trena iritsi zen: gurpil aulkian zihoazen hiru pertsonak ahalegindu ziren sartzen, baina, «arazo teknikoengatik», plataforma ez zen lurrera iritsi, «iristen ez delako». «Hiru-bost bat minutuz» egon ziren nasan esperoan, konponbide baten zain. Han zeuden segurtasun enpresa bateko langileak. «Interesatzen zitzaien gauza bakarra zen guk handik alde egitea, trenak aurrera egin zezan». Pultsuan jaso nahi izan zituzten aulkiekin batera: 150etik gora kilo pertsona bakoitzeko. «Eta guk, ezetz; agerikoa zela arriskua denontzat, eta horiek ez zirela moduak eta baldintzak. Trenera igoko ginen, bai, baina nola jaitsiko ginen hurrengo geltokian? Eta gero berriz igo nahiko bagenu?».
Haien eta segurtasun langileen arteko tentsioa handituz joan zen. Itxi egin zuten mugikortasun urrikoek igotzeko trenak duen ate bakarra, beste ateek zabalik jarraitzen zuten bitartean. Bidaiari bati hanka harrapatuta geratu zitzaion atea ixten ari zen bitartean, beste bati euritakoa erori zitzaion trenbidera... «Han gertatzen ari zena ezin genuen sinistu. Gainera, handik ez ziren pasatu treneko begiratzailea, makinista, estazioko burua... Inor ez; segurtasun langileak baino ez».
Eta trenak alde egin zuen. Protesta egiten ari zirenak «legez kanpo» atxiki zituzten, eta «mehatxu» egin zieten esanez haien aurkako salaketa bat jarriko zutela, «trena gelditzeagatik». Bitartean, geltokiko arduradunik ez han. Iritsi ziren ertzainak, eta «harrituta» geratu ziren gertatzen ari zenarekin. «Haien jarrera eta tratua segurtasun langileena eta Renfekoena baino askoz ere ulerkorragoa izan zen». Ekintzan parte hartu zuten guztiak identifikatu zituzten. Eta salaketa jartzeko aukera mahai gainean izan duen arren, Renfek, azkenean, ez du halakorik egingo, kazeta honi baieztatu dioenez. «Guri ez digute ezer esan», kexatu da King.
BERRIAk eginiko galderei erantzunez, Renfeko komunikazio bulegoak azaldu du protesta egin zutenek jokatu zutela «oker», eta segurtasun langileek «bermatu» zutela haien eta gainontzeko bidaiarien «segurtasuna». «Jakin bazekiten ezin zutela trenera igo, eta horretan tematu ziren, ateak-eta trabatuz». Horrekin batera, adierazi du ekintza horrekin «kalte egin» zietela garraiobidearen erabiltzaileei eta zerbitzuari.
Ahal Dugu-k prestatu zuen ekintza. Aldirietako langileak grebara zeuden deituta egun horretarako. Joanes Fiel da alderdi horretako arduraduna arauz kanpoko funtzionaltasunen bat dutenen alorrean. Azaldu duenez, ez zuten espero gertatu zena gertatzea, Renfekoek horretan saiatzea leporatu arren. «Greba eguna dela eta, langileekin bat egin, eta arazo hau ikusgai egin nahi genuen. Gure asmoa zen Irundik Alegiaraino bidaia egitea, eta jasotzea zer oztopo dituzten estazioetan-eta». Fielek berretsi egin du Kingek esandakoa: aurretik hitz egin zutela geltokiko arduradunekin, ez zituztela «ezustean harrapatu», ordubete lehenago iritsi zirela estaziora... «Eta, hala ere, gertatu zena gertatu zen. Izugarria da».
Zerbitzu «penagarria»
Ahal Dugu-ko kideak azpimarratu duenez, irisgarritasun arazoez gain bestelakoak ere ikusi dituzte aldiriko trenen funtzionamenduan. «Gipuzkoan ezaguna da tren horien egoera penagarria dela aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, adinekoentzat eta pertsona guztientzat oro har».
Renfek azaldu duenez, irisgarritasun arazoei aurre egiteko plan bat daukate 2016tik, baina ezin izan dute osorik aurrera eraman «Espainiako Gobernuaren aurrekontuen menpe daudelako», eta, Donostiako geltokiaren kasuan, «azken 20 urteetan estazio berri bat egiteko proposamenak direla-eta». «Geltoki honen arazoak ez dira berriak, eta hori badakite greba egun batean ekintza hori egin zutenek».
Kingentzat, baina, sakonean dagoena ez da soilik ekonomikoa. «Berritu dituzte tiketak erosteko makinak, eta aulkietan goazenok ez gara iristen, oso altu daudelako; horrek erakusten du interes falta eta utzikeria», azpimarratu du. «Badakigu zaharkituta daudela trenak eta estazioak, eta horiek inbertsio handiak eskatzen dituztela. Baina Renfekoak oso berandu iritsi dira gai hauetara; Lurraldebusen eta Euskotrenen aspaldi hasi ziren, nahiz eta hobetzekoak dituzten».
Adibidez, plataformen sistema: «Hobe da atea eta lurra altuera berean egotea; gure moduko pertsona askok arazoak dituzte plataforma jaisteko botoia sakatzeko, eta laguntza eskatu behar dute». Edota gurpil aulkietan doazenak gune jakin batean joan behar izatea: «Autobusetan, esaterako, gertatzen da bik batera ezin dugula joan». Fielek azpimarratu duenez, elbarritasunen bat dutenek halako «hamaika» egoerari egin behar izaten diete aurre egunean zehar. «Eta besteok ez gara ohartzen: bada garaia».