astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

bizigiro

Puztu da puska

Iker Tubia

Puztu da puska

Ibaialde ikastolako gimnasioan berogailua jarri dute; Eretzun ikastolan, errotulazioa, kartelak, eta router-a eta wifi puntu berriak; Argia ikastolan, igogailua, hamar gelarako hornikuntza eta errezelak gela guzietan; AEK-ko ikasleek matrikula arintzeko beka sistema erabili dute; eta Sortzen-ek D ereduaren aldeko kanpaina zuzenak eta euskarazko tailerrak eskaini ditu. Ez hori bakarrik. Errigora egitasmoak horretarako eta gehiagorako eman du 2013an sortu zenez geroztik. Bost urtean, Erriberan euskararen irakaskuntza lagundu, babestu, hauspotu, duindu eta hobetu du. Emaitzak ikus litezke dagoeneko, eta oraindik ere bide luzea dute urratzeko.

Bost urte bete dira Errigora martxan jarri zutenetik. Erriberako ekoizleen produktuak saltzen dituzte; auzolan handi bati esker, kontsumitzaileak ekoizleari zuzenean erositako prezioan jasotzen du jakiz beteriko saskia. Modu horretan, saski bakoitzeko diru ekarpena egiten diote eskualdeko euskalgintzako hiru eragileri: Sortzen-i, AEKari eta ikastolei. Nafar hegoaldeko uztak euskarari puska emateko balio du horrela, bi sektoreen arteko zubia eraikiz.

Egitasmo horren hazia 2012an erein zuten. Orduko hartan, 34.000 euro bildu zituzten Tuterako (Nafarroa) Argia ikastolarentzat. Zazpiak Bat Harreman Sareak antolatu zuen, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, eta 1.500 saski baino gehiago saldu zituzten. Hurrengo urtean sortu zuten Errigora, beste bi eragileak batuta. Bost urteren bueltan, balorazio oso ona egin dute etekinak jaso dituztenek. Alor ekonomikoaz gainera giza ekarpen handia egin duela gogorarazi dute.

«Guretzat hau erabat beharrezkoa da, eta guztiz positiboa. Diru laguntza jasotzeaz gain, auzolana eta elkartasuna adieraztea sekulakoa da», azaldu du Argiñe Korta Argiako zuzendariak. Egindakoen zerrendan, igogailua nabarmendu beharrekoa da. 25 urte dira ikastola sortu zela, eta iazko udan paratu zuten. «Beharra bagenuen. Tokatu zaigu ikasleak makuluekin edo aulki gurpildunean egotea, baina ezin genuen jarri; beraz, ikasleak bizkarrean hartu, eta segi goiko pisura».

Horrekin batera, Errigorari esker, urtero teknologia berrietan eta irakasleen formakuntzan inbertsioak egin dituzte. «Egunerokotasunean daude teknologiak, etengabe berritzen dira, eta behar-beharrezkoak ditugu». Lodosako Ibaialde ikastolan ere egin dituzte zenbait lan eskuratutako diruari esker. «Ikastolen Elkartetik laguntza hartzen dugu irauteko, beraz, Errigorak aukera ematen digu proiektu berrietan sartzeko; bestela zaharkitua geratuko litzateke gure ikastola. Arnasa hartzeko aukera ematen digu», azaldu du Haizea Lizarbe zuzendariak.

Urteen poderioz zahartu edo apurtu direnak konpontzeko erabili dute diru sarrera. Nabarmentzekoa da gimnasioan jarri duten berogailua. «Hotza baino hotzagoa zen orain arte. Askotan, negua izan arren, kanpora ateratzea nahiago genuen». Aurtengo diruarekin zer egin ere badakite: ikastolako berogailuak konpondu. «Eskoletan konponketak egin behar dira, eta horretarako erabiltzen dugu batez ere dirua».

Ez da sos kontua soilik

Nolanahi ere, bi ikastoletako zuzendariek balio handia eman diote ekonomikoa ez den etekinari. Tuterako ikasleak «jo eta ke» aritzen dira Errigora egitasmoaren bueltan lanean. Urtero, auzolan egun handi bat antolatzen dute Ablitasen —larunbat honetan izanen da—, eta bertan parte hartzen dute. Gainera, aurreko egunean ere ikasleak aritzen dira lan eta lan. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ikasleek auzolana eta elkartasuna zer diren ikas dezaten». Antzera mintzatu da Lizarbe, eta Errigorak lantzen dituen balioak ikasleei irakasten dizkietela azaldu du. Ez hori bakarrik: «Ikusten dutenean Euskal Herri osotik hemengo produktuak eskatzen dituztela, bitxia egiten zaie, baina, modu horretan, haien egunerokotasuna aberastasun bihurtzen da».

Helduak euskalduntzeko lanean aritzen direnek ere jasotzen dute Errigorako parte hartzaileen laguntza. Erriberako AEK-k ikasleei matrikula arintzeko beka sistema martxan jarri du horri esker. Modu horretan, ikasturte osoan eskolen %75 baino gehiagora joaten direnei matrikularen erdia ordaintzen zaie —urtearen arabera %65 ere bai—. «Aurreko gobernuaren [UPNrena] azken urteetan ez genuen inolako diru laguntzarik jaso; beraz, gobernu aldaketa nabaritu dugu, berreskuratu dituelako. Noski, ez nahi genuen bezainbeste, oraindik oso eskasak direlako», azaldu du Alizia Iribarren Erriberako AEK-ko arduradunak.

Baina gobernu aldaketatik harago, Erriberan bestelako aldaketa bat antzeman dute: matrikulazioak %70 egin du gora 2013an Errigora egitasmoa hasi zenez geroztik. 2013-2014ko ikasturtean, 60 ikasle ziren, eta iazko ikasturtean, 102. «Horregatik bakarrik ez, baina ikasle kopurua dezente igo da». Beraz, gogora ekarri du duela bost urte baino «hobeki» daudela orain, baina ez soilik UPNk Nafarroako Gobernua utzi duelako. Auzolanak izan du zer ikustekorik. Bestalde, Errigoratik jasotzen duten laguntzaren puska bat euskaltegien mantenurako ere bideratzen dute. «Diru ekarpenik gabe ezingo genuke egin, edo larriago ibiliko ginateke», ohartarazi du AEK-ko irakasleak.

Helduen euskalduntzea ez da Errigorak sustatu duen bakarra. D eredu publikoaren aldeko matrikulazio kanpainak, adibidez, egitasmo horri esker egiten dira, hein handi batean. Sortzen elkartea arduratzen da lan horretaz. 2015ean, Nafarroako Gobernuak Euskararen Legea aldatu zuen, eta, orduz geroztik, D eredua ikastetxe publikoetan eskain daiteke legeak «ez-euskaldun» izendatzen duen eremuan: herrialdeko hegoaldean. Horren aurretik, aldarrikapen fasean ziren, eta horretara bideratu zituzten etekinak. Orduz geroztik, Sortzen-en lana D ereduaren aldeko kanpainak egitea izan da, eredu hori aukeratu duten familiak babestea eta laguntzea, eta ikastetxe horietan euskarazko jolas tailerrak antolatzea. «Beharren arabera bideratu ditugu diru ekarpenak», azaldu du Sergio Iribarren elkarteko ordezkariak. Dagoeneko D ereduan ikas liteke Tafalla, Lodosa, Caparroso, Allo, Erriberri, Sesma, Azkoien eta Barasoainen.

Euskara zabaltzen

«Erriberan izan den in crescendo horretan, bultzada izan da Errigora. Emozioz beteriko ibilbidea izan da: aldarrikapenetik legea aldatzera; familiekin batzuetan D eredua lortzen zen, eta beste batzuetan, ez». Sortzen-ek han ez zuen egiturarik, ez bazkiderik, beraz, beharrezkoa izan du diru ekarpena. Hori bai, eskualdean jende «gartsu» anitz dagoela gogorarazi du elkarteko ordezkariak. «Gure komunitatea trinkotzeko eta sendotzeko balio digu, eta, gainera, bertako produktuak dira. Ezin da borobilagoa izan».

AEK-ko arduradunak dio nahiko itota ibiltzen dela euskalgintza Erriberan, eta Errigorak arnasa pixka bat hartzeko aukera ematen die. Ez hori bakarrik: «Euskalgintzari bultzada ematen zaio, hemengo euskaldunok ikusten dugulako lan egiten ahal dugula Euskal Herriko beste txoko batzuetako jendearekin, eta elkarlanean gauza handiak egin ditzakegula. Sentitzen dugu Erribera ez dagoela hain ahaztuta». Gainera, nekazariak euskarara hurbiltzeko gaitasuna goraipatu du Lizarbek: «Garai bateko euskararen mamua gainetik kentzen ari dira».

Dagoeneko martxan da Errigoraren udazkeneko kanpaina, eta azaroaren 14ra bitarte izanen da aukerarik saskiak eskatzeko. Orain artekoarekin gauza anitz egin dira, baina, oraindik ere, bada lanik Erriberan.

BERRIAn argitaratua (2018/11/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA