kultura
Begirada bat gaurkoari
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Atariko bat. Jorge Oteizaren Quosque tandem! liburua eta aldamenean manifestu bat. Hala dio: «Artista euskaldunen lau talde sortu gara: Gaur (Gipuzkoa), Emen (Bizkaia), Orain (Araba) eta Danok (Nafarroa)». Ez Dok Amairu egitasmoaren Baga, biga higa sentikaria ikuskizunaren kartela ere horman. 1968ko Euskal Herriaren aurretik euskal arteak zuen egoera azaltzeko sarrera bat egin dute erakusketaren lehen aretoan. «1960ko hamarkada zaila izan zen politikoki eta sozialki». Frankismo betean zegoen Euskal Herria, eta egoera soziopolitikoak nabarmen eragin zuen artistengan Begoña Gonzalez komisarioaren hitzetan. «Elkarteetan elkartu ziren artistak, indarrak bildu eta euskal arte modernoaren defentsa egiteko».
Errealitatearen kronika egiten zutela dio Miriam Alzurik. Erakusketaren komisariotzan jardun du berak ere, eta, Gonzalezek egin bezala, orduko artisten gaietan nabari diren «gatazkak» aipatu ditu. Maria Dapena artistaren Presoak eta Agustin Ibarrolaren Euskadiko paisaiak, kasurako. Jose Antonio Sistiagaren ... ere erera baleibu icik subua arauaren... filmaren proiekzioak ixten du atarikoa. «1970eko hamarkadan bestelako artista mota batzuk azalduko zaizkigu».
1972. urtean arteari buruz gogoetatzeko Iruñean egindako topaketen kartela, Mikel Laboaren Bat diskoari Jose Luis Zumetak egindako azala eta hainbat talde politikorentzat euskal artistek egindako irudiak: amnistiaren aldarrikapenari jarritako ikurra eta 1978ko Bai Euskarari jaialdirako sortutako irudia, tartean. «Artea, kultura eta politika elkarren ondotik agertuko dira». Hala azpimarratu du Gonzalezek. Bilboko Arte Ederren Eskolaren sorrera ere aipatu du. «Erakundeen bultzada erabakigarria izan zen 1970eko hamarkadan». Aurreko belaunaldiek markatutako bidetik ateratzeko joera nabari zela adierazi du Alzurik. «Euskal Herrian errotuta dauden mitoak hausten hasiko dira hainbat artista». Bixente Ameztoi eta Andres Nagel aipatu ditu, tartean. «Abstrakzioarekin hautsi eta arte figuratiboa lantzen hasiko dira». Folklorearen irudikapen ironikoa egiten zuen Ameztoik, eta aurreko belaunaldiekin «haustura» irudikatzen duela dio Alzurik.
Euskal Herriko artea egonkortzen ari zen 1980ko hamarkadan, eta 1983. urtean sortu zen Euskal Artisten Elkartea jarri du Gonzalezk adibide gisa. «Helburu argiak zituzten: indarrak bateratzea, helburu komunen eta sektorearen babesaren alde». Testuinguru horretan sortu ziren, bestalde, Gure Artea Eusko Jaurlaritzaren arte saria eta Ertibil, Bizkaiko Foru Aldundiak emandakoa. «Erakundeen babesak asko lagundu zuen».
Euskal Eskultura Berria mugimendua izan du Alzurik ahotan, eta Txomin Badiola, Angel Bados, Juan Luis Moraza, Maria Luisa Fernandez, Peio Irazu eta Elena Mendizabal artistek, 1985ean, Bartzelonako Metronom galerian egin zuten Mitoak eta Delituak izeneko erakusketa aipatu du. «Oteizaren lanaren irakurketa kritikoa egin zuten. Aurrera begiratzen zuten, eta aldi berean, iragana berrikusten». Artista horien lanak jarri dituzte ikusgai, besteak beste, 1980ko hamarkadari eskainitako eremuan.
Gero eta eremu gehiago
Forma berriak agertu ziren pixkanaka euskal artearen panoraman, eta nabari da jauzi hori erakusketan zehar ere. «1990eko hamarkadan nabarituko da diziplinen arabera banatutako artisten muga horiek desagertuko direla; hau da, margolaria dena, eskulturan eta bestelako eremuetan ere sartuko da eta alderantziz». Identitateari buruzko gogoetak azpimarratu ditu Alzurik. «Hemendik aurrera, artistek, zalantzan jarriko dute norbanakoaren identitatea eta identitate kolektiboa».
Ana Laura Alaezen Emakumeak takoidun zapaten gainean lana jarri du adibide gisa. «Feminitateari buruzko gogoeta egiten du artelanean. Ironikoki, emakume artistek eskulturak egiteko duten era landuko du». Gema Intxaustiren lanean ere egin du geldialdia: sukaldeko zapiekin ondu baitu San Jorge eta dragoia izeneko lana.
Proposamen berriak azaldu ziren 1990eko hamarkadan, eta ikus-entzunezkoen lehen erabilerak ere ordukoak dira. «Artista gazte askok performancetik gertu egingo dute lan, eta gero eta gehiago murgilduko dira ikus-entzunezkoetan». Javier Perez eta Sergio Pregoren lanak aipatu ditu hor.
Oteizaren eragina
Zero urteak izena jarri diote 2000. urteak irekitako hamarkadari. 2002ko otsailean Bilboko Arte Ederren Museoak jarritako Gaur, Hemen, Orain erakusketa izan du Gonzalezek hizpide. «Euskal arte garaikideari buruzko erakusketa egin zen orduan zegoen egoera artistikoa azaleratzeko». Azpimarra egin du Zugazak ere. «Ordutik hona ez dugu halako erakusketarik egin. Arte garaikideari eskainitako egitasmorik ez dugu garatu». Zegoen hutsunea betetzeko lehen ahalegina da egitasmoa, Zugazaren hitzetan.
Oteiza eta Txillida artisten eragina erakusketa osoan nabaritzen dela dio Alzurik. «1968an Oteizak eskultura utzia du jada, baina berak sortutako oinarri teorikoek indar handia dute oraindik ere. Erakusketa osoan nabarmena da eragin hori, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun azaltzea». 2018ra bitarteko lanak jarri dituzte ikusgai, eta beren-beregi 68aren ostean egitasmorako sortutako Nadia Barkante artistak sortutako akuarelek ematen diote amaiera ibilbideari.
Gaur egungo arteari begiratu nahi dio aurrerantzean Bilboko Arte Ederren Museoak. Hausnarketa hitza behin eta berriz azpimarratu du Zugazak aurkezpenean. «Arte modernoari dagokionez, non kokatzen garen argitzen lagunduko digu».