astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

kirola

Berdintasun eta borondate kontua

Ainara Arratibel Gascon

Berdintasun eta borondate kontua

Hilabeteko atzerapenarekin, eta aurreneko desadostasunak gainditu ostean, etzi osatuko dute Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena adosteko mahaia. Jokalariek argi dute «eskubide berdintasun eta borondate» kontua dela akordio bat lortzea. Izan ere, itunean jaso nahi dituzten eskariak ez dira soilik ekonomikoak. Mediku azterketa hobeak eta zehatzagoak egitea, entrenatzeko ordutegi aproposagoak izatea eta bidaiatzeko baldintzak erraztea galdegin dute, besteak beste.

Horri esker andre futbolarien profesionalizazioan «urrats nabarmen eta erabakigarria» egingo litzatekeela defendatu dute jokalariek. Klubek negoziatzeko borondatea erakutsi dute, eta onartu dute eskariak bidezkoak direla. Ikusi beharko da hori nola islatzen den elkarrizketetan eta hitzarmenean. Sinatuko balitz, hitzarmen aitzindarietako bat izango litzateke, beste herrialde askotan badirelako itunak, baina klub bakoitzak jokalariekin adostutakoak.

Negoziazioa Espainiako Berdintasun Legea kontuan hartuta egingo dute. Baldintza ekonomikoei erreparatuz gero, gutxieneko soldata bat ezartzea galdegin dute jokalariek. «Horri esker, jokalari bakoitzak ez du borrokatu beharko klubarekin gutxieneko soldata hori lortzeko», nabarmendu du Sandra Ramajo Realeko kapitainak. Egun, 500 euro inguru da gutxieneko soldata hori —gizonezkoen Lehen Mailan, 25 aldiz handiagoa da, ia 13.000 euro hilabetean—, baina badira hortik behera dauden taldeak. Eskatu nahi duten kopurua ez dute adostu.

Duela hiru urte, itunaren inguruan hitz egiten hasteko lehen batzarrean, jokalariek aipatu zuten 1.500 euro izango litzatekeela «soldata duin bat». «Futboletik bizitzeko aukera emango liguke horrek. Baina jakitun gaude gaur egun hori ez dela posible; batetik, emakumeen futbolak sortzen dituen diru sarrerengatik, eta, bestetik, klub batzuek ez dutelako nahikoa aurrekontu horretarako. Ezarriz gero, talde horiek desagertu egingo lirateke, eta ez dugu halakorik nahi. Gainera, denboraldia hasita dago, eta kontratuak sinatuta daude. Klub guztien egoera eta baliabideak kontuan hartuko dituen kopuru bat izatea nahi dugu», azaldu du Ainhoa Tirapuk, Athleticeko kapitain eta AFE sindikatuko Emakumeen Batzarreko presidenteordeak. Horrek agerian uzten du beren lehentasuna ez dela ekonomikoa soilik: «Jakitun gaude hitzarmena sasoi honetan sinatu nahi badugu agian arlo horretan indar gutxiago egin behar dugula. Baina lor ditzakegu horri lotutako hainbat gauza».

Horien artean, ondorengo biak aipatu dituzte: lan kontratuak gutxienez 20 ordukoak izatea astean, eta gaixoaldian daudenean soldata osorik kobratzea. Kontratuen ordu kopuruari dagokionez, Tirapuk salatu du hori dela klub askok erabiltzen duten «trikimailua» jokalariei Espainian legez ezarrita dagoen gutxieneko soldata ez pagatzeko: «Hamar edo hamabi orduko kontratuak egiten dizkiete jokalariei, eta hori aprobetxatzen dute gutxieneko soldata ez pagatzeko. Baina tranpetan ari dira, lan saioak, bidaiak eta partidak kontuan hartuta, jokalari guztiok dugulako gutxienez 20 orduko lan astea».

Ramajok ondo daki zer den gaixoaldi luze batean egon eta soldata osoa ez kobratzea. Aurreko sasoian, belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, eta bost hilabete daramatza jokatu gabe. «Nik beste lan bat dut erizain laguntzaile moduan, eta hor ere gaixoaldian nago. Baina soldata osoa kobratzen dut. Futbolari gisa, berriz, %70». Horrenbestez, hori aldatu nahi dute: «Beste %30 hori ordaintzeko ardura Gizarte Segurantzak edo klubak hartzea nahi dugu. Izan ere, soldatak berez dira txikiak, eta %30 kentzen badizute... Gainera, nahikoa duzu lesioarekin, horrekin ere kezkatuta egoteko. Hitzarmenean jasota lasaiago egongo ginateke».

Ekonomikoki duten beste eskarietako bat da klubek irudi eskubideen bidez lortzen den diruaren zati bat jokalarientzat izatea. «Orain arte, hori klubek ustiatzen zuten, baina ikusle kopurua gora doa. Horrenbestez, uste dugu guri ere badagokigula irudi eskubideen zati bat», defendatu du Ramajok.

Baina bi jokalariek argi utzi dute badirela dirurik eskatzen ez duten neurriak. Adibidez, haurdun geratuz gero, beste edozein lanbidetan izango luketen babes bera edukitzea. Honela azaldu du Ramajok: «Horri esker, ama izateak ez luke gure kirol ibilbidea baldintzatuko, eta alderantziz. Ajaxeko jokalari bat, adibidez, haurdun geratu zen. Klubak kontratuari eutsi zion, eta ondoren itzuli egin zen. Hori nahi dugu».

Halaber, haien ustez, beharrezkoa da mediku azterketa «hobeak eta zehatzagoak» egitea. «Kontuan izan behar da, hilekoa dela eta, emakumeok odol dezente galtzen dugula, eta askotan burdina eta hainbat bitamina baxu izaten ditugula. Goi mailako kirolariak izanda, hori asko nabarmendu dugu. Ondorioz, oso garrantzitsua litzateke denboraldian bizpahiru odol analisi egitea, horietan guztia ikusten baita. Gainera, azterketa ginekologiko bat egitea ere komeniko litzateke».

Osasun azterketa «hobeak»

Baina, batez ere, esfortzu probei erreparatu diete. Athleticen kasuan, denboraldi hasieran egiten diete halako proba bat; Realean, berriz, bihotza begiratzeko ekokardiograma bat. Eskatu dute klub guztiak behartzea jokalariei esfortzu proba egitera. «Emakumeen futbolean ez dira hainbeste susto izan. Baina, bat-bateko heriotza kasuak saihesteko, funtsezkoa da prebentzioa, eta hori halako proben bidez egiten da. Derrigorrezkoak izan behar dute, gure osasuna baitago jokoan. Ez da nahikoa zelaietan desfibriladoreak jartzea, nahiz eta alde horretatik hobekuntzak izan diren», zehaztu du Ramajok. Gai horri lotuta, ondorengo hau gehitu du Tirapuk: «Erraz egin daiteke hori, klub gehienek baitituzte hitzarmenak osasun enpresa pribatuekin. Lotsagarriena da goi mailako talde baten osasun azterketa izatea: neurtzea, pisatzea eta belaunen mugikortasuna begiratzea. Baina Lehen Mailako klub askotan hori gertatzen da».

Funtsezkoa irizten diote entrenatzeko eta jokatzeko ordutegiak hobetzeari : «Badira klubak gaueko bederatzietan entrenatzen direnak, harrobiko taldeen lan saio guztiak amaitu eta gero. Astakeria bat da hori, horrek esan nahi duelako etxera 23:30ean ailegatzea, eta, ziurrenik, hurrengo egunean goizean goiz lanera joan behar izatea. Gainera, ia ezinezko egiten du familia eta lana edo ikasketak uztartzea».

Bartzelona eta Atletico Madrilekin batera, Athletic aitzindaria izan da esparru horretan. Izan ere, denboraldi honetan goizez entrenatzen hasi dira. «Aldaketa handia nabaritu dugu, goizean Lezaman hiru talde baino ez baikaude: Lehen Mailako biak eta Athletic B. Hala, lasaiago presta ditzakegu norgehiagokak, eta osasun zerbitzuak ere eskurago ditugu: fisioterapeutak, sendagileak, osatze laguntzaileak...». Baina hori bezain garrantzitsua den beste gauza batean ere antzeman dute aldea: atsedenean. «Gaueko atsedenaren ostean etortzen gara entrenatzera, eta ez lan edo ikasketa egun baten ostean. Izugarri antzematen da hori entrenatzeko orduan. Freskoago zaude. Gainera, atsedena funtsezkoa da goi mailako kirolari baten prestakuntzan». Realekoak astean behin entrenatzen dira goizez, eta arratsaldean egiten duten egunetan, lehen txandan.

Beharrezkoa ikusten dute partiden ordutegiak aldatzea ere: «Ez du zentzurik hainbeste bero egiten duenean norgehiagokak eguerdiko ordu bietan jartzeak, edo iluntzeko zortzi eta erdietan jokatzea partida bat, kontuan hartuta etxetik kanpo jokatzen duen taldeak ondoren bidaia luzea izan ohi duela autobusez».

Lan jazarpenaren aurkako neurriak ere jaso nahi dituzte itunean: «Oraingoz, ez dira asko izan, baina aurreko sasoian oso kasu esanguratsu bat gertatu zen. Natalia Pablos Rayoko jokalariak erretiroa hartu nahi zuen, eta klubak etete klausula ordaintzera behartu nahi zuen: 250.000 euro. Emakume futbolari batek ez luke hori kobratuko, ezta bizitza osoa jokatzen emango balu ere. Bidegabeak dira halako gertakariak », salatu du Tirapuk.

Biek nahiko lukete akordioa «ahalik eta azkarren» lortzea. Baina zuhurtziaz ere mintzo dira: «Kluben aldetik, borondate ona ikusten dugu, eta espero dugu denboraldi honen barruan sinatzea. Horrela, jokalariak babestuago egongo gara». Izan ere, berretsi dute «borondate kontua» dela ados jartzea: «Azken batean, gero eta gehiago gara gizonezkoen Lehen Mailako kluben babespean sortutako taldeak, eta guztiek dituzte baliabideak neurri horiek hartzeko. Emakumeen futbolaren profesionalizazioaren bidean konpromisoa izatea da kontua».

Desadostasunak gaindituta

Negoziazioa ez zen nahi bezala hasi, bertan parte hartuko dute hiru sindikatuen artean izandako desadostasunen erruz. Bi gaitan, AFEren, Futbolistas ONen eta UGTren artean desakordioa egon da: negoziazio mahaian izan beharreko ordezkaritza eta adostu beharreko hitzarmen mota. Lehen bileran, urriaren 4an, agerian geratu ziren desadostasun horiek. AFEk defendatu zuen futbolarien %90 inguru ordezkatzen zituela —200 bat futbolarik agiri bat kaleratu zuten, sindikatu horri babesa azalduz negoziazioan— eta, beraz, kide gehiago eta pisu handiagoa izan behar zuela negoziazioan. Futbolistas ON urte hasieran sortutako sindikatu bat da, eta estreinako aldia da UGTk futboleko lan hitzarmen baten negoziazioan esku hartzen duela. Biek eskatu zuten hiru sindikatuen ordezkaritza bera izatea: %33. Halaber, salatu zuten AFEk bakarrik negoziatu nahi zuela hitzarmena, eta hori ez zela legezkoa.

Azkenean, Futbolistas ONek Espainiako Arbitraje eta Bitartekaritza zerbitzura jo zuen, eta bertan lortu zuten akordio bat egitea. Hala, azkenean, AFEk hiru ordezkari izango ditu, eta bana Futbolistas ON-ek eta UGTk. Beste eztabaidagunea sinatu beharreko hitzarmen mota izan zen. Orain arte egin eta defendatu izan duenari jarraituz, AFE talde hitzarmen baten aldekoa da, eta beste bi sindikatuak, sektore arteko baten aldekoak. «Kezkaz eta zenbait unetan haserre» bizi izan zuten hori jokalariek. Hala onartu du Ramajok: «Ikusten genuen sindikatu bakoitzak bere interesei erreparatzen ziola, eta ez genuen nahi jokalarien artean lortutako adostasuna eta batasuna apurtzea. Zorionez, lortu genuen batuta egotea». Tirapu bat dator horrekin: «Sindikatu batekoa izan edo bestekoa, denak bat gatoz eskarietan».

BERRIAn argitaratua (2018/11/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA