astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

politika

Paparretik darie odola

Jon O. Urain

Paparretik darie odola

Antonio Gonzalez Pacheco Billy El niño ezizenez ezaguna den polizia ohiaren izena berriro azaleratu da aktualitate politikora. Espainiako Gobernua datorren urteko aurrekontuak negoziatzekoa da talde politikoekin, eta Unidos Podemosek baldintza bat jarri dio: torturatzeagatik ezaguna denez gero, Gonzalez Pachecori kentzea bere garaian emandako kondekorazioak eta horien bidez jasotako pentsioak. Billy el Niño ez da edonor izan: haren ibilbide profesionalean lau domina eman dizkiote, eta horiek %50 handitu dute haren pentsioa. Frankismo garaiko torturengatik egin zen ezagun, eta Pedro Sanchezen gobernua prest azaldu da polizia ohiari kondekorazioak kentzeko.

Gonzalez Pachecorena, ordea, ez da kasu bakana. Urriaren 22an EH Bilduk zabaldu zuenez, dozenaka dira torturetan edo gerra zikinean nahastuta egon eta dominak, kondekorazioak edo bestelako sariak jaso dituzten poliziak. Marian Beitialarrangoitia diputatuak esan zuenez, Espainiako Gobernuen «ohiko prozedura» izan da tortura kasuetan nahastutako poliziei «indultua ematea», «dominak ematea» eta haiek «goi karguetara mugitzea».

Kasu esanguratsu ugari daude horien artean: esaterako, Sebastian Sotos polizia inspektoreordea bost aldiz kondekoratu dute Espainiako lau gobernuk, nahiz eta Frantziako justiziak Sotos zigortu zuen 1983an Joxe Mari Larretxea bahitzen saiatzeagatik. Ekuadorko bost polizia ere saritu zituzten, Alfonso Etxegarai eta Miguel Angel Aldana deportatuak bahituak eta torturatuak izan eta gero.

HIL ETA BEREHALA, DOMINA

Paradigmatikoa da Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatu eta hil zituztenen kasua. Auzian frogatu zenez, tortura eta hilketa horietan parte hartu zuten Jose Amedo, Felipe Bayo, Enrique Dorado eta Angel Vaquero poliziek eta Enrique Rodriguez Galindo orduan Guardia Zibileko komandante zenak. Guztiak saritu zituzten. Aintzat hartzekoa da noiz eman zizkieten dominak: Lasa eta Zabala 1983ko urrian bahitu eta torturatu zituzten, eta PSOEren gobernuak 1984ko urrian saritu zituen; Lasaren eta Zabalaren gorpuak identifikatu eta auzia zabaldu baino 11 urte lehenago; artean GALen berri ez zegoela. Galindok bereizgarri gorria duen domina jaso zuen, bizi guztiko pentsioa ziurtatzen ziona.

Are adierazgarriagoa da Amedoren kondekorazioa. 1984ko urriaren 11ko Aldizkari Ofizialean ageri dira Guardia Zibilaren Merituaren domina jaso zutenak; tartean, Amedo. Normalean, guardia zibilei ematen zaizkie sari horiek, Guardia Zibilaren Merituaren Ordenakoak direnez gero, baina Amedo sarituen zerrenda horretan ageri da, guardia zibila izan ez arren; Espainiako Poliziako inspektorea zen orduan.

TOCON, GORA

Domina jaso izana pistatzat jo zitekeen Zornotzako (Bizkaia) zazpi gazteri 1980 amaieran eginiko torturak aztertzeko orduan ere. Ernesto Alberdi, Jon Urrutia, Juan Jose Larrinaga, Roberto Zabala, Fernando eta Juan Luis Irakulis eta Agustin Gisasola atxilotu eta torturatu zituzten 1980ko azaroaren 20an. Hamar polizia auzipetu zituzten 2001ean —zazpi gazteak torturatu eta 21 urtera heldu zen epaiketa—: Lucio de Sosa, Antonio Arias, Jose Garcia Maldonado, Antonio Arias Carnero, Jose Vazquez Dominguez; Felipe Mateos Robles; Antonio Beltran Alcantara; Paulino Santos Campaña, Antonio Bailo Roche eta Julian Gonzalez Pomares. Aurreneko hirurak zigortu zituzten.

Hamarrek, ordea, jasoak zituzten Guardia Zibilaren bereizgarri zuriko gurutzeak, 1981ko urtarrilaren 7an; zazpi gazteak torturatu eta hilabete eta erdi eskasera, beraz. Dozenaka izan ziren egun horretan saritutako guardia zibilak, eta Zornotzakoen kasuan nahastutakoez gain, egun horretan saritu zituzten Enrique Rodriguez Galindo eta Enrique Dorado Villalobos ere. Hortaz, bi horiek Lasa eta Zabala hil ondoren jasotako domina ez zuten aurrenekoa.

Bizkaiko Auzitegiak Antonio Tocon tenientea ere zigortu zuen, ordea. Hamasei urteko inhabilitazioa ezarri zion. Hiru urte geroago, Auzitegi Gorenak identifikatutako hiru poliziak ez beste guztiak zigorgabetu zituen. Edozein gisara, Bizkaiko Auzitegiak zigortu izana ez da oztopo izan Toconek karrera profesional oparoa egin ahal izateko. Tenientea zen 1980ko azaroan, Zornotzako gazteen torturak gertatu zirenean, eta Guardia Zibileko brigada jenerala da gaur egun. Dominei dagokienez, bereizgarri zuriko gurutzea jaso zuen 1981ean, eta 2015ean, Meritu Militarraren Gurutze Handia eman zioten. Iazkoa da azken saria: Guardia Zibilaren Merituaren Gurutze Handia eman zioten maiatzean.

INDULTUA, BESTE IRTENBIDEA

Dominez harago, estatuak izan ditu torturatzaileak babesteko beste mekanismo batzuk ere; esaterako, indultua. Jaurlaritzaren Tortura 1960-2013 txostenaren arabera, tortura kasuengatik zigortutako 61 polizietatik 27k indultua jaso dute.

Zigorra jaso ostean gobernuaren mesedea jaso zuten polizietako batzuek Jokin Olano torturatu zuten 1983. urteko uztailean. Donostiako Probintzia Auzitegiak zazpi polizia auzipetu zituen 1985eko otsailean, eta, 1994an, horietako bost zigortu zituen: Manuel Barroso Caballero, Jose Dominguez Tuda, Enrique Dorado, Manuel Macias eta Felipe Bayo. 1995ean, Juan Alberto Belloch Espainiako barne ministroak indultua eman zien Dominguez Tudari eta Barrosori. Dominguez Tudak ez zuen lehen indultua, lehenago ere eman baitzioten, 1990ean Joxe Mari, Lucio eta Victor Olarra eta Iñaki Olaetxea torturatzeagatik.

Xabier Makazaga estatu indarkeriaren ikertzailearen iritziz, zerrenda horretan beste tortura kasu batzuetan zigortutako agenteak agertu izanak erakusten du torturatzaileak ez zirela «hainbeste» izan, eta «jende multzo bat trebatu» zutela horretarako. Trebakuntza horren garapena urteen joan-etorrian antzematen du Makazagak: «Estatuaren tesia da, 1980ko hamarkada erdialdetik aurrera, tortura desagertu zela. Egia da ordura arte indiskriminatua zela, hamar eguneko inkomunikazio aldia zegoela. Gero hori bost egunera murriztu zuten, eta kontsigna izan zen marka fisikorik ez uztea».

ARAUDIA, PREST

Espainiako Gobernuak berriki jakinarazi du prest duela Gonzalez Pachecori domina kentzeko araudia, eta oraindik erabakitzeke dagoela nola tramitatuko den. Arau horrek soilik Gonzalez Pachecori eragingo dio, edo balio al dezake torturengatik zigortutako beste polizia batzuei sariak kentzeko? Espainiako Barne Ministerioko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, araudia oraindik amaitzekotan dago, eta testuak Minis- troen Kontseilutik igaro behar du, baina «baldintza mota guztietarako» balioko du, baita jarduera «eredugarria» izan ez duten polizientzat ere, ez soilik Gonzalez Pachecoretzat.

SARIA ETA SAREA

Bi aldagai zituzten dominok, Makazagaren arabera: saritzea eta babestea: «Operazio batzuengatik eman ziren dominak, baina operazio horietan torturatu egin zen. Tortura operazio horien ardatza izan da». Izan ere, dominak emateko baldintzak legez daude zehaztuta, baina, polizia bat saritzean, ez da espresuki adierazten hark zein ekintza zehatz egin duen domina jasotzeko; ez dago argudiatu beharrik, beraz.

Torturatzaileen babes sistemari «sarearekin lan egitea» esan zion Fernando Lopez Agudinek. Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministro zen garaian, Lopez Agudin ministerioko Harreman Informatiboetarako zuzendaria izan zen 1994tik 1996ra, eta bertan bizitakoak jaso zituen El Laberinto: Diario de Interior 1994-1996 liburuan (Labirintoa: Barne Ministerioaren egunerokoa, 1994-1996). Makazagaren iritziz, horrek erakusten du «babestuta» jarduten zutela torturatzaileek: «Ziurtasuna zuten ez zirela zigortuak izango. Zigorgabetasunaren sarea zuten azpian».

Espainiako Aldizkari Ofizialean, luzea da bereizgarri zuriko domina jaso dutenen zerrenda, baina laburragoa gorria jaso dutenena. Bigarrenak ziurtatzen du bizi guztiko pentsio osagarria, eta horregatik da guardia zibilen artean «estimatuena», Makazagaren esanetan. Hori horrela, ikusirik «dominen arrastoak ahalbidetzen» zuela jakitea «zer jendek parte hartu duen torturetan», Makazagak uste du bereizgarri gorria jaso dutenei jarraitu behar zaiela arrastoa.

BERRIAn argitaratua (2018/11/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA