astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

kultura

Paperetik kalera jauzi egiteko ordua

Ainhoa Sarasola

Paperetik kalera jauzi egiteko ordua

Urtea abian da jada, baina hilaren 19an gauerdian ekingo dio 2016ari Donostia Kultur Hiriburutzak. Kanpai eta danbor hotsak hastearekin batera hasiko dituzten inaugurazio ekitaldiak, eta lau egunez izango dira. Ordutik aurrera, hamaika ekitaldi eta jarduera hartuko ditu hiriak. Askotariko molde, diziplina eta formatutako ekitaldiak izango dira hilero, proposamen xumeenetik jaialdi handietara. Honako hau hilero izango diren proposamen horien aukeraketa bat da, urteak ekarriko duenaren adibide gisa:

URTARRILA

Danborradarekin ekingo dio urteari Kultur Hiriburutzak. Hiriko bandera ez ezik, Europakoa ere altxatuko dute gauerdian Liburutegi Nagusiko balkoian, eta danborradek egingo diete herritarrei, bai San Sebastian Egunez bai hilaren 23an egingo duten topaketan, kalera ateratzeko deia. Hamaika ekitaldi izango dira lau egunetan, eta nagusia, hilaren 23an egingo duten Elkarbizitzarako zubia ikuskizuna; harekin, inauguratutzat emango dute Kultur Hiriburutza urtea. Egun horietako programazioarekin bat egingo dute hainbat erakusketaren irekierek, Gaur artista taldeari San Telmo museoak eskainiko dion 1966 Gaur konstelazioak 2016 izenekoa tartean.

Izango dira urtarrilean hasi eta urte osoan iraungo duten jarduerak ere, Europa Transit izenekoa, esaterako. Autobusez bidaiatuko duen ordezkaritza batek Europa zeharkatuko du, gatazkaren bat izan duten herrialdeetan geldialdiak eginez, gero haien berri emateko. Urtarrilean izango da Music Box jaialdiaren lehen kontzertua ere: Corizonas eta Bullet Proof Lovers ariko dira Bilbo Plazan. Halaber, aurrez martxan ziren beste hainbat jarduerak jarraipena izango dute urtarrilean eta, batzuek baita hurrengo hilabeteetan ere —urte osoan hainbatek—, tartean Antzerki foruma, Europar elkarrizketak hitzaldi zikloa eta La Publika egitasmoa.

OTSAILA

Lehenago hasitako zenbait egitasmok jarraitzearekin batera, beste batzuk hasiko dira otsailean. Horien artean dago Erronkak. Jakiunderen gidaritzapean, XXI. mendeak ekarriko dituen «erronka kolektiboak» hartuko ditu ardatz programa horrek, eta herritarrek hainbat gairen inguruan gogoeta egiteko hitzaldiak eta eztabaidak eramango ditu hainbat udalerritara, urte osoan.

Gizartearen bilakaera eta gatazkak ezohiko ikuspegi batetik aztertuko ditu, berriz, Tira-birak proiektuak: egunkarietako zinten edo bineten bidez. 1970eko hamarkadatik gaur egunera arteko zinten edukiak eta formak aztertuta, garai bakoitzeko giro politiko-soziala ekarriko du gogora. Erakusketa ibiltari batek eta astebeteko programazio osagarri batek osatzen dute egitasmoa.

Historiari begiratua —edo dastatua— emateko beste ezohiko era bat proposatzen du Time Machine Soup egitasmoak: zentzumenen bidezkoa. Hain zuzen, Europaren historian murgiltzen laguntzeko, hamabi zopa dastatu ahalko dituzte parte hartzaileek.

MARTXOA

Oharkabeago pasatuko dira hiriburutzako ekitaldi batzuk, baina ez martxoan, Aste Santuarekin batera egingo duten Stop War jaialdia. Hiru egunez, iluntzean, Maria Kristina zubia itxi eta kontzertuak egingo dituzte; euskal musikari bat eta nazioarteko beste bat ariko dira gauero —tartean, Bob Geldof, Gose, Nick Lowe eta Anari—. Beste hiru agertoki ere jarriko dituzte, eta askotariko ikuskizunak izango dira haietan hiru egunetan. Hainbat herrialdetako jakiak dastatzeko postuak ere jarriko dituzte inguruetan.

Hiru egunetan bakarrik jende andana bilduko du jaialdiak; gauza bera egingo du, baina pixkanaka, 2016 bidea egitasmoak. Martxoaren 27an Donostiatik abiatu, eta urria amaiera bitarte, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria 32 etapatan zeharkatuko ditu. Igandero egingo dira ibilaldiak, eta amaitzean, Gipuzkoako zazpi GR nagusiak lotuko dituen sarea osatuta geratuko da, 600 kilometro luzekoa.

Eta bien bitartean, askotariko proposamenak hartuko ditu hilabeteak, esaterako, opera, musika eta txotxongiloak uztartzen dituen Altzoko haundia ikuskizuna —martxoaren 20an estreinatuko dute—.

APIRILA

Haima baten pean eramango da aurrera, batez ere, Hondar artean egitasmoa, apirilaren 8an aurkeztuko dena. Izan ere, Sahara izango da egitasmoaren protagonista nagusia, eta Federico Guzman artistak sortutako Tuiza instalazioa izango da proiektuaren bihotza: haima baten itxura du, eta melhfekin, saharar emakumeek erabiltzen duten soineko tradizionalekin osatu du artistak. San Telmo museoan paratuko dute, eta askotariko ekitaldiak hartuko ditu barruan. Giza eskubideak, feminismoa, neokolonialismoa eta natur baliabideak indarrez ebastea, garapenerako lankidetza, haurtzaroa, eta antzeko gaiak landuko dituzte, eta Saharako eta Euskal Herriko artisten arteko egonaldi trukea ere izango da proiektuaren barruan.

Halaber, eta urtero bezala, beste herrialde batzuetako errealitateak erakutsiko ditu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak. Baina berezitasun bat izango du aurten, Human Rights Film Network sarea osatzen duten zinema jaialdietako dozena bat ordezkariren topaketa ere izango baita hiriburutzaren harira.

Beste lurralde batzuk ekarriko ditu gurera ere, baina molde ludikoago batean, On appétit! egitasmoak. Europako hamar sukaldari beren etxean hartuko dituzte beste hainbeste euskal sukaldarik, eta, hemengo azoka eta produktuak erakusteaz gain, euren sukaldeetako ateak irekiko dizkiete, beren errezetak euskal produktuekin eta teknikekin presta ditzaten. Nahasketa horien emaitzak herritarrei eskainiko zaizkie gero, dastatu ditzaten.

MAIATZA

Erakusketa handi bat hartuko du hiriak, hiriburutzaren programazioari lotuta iragarri duten handiena ziurrenik. 1516-2016. Bake-itunak izenburupean, bakearen inguruan artearen historian eraiki den iruditeria ezagutzeko aukera eskainiko du mostrak. Mundu osoko 21 museotako artelanak bilduko ditu, 300dik gora, tartean, Goya, Rubens, Murillo, Picasso eta Le Corbusierrenak.

Erakusketa nagusiaren osagarri, eta ezagutzetan sakontzeko, gertakari historiko jakinen inguruko beste zazpi erakusketa, euskal artista garaikideek osatutako beste zazpi ekoizpen, hitzaldiak, mintegiak, argitalpenak eta beste biltzen ditu proiektuak.

Zabala izanagatik, ez da hilabeteak hartuko duen egitasmo bakarra izango. Emusik Europako musika eskolen festibala, Olatu Talka jaialdia, eta Donostia mundu osoko txotxongiloen topaleku bihurtuko duen World Puppet Festival ere izango dira hirian, besteren artean.

EKAINA

Bizikleta oinarri duten bost ibilgailu ordezkaritza Europan barrena abiatuko dira ekainean, Biziz proiektuaren barruan. Las Palmas, Atenas, Kopenhage, Konstantza eta Wroclawtik abiatuta ekingo dio bakoitzak bere ibilbideari, «kontinenteko bizitza estiloen aniztasuna» jasotzeko. Horretarako, bost komunikatzaile hautatuko dituzte eta, haiek, plataforma digitalak baliatuta, bidean aurkitzen dutenaren berri emango dute. Urrian, Mugikortasunaren Astearekin bat eginez, Donostian elkartuko dira bostak.

Bien bitartean, hainbat jarduera izango dira hirian. Horien artean, eta William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrenaren harira, hilaren 21ean estreinatuko duten Uda-gau bateko ametsa antzezlana, Kristinaenea parkean. Ondoren, lau astez eta gauero-gauero, eskainiko dute emanaldia, eta bakoitzean, 250 ikuslek hartuko dute parte —sarrera ordainduta—, obrako protagonisten arteko ezteietako gonbidatuak balira bezala. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egingo dira antzezpenak, eta aktore, musikari eta dantzariak ez ezik, sukaldariak ere parte hartzaileen artean izango dira, afaria ere eskainiko baitzaie ikusleei, antzezlanaren barruan.

UZTAILA

Europa bat-batean izango da uztaileko ekitaldi nagusietako bat. Kontinenteko kantu inprobisatzailerik onenak bildu nahi dituzte, Mintzola Fundazioarekin elkarlanean antolatutako Europako kulturen ahozko tradizioen topaketan. 2003an Bertsozale Elkarteak sustatuta Donostian egin zen nazioarteko topaketari jarraipena eman nahi dio proiektuak. Udaberrian aurretiazko jardunaldi batzuk egingo dituzte, eta ondoren, hilaren 9tik 16ra, inprobisatzaile sardiniar, kurdu, kanariar, katalan, galestar, austriar eta poloniarrak bertsolariekin batera ariko dira. Kursaalean, ekitaldi batekin emango diote amaiera.

Baina kaletik sarera ere egingo du jauzi hiriburutzak uztailean, Donostiapedia proiektuarekin. Wikipedia egitasmoaren 15. urteurrenarekin bat eginez jarriko da martxan proiektua, eta hiriko hainbat eragilerekin elkarlanean, Donostiako historiari eta kulturari buruzko artikuluak argitaratuko dira. Horrekin batera, QR kodeak jarriko dituzte hirian zehar, testuak eskuragarri jartzeko. Ahalik eta hizkuntza gehienetara zabalduko dituzte gainera. Teknologia du oinarrian nazioarteko Codefest udako eskolak ere. Egitasmo horrek «eremu urriko hizkuntzentzako baliabide teknologikoak» interesa duen ororen eskura jartzea du xede, «eguneroko komunikazio elektronikoetan norbere ama hizkuntza erabiltzea sustatzeko». Astebeteko tailer praktikoa izango da, eta norbanakoek ez ezik, hizkuntzalariek, ikasleek nahiz software-garatzaileek parte hartuko dute.

ABUZTUA

Programazioari begiratuta, badirudi abuztua izango dela hilabeterik lasaiena. Hala ere, izango da zer egin, ikusi, entzun nahiz dastatu, Itsasfest jaialdia kasu. Hain zuzen, askotariko osagaiak elkartu dituzte Ondarretako hondartzan kokatuko duten jaian. Ingurumenarekiko harreman iraunkorragoa sustatzea xede hartuta, tailer eta jokoetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita produktu osasuntsuak erostekoa ere, guztia, musikaz lagunduta. Halaber, jaialdiaren aurretik, bi geo-ibilbide egingo dira itsasertzetik, eta kostaren zaintzaileen sare bat ere sortuko dute herritarrekin.

IRAILA

Udako barealdiaren ostean, jardunaldiz lepo itzuliko da hiriburutza irailean. Ohi bezala, zinema izango da hileko protagonistetako bat, Donostiako Zinemaldiarekin. Aurten, baina, mundu osoko hainbat gatazkari buruzko 35 filmek osatutako Zinema eta gatazkak zikloa gehituko zaio jaialdiari. Halaber, Zinemaldian estreinatuko dute Kalebegiak film luzea ere, hamabi zuzendariren piezekin —Julio Medem, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Telmo Esnal eta Isabel Herguera, besteak beste— osatzen ari diren hiriaren erretratua.

Baina ez da dena zinema izango, eta proposamen askotarikoak eskainiko ditu hiriburutzak irailean ere. Gabon, Txirrita eta Street tARTar izan daitezke aniztasun horren bi adibide. Txirrita hil zela 80 urte beteko direla-eta, Xabier Letek 1982an taularatutako antzezlana berriro emango dute, hainbat urnietarrek antzeztuta. Halaber, eta proiektu beraren barruan, obra horren hariari tiraka, testu dramatiko berri bat idatziko du Bernardo Atxagak, gero taularatzeko. Oso bestelakoa da Street tARTar egitasmoa: kaleko sorkuntzaren bueltan, hip hopa, esku hartzeak, muralismoa eta parkour-ak bilduko ditu, haien inguruko prestakuntza sustatuz eta zuzeneko emanaldiak eskainiz.

URRIA

Antzerkia, literatura, artearen inguruko proiektuak... Hainbat aukera eskainiko ditu urriak, ikusleentzat ez ezik, baita sortzaileentzat ere. Esaterako, testu dramatikoen sorkuntza sustatzeko, Antzerkigintza berriak egitasmoak bekak eskainiko dizkie beste literatur generoetako idazleei eta arte eszenikoen munduko profesionalei. Beste proiektu batek testu zahar bat izango du abiapuntu, antzezlan berri bat taularatzeko: Cervantesen Los tratos de Argel (1580) komediaren bertsio garaikidea eskainiko die ikusleei Tratos proiektuak, Europan etorkin izatearen esperientzia bizi izan duten jatorri ezberdinetako aktoreen eskutik. Idazle espainiarra hil zeneko 400. urteurrenean eskainiko dute haren obra berritua.

Beste hiru esparruri ere, arkitekturari, hirigintzari eta ikus-entzunezkoei erreparatuko die Arkitektura: film-mintzairak urteroko zikloak. Iazko aldiaren bidetik, Hannah Arendt filosofoaren pentsamendua oinarri hartuko du zikloak, eta eskainiko diren ikus-entzunezkoak aukeratu eta hitzaldi eta tailerrak egingo dituzte hainbat gonbidatuk, espazioak mugatzen dituzten irudien inguruan gogoeta egiteko.

AZAROA

Idazleek izango dute zer idatzirik azaroan. Desgaitasun fisiko, intelektual, sentsorial nahiz mentala duten pertsonen errealitatea hobeto ezagutzeko xedea duen Kontukontanitz egitasmoarekin, esaterako. Egonaldiak antolatuko dituzte idazleek, aniztasun funtzionala duten lagunekin elkarlanean, ipuinak sortzeko. Istoriook, gero, auzoetara eramango dituzte ipuin kontalariek.Txekhov vs Shakespeare proiektuan, berriz, idazleek elkarri idatziko diote. Europako hainbat idazlek gutunak bidaliko dizkiete beste batzuei, literaturari, gatazkei eta idazleen egitekoari buruzko gogoetekin. Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok, Eider Rodriguezek, Luisa Etxenikek, Laura Mintegik, Arantxa Urretabizkaiak, Angel Errok eta Fernando Aranburuk parte hartuko dute gutun bidezko elkarrizketetan; beste aldean, Bashkim Shehu, Dubravka Ugresic, Belen Gopegui, Menna Elfyn edo Mircea Cartarescu izango dira.

ABENDUA

Azken txanpan sartuko da hiriburutza. Aurrez hasitako hainbat proiektuk jarraipena izango dute, baina izango dira abenduan hasi eta bukatuko direnak ere. Horien artean dago Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera. Giza eskubideen ikuspegitik, aniztasun horren errespeturako eta kudeaketa egokirako baldintzak sortu behar direla uste dute sustatzaileek, «elkarbizitzaren erronkari hizkuntzen aniztasunaren ikuspegitik heltzea egiteko» dagoen zerbait delakoan. Hala, adituak eta askotariko gizarte eragileetako ordezkariak bilduko dira Donostian. Helburua: Hizkuntza Eskubideen Bermerako Protokoloa itxi eta aurkeztea, erakunde eta eragileen konpromiso praktikoak lortzeko tresna gisa.

2016tik harago hainbat proiektuk jarraipena izango dutela azaldu izan dute arduradunek, hiriburutzaren «legatua» izango direnak. Zein izango diren eta zein ez, ordea, zehaztu gabe dago oraindik. Urteak zer emango duen ikusi beharko da aurrena.

BERRIAn argitaratua (2016/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA