astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

iritzia

Godoten esperoak bizi gaituelako

Anjel Lertxundi

Godoten esperoak bizi gaituelako Anjel Lertxundi

Denbora txiripa bat da.

Tirano hura oso haserre zegoen menpekoek Inpuntuala deitzen ziotelako. Beti eta beti agertzen zen puntuan antolatzen zizkioten ekitaldietara: bera iritsitako orduan hasten ziren zeremonia guztiak… Orain hilabete doi, Irati Elorrietaren Maite dugu itxarotea izeneko artikulu bizia irakurri nuen Argia-n. Joan den udan hainbat aireportutako kaosaren kausaz sortutako itxaron beharretik abiatuta mintzo zen Elorrieta, baina, sakoneran, esperoaren dimentsio existentzialaz ere ari zen idazlea. Tiranoaren pasadizoa gogorarazi zidan testuak eta ekarri zidan gogora liburu bat ere, hilabete batzuk lehenago gaztelaniaz gozatu nuena: Andrea Köhlerren El tiempo regalado. Un ensayo sobre la espera (Denbora oparitua. Saio bat esperoaz). Hiru hari horietatik dator gaurkoa.

Diagnostikoaren zain dagoen gaixoa, kartzelatik noiz irtengo bizi den presoa, langabeen itxaron-ilaran dagoen langilea, hegaldia galdu duen bidaiaria, arrakastaren peskizan dabilen artista, txanponen baten hotsa itxaroten duen eskalea, ordua tiranoaren erritmora egokitzen duen menpekoa… Besteren baten mende daude denak ere: medikuak, epaileak, funtzionarioak, hegaldi-konpainiek, irakurle-entzule-ikusleek, kaleko ibiltariek, tiranoak, denek daukate beren esku esperoan daudenen premia arintzeko aukera; denek daukate, gutxi-askoan, boterea…

Ordu kronologikoari denbora psikologikoa eransten dion egoera da esperoa: espero arinak daude eta espero larriak; esperantzatsuak eta esparantzarik gabeak; desiratuak eta izuz biziak; asperduraren esperoa dago eta antsietatearena; existentziaren muinetatik libre sortua eta etsia bera ere erre dion desesperatuarena… Baina esperoetan muturrekoena, Iwao Hakamadarena: epaileek heriotza-zigorrarekin kondenatu zuten lau pertsona hiltzeagatik. Orduari ordu eta egunari egun, berrogeita zortzi urte egin zituen heriotza-korridorean: urkamendia zuen horizonte bakar. Ia mende erdi halaxe malbizi eta gero, libre utzi zuten: ADN probek errugabea zela frogatu zuten.

Oso gara abilak ankerkeriari banalizazioa eransten: Guinness-errekorren liburuan dago Hakamadaren marka.

Godoten gaitza.

Emakume bat bederatzi hilabetez esperoan egon zelako etorri ginen mundura (Saran esperantzetan dago esaten dute haurdunagatik). Jaio ginen, heriotza dugu zor eta zain. Bizitza deitzen diogu jaiotzetik hiltzerainoko denbora horri: dei diezaiokegu esperoa ere. Mundualdia inauguratu orduko, denbora gastatzen hasten zaigu. Eta bizitzen segitzen dugu, gehienetan lorpen txit efimeroen esperoan, hil artean bizi lokuzioak ondo laburbiltzen duen konformitate etsipenezkoan, harik eta heriotzaren hortzeria karkarkar entzuten dugun arte. Bizitza, dio Heideggerrek, lasterketa bat da heriotzarantz. Eta orduan -dies ille hartan- alferrik da Bagdadeko morroiarena egitea: heriok berdin harrapatuko gaitu Bagdaden ez bada Samarkandan.

Nabokovek Mintza zaitez, memoria liburuan dio: «Sehaskak amildegiaren gainean egiten du kulunka, eta senak esaten digu gure existentzia ez dela argizko arrakala txiki bat baino argitasunezko bi eternitateen artean». Txiripa kosmiko batengatik gaude munduan, heriotzak aterako gaitu txiripatik. Hasperen ito bat, eta akabo. Horra ezereza, eternitatea ere deitzen dugun destinoa.

Itxarotea da gizakiaren egoera existentzial nagusia, baina paradoxa badirudi ere, filosofiak, denborari eta heriotzari hainbat hausnar eskaini dizkien diziplinak, apenas gastatu duen liparrik esperoaren hausnarrean. Aldiz, literaturak etekin eder ugari utzi du Babelgo liburutegian. Aski da joan zen mendeko etekin batzuen entresaka azkarra: Kafkaren Gaztelua; Kavafisen Barbaroen zain poema luzea eta Coetzeeren izen bereko nobela; Dino Buzzatiren Tartariarren basamortua nobela, Borgesen Esperoa ipuina. Eta guztietan guztizkoena, Samuel Becketten Godoten esperoan. Guztietan guztizkoena diot liburua ez delako itxaroteari buruzko testu bat soilik: testua bera da itxarote totala, ez da esperoa ez den beste deus gertatzen, eta obra bukatutakoan ere Godoten esperoan segitzen dugu. Penelope gara geuk jositako tapiza geu desjosten.

Eszenategiaren -munduaren- akotazio espazio-tenporal soil sotil batekin hasten da Becketten obra: «Landa-bide bat, zuhaitz batekin. Arrastia». Bukaeran, antzezpen guztian zuhaitzaren ondoan egon eta gero, Vladimirrek esaten dio Estragoni: 'Orduan, martxa?'. Eta Estragonek erantzun: 'Goazemak'. Horren segidan, akotazio labur batek ixten du ikuskizuna: 'Ez dira mugitzen'. Bertan segitzen dute, hartan segitzen dugu. Esperoan.

Joserra Garziak Godoten gaitza deitu dio itxarote klase horri: «Beti zerbaiten esperoan egotean datza gaitz hori, ez dagoenaren aiduru bizitzean, etorriko omen den mirarizko zeraren baten zain egotean».

Egon balego etxetik ihes egiterik…

Ernst Jandl-en poema batek dio: «Bost gaude, bosgarrena naiz. Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat. Laugarrena naiz. Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat. Hirugarrena naiz. Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat. Bigarrena naiz. Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat. Hurrengoa naiz. Atea zabaldu da, sartu naiz».

Sartu naiz, baina non? Mediku baten itxarongelan? Ez da izango herioren egoitzan? Gaixo larriek Jandlek kontatzen duen gisatsuan bizitzen dituzte beren egoeran dauden lagunen heriotzak: orain bosgarrena naiz, laster ni izango naiz…

Ihes egin Bagdadera, ihes egin Samarkandan, bizitzaren etxea ez dugu betiko. Irakurri nuenetik -badira hogeitaka urte- han-hemen erabilia dut Istvan …rkenyren ipuin labur bat. Lau urteko neska koskor bat du protagonista, eta amarekin dago kontzentrazio-esparru bateko txarrantxa-hesiaren aurrean. Amak urrutiko tren bat seinalatzen dio alabari:

'Ez al zaude pozik? Tren horrek etxera eramango gaitu'.

'Zer da etxea?'.

'Lehen bizi ginen tokia', esaten dio amak. Eta eransten du: 'Oroitzen al zara zure hartz txikiaz? Agian bertan segituko dute zure jostailuek'.

'Ama, etxean ere zentinelak daude?', mozten dio haurrak.

'Ez, han ez dago zentinelarik'.

'Orduan… izango dugu handik ihes egiterik?'.

BERRIAn argitaratua (2018/11/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA