gizartea
Aterpearen gerizan, paperen peskizan
Ekhi Erremundegi Beloki
22 urterekin ihes egin zuen Momok Sudandik, eta, Mediterraneoa zeharkatzean, «itsasoaren heriotza» ikusi zuen. «Bidaia lazgarri batean», Italiatik Alpeak igaro, eta Parisera iritsi zen; Euskal Herrian bizi da azkenaldian. Kuadjok -egiazko izena ez emateko eskatu du- 45 urte ditu, arrazoi politikoak zirela medio ihes egin zuen Togotik, 2013an; Lapurdiko familia baten etxean bizi izan da bi urte hauetan. Hirurak elkartu ditu BERRIAk, zer egoeratan bizi diren konta dezaten.
Oso ibilbide ezberdinak izanik ere, oztopo berberak aurkitu dituzte gaur arte. Aterpetze zentroak ezagutu dituzte, eta, asilo eskaera egiteko prozesu luzea izan ondotik, Frantziaren ezezkoarekin topo egin dute. Dirua zutenak hoteletan ibili dira; besteek karrikaren gogortasuna ezagutu dute. «Egia da hona gatozen guzien egoerak oso desberdinak direla», laburbildu du Kuadjok. Egoera «irregularrean» bizi dira hirurak gaur egun, noizbait paperak lortuko dituzten esperantzaz.
«Ez nuen ideiarik ere nora iritsiko nintzen», hasi da Momo. Kuadjok eta Maherrek bazuten Europaren berri, baina hemengo bizimodua ezagutzean, koska kulturalaren hasierako harridura nabarmendu dute guziek.
Europako jendea ez du «pozik» ikusten, baizik «beti kexaka»; baina, bost urteren ondoren, ez du bera kexaka aritzeko arrazoirik ikusten Kuadjok. «Hondarrean ez duzu ukanen nahi duzun hori. Ez dut nik erabakitzen, beste batek erabakitzen du nire ordez: prefeturak, OFPRAk, Frantziako Estatuak. Lan egin ahal izateko, paperak izateko, bidaiatu ahal izateko... ez dut nik erabakitzen. Ez naiz auhenka aritzeko posturan sentitzen. Egunean-egunean bizi naiz, bihar hil naitekeelako. Beraz, ez dut ezertaz damutu nahi».
Frantziako administrazioaren jarrera maltzurra salatu du Kuadjok, asilo eskaera ukatu ondotik, edozein tramiterako dagokien enbaxadara dokumentuak lortzera joateko eskatzen baitiete. «Arriskutsua da. Agian, ez gara ongi mintzatu asiloa eskatzean, ez dugu ongi esplikatu, ez gaituzte sinetsi... Baina zerk frogatzen du gezurra erran dugula?».
Aterpetze sarea
2015ean sortu zen Etorkinekin kolektiboa. Orain arte, besteak beste Cimade elkarteak kudeatu izan du etorkinen harrera, bereziki laguntza juridikoa emanez. Paperei buruzko informazioa ematen zieten, baina etorkinek galdera bat zuten: «Eta orain, nora joango naiz?». Aterabideak lortzen saiatzen ziren, ezker-eskuin ezagutzen zuten jendearekin, baina, fite egoera jasangaitza bilakatu zela azaldu du Etorkinekin kolektiboko Lilian Hirigoienek. Beraz, sare bat antolatzen hasi ziren. «Ez dut ikerketarik egin, baina Ipar Euskal Herrian badira sare franko: katolikoek izanen dute haien sarea, eta euskaldunek ere baditugu gureak. Aterpe sareak ere bai, nolazpait. Egiteko esperientzia bat bazen».
Barnealdean taldeak berehala sortu zirela dio. «Erranen nuke euskal militante munduan badugula gauzak eraikitzeko gaitasun handi bat, horrela bizi eta borrokatu izan garelako orain arte. Sare natural horien arrapizte bat izan da, nire ustez». Tokian-tokian gaualdiak antolatu izan dituzte etorkinen gaia aipatzeko, eta gaualdi bukaeran izen bilketa, engaiamendu ezberdinak proposatzeko: hilabetean bost euro ematetik eperik gabe bizitegi bat prestatzeraino; informazioa jasotzeko, ala taldean aktiboki inplikatzeko.
Gaur egun, hamahiru talde antolatuak dira Ipar Euskal Herrian; 70 familiak baino gehiagok aterpetzen dituzte etorkinak. «Egunez egun eraikitzen joan da, beharrei erantzunez». Orain dela urte bat, adingabeen kopurua emendatzen ikusi zuten, eta lantalde berezi bat sortzea erabaki zuten. Emazteen harrera antolatzeko talde berezi bat ere egituratzen ari da. Denborarekin arau batzuk ezartzen joan dira, eta etorkin bakoitza noren etxera bidaltzen duten kasu ematen dute: ez dutela sekula bidaliko emazte etorkin bat bakarrik bizi den gizon baten etxera, erraterako. Hitzarmenak ere izenpetzen dituzte, etorkina, aterpetzailea eta tokiko elkartearen artean: zenbat denborarako aterpetzea den, bakoitzaren baldintzak... «Etapa guzietan, etorkinari hitza ematen diogu».
Elkarbizitza
Jasotako laguntza eskertu dute hiru etorkinek, baina elkarbizitzak batzuetan izan ditzakeen zailtasunak azpimarratu ere bai. «Intimitate falta» sentitzen du Maherrek. «Ez naiz eroso sentitzen etxean; ez naiz sekula ezezagun batekin bizi izan. Gizon batekin ere zaila izanen zen, baina emazte batekin are gehiago». Arropen garbitzea jarri du adibidetzat. «Intimitate falta handia sentitzen dut. Ez zait gustatzen beste pertsona batek nire azpiko arropa garbitu dezan». Arazo bera bizi izan dute beste biek ere. «Nik hasieratik erraten diet nik garbituko ditudala, eta ulertzen dute», azaldu du Kuadjok. Funtsean, edozein etxetara iristean «deblauki» mintzo dela dio. «Erraten diet zer jaten dudan, zer ez, zer nahiko nukeen. Ez dut beldurrik pentsatzen dudana errateko. Gaizki nintzenean, erran izan dut nahiago nuela karrikan egon horrela baino». Momo: «Nik ez dut zure ausardiarik. Zailtasun anitz ditut».
Jendearengandik urruntzeko duen joera aipatu du Maherrek: «Anitz biziki bihotz onekoak dira, anitz ematen dute. Baina niretzat, emandakoa nik ere goiz ala berandu itzuli behar diet, itzuli nahi diet. Eta anitz trabatzen nau. Horrek ere zailtzen du elkarbizitza». Hartu eta ematea, hori da gakoa Kuadjorentzat: etxekoei laguntzea proposatzen die, eta familiak eskatu gabe ere etxeko lan batzuk egin izan ditu. «Nire bizitza guzian independentea izan naiz, ez dut nehorren beharrik izan. Baina, dirurik ez duzularik, berriz apaltasunera itzuli behar da. Inoren esklabo izan gabe; berdintasunezko harreman bat eratuz. Errespetua bi aldeetakoa da».
Izandako arazoak ere aipatu dituzte, jende «konplikatuak» gurutzatu izana: edozer jatera behartu dituztenak, txerririk jaten ez dutelako haserretu zaizkienak, «Frantzian txerria jaten delako». Aterpetzaile guziak ez dira asmo onekoak beti. Etorkin batzuekin izandako gorabeherak ere aipatu ditu Lilian Hirigoienek. «Behin, batek leporatu zidan behar zuen hori ez niola aski fite eman, erranez bera laguntzeko ordaindua nintzela. Esplikatu nion nahi nuelako ari nintzela laguntzen, elkartasunez».
Lanerako prest
«Jende horiek etxetik joan dira bidaia luze batean, eta autonomia handia erakutsi dute. Hona iristean, galdu dute», azaldu du Hirigoienek. Tokiko elkarteetan parte hartzera bultzatzen dituzte, edo kirol jardueretan, adin bereko gazteekin harremanak egiteko. Hor ere, traba administratiboak: «Paperik gabe ezin dute lortu kirol jardueretako lizentziarik».
Diruaren gaia atera da eztabaidan; aurpegiak goibeldu, eta hasperenka hasi dira denak. «Zaila da; biziki zaila», laburbildu du Maherrek. Apirilean asilo eskaera ukatu ziotenetik, Frantziako Gobernuak hilero ematen zion 200 euroko laguntza kendu diote Momori; 80 eurorekin igaro behar du hilabetea. «Horrekin egiten dut, horrekin bizi naiz. 80 euro. Nire eguneroko biziarentzat, familia deitzeko, familiari diru pixka bat bidaltzeko, nik ere plazer pixka bat hartzeko, funtsean bizi behar bainaiz. 80 euro».
Baliabiderik gabe bizi da Kuadjo. Familiak aterpea eta jatekoa ematen dizkio, tarteka hogei euro kafe bat hartzera atera ahal izateko, eta aterabideak aurkitzen laguntzen dutela dio. «Ez dut ezertan pentsatzen, egunean-egunean bizi naiz. Ez dut pentsatzen bihar zer eros nezakeen, baitakit orain ez zaidala posible».
Momoren eta bien arteko elkarrizketa sortu da orduan. «Ni arras kontrakoa naiz. Besteak bezala bizi nahi dut. Plazer hartu nahi dut. Ezin naiz urteetan egon baliabiderik gabe». Kuadjok berretsi du dirua ukaiteko lan egin behar dela: «Gauden egoeran ez dakit nola egin dezakegun lan egiteko. Horrela da. Naizen bezala bizitzen saiatzen naiz, egokitzen naiz». Momo: «Eta bizi hau ongi zaizu?». Kuadjo: «Pasatuko den denboraldi bat izango balitz bezala hartzen dut». Momo: «Eta noiz arte? Ni leporaino asea naiz». Elkarteetan egiten duten lana gogorarazi dio: «Nire esku balitz, aspaldi eman nizkizun paperak. Bada bost urte Frantziarentzat lanean ari zarela, urririk».
Elkarteetan laguntzeak okupatzen ditu, baina ez die dirurik ematen. Norbanakoentzat lan txikiak egin, eta etxe-zerbitzu txekeak eskuratzea da dirua lortzeko duten modu bakarra. Dirua, eta Frantzian integratuak direla, lanean ari direla, bizi normala dutela frogatzeko aukera. Bost urteren buruan, egoera erregulatzeko eskaera egin dezakete, onartuko dieten segurtamenik gabe.
Ez dute pentsatu nahi luzera paperik gabe bizitzean. Maher: «Ez dut neure burua irudikatzen berriz gorriak ikusten. Nire familiakoak kirioak dantzan ditugu, aspertuak gara, leporaino aseak honetaz; bizi nahi dugu, bizi lasai eta egonkor bat». Momo: «Ez dugu eskatzen dirua eman diezaguten, lan egin nahi dugu». Maher: «Horretarako, paperak behar ditugu». Goiz ala berandu lortuko dituztela espero dute guziek. Kuadjok badu beste ametsik ere: «Luxuzko hotel bat ireki nahiko nuke. Nire proiektua da».