mundua
«Herriak ezabatzeko» estrategia
Ekhi Erremundegi Beloki
Munduko zazpi lurraldeetan izan ditu koloniak Frantziak, eta oraindik atxikitzen ditu horietariko batzuk. Beste anitzetan, lotura ekonomiko eta militarra ditu oraindik. Soziologoa eta militantea da Said Bouamama, eta Frantziar kolonialismoak garairik garai izan duen estrategiaz mintzatu da BERRIArekin. Herri bakoitzaren errealitatea arras ezberdina izanik ere, zapalkuntza eskema berak aztertu ditu Aljerian, Kaledonia Berrian eta Euskal Herrian. Eta horiek logika eta helburu berari erantzuten diote, bere ustez: herriak desagerraraztea. Kolonizazioaren hastapenak kapitalismoaren garatzearekin lotzen ditu Bouamamak. «Ekoizpen modu kapitalista agertzen hasi zenean, Frantzia herrialde barreiatua zen, kultura anitzekoa; eta, merkatu nazional bat egituratzeko beharrari erantzuteko, kultura politika bat abian eman zen, politika identitario bat, kolonizazio politika bat izanen zena. Frantziako Erresuman zegoen kultura, hizkuntza eta nortasun aniztasunarekin zer egin izan den ikusten dugunean, eta kolonietan egindakoarekin konparatzen dugunean, agerikoa da jarraitutasun eta koherentzia lotura bat. Kontsideratuko da nazioaren batasun politikoa lortzeko beharrezkoa dela batasun kultural bat. Eskema horrek gaur arte segitu du». Bouamamaren iritziz, logika orokorraren eta politika horren helburuak berak izan dira Frantzia metropolitarrean eta itsasoz haraindiko lurraldeetan. «Erabilitako baliabideak edozein izanik ere, politika horren helburua da herrien berezko kulturak desagerraraztea, integratzea -integrazio hitza garai horretan agertzen da, eta gaur egun ere aurkitzen dugu etorkinei begirako politika asimilazionistetan-; eta, beraz, herri horiek xurgatu behar dira, frantses bilakatzeko». 1950eko hamarkadatik aitzina bere kolonietan independentzia aldarrikapenak indartzen ikusi zituenean, bi helburu markatu zituen Frantziak: estrategikotzat jotzen zituen kolonia batzuk atxikitzea, eta kolonialismoaren kontrako mugimendua erradikal ez bilakatzea. «Estrategia horrek, alde batetik, Aljerian errepresioa indartzea ekarriko du, independentzia lortzea inondik ere posible ez dela erakusteko, eta, era berean, Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialde batzuen independentzia taktikoa prestatuko dute», Bouamamaren hitzetan, ez dezaten «neokoloniala izango ez litzatekeen independentzia bat» aldarrikatu. Frantziaren «estrategia inperialista» guzia ideia baten inguruan oinarrituko da: «Inperio kolonial deskolonizatu bat, errealitatean ez dena independentea. Deskolonizazio negoziatuak izanen dira, kolonizatzailearekin duten menpekotasuna atxikitzeko gisan». Europaren eraikuntzarekin, herri kolonizatuek berekiko zuten menpekotasuna Europarekiko menpekotasun bilakatu du Frantziar kolonialismoak, Bouamamaren arabera. Europak herrialde anitzekin dituen partaidetza ekonomikoak hartu ditu adibidetzat. «Akordio horiek erabateko zinismo eta eskandalua dira, erabateko merkatu librea inposatzen baitute industrializazio apaleko eta indartsuko herrialdeen artean». Menpekotasun harreman horiek atxikitzeko Frantziak esku hartze militarrak biderkatu dituela dio. «Gaur egun, oso presente dago militarki Txaden, Senegalen eta beste herrialde anitzetan. Funtsean, Europar Batasunaren jendarmea da kontu horiei dagokienez». Europako Batasunak Afrikan duen eraginaren ondorioetako bat errefuxiatuen iritsiera masiboa da, Bouamamaren erranetan. Egoera ekonomiko «ezinago txar batetik» edo gerlatik ihes egiten dute, eta, parean, «mugen kontrolaren militarizazio bat aurkitzen dute; Frontex agentziarekin, besteak beste. Horrek ondorio argi bat du: mediterraneoan hiltzen direnen kopuruak gora eginen du. Bide batzuetatik sarbidea blokeatuz, gero eta bide arriskutsuagoak hartzera bultzatzen dituzte. Ein dutenez bizirik iraun, doazen jendeek joaten segituko dute, eta, errepide zuzenenak itxiak badira, errepide arriskutsuagoak hartuko dituzte». Malcom X aipatuz, «premiazkoak diren modu guziak» izan daitezke emantzipazio bideak, Bouamamaren iritziz. «Herri kolonizatu bakar batek ere ez du borroka armatua lehen borroka molde gisa hautatu. Oro har, beste borroka molde batzuekin hasi dira, eta borroka molde horien mugak agertu direnean egin dute herri batzuek borroka armatuaren hautua». Independentzian pentsatu aurretik, nortasunaren gaia da lehentasuna, Boumamarentzat. «Herri batek bere hizkuntza, nortasuna, bere izaera galdu dituenean, biziki zaila da deskolonizaziora daraman dinamika batean izatea». Bigarren etapa klase popularretan erroak egitea da. «Kolonialismotik ateratzea epe luzeko prozesua da. Horrek ekartzen du norbere historia ezagutzea, norbere memoria ezagutzea, norbere borrokak ezagutzea. Eta, bestalde, langile klasean erroak izatea, eta perspektiba independentista atxikitzea; nahiz eta erabat irrealista izan, nahiz eta indar harremanak ez duen pentsarazten independentzia posible denik».
Egin klik irudiaren gainean handiago ikusteko
MERKATU NAZIONALA
Bouamamaren hitzetan, pentsamendu eskema bat eratu du historikoki Frantziak: «Aniztasun kulturala asimilatu eta ustezko sasikultura frantses baten homogeneotasun batean transformatzean eta inposatzean oinarritzen da». Bere ustez, horrek desberdintzen ditu Frantziaren eta Ingalaterraren kolonizazioak: «Frantziar kolonizazioa ez dator soilik zibilizatze misio batekin; ideia batekin ere badator: kolonizazio on bat dela herria desagertu eta frantses bilakatzen denean».
Prozesu horiek bortizkeriaz egin direla dio: bortizkeria erreala eta sinbolikoa. «Errepublikako irakasleek euskal eta bretainiar kulturak frantses kulturaren azpiko gisa aurkezten zituzten, salbaien kultura gisa; bizian zerbait lortu nahi bazen baztertu beharreko kulturak gisa. Eta, beraz, euskaldunekiko, bretainiarrekiko, okzitaniarrekiko eta besteekiko bazen halako zibilizatze misio bat, kontsideratzen baitzen ez zirela zibilizatuak, eta beren kulturarekin ez zirela gai bizitza garaikide bat bizi ahal izateko».
LOGIKA OROKOR BERA
Erabilitako moduetan da desberdintasuna. Aljeria konkistatua izan zen, eta biztanleriaren herena hil zuten. «Bistan dena: ezin da erran Euskal Herrian gauza bera izan denik. Baina beste bide batzuetatik, eta nik uste dut horretan tematu behar dela, logika eta helburuak berberak ziren. Eta, bortizkeriari dagokionez, noski, hilen kopurua garrantzitsua da, baina populu baten suntsiketa -hori baita kontua prozesu bukaeran sekulako bortizkeria da. Ezagutu ditugun erresistentziak egon ez balira, gaur egun ahantzia izanen genuen historikoki Frantziako lurraldean herri bat baino gehiago daudela, beren hizkuntza eta abarrekin».
ESTRATEGIA KOLONIALA
Afrikako agintarien ondoan aholkulariak ematen dituzte, eta partaidetza ekonomikoak izenpetu, «Afrikako herrien mesedetan izan ordez Frantziaren interes ekonomikoen mesedetan izan daitezen». Defentsa akordioen bidez presentzia militar bat atxikiko du Frantziak, egoki irudituko zaionean esku hartzeko gisan. «Frantzia gerra andanatan sartua da beste estatu inperialista batzuen mesederako. Funtsean, afrikarrak beren meneko atxikitzeko beste estatu inperialisten azpitratularia izango balitz bezala da. Horrek esplikatzen du gaur egun Frantzia izatea Afrikan militarki gehien esku hartzen duen herria». Liburu bat aterako du aurki Bouamamak, Afrikan diren kasik gerla guzietan Frantzia inplikatua dela erakutsiz.
Azkenik, beste kolonia batzuk ere atxikiko ditu: Kaledonia Berria, Mayotte... Militarki eremu estrategikoak baitira, eta itsasoari lotutako baliabideak ustiatzeko aukera ematen baitiote. «Afrika kostaldean harri meta batzuk atxiki ditu, inguruko baliabide naturalak ustiatzeko aukera ematen diolako».
EUROPAKO BATASUNA
ERREFUXIATUAK, ETORKINAK
Azkenik, Europan eta bereziki Frantzian direnekiko «harreman asimilazionista» aipatu du Bouamamak. «Horiek dira hiru oinarriak: ekonomikoki eta militarki menpekotasun zuzena, mediterraneoaren zaintza militarra, eta haiek frantsesak izanik ere gurasoak beste leku batzuetakoak dituzten bazter auzoetako gazteekiko politika asimilazionista. Hori adierazten da diskriminazioen bidez, islamofobiaren bidez, salbaien gisara aurkezten dituen bazter auzoei buruzko diskurtso baten bidez». Berriki, Olivier Faure PSko idazkari nagusiak azaldu du «alderantzizko kolonizazio bat» dagoela langile auzoetan. «Hori erailketarako dei bat da. Horrek denak faxismora darama. Alderantzizko kolonizazioa aipatzen delarik, kolonizazioak nazio askapenerako borroka esan nahi du; beraz, jendea armak hartzera deitzen du populazio horren kontra. Erran gabe aditzera emana da horiek direla etsaiak».
EMANTZIPAZIO BIDEAK
Emantzipaziorako bidean kolonizatzailearen peko instituzioetan parte hartzeaz ez du aldeko edo kontrako jarrera erabatekorik Bouamamak. «Nahiago dut aipatu zer baldintza diren beharrezkoak independentziarako dinamika herritar baten mesederako». Lehena, instituzio horiekiko kritika atxikitzea, barnean izanik ere. «Instituzioetan sartu eta isilik egotea da gauzarik okerrena, eta ahaztea instituzio kolonialak direla. Okerrena da jendeari gezurra erratea. Niretzat, arazoa ez da egotea edo ez, baizik eta zer egiten den bertan. Parte hartzeak erran nahi du instituzio horren dimentsio koloniala salatzen segitzea».
Azken urteetan, kolonialismoaren kontrako dinamika berri bat ikusten du, izan Afrikan, izan Latinoamerikan, baita Frantzian ere. «Bada mugimendu andana zapalkuntza sistema baten analisia diskurtsoa bereganatu duena». Bouamamak berak kolonialismoaren kontrako eskola bat sortu du «Loturak sortu behar dira: belaunaldien eta herrien artean».