astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

bizigiro

Sareko soinuen artean galduta

Andoni Imaz

Sareko soinuen artean galduta

Geldiune baten ondoren, Ahari-talka diskoa aurkeztu zuen Zein taldeak 2008an. Hala kantatzen zuten: «Atzamarra mugituz/ hamar mila mezu/ bidali ditzaket momentuan/ imajina guztiak ei ditut eskura/ zer ikusi ez dakidan arren». Bitartean, Coldplayren Viva la vida eta Leona Lewisen Bleeding Love abestiek gora egiten zuten nazioarteko zerrendetan. Abesti horiek guztiak eskuratzeko hainbat bide zeuden: kontzertu batera joatea diskoa erosteko, disko denda batera jotzea zuzenean, Internet bidez erostea -edo politonoa telefonorako-, sareko publizitate eta traba guztiak gaindituta deskargatzea, edo irratia piztu, eta itxarotea, abesti hori noiz jarriko.

Asko aldatu dira kontuak hamar urtean. Klik gutxira dago munduko musika ia guztia jasotzen duen mugarik gabeko artxiboa. Hamar urte bete berri ditu Spotify aplikazioak, eta, harekin batera, musika entzuteko, pilatzeko eta ezagutzeko modu berri batek. Streaming plataformen artean jaun eta jabe da Spotify: 180 milioi entzule aktibo baino gehiago ditu, zerbitzua ordaintzen duten 83 milioi bezero Premium baino gehiago, eta 65 herrialdetan erabil daiteke. 30 milioi abestitik gorako katalogoa dauka, eta egunero 20.000 abesti inguru gehitzen dituzte. Hilean hamar euro balio du abestien doinuak zakarki mozten dituzten iragarkiak isiltzeak.

Erabiltzaile guztien beharrak betetzeko sortu ziren streaming plataformak: musikazalerik zorrotzenak eskura du aurkitu berri duen taldearen maketako B aldea, eta musika kirola egin bitartean besterik entzuten ez duenak prest izango du zerrenda bat aldarte bakoitzerako. Utopiatik gertu dago batzuentzat munduko musika guztia funts bakarrean izatea, baina badira beste alderdi batzuk nabarmentzen dituztenak ere: multinazionalen neurrira egindako sistemaren luzapen moduan ikusten dituzte kritikoek streaming plataformak, kanta entzunenak beti berak izan daitezen programatuak. Fetitxistenek sentitzen dute jada ez direla musikaren jabe, aplikazioa desagertzearekin -edo ordaintzeari uztearekin- batera desagertuko litzatekeela haien bilduma pertsonala ere. Belarri finenek, berriz, kalitaterik eza aurpegiratzen diote streaming bidezko musikari.

Dena da iragankorra

«Duela hogei urte esan baligute hilean hamar euro ordainduta eskuragai izango genuela Alejandriako biblioteka musika mailan, ameskeria lirudike», esan du Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak. Dena dago, eta dena edukitzera ohitu da entzulea. Edozein musika entzun daiteke, edonon eta edonoiz. Erabiltzaileei erosotasuna eta mugikortasuna eman die musika kontsumitzeko era berriak, baita musika jartzen duten taberna eta lokalei ere. Gotzon Uribe Bilboko Kafe Antzokiko programatzaileak hori uste du: «Erraztu du bidea, eta musika espektroa zabaltzen lagundu du. Gurean, DJ bakoitzak bere bilduma du, erabiltzen dute Spotify, diskoak, biniloak... Azkenean, euskarri bat da, erabilgarriagoa, errazagoa eta arinagoa».

Spotify erabiltzailea da Harriet Belloso. Batez ere, ordenagailua erabiltzen du musika entzuteko, ez Spotify nahitaez. Oraindik ere kosta egiten zaio musika eduki gabe entzuteagatik ordaintzea: «Badakit pixka bat kontraesanezkoa dela biniloak ordaintzea eta Spotify ez». Belaunaldi kontua ere badela dio: «Nire belaunaldia ohitu da musika jaistera eta debalde entzutera». Ez dio kritika berezirik egiten aplikazioari, baina ohitura da harentzat. Izan ere, Spotify eta antzeko zerbitzuak baino lehen musika sarean zabaltzeko programak iritsi ziren: Napster, eMule eta Soulseek, besteak beste. Sarean musika entzutera erraz ohitu zen jendea, baina ordaintzera emandako saltoan dago aldea. Josu Larrinaga EHUko Gizarte Antropologiako irakasleari zera esan zion lagun batek: «Disko hori bai ona! Lehenengo entzun egin nuen, gero jaitsi, eta, azkenean, erosi».

Bellosok badu diskoak zein biniloak erosteko ohitura oraindik ere. Onartzen du errazagoa dela bi klik egin eta nahi duzun abestia jartzea, diskoa hartu eta musika katea piztu beharrean, «baina diskoak ere badauka beste zera hori: ireki, ikusi liburuxka... Zurea da, eta bere historia dauka». Eta ez dirudi bakarra denik. Diskoen salmentek gain behera jarraitzen dute, baina Recording Industry Association of America (RIAA) elkarteak aurkeztutako 2017ko datuak deigarriak dira: 2011tik lehen aldiz, diskoen eta biniloen salmentak deskarga digitalena gainditu zuen AEBetan. Nostalgikoen ohiturak izango dira, akaso, baina -legezko- deskarga digitalek ez dute sekula egonkortzerik lortu. Streaming musikak itzal egiten die nabarmen: AEBetako musika salmentaren bi heren hartzen ditu.

Diskoa baino gehiago, biniloa berpiztu da Internet bidezko musikaren garaian. Esperientzia nabarmendu du Uribek: «Biniloak ekarri du euskarri estetiko bat. Testurak, erabiltzeko moduak, sonoritatea... Esperientzia osoa da». Halaber, biniloaren salmenta «erabat fetitxista» iruditzen zaio Etxegoieni: «Postmodernoa ez, postpostmodernoa. Psikoanalisiak egin beharko lirateke jakiteko zergatik gustatzen den biniloa». Ez du sinesten formatuan aukera modura, ez baitio irtenbide ekonomikorik ikusten.

Digitalak betiereko formatua dirudi, baina hala zirudien CDak ere, aurkeztu zutenean. Larrinagarentzat, «oso formatu efimeroa» izan da diskoa, eta zalantzak ditu digitalaren etorkizunarekin ere. «Gure kultura mugarik gabeko garapenarena da, baina ebidentzia zientifikoak esaten digu ez dela horrela izango». Musika digitalki gordetzeko behar diren euskarri fisikoek energia asko eta baldintza zehatzak behar dituzte, eta, XX. mendeko garapen eredua agortzen ari den honetan, Larrinagak ez daki «orain ditugun euskarriak zenbateraino izango diren betiko ala izango diren CDa bezain efimero».

Formatuak badatoz eta badoaz, baina garaien inertziei eusten dieten aukera batzuek hor jarraitzen dute. Merkatuak analogikoaren nostalgiatik etekinak ateratzeko eginahalak egingo ditu, baina bada hori baino gehiago ere: formatu bakoitzak esperientzia bat darama berekin.

Larrinagak zera dio digitalaren esperientziaz: «Bilatzen duzu kanta edo disko bat, eta badago algoritmo bat esaten dizuna zer gustatuko zaizun, eta hor badago helburu komertzial bat». Spotifyren kasuan, astelehen goizero, aplikazioak bi orduko zerrenda bat egiten dio erabiltzaile bakoitzari, hark eta antzeko gustua dutenek entzuten duten musikaren arabera. Horrek izan dezake zerikusirik BuzzAngle aldizkariak eman zituen AEBetako datuekin: 2017an, 377 mila milioi stream edo entzunaldi egin ziren han -2016an baino 127 mila milioi gehiago-. Horien %99, ordea, abesti entzunenen %10 behin eta berriro jartzetik zetozen.

Bellosok onartzen du jada ezagutzen den musika entzuteko joera badagoela: «Oso gutxitan esploratzen dugu. Nagitasun pixka bat ematen du ezagutzen ez duzun musika denbora luzez entzuteak». Halere, saiatzen da gauza berriak ezagutzen, nahiz eta horretarako bideak ere aldatu diren: «Bere garaian, Euskadi Gaztean eta horrelakoetan gauza asko ezagutzen nituen; gaur egun, berriz, blogetan edo Spotifyn bertan, antzeko taldeekin egiten dizkidan gomendioetan».

Esperimentatzeko aukera

Batzuen ustean, erabateko nagikeria eta gustuaren bateratzea ekarri du sareak, eta besteentzat, gehiago arakatu eta esperimentatzeko aukera. Etxegoienek ez du uste hausnarketa sendorik egin denik bi ideien inguruan: «Nola ez da aukerarik egongo gauza berriak aurkitzeko? Gauza berriak topatu nahi baditut, jo dezaket Pitchfork edo fRoots aldizkarietara, Cuando los elefantes sueƱan con la música irratsaiora... Hori ere sarea da, eta saretik elikatzen naiz». Larrinagaren ustean, lehen, paperezko aldizkarien eta irratiaren bidez izaten zen musikaren berri, eta, orain, dena parean izanda, errazagoa da zuzenean norberak epaitzea.

Musika sarean kontsumitzeko ohitura erabat hedatu da jada, eta, horrekin batera, « asko aldatu da musikaz gozatzeko era, esperientzia estetiko edo identitario moduan ulertzeko era; degradatu egin da», Larrinagaren iritziz. «Musika, egun, ez da hain inportantea identitate kolektiboak edo pertsonalak definitzeko, eta neurri batean izan da euskarri fisikoak galdu direnean». Etxegoienentzat, musika kontsumoaren aldaketa «indibidualizazioan edo norberekerian pauso bat gehiago izango da segur aski, baina etengabe sortzen dira komunitate berriak». Kontsumo era berriek ekarriko dituzte ohitura eta pentsamolde berriak, eta izango da aldaketa gehiago Zein taldeak kantatzen zuen Animalia perfektua bilakatzeko bidean.

BERRIAn argitaratua (2018/11/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA