gizartea
Urtebetetze oparirik garratzena
Ibai Maruri Bilbao
Iritsitakoan, Espainiako Poliziaren bulegoetara jo zuen, eta Bizkaiko Diputazioaren ardurapean utzi zuten. Zornotzako adingabeen zentrora eroan zuten. Lehen harrera egiteko erabiltzen du diputazioak. Handik, beste egoitzetara banatzen dituzte. Azken urtean, hainbatetan salatu izan da gainezka dagoela Zornotzakoa. Ez zen hala duela 11 urte, Hamoumi iritsi zenean. Baina, dena den, egoitzara sartu zen egunaren oroitzapen txarra du. «Oihana da leku hura. Gazteon arteko gerra bat dago. Denbora gehien daroatenak, indartsuenak, iritsi berriei jazartzen zaizkie. Erasoak, lapurretak... Denetarik egoten da». Laugarren egunean, aitari deitu zion Marokora, etxera itzuli gura zuela esanez. Ezin zuen gehiago. Aitak ezetz erantzun zion, anaia gaztea Bilbora bidean zegoelako dagoeneko. Haren zain geratu zen zentroan.
Hamoumik astebete eskas egin zuen Zornotzan. Jarrera ona izan zuenez, Artxandako zentrora eroan zuten, Bilbora. «Han, oso ondo egon nintzen. Askoz hobeto zaintzen gintuzten». Ousman Jallowk denbora gehiago igaro behar izan zuen Zornotzan. Iaz iritsi zen Euskal Herrira, etortzen den adingabe kopurua nabarmen hazi zen sasoian. Gambiakoa da, eta 18 urte ditu. «Ez nintzen ondo egon. Logela batean, 25 gazte ginen. Hiru hilabete igaro nituen han». Berak ere jarrera ona izan zuen, eta Loiuko egoitzara eroan zuten; beste hiru hilabete egin zituen han. Ondoren, diputazioak Galdakaon duen adingabeentzako etxe batean egon da lau hilabetez. Aurten, bere urtebetetze egunean, babes guztiak bukatu zaizkio. Eskolapioek sustatuta Bilbon dagoen Peñascal kooperatibaren prestakuntza ikastaroetan zebilen, eta eurek eman zioten aterpea hasieran. Joan den maiatzetik, Bilboko beste etxe batean bizi da, Itaka-Eskolapioak Fundazioak lagunduta.
18 urte betetzen dituzten egunera arte, senide heldurik gabe iritsi diren adingabeak diputazioaren ardurapean geratzen dira. Baina adingabe izateari uzten diotenean, pertsona independente bihurtzen dira, eta euren kasa bizitzen hasi behar dute. Bilbora iritsi zenean, Hassan Ait Allak bazekien hori. Asko kostata egin zuen Marokotik Euskal Herrirako bidea. Egun bi pasatu zituen kamioi batean ezkutatuta, izututa, Tangertik (Maroko) Aljeciraserako (Andaluzia, Espainia) bidean harrapatuko ote zuten, jan eta edan gabe.
Xehetasun guztiekin gogoratzen du egun haietan sufritutakoa. «Gosea gutxienekoa da. Beldurra da gehien sentitzen duzuna. Lo egiten ahalegintzen zara, denbora azkarrago pasatzeko». Bizkaia iristean, Espainiako Poliziak Durangon duen egoitzara jo zuen. Adingabea zela esan zien, nahiz eta hogei urte zituen ordurako. «Aterpe bat lortu behar nuen ezinbestean. Ez nuen kale gorrian geratu nahi». Handik laster, egia aitortzeko beharra sentitu zuen, eta hala egin zuen. Zorionez, egoitzako arduradunek benetako adina barik ordura arte sinetsarazi ziena kontuan hartzea erabaki zuten. Portaera ona izan zuen, eta etxeetara irtetear zeuden adingabe batzuen ardura eman zioten: «Goizetan sasoiz esnatzen zirela, eta halakoak zaintzeko esan zidaten».
Benetan 21 urte bete zituen egunean, 18 bete zituen erakunde publikoentzat. Eta iritsi zenean saihestea lortu zuena gertatu zen: etxebakoa zen. «Lehen astean, Errekaldeko [etxebakoentzako udal] aterpetxean egon nintzen. Oso txarto pasatu nuen. Han, gauetan egiten nuen lo. Goizetan, formakuntza ikastaroa nuen, Peñascalen. Arratsaldeetan, ez nuen non egonik». Astebete barru, gizarte langilearekin egin behar izan zuen berba. Esan zion ezin zuela luzaroago han jarraitu. Kale gorrian geratu zen, 21 urte zituenean. Astebetez, zerua izan zuen aterpe bakar. «Oso gogorra izan zen. Orain, norbait ikusten dudanean kalean lo egiten, asko sufritzen dut. Laguntzarik jaso izan ez banu, nik ere hala buka nezakeen». Marokoar bat ezagutzen zuen, eta hari kontatu zion zer gertatzen zitzaion. Hilabete egin zuen harenean bizitzen. Goiz batean, Peñascaleko zuzendariak esan zion Itakakoek elkarrizketa bat egin nahi ziotela. Urriaren 10ean, lehen urtea bete du eurekin. 23 urte ditu egun.
Adindun bihurtu diren arte izan duten babes hori bat-batean ez moztea; hori da gazteon beharra, Hamoumiren berbetan: «Lehenik eta behin, aterpea behar duzu, etxe bat. Gero, ikasten jarraitzeko aukera, lan egiten hasi ahal izateko. Eta lagunduko zaituen norbait, orientatzaile bat». Artxandako zentroan astero hamabi euroko paga ematen zioten. Aurrezten ahalegintzen zen. «Ezin nuen nik gorde, hezitzaile bati ematen nion. Bestela, beste mutilek lapurtuko zidaten». Urtebetetze egunean aurreztuta zuen dirua eta beste 60 euro jaso zituen. Zorroa lepora bota, eta kalera. Bera ere Errekaldeko aterpetxera joan zen, lotarako leku bila. «Ez nuen inor ezagutzen hirian. Ez nuen hizkuntza menderatzen. Seguruenik, ez nituen behar beste aprobetxatu adingabeen zentroan ematen zizkiguten gaztelania eskolak. Zazpi hilabete baino ez nituen egin han; askorik ere ezin izan nuen ikasi».
Salatu du zentroetan ez dituztela behar beste prestatzen kaleratuko dituzten egunerako. «Aholku batzuk ematen dizkigute, baina ez dakigu oso ondo nora jo laguntza eske». Elkarte bila hasi zen. Jesusen Lagundiak Arrupe Etxean duen Hemen programara jo zuen. Gaztelania eskolak ematen hasi zitzaizkion. Oinarrizko Lanbide Heziketako mekanizazio ikastaro bat topatu zioten. Hemenekoek etxe bat ere aurkitu zioten, eta Elizbarrutiko Caritasek ordaintzen zion. «Beste gazte batekin egon nintzen. Astero hogei euro ematen zizkiguten jatekoa-eta erosteko. Orduan jakin nuen zer den gosea. Nire dirua kudeatzen ikasi behar izan nuen, jatekoa erosten eta kozinatzen». Esan du adingabeen zentroetan sukaldeko lanik ere ez dietela irakasten. Mahaia jartzen eta garbitzen dute, baina jatekoa eginda ematen diete. «Bakarrik bizitzen hasi behar dugunean, ez dakigu ezta arrautza bat frijitzen ere. Ez gaituzte behar bezala prestatzen kalera joango garenerako. Zuk ikasi behar duzu, ezinbestean». Eta lortzen ez dutenek, hondoa jotzen dute. Hirurek esan dute kalean adikzioekin bukatu duten gazteak ezagutzen dituztela.
Etorkizun hobe baten bila abiatu ziren hirurak, beste hainbat adingabe bezala. Joan den astean eman zuen Bilboko Udalak Ikuspegi EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egin duen azken azterketaren berri. Bizkaiko hiriburuko kaleetan bizi direnen profila hau da: gizona, 18 eta 28 urte artekoa, eta Magrebekoa —gehienbat, marokoarrak—. Eta joan den astean ezagutarazi zituzten bi urtean behin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri nagusietan egiten den etxegabeen zenbaketaren emaitzak ere; urriaren 18ko gauean ibili ziren boluntarioak kontaketan. 2016tik Bilbon bikoiztu egin da topatutakoen kopurua; Barakaldon, hirukoiztu. EHUko azterlanaren arduradun Gorka Morenok argi du: bakarrik etorri diren adingabeen kopuruaren gorakadak zer ikusi zuzena izan du.
Egoera gero eta gordinagoa izango dela uste dute hirurek, aurrerantzean ere etorriko direla adingabeak. Gainera, EHUren ikerketa beraren arabera, migratzaile adingabeen erdiak baino gehiago norbaitek aholkatuta etorri dira Bilbora. Hamoumik eta Ait Allak esan dute etorri aurretik semeak Bilbon dituzten familiak ezagutzen zituztela euren eskualdean. «Bagenekien hemen arreta ona ematen zaiela adingabeei», berretsi du Hamoumik. «Ez nuke esango Marokon gosez hiltzen gaudenik. Ez da hala. Baina gazteok ez dugu etorkizunik», nabarmendu du. Hala ere, aitortu du ez zuela espero hemen aurkituko zuena «hain gogorra» izango zenik. «Ez nuen uste hainbeste oztopo eta zailtasun izango nuenik. Iritsi eta lana topatuko dugula sinetsita gatoz. Etortzean sekulako danbatekoa jasotzen dugu». Hala ere, merezi duela uste du: «Europako edozein herrialde krisi ekonomikoan egonda ere Maroko baino hobea da».
Gizartean errotuta
Antzeko egoera zeukan Jallowek Gambian. «Ezin nuen han jarraitu; ez nuen etorkizunik. Bizimodu hobe baten bila joateko utzi nuen nire sorterria». Eta hori lortu ahal izateko sekulako esfortzua egin behar izan zuen. 16 urterekin alde egin, eta bi urte behar izan zituen Euskal Herrira iristeko: Senegal, Mali, Burkina Faso, Niger, Libia eta Italia igaro zituen. Malin sukaldari ibili zen bi hilez, segitzeko dirua lortzeko. Libian ere beste bi hilabete eta erdi egin zituen lanean. 200 dinar ordaindu zizkioten. «Oso gutxi da».
Hirurek eskertzen dute jaso duten laguntza. Eurek jakin dute aprobetxatzen. Hamoumik bizitza normalizatua du. Erabat errotu da Bilbon. Uda hasierara arte beharrean egon da. Kontratua amaitu zitzaion. Orain, besterik topatu bitartean, goi mailako Lanbide Heziketa ikasi gura du.
Ait Allak sukaldaritza ikasten du goizetan; arratsaldez, praktiketan dabil jatetxe batean. Ugazabak esan dio kontratua eskaini gura diola. Oraindik ezin du: bizitzeko baimena eman behar dio Espainiako Gobernuak. Horretarako hiru urte egin behar ditu hemen. Urtarrilean beteko ditu. Hala, 2019an, kontratua eskuan, lanerako baimena ere eskatu ahal izango du. Gutxienez, urtebeteko kontratua eskatuko diote.
Jallowek berak bakarrik egin zituen bizitzeko baimena eskatzeko paperak Immigrazio Bulegoan, eta onartu egin zioten. Joan den astelehenean joan behar izan zuen berritzera. Zurgintza ikasten dabil, eta apirilean praktikak egingo ditu. Lana topatzen badu, bizitzeko baimenaz gain lanerakoa ere eman ahal izango dio Espainiako Gobernuak. «Bizitzeko lan egin nahi dugu, besterik ez».