astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

mundua

Charlieren espirituaren itzalak

Nora Arbelbide Lete

Charlieren espirituaren itzalak

M arko Armspach marrazkilariaren marrazkia da ondoko hau: «Berreskuratze nazional lanjeros baten ikusmena da», autoreak berak esplikatu duenez. Charlie Hebdo astekari satirikoaren, poliziaren eta Hyper Cacher supermerkatuaren aurkako erasotik urtea iragan dela, orduz geroztikako bilakaeraz iritzi bat eskatu eta ukan duen erantzuna du hau Armspach-ek.

Hedoi Etxarte idazlea, Asisko Urmeneta marrazkilaria eta Bruno Dive Sud Ouest egunkariko editorialgile eta idazleak dira urteurrenaren karira gogoetatzea onartu duten besteak. Dive Attentats: au coeur du pouvoir (Atentatuak: boterearen bihotzean) film dokumentalaren egilea eta izen bereko liburuaren idazlea da.

Urtarrilaren 7an, Charlie Hebdo-ko 12 langile hil, eta egun horretan Je suis Charlie (Charlie naiz) bihurtu zen mundua. Hari horri tiraka, Charlieren espiritua zabaldu zen. Zehaztu gabeko espiritu bat, baina Charlie zen espiritu bat. Charlie Hebdo-ko marrazki satirikoetatik urrunduz joan zena agian, terrorismoaren eta obskurantismoaren aurkako espiritua agian, adierazpen askatasuna ikur, baina baita adierazpen askatasuna zalantzan jartzen zuena ere. Charlie sentitzen ez ziren orori kritika eskubideak ukatuz.

Geroztik izan ditu beste atentatuak Parisek. Azaroaren 13an, 137 hil. Segurtasunaren izenean, hainbat neurri adostu dituzte agintariek. Larrialdi egoera zabaldu dute. Giro bat sortu da, oro har, iazko urtarrilaren 7az geroz. Giro hori ez dute berdin interpretatu iritzi emaileek.

Urmenetaren kasuan, «oso ezeroso» sentitu zen lehen unetik: «Betiko nazionalismo frantses erasokor horrek halako batean janzten du biktimaren mozorroa. Oso agerian, pixka bat erridikulu samarra gelditzen den Estatu inperialista baten biktimismoa». Hilabeteak aitzinatu hala, horren «progresio geometrikoa» sentitu du, «gero eta eskandaluzkoagoa»: «Gu, inperialismo horren egiazko biktima garela, ez zait sinesgarria egiten estatu horrek halako batean agertzea rol hori. Eta rol horrekin lotua, gainera, askatasuna murriztea».

Barnetik, ez ditu gauza horrela bizi, berriz, Dive-k. Frantziako Estatuko agintarien jokamoldea zein izan den zehazki urtarrilaren 7 hartatik hona, gobernuaren hautu politikoak barnetik ikusteko parada ematen du preseski, Attentats: au coeur du pouvoir dokumentalak. Urteurrenaren karietara eman dute France3 telebista katean. François Hollande Frantziako presidentearen, Manuel Valls lehen ministroaren eta Bernard Cazeneuve Barne ministroaren elkarrizketak tartean. «Nire funtzioa eta lanbidea dela eta, ongi ezagutzen ditut», azaldu du Dive-k. Elkarrizketa horiez gain, dokumentalean ageri den boterearen halako intimitatea eskuratu izana esplikatzeko. Badaki, halaber, gobernuari «interesatu» zaiola berriz gogoratzea urtarril hura: «Beren alde egiten zuen garai bat zelako». David Revault d'Allonnes Le Monde egunkariko kazetariak argitu du dokumentalean: «Segidan ohartu ziren gertakari horietatik etekin politikoa atera zezaketela. Gobernuari burujabetzaren trajea janzteko aukera ematen ziola krisi egoera horrek, ordura arte ezin jantziz aritu zena».

Komunikazioa menperatzeko borondate argia ere ageri da dokumentalean hatsarretik. Hedabideen etengabeko zuzenekoen garaian kanalak etengabe elikatzearen aldeko parioa egiten du gobernuak. Eman berriak, diren bezala berriz hartzen dituztenak hedabideek: «Ez da kritika anitz», Dive-k. Gutxi batzuk badira, halere. Le Monde-ko artikulu bat du bereziki gogoan: «Manifestaldiaren bezperan argitaratua. Baina Cazeneuve-k torlojua tinkatuko du orduan. Hedabide ezberdinetako kazetariak, polizia eta justizia gaiez arduratzen direnak, biltzen ditu bezpera horretan, Le Monde-koa ez ezik, hori zigortu nahi du». Informazio zerbitzuetako buruarekin biltzen ziren orduan: «Gauzak berriz bideratzeko, diskurtso ofiziala emateko», gogoratu du Dive-k. «Eta funtzionatzen du. Biharamuneko artikuluak erabat gobernuak dioenaren ildo beretik doaz».

Dokumentalean ageri da, halaber, nola hasieratik, Charlie Hebdo-ko erasotzaileak oraindik ihesean daudela, Hollande «Batasun Nazionala» antolatzen hasten den. Alderdi guztiekin biltzen da. Manifestaldi bateratua du helburu, politikoek eta herritarrek, denek bat egitea estatu indartsu baten gibelean. Nola lortu duen hori ere ageri da filmean. Azaroaren 13ko atentatuetara luzatzen dela dokumentala, hor ere berresten du batasun hori. Arrakala gutxi agertu zaizkio. Siriako bonbardaketa gaitzesteko ahots gutxi entzun da, konparazione.

Gertakari horiek, Espainiako 2004ko martxoko Madrilgo erasoekin alderatu ditu Hedoi Etxartek. Manifestaldi erraldoiak egin ziren han ere. Salatuz, besteak beste, gobernuaren gezurrak: «Martxoaren 11 osteko erreakzio hori egon zen, lehenago egon zelako gerraren aurkako mugimendu oso zabal eta handia. Horren gainean eraiki ahal izan zen». Gerraren kontrako mugimendu hori:«XX. mendean zeharreko langile mugimenduan», gehitu du Etxartek: «Klasikoki ulertu du gerra dela beti irtenbiderik okerrena, demostratu den bezala Iraken».

Frantzian ez dela agertu halako mugimendurik nabarmendu du Etxartek: «Frantziak, ordea, parte hartu du nazioartean hamaika lekutako gerretan azken urte hauetan, eta ez da egon kritikarik, edo izan direnak plano ez-ikusietan izan dira. Orduan, gertatzen direlarik horrelako atentatuak, zuk ez daukazu lur bat antibelizismoa sustatzeko, edo seguritarismoa pixka bat gelditzeko».

Frantziako Estatuko agintarien eta, oro har, herritarren batasun hori, «frantsesek bat egite hori boterearekin», Dive-en hitzetan, «naturala» zaio berari: «Gutxienekoa da. Boterean edozein izanik ere, hutsegite handirik ez badu egin». Frantziari eraso egin diotela sentitu zuen iaz Dive-k, bereziki azaroko erasoetan. Eta Frantzia eta Frantziako Errepublikaren balioak aldarrikatu beharra sentitu du: «Frantzia gerlan dela idatzi nuen, azaroaren 13ko gaueko editorialean». Urtarrilaren 7ko erasotzaileak frantsesak zirela sortzez, eta horretaz zer dioen galderari, hauxe du erantzuna: «Gaizki itzulikatu direnak dira. Hor pausa dezakegu herritartasunaren kentzearen galdera. Beren herriaren aurka itzulikatzen direnen kasuan ez zait trabagarri». Nahiz eta aitortu duen kentze hori ez zaiola «biziki baliagarri. Eztabaida hori saihets genezakeen».

Frantziako Estatuan zerbaitek gaizki funtzionatu ote duen, autokritikarako lekurik ba ote den galdera pausatzerik ez dagoela ere baderitzo Dive-k: «Eztabaida horretan sartzea jadanik haien barkatzea da». Dive-n ustez: «Aitzakia sozialak ez du xutik atxikitzen. Hiri bazterretako auzoetako biztanle guztiak terrorista izan daitezkeela erran nahi lukeelako. Eta, dena den, hiru horiek ere ez zituen abandonatu Errepublikak. Ez ziren malurus. Alokairu apaleko bizitokiak zituzten. Gizarteratzeko aukerak eman zitzaizkien. Hori eztabaida faltsu bat da». Haren iduriko, eztabaida, eskola publikoan, «errepublikaren irakaspenaz da». Hor ikusten du eskasa eta arazoa.

Laikotasunaren gaia preseski aipatu du Etxartek. Baina arras beste ikuspuntu batetik, gaia sozialera ekarriz, hain zuzen: «Afera soziala konpondu beharrean, Frantzian gero eta nabarmenagoak diren pobreziaz, langabeziaz, esklusio sozialaz eta horrelakoez kontuak eskatu beharrean, sistematikoki laikotasunaren gaia lantzen aritu dira, pentsatuz hobe dela buruan zapia zeraman neska bat eskolara ez joatea, eskolara zapiarekin joatea baino». Eta hori alderdi guztien kasuan. Jacques Ranciere filosofoa oinarri, Etxarteren ustez, bai Errepublikanoak alderdiaren eta bai sozialisten kasuan, «Fronte Nazionala aitzakia gisa erabiltzen dute berez aplikatu nahi diren eskuineko politika neoliberalak aplikatzeko, armagintza indartzeko eta gizartean polizia gehiago sartzeko».

Lege berrien bozka azkartuz joan da urtarrileko erasoetatik. Azaroa aitzin jada, uztailean bozkatu lege berriak aukera eman zien informazio zerbitzuei edozein ordenagailu edo komunikazio gailu pirateatzeko. Datu baseetan sartzea baimentzen du legeak, eta operadoreak behartu ditzake eskatu datuak eta edukiak ematera.

Eta 'H28' sortu zen

Erasoen aitzinean, sinboloetatik haratago, arkatza zinez hartu eta satira berretsi zuenik ere izan zen. Charlie Hebdo-ren aurkako erasoak gertatu berririk, BERRIA egunkariak adierazpen askatasunari buruz aritzeko bildu zituen Asisko Urmeneta, Marko Armspach eta Patxi Uharte Zaldieroa marrazkilariak, Uztaritzen (Lapurdi), eta bilkura hartan aipatu zen ideia. «Euskarazko aldizkari satiriko bat egin nahi genuke». Gauzatu zen gero, hilero molde digitalean, eta paperezko urtekaria paperean agertu zen Durangoko Azokan. «Zurrunbilo honen erdian garela zernahi gisaz, niri oso ariketa sanoa egiten zait euskaldunak garen aldetik birpentsatzea geure burua», deritzo Urmenetak. H28-k baliorik baldin badu, haren ustez, hain zuzen zurrunbilo horri begira du: «Askatasun handiagoa edo txikiagoa baino, geure burua ispiluaren aurrean ikusi, non garen begiratu eta umorea egin diezaiogun integrismoari, agertuz gure zauriak eta seinalatuz nork zauritu gaituen».

BERRIAn argitaratua (2016/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA