astekaria 2018/11/02
arrowItzuli

bizigiro

PAOLO NESPOLI

«Gizaki bat Lurretik kanpo jaiotzea sekulako urratsa litzateke etorkizunerako»

Edu Lartzanguren

«Gizaki bat Lurretik kanpo jaiotzea sekulako urratsa litzateke etorkizunerako»

Egunotan Euskal Herrian izan den hotzarekin harrituta dago Paolo Nespoli (Verano Brianza, Italia, 1957) astronauta eta ingeniaria. «Houstondik Italiara joan nintzen joan zen astean, eta hauxe da ekarri dudan jantzirik beroena», esan du, soinean daraman ESA Europako Espazio Agentziako jertsea seinalatuta. Lehen aldiz egon da Bilbon. Historiak Espaziotik hitzaldia eman zuen astelehenean, EHUk gonbidatuta, Bizkaia Aretoan.

Astronauta bilakatzearekin amets egiten al zenuen txikitan?

Bai. Astronautak Ilargira heldu zirenetik ideia hori neukan buruan. Jendeak galdetzen zidan: «Paulo, zer izan nahi duzu handitzerakoan?». Eta nik: «Astronauta». Eta jendeak, orduan: «Bai, noski, ziur». 1960ko hamarkadan uste genuen urte gutxiren buruan hiriak izango genituela espazioan. Ez da gertatu, baina orain garai historiko garrantzitsu batean gaude, espazioko turismoa hasiko delako laster, azkenean. Horrek gauzak aldatuko ditu, oso azkar. Etorkizunean, jende guztia joan ahalko da espaziora. Neu ere itzuli ahalko naiz.

Espazioaren esplorazioa esku pribatuetan utzi beharko litzatekeela esaten ari zara?

Ez. Bi gauza ezberdin dira. Esplorazioan zaila da dirua berreskuratzea. Beraz, ez dago eztabaidarik: Marterako bidaia gobernu batek egin behar du, estrategikoa delako, baina ez duelako dirurik ekarriko. Aldi berean, erakunde pribatuak espazio turismoan sartzea, edo Lurraren orbita baxua erabiltzea grabitate txikian ikertzeko, horrek produktu komertzialak emango lituzke, eta horretan eraginkorragoak dira enpresa pribatuak.

ESAk ezingo luke turismo programa bat eratu eta horretatik ateratako dirua esplorazioan edo zientzian inbertitu?

Gai interesgarria da. Nire ustez, gobernuak eta ESAk arreta jarri beharko lukete enpresa pribatuek egin ezin dituzten gauzetan; esaterako, ikerketan. Pena da gaur guk, Europa gisa, ez izatea geure espaziontzi bat. Gaur AEBek ez dute ibilgailurik, eta Errusiaren espaziontziak erabili behar ditugu. Europan geure espaziontzia izango bagenu, denek erabiliko lukete orain. Baina ez daukagu. Espero dut ikasiko dugula iraganetik.

Zuk bietan bidaiatu duzu: AEBen espazio transbordadorean, eta, hura 2011. urtean erretiratu zutenetik, Errusiaren Soyuz kapsulan. Zein duzu nahiago?

Espazio transbordadorea ibilgailu zoragarria zen. Zortea izan nuen hartan bidaiatzeko. Baina, aldi berean, estatubatuarrek oker asko egin zituzten. Normala da hori gertatzea zeozer berri egiten duzunean; haiek ere onartzen dute gaur. Espazio transbordadorea erabilera askoko ibilgailua zen, eta gauza gehiegi egin zitzakeen. Hau da, gauza asko egin zitzakeen, baina bat bera ere ez modu eraginkorrean. Oso konplikatua zen, gidatzeko izugarri zaila, eta segurua ez izatearen mugan zegoen eremu askotan. Oso garestia zen. Gaur erretiratuta dago, baina ez ibilgailu zaharra delako, baizik eta gaur ere aurreratuegia delako. Estatubatuarrek ere ezin zuten kudeatu halako ibilgailu konplikatua. Beraz, berriz itzuli gara Soyuz-ean bidaiatzera, zeina 1960ko hamarkadako ibilgailua den. Oso sinplea da, eta oso deserosoa; oso gauza gutxi egin ditzake, baina oso ongi egiten du gaur behar duguna, hau da, hiru pertsonako eskifaia bat Nazioarteko Espazio Estaziora eramatea eta itzultzea. Transbordadoreak ezin zuen hori ere egin. Europa moduan, ikuskera egokia izan behar dugu, estrategia eta lantaldea, emaitzak eskuratzeko.

Oso egonaldi luzeak egin dituzu espazio estazioan. MagiSStra misioan (2010-2011) sei hilabetez egon zinen han, eta VITA misioan (2017), beste horrenbestez. Benetan beharrezkoak dira halako misio luzeak zientziaren ikuspegitik?

Zientziaren ikuspegitik, oso esperimentu gutxik behar dute halako denbora luzea, kenduta astronauta bera esperimentu bat izatea. Kasu horretan, kontua denez ikustea egonaldiak nola eragiten dion zure gorputzari, zenbat eta luzeago egon, orduan eta hobeto. Estatubatuarrek urtebeteko misioren bat ere egin dute. Orain, sei hilabetetik zortzi hilabetera luzatuko dituzte misioak. Izan ere, Soyuz ontzia 200 egun egon daiteke gehienez espazioan. Zergatik luzatu misioak? Espaziorako bidaietan gauzarik zailenak, garestienak eta arriskutsuenak jaurtiketa eta itzulera dira. Beraz, zentzua du misioaren tarteko zatia ahalik eta gehien luzatzeak.

Non dago muga?

Nazioarteko Espazio Estazioaren hasieran, estatubatuarrek psikologoekin hitz egin zuten, eta erabaki zuten astronauta bat gehienez hiru hilabetez egon zitekeela espazioan. Skylab-en eginiko misioak hartu zituzten oinarri. Handik itzulitako astronautek esan zuten hiru hilabete zela muga. Baina errusiarrek erantzun zuten: «Ezta pentsatu ere; hori garestiegia da»; eta urtebeteko misioak proposatu zituzten. Beraz, eztabaida askoren buruan, erdibidean geratu ziren: sei hilabete. Nik esaten dizut espazioan sei edo zortzi hilabetez egotea denbora luzea dela, baina egingarria dela, eta gozagarria. Bi hilabete behar dituzu espazioan ohitzeko; pena da hortik gutxira itzultzea. Gaur esango balidate urtebeterako joateko, «ufa!» erantzungo nuke, baina, ziurrenik, baietz.

VITA misioan dozenaka esperimentu egin zenituen Nazioarteko Espazio Estazioan. Zein izan zitzaizun gogoangarriena?

Zaila zait esatea. Espazioan mentalitatea aldatzen duzu: zientzialariaren besoa bihurtzen zara, eta ziurtatu nahi duzu hark behar dituen datuak eskuratzen dituela. Ez da nire eginkizuna epaitzea zein esperimentu den hoberena, edo zeinek salbatuko duen mundua. Noski, ingeniaria naizenez, hobeto ulertzen ditut ingeniaritzarekin loturiko esperimentuak, genetikakoak edo medikuntzakoak baino. Baina badakit zer zaila den esperimentuak egitea espazioan, eta, beraz, espaziora eramaten badituzte, merezi dutelako eramaten dituzte.

Baina jende askok zientzia komunitatean esaten du espazio estazioa oso laborategi garestia dela, egiten duen lanarekin alderatuta. Ados zaude?

Hein batean ados egon ninteke. Horrenbeste herrialde batzen dituen egitasmo batean beti gertatzen da bikoizketa pixka bat, eta gauzak ez egitea modurik arinenean. Baina espazio estazioan egiten ari den lana oso garrantzitsua da, eta, gizarte gisa, ezinbestekoa dugu ikertzea.

Irudikatu erabaki behar duzula egitasmo bakar bati lehentasuna ematea. Zein lehenetsiko zenuke: Ilargian base iraunkor bat eratzea edo Martera lehen gizakia eramatea?

Ez nuke nahi egon hori erabakiko duenaren lekuan. Ulertzen dut batzuek esatea «jar dezagun arreta Marten, eta ahaztu bestea»; baina baita beste batzuek erantzutea «aizue, Ilargia hementxe bertan daukagu, eta Marterako lehen urratsa izango da». Baina, astronauta gisa, hau da nire galdera: zergatik aukeratu behar dugu? Nik biak nahi ditut, eta uste dut zentzua duela bietan saiatzeak. Aurkitu behar da modu bat ekonomikoki egingarria izateko. Hori da erronka: biak egitea, modu eraginkorrean.

Ilargiko basea bakarrik Marterako bidaia prestatzeko urrats gisa onartuko zenuke?

Gauza asko emango lizkiguke Ilargiko base batek: ikasiko genuke nola moldatzen den jendea bakarturik, planetaren baliabideak nola erabili, astronautak elkarrekin bizitzen... Une batean, belaunaldi bat jaioko litzateke Ilargian, eta gizaki bat Lurretik kanpo jaiotzea sekulako urratsa litzateke etorkizunerako. Beraz, base bat behar dugu Ilargian, eta Martera joan behar dugu. Biak!

ESAko astronauta aktiborik zaharrena zara. Espaziora itzuliko zaren itxaropenik baduzu?

Ez. Izan ere, erretiroa hartzeko zorian nago. ESAko pentsioa jasotzen hasteko adina pasatu dut dagoeneko; espazioan egon naizelako luzatu didate. Izugarri gustatuko litzaidake astronauta izaten jarraitzea, baina dagoeneko banaiz misio luze bat egindako munduko astronautarik zaharrena. Gazte askok nahiko lukete astronauta esperientzia izan, eta energia asko ekarriko lukete. Nik gogoa badut, baina uste dut egin dudala neurea.

Nola aldatu zaitu Lurretik kanpo egoteak?

Alde batetik, uste dut oraindik ere banaizela Italiako herrixka batetik astronauta izateko amets ezinezkoarekin atera zen gazte hura. Ikasleei beti esaten diet gutxienez urtebete bizi beharko luketela euren herrialdetik at, horrek beste jendea ulertzeko eta beste kulturan aritu eta gogoa zabaltzeko aukera emango liekeelako. Jende guztiak izan beharko luke esperientzia hori.

Bai, baina zure kasuan kontua ez da beste herrialde batean bizitzea, baizik eta planetatik at.

Bueno... Gauza bera da.

BERRIAn argitaratua (2018/11/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA