kultura
Errituetara, barne bidaietatik
Miren Garate
Jon Maia Kukaiko zuzendariak azaldu duenez, duela urte askotatik zuen buruan proiektua: «Gure dantzek badute esparru bat soziala, eta beste bat errituala, eta baneukan gogoa dantza eta musika erritualen kontu horretatik jotzeko». Azken ikuskizunetan, kanpoko koreografo bat gonbidatu izan du Kukaik elkarlanean aritzeko, eta, bide horretan sakonduz, Sharon Fridman koreografo israeldarrari egin dio proposamena oraingoan. Eta hark onartu. «Deitu eta minutu erdirako lanaz hizketan ari ginen». Maiaren esanetan, dantza garaikidean gaur egun dagoen «proposamen interesgarrienetako bat» da Fridman. «Niretzat oso garrantzitsua zen berak ere tradizio batetik hasi eta dantza garaikiderantz pauso bat egin izana, horrek esan nahi duelako badaukala ikuspegi bat gaur egungoa, baina badaukala ulermen eta sentsibilitate bat ere mugimendu tradizional bat kodetzeko, ulertzeko eta sentitzeko».
Contact teknika da koreografoaren lengoaia artistiko nagusia, gorputzak harremanetan jarri eta gorputzen kontaktutik datorren mugimendutik abiatzen da. Bada bitxikeria bat horri lotuta. Izan ere, amaren gaixotasun baten eraginez hasi zen koreografoa teknika hori lantzen. Ez erortzeko laguntza behar du amak, eta esploratzeko arlo bat aurkitu zuen hor semeak. Erritu-ko zenbait pasartetan ere, koordinazioari eta orekari ondo eutsi behar diete dantzariek eroriko ez badira. Maila profesionalean eta pertsonalean esperientzia oso aberasgarria izateaz gain, orain arteko elkarlanik «biziena» izan dela kontatu du Maiak, «gaiak berak duen pisuagatik, gure izaeragatik, lanaren izaeragatik...».
Erritualez ari da ikuskizuna, baina Kukaiko zuzendariak zehaztu du ez duela inongo kutsu erlijiosorik. «Erritualak eta espiritualtasuna erlijiotik askoz haratago doaz, baita denboran ere. Pertsona bakoitzak dituen barne bidaiak eta nola egokitzen garen komunitatera, hortik jo dugu gehiago». Era berean, dantza erritual batzuetatik abiatuta, pertsona bat nola prestatzen den erritual baterako ere azaldu nahi izan dute: «Prestaketa hori, errepikapen hori, irautea, erriturako giroan sartzea...».
Horretarako, jendea antzokira sartzen hasten den unetik, alegia ikuskizuna hasi aurretik, dantzan ari dira dantzariak. Zazpi interprete aritzen dira oholtzan —Urko Mitxelena, Nerea Vesga, Eneko Gil, Izar Aizpuru, Alain Maia eta Ibon Huarte dantzariak eta David Azurza abeslaria—, eta, haiekin batera, emanaldi guztietan, emakumez osatutako abesbatza bat egongo da agertokian. Estreinaldi biran, Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso, Gernikako (Bizkaia) Gaudeamus eta Basauriko (Bizkaia) abesbatza ariko dira, eta herrietan herri bakoitzeko abesbatzekin aritzea da asmoa.
Iaz musika konposizio onenaren Max saria jaso zuen Luis Miguel Cobok egin du ikuskizuneko «koltxoi musikala», eta, Azurza abeslariaren zuzeneko ahotsaz gain, interpreteen hanka hots eta arnasestuak ere obrako parte dira: «Errepikapen eta konstantzia horren atzetik gizaki bat hasten da azaltzen. Nekea, arnasa, ezina, aurpegiak eta izerdia. Hori ere erakutsi nahi izan dugu. Bakoitzaren barnealdea erakutsi eta hortik abiatzen dugu bidaia».
Errituala girotzen du argiztapenak ere, eta Fridman koreografoaren eta David Bernues Kukaiko teknikariaren artean prestatu dute. «Uste dut maila bat igoarazten duela ikuskizuna». Jantziak, berriz, Ikerne Gimenezek diseinatu ditu. «Oso ondo planteatu ditu, ez dietelako gain hartzen gainerako elementuei. Gure jantzitegi tradizionaleko elementu batzuk ikus daitezke, eta erabat garaikideak dira». Sexu bereizketarik ere ez dute egiten jantziek.
Urko Mitxelena dantzariaren esanetan, oso emozionala da ikuskizuna. «Sentimendu asko dago eszenan. Esfortzuan sartzen zara, errepikapenetan, eta bakardadea sentitzen duzu; gero kideak datoz, eta kristoren indarra ematen dizute. Denok batera ere egiten dugu dantza, eta hor batasuna ikusten da, taldearen indarra». Ordubete inguruko iraupena du ikuskizunak, eta fisikoki ahalegin handia eskatzen die dantzariei. Mitxelenak berak ordubetetik hiru ordu laurden inguru ematen ditu dantzan. «Oskara orokorrean teknikoagoa zen, eta Erritu fisikoagoa da».
'Oskara'-ren itzala
Konparazioekin jarraituz, Maiaren esanetan, Gelajauziak ikuskizunean dantzaren alderdi sofistikatuena landu zuten batez ere; Topa-n gauza oso fresko bat egin zuten, hip-hoparekin nahasketak eginez; eta Oskara-n, dantzatik baino gehiago, kontzeptutik jo zuten.
Azken horrekin hiru Max sari, Espainiako Dantza Sari Nazioanala eta Kataluniako kritikaren saria lortu ostean, ia saihestu ezinezkoa da Erritu-rekin ere itxaropen handia sortzea Kukaik inguruan. Hortik ihes egin nahi dute taldekideek. «Proiektu berri baten hasieran gaude, eta proiektu batean beti hutsetik hasten zara, ilusioz, gogoz, baina ezjakintasunez ere bai, ez dakizulako nola hartuko duten. Hala ere, ni neu oso pozik nago, iruditzen zaidalako esku artean daukagun proiektu hau oso sendoa dela».
Badituzte, gainera, baikor egoteko motiboak, estreinatu aurretik espazio berezi batzuetan egindako lau ikuskizunetan arrakasta handia izan baitute. Lehena Done Mikel Aralarkoan egitea zen asmoa, baina azkenean Altsasun (Nafarroa) egin zuten, eguraldiagatik. Beste hiru emanaldiak Valladolideko (Espainia) Cupula del Milenion, Huescako (Espainia) plazan eta Manresako (Herrialde Katalanak) Seu katedralean egin dituzte. Valladoliden, ikuskizun original eta berritzaileenaren saria jaso zuten, eta Manresatik ere hunkituta itzuli ziren etxera Kukaiko kideak. «700 pertsona inguru zeuden emanaldian, eta bukaeran guztiak zutik jarri eta sekulako txalo zaparrada eskaini ziguten».