astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

politika

«Hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin diote 180tik goiti hautetsik Parisi

Maddi Ane Txoperena Iribarren

«Hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin diote 180tik goiti hautetsik Parisi

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa gero eta sektore gehiagoren atxikimendua lortzen ari da Ipar Euskal Herrian. Sindikatu, elkarte eta alderdi politikoek ez ezik, 180 hautetsik baino gehiagok haien izenean eman diote sostengua etzi Baionan eginen den mobilizazioari —Bilbokoaren aipamenik ez dute egin—. Halere, protestarako deia egin bai, baina haratago ere mintzatu dira hautetsiak, elkarrekin plazaraturiko agirian. Hain justu, Frantziako Gobernuari eta Christiane Taubira Justizia ministroari «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin diete, eta horretarako presoak hurbiltzea eta espetxeetako legeak betetzea galdegin.

Taubirak joan den irailean egindako adierazpenei erreferentzia zuzena egiten die oharrak. Izan ere, presoak arrazoi «humanitarioengatik» eta kasuz kasu hurbiltzearen alde agertu zen Frantziako Justizia ministroa joan den udaren bukaeran. Halakorik ez duela egin adierazi dute hautetsiek: «Gaur egun euskal presoekiko dagoen jarrera ulertezina egiten zaigu».

Askotariko alderdi, herri eta karguetakoak dira Parisi presoen eskubideak errespetatzeko eskatu dioten hautetsiak. Ipar Euskal Herrikoak dira gehienak: herrietako zinegotziak —horien artean, 26 auzapez; Baionako Jean Rene Etxegarai, esaterako—. Pirinio Atlantikoetako departamenduko zazpi kontseilari ere badira euskal herritarren artean, erraterako, Max Brisson Errepublikanoak alderdikoa edota Marie Christine Aragon PSkoa. Departamendutik harago, Akitaniako Eskualdeko 21 hautetsik izenpetu dute manifestaziorako deia, eta horien artean, gehienak Euskal Herritik kanpokoak dira: Vienne, Gironda, Biarno, Charente-Maritime, Creuse eta Correze departamenduetakoak badira, erraterako —gehienak, ekologistak—. Azkenik, Frantziako Asanblea Nazionaleko eta Senatuko parlamentariak atxiki dira deialdiari: Euskal Herriko ohiko diputatu eta senatariez gain, Paul Molac diputatu bretoiak ere sostengua eman du. Atxikimenduen zerrenda oraindik irekia dagoela jakinarazi dute, bestalde, eta larunbatera arte hautetsi gehiagoren izenak gehitzea espero dute.

Aieteko konferentzia egin zenetik bortz urte igaro direla nabarmendu dute zerrendako 180 hautetsiek, eta orduz geroztik bake prozesua eraikitzeko ekinaldiak ugarituz joan dira, haien ustez. Horren adibidetzat dute 2014ko urriaren 24an izenpeturiko Baionako adierazpena, zeinarekin bat egiten duten. Joan den ekainean Parisen egindako bakearen aldeko konferentzia ere ekarri dute gogora: «Konferentzian irmoki azpimarratu zen bake prozesu baten garapenean presoen egoerari aterabide baten atzematearen beharra, giza eskubideen errespetatzearen beharra eta atal horretan Frantziako Estatuak eman beharreko pausoak zein ziren». Eskakizun horiekin lotuta, konpromisoa galdegin diote Parisi: «Euskal Herrian ireki den jokaleku berria kontuan hartu behar du Frantziako Gobernuak. Bake prozesuan osoki engaiatzeko eskatzen diogu». Horretarako ezinbertzekotzat jo dute hautetsi eta herritarren parte hartzea: «Euskal presoak Euskal Herriratzea lurralde honen gehiengoaren eskaria dela agerraraztea funtsezkoa da».

Azken egunetan Ipar Euskal Herriko elkarte gehiagok sostengatu dute manifestazioa, halaber. Manifestaziora deitu dute, adibidez, Atxik Berrituz kristauen elkarteak eta Ipar Euskal Herriko sindikatu nagusiek: CGT, CFDT, Solidaires, ELB eta LABek.

Lasterbidean, Bilbon

Azken hiru urteetan egin bezala, Lasterbidean ekinbideak ere eginen dio ekarpena presoen aldeko mugimenduari. Bilbon izanen da laster egiteko aukera, manifestazioa hasi aitzin. «Sakabanaketari kilometroak lapurtzeko» korrika egiteko deia egin diete herritarrei, horretarako Areatzan 11:00etatik 15:00etara jarriko dituzten tapiz elektrikoetan. «Edozein» herritarrentzat da gonbidapena: «Berdin du bakoitzak zenbat egiten duen, guztion artean ahal dugun distantzia laburtzea da-eta erronka».

BERRIAn argitaratua (2016/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA