astekaria 2018/11/02
arrowItzuli

bizigiro

KONTXI TRIGO ELETXIGERRA

«Hunkitu egin nintzen ezagutu ez nuen osabaren gorpuzkien berri izatean»

Lander Muñagorri Garmendia

«Hunkitu egin nintzen ezagutu ez nuen osabaren gorpuzkien berri izatean»

Irakaslea izan da ofizioz Kontxi Trigo Eletxigerra (Karrantza, Bizkaia, 1949), baina, horrez gain, margotzen aritu izan da, memoria historikoaren arloan bere osabaren arrastoen bila ibili zen, eta herriko gorabehera politikoen jarraipena eta kritika ere egin du. Bere burua ez du ekintzaile gisa definitzen, eta, dioenez, ez zaizkio taldeak gustatzen. Horregatik dio nahi izan duena egin duela beti, «gainerakoei gustatu ala ez». Ezer galdetu baino lehen hasi da bere ildo politikoa zehazten: «Anarkista izan naiz beti; ez zaizkit arauak gustatzen, eta, gainera iruditzen zait apurtzeko direla. Artaldeak gorroto ditut, itsuan obeditzea ez baitzait gustatzen».

Karrantzan jaio zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Oroitzapen politak ditut; garai hartan ez zegoen autorik ez ezer. Lagunekin batzeko kalera ateratzen zinen, eta euren etxeko atea jotzen zenuen. Ate denak irekita egoten ziren, gainera, eta iruditzen zait hori galdu egin dela.

Zure aita eskuindarra zen, eta zure ama, berriz, abertzalea. Zein zen etxeko giroa?

Nire aita espainiarra zen, bai, baina ezer inposatu ez didaten giro batean hezi nintzen. Etxean ez zen politikaz hitz egiten, eta aitak beti errespetatu zituen bere alabak, bazekien arren inor ez zela bere sokakoa izango. Zerbait pasa ahal zitzaigun beldurra, bai, hori bazuen, eta pentsatu dezakezu zeri buruz ari naizen... Milioi bat aldiz jaioko banintz, aitatzat izango nuen beti, pertsona oso atsegin eta gertukoa zelako, eta asko babesten zuten horietakoa zen.

Amaren familia, ordea, abertzalea zen erabat.

Bai, eta ni Eletxigerra naiz zentzu horretan. Nire osaba Jesus kutuna nuen, eta gerrari buruz dakidan apurra harengandik jaso nuen. Etxean eta handik kanpo ez zen ezer transmititzen, gai tabua zen. Pentsa, duela gutxi 90 urteko gizon batekin nengoela, horri buruz hitz egiteari uko egiten zion hark, oso traumatikoa izan zen eurentzat. Eta hori nire inguruan ez nuela sentitu bataren eta bestearen artean egon zitekeen gorrotorik. Ez nuen halakorik ikusi.

Osabak zer kontatzen zizun?

Apur bat edanda zegoenean kontatzen zizkidan kontatzen zizkidanak, ez pentsa. Orduan hitz egiten zuen apur bat, eta «Franco hiltzaile hark» anaia hil ziola esaten zidan, eta ez zekiela non zegoen. Kantatu ere egiten zidan: «Si a tu ventana llega Sabino Arana/ Trátale con cariño que es bizkaitarra/ Si a tu ventana llega Indalecio Prieto/ Pégale dos estacazos que ese es maqueto». [Zure leihora Sabino Arana badator/ Maitasunez zaindu ezazu bizkaitarra baita/ Zure leihora Indalecio Prieto badator/ Eman pare bat makilakada maketoa baita]. Gerra garaiko abestiak ziren horiek, debekatutakoa aldarrikatzeko modu bat zen.

Transmisio bat izan zenuen orduan...

Bai, baina gutxi, eta modu folklorikoan, gainera.

Abertzale eta ezkerreko atera zinen. Nolatan?

Bai, hala da. Akaso mojengatik izango zen; nire justizia sena euregatik daukadala esango nuke, injustizia asko ikusten bainituen, eta esaten zutenaren aurka joaten nintzen beti. Beraz, kontra egitea zen kontua, eta esango nuke justizia sena eurei zor diedala.

Mojetan hasi zinen ostera irakasle moduan, ordea...

Bai, urte bat eta hamar egun egon nintzen bertan lanean. 1972ko irailaren 18an hasi nintzen, 1973ko irailaren 28an alde egin nuen, nekatuta.

Zergatik?

Oso zurruna zen hori guztia, eta ni sekula ez naiz horrelakoa izan; nire kontura ibiltzea gustatu izan zait beti. Larunbatetan ere joan behar izatea ez nuen ondo ikusten; mezetara joan behar izaten genuen. Zenbat mezatara ez ote nintzen joango! 500 urte biziko banintz adina mezatara joan naiz nire bizitza osoan!

Gogoz kontra?

Hasieran sinestuna nintzen, bai. Pentsa, Karrantzako katekesiko erregina izan nintzen 1963. urtean! [Barreak]. Hamasei parrokia daude Karrantzan, eta katekesiko azterketa egiten zuten urtero, eta hura irabazi nuen urte hartan. [Barreak].

Ateo izateko ondo dago hori... Etsaia ezagutu behar da?

Ateoa naiz egun, baina beste edozein sinestunek baino gehiago praktikatzen dut! Hiletak direla, eta halakoetan... Hala ere, horretaz gain, ohiturak asko gustatzen zaizkit, eta auzoko jaietara noan bakoitzean paketean dauden ekintza guztietara joaten naiz, elizkizunetik hasi eta txosnetaraino. Sinestunei errespetua diet, gainera. Pentsa, nik nire hileta erlijiosoa izatea nahi dut, betiere bataiatu ninduten elizan egiteko aukera baldin bada. Horrela ez bada, zuzenean hilerrira!

Tradizioak gustuko dituzula esan daiteke orduan, ala?

Bai, gustatzen zaizkit, jendearekin topo egiteko balio du.

Irakasle garaira itzuliz, mojetan hasi zinen, baina urte baten ondoren irakaskuntza publikora egin zenuen jauzi.

Bai, Lekeitiora joan nintzen, Bizkaiko punta batetik bestera. Gainera, ez pentsa oso ondo moldatu nintzenik, zilbor hestea moztea asko kosta zitzaidalako.

Nolakoa izan zen bertako esperientzia?

Ona, ikasturtea greba batekin hasi genuen, eta, horri esker, berehala jakin ahal izan genuen bakoitza zein sokatakoa zen. Greba egin zutenen artean lerratu nintzen ni, noski. 1980an, Bilbora lekuz aldatzeko eskaera egin nuen, baina urte hartan ETAk funtzionarioak helburutzat jarri zituen, eta jende askok alde egin zuen. Otxarkogara bidali ninduten.

Leku gogorra izango zen urte horietan...

Asko markatu ninduen, bai. Jateko gutxi zuen jendea zen, eta nola esango zenien materiala erosteko hainbat diru gastatu behar zutela! Ez zen etikoa. Iruditzen zait baliabide gutxirekin lan handia egin genuela. Urte gogorrak izan ziren gero...

Zenbat denbora egon zinen bertan irakasle?

Hiru urtez, eta handik Altamirara aldatu nintzen, Bilboko mendi batetik beste batera. Eskola hartan ere lehen momentutik lerratu behar izan nuen, erlijioa irakats nezala eskatu baitzidaten, eta ezezkoa eman nuen. Gogorra izan zen garai hura, higadura handia eragin zidalako.

Pinturan hasi zinen orduan.

Bai, 1986. urtea zen, eta gaixotasunaren eraginez hasi nintzen. Nire bizitzan harlauza bat bezalakoa izan da gaitza, ez dudalako sekula onartu. Gaixotasun fisikoak errazago onartzen ditugu, baina ezer eduki gabe zeure bizia ezin duzunean jasan... Pinturak asko lagundu zidan horretan.

Depresioa izan zen. Esan daiteke?

Bai, baina ez dut izendatu ere egiten. Erditze txar bat bezalakoa izan zen, erretzeari uztea baino zailagoa.

Margotzen hasteak zertan lagundu zizun?

Gauzak atera ahal izateko, pintzelkadekin mintzatzeko. Asko hitz egin dezakeen pertsona naiz, baina tabernako elkarrizketetan. Gauza pribatuei buruz aritzean, itxi egiten naiz. Margotzean barneko gauzak azaleratzen dituzu, eta horretan asko lagundu zidala iruditzen zait.

Lan abstraktuak egin dituzu...

Paisaia bat kopiatu behar nuen bakoitzean ahaztu egiten zitzaidan zer egiten ari nintzen. Abstraktua ateratzen zait gehiago; nahiago dut hegan egin, kopiatzeko uzkurtu beharrean baino.

Jose Barcelorekin ikasi zenuen. Nolakoa zen?

Hegan egiten uzten dizun horietako bat.

Karrera ere egin zenuen gainera, Arte Lekun egon baitzinen margotzen ikasten ere.

Bai, Menchu Galekin egon nintzen, baina handiustea zela iruditzen zait. Hala ere, gustura egon nintzen han, eta asko ikasi nuen, beste lurralde batzuetako jendearekin egon bainintzen.

Erakusketak ere jarri izan dituzu, ala?

Bai, baina gutxi. Bilbon eta Bartzelonan egon naiz, Ermuan eta Enkarterrian ere hainbat erakusketa jarri izan ditut. Baina gauza handirik ez.

Zure koadroak gordetzen dituzu?

Denak ez, baina gehienak. Nire bizitzaren zati bat zirela sentitzen nuen, eta ez zitzaidan saltzea gustatzen, nire seme-alabak zirela sentitzen bainuen.

Margotzen jarraitzen duzu?

1999an, aita hil zitzaidanean, hutsune bat geratu zitzaidan, eta, sentitu nuenez ez nuela ezer esateko, ez nuen jarraitu. Zertarako zikindu eta garbitu pintzelak ez badaukazu ezer esateko? Utzi egin nion margotzeari.

Erretiroa hartu eta gero memoria historikoaren arloan sartu zinen. Ezagutu ez zenuen Jose Mari Eletxigerra osabaren gorpuzkien bila hasi zinen.

Bai, osaba Jesusek kontatzen zidan 1937ko abuztuaren 13an anaia hil ziola Francok. Hori akorduan daukat. Durangoko Azoka batean ahizparekin-eta liburuak begira genbiltzala, 1936ko gerrari buruzko entziklopedia bat topatu genuen. Hura zabaldu, eta hara non ikusi genuen gure osabaren erreferentzia! Beti jakin izan nahi nuen zer gertatu zen berarekin, baina bila sekula jarri gabe nengoen. Aranzadiren helbidea bilatu, eta gure osaba Turtziozen lurperatu zutela jakin genuen, jaioterritik hamabi kilometrora. Gure ama, osaba eta amona ezer jakin gabe hil ziren, eta hamabi kilometrora zeuden haren hezurrak. Horrek pena handia ematen dit, egia esan.

Topatu zenituzten orduan?

Aranzaditik deitu zidatenean, hunkitu egin nintzen ezagutu ez nuen osabaren gorpuzkien berri izatean. Liburu batean agertzen omen zen haren erreferentzia, eta begira jarraitu genuen, baina jabetu ginen lurperatu zuten hobi horretatik atera egin zutela 1942an. Desilusionatu ninduen horrek, ezin izan nituelako haren hezurrak Karrantzara eraman. Pena hori geratzen zait. Turtziozko hobi horretan loreak landatzera joan behar dut, osabaren eta harekin batera zeuden beste lau gudarien omenez.

BERRIAn argitaratua (2018/10/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA