astekaria 2018/11/02
arrowItzuli

politika

Bi aste zena, bost urte orain

Maider Galardi F. Agirre

Bi aste zena, bost urte orain

Ur hotzetan erre dira. Baita ongi erresumindu ere. Ez zuten espero Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiari arrazoia ematea espetxe zigorren metaketen auzian. Azken asteotan zabaldutako informazioak «ilusioa» piztu zien euskal presoen senide askori. Asteartean, ordea «kolpe latza» hartu zuten horietako batzuek. Tartean dira Unai Arkauz, Josu Arkauz presoaren semea, Josune Dorronsoro, Jose Maria Dorronsororen arreba, eta Axun Olarra Jon Olarraren arreba eta Ainhoa Mujikaren koinatua. Haserre daude, «amorratuta» eta «etsita» , bi asteren buruan etxean espero zituztelako batzuk, baina epaiaren ondoren beste bost urte itxaron beharko dutelako, gutxienean. «Artega» ere badaude, datozen urratsak zen izango diren erabakitzeko zain baitaude. Epe laburrean, ordea, «burua altxatu» eta preso duten senideari babesa ematea dute lehentasuna.

Unai Arkauz bere anaiarekin joan da asteburuan aitari bisitan, Murtziara (Espainia). Baionatik egiten dute bidea, eta jaio zirenetik ezagutu dute aita espetxean. Izan ere, 27 urte daramatza aitak kartzelan, eta bi semeek 24 urte dituzte. «Azken bidaia izango zela amestu dugu. Amestu dugu aitarekin kalean egingo genituen gauzekin. Irriz aritu gara telefonoan; erraten genion berari xerka joanen ginela oraingoan. Baina asteartean etorri zen desilusioa», azaldu du Unai Arkauzek. Azpimarratu du aita ez dutela bueltan ekarriko, baina bisita garrantzitsua izango dela, hala ere: «Gogorra izanen da bisita, ziur, baina polita ere bai. Momentu onean tokatzen zaigu, eta indarra emango diogu. Ikus dezala bere semeak hor direla, laguntzeko prest, goxotasunez... Bitxi egingo du».

Josune Dorronsorok ere egin dio bisita anaiari asteburuan. Puerto III espetxean da, Cadizen (Espainia). «Anaia berehala aterako zen espetxetik epaia aldekoa izan balitz. Beranduenez Gabonetan izango zen gurekin», gogorarazi du. 25 urte dira anaia preso duela, eta horietatik 7 urte eta erdi egin ditu Frantzian. Zigor metaketarik gabe, beste bost urte egin beharko ditu berak ere espetxean. «Pentsa zer den hori guretzat. Mende laurden daramagu kartzelaz kartzela, Frantzian lehenik, Espainian ondoren. Neketsua da bidaiak egitea. Baina egiten segituko dugu, bost urtez bai, behintzat. Pilotu automatikoa jarri, eta poltsa prestatu, autobusa hartu...».

Estrasburgoko epaia aldekoa izan balitz, berehala lirateke kalean Josu Arkauz eta Jose Maria Dorronsoro, baina, zigorra osorik bete behar dutenez, 2023ra arte ez dira aterako kartzelatik. Alegia, guztira 32 urteko espetxe zigorra egingo dute. «Ni tentuz ibiltzearen aldekoa naiz, eta oraingoan ere ez dut sinetsi komunikabideek esan duten guztia», azpimarratu du Josune Dorronsorok. Unai Arkauzek, ordea aitortu du bazutela esperantza: «Bi astez sekulako indarra eman digu komunikabideetan mezu horiek ikusteak». Josune Dorronsorok, baina, ohar egin du: «Jakin behar da albisteak irakurtzen. Giro bat sortu dute komunikabide jakin batzuek, baina ez zuten zuzen esaten epaia aldekoa izango zenik». Unai Arkauzek ere gogorarazi du halakoak tentuz jaso behar direla: «2014an berdin gertatu zen».

2014tik auziari bueltaka

Izan ere, asteartekoa bide luze baten azken geltokia izan zen. Auziaren muina Europako Batzordeak 2008/675 zuzentaraua onartu zuenean hasi zen, 2008an. Horren arabera, Europako herritar batek Batasuneko herrialderen batean zigorra bete badu, urte horiek kendu behar zaizkio antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari. Espainiak bi urte zituen zuzentaraua bere legedira moldatzeko, baina, epe hori pasatuta, 2014an txertatu zuen zuzenbidean. Horren harira kaleratu zituzten Santiago Arrospide eta Alberto Plazaola presoak, baina, zuzentaraua moldatu, eta berriz ere espetxeratu zituzten.

Ondo gogoan du garai hori Unai Arkauzek: «2014ko abenduan sekulako ilusioa genuen guk, baina 2015eko urtarrilean zapuztu zitzaigun. Ordutik aritu gara abokatuekin lanean. Guztiok ari ginen Europari begira, pentsatzen genuelako Europako legediak gure alde egingo zuela».

Josune Dorronsorok ere gogoan du prozedura: «Gure anaia ez zen 2014an berehalakoan aterako kalera, baina guk ere egin genuen helegitea. Oraingoan ere horrela da; baziren 21 lagun berehala aske geldituko liratekeenak, baina beste hainbat daude prozedurak aurrera egingo balu espetxe urteak murriztuko lituzketenak».

Zigor metaketak berehalakoan ez, baina epe luzera eragingo zien, hain justu, Mujikari eta Jon Olarrari, Axun Olarrak azaldu duenez: «Egia da gure senideei kalera irteteko asko falta zaiela, baina hurbiletik erreparatu diogu auziari. Jakina, bagenuen esperantza bat, ematen zigun argitasun bat». Zigor luzea dute betetzeko oraindik Mujikak eta Jon Olarrak, eta badaramate dagoeneko hamasei urte espetxean. Axun Olarrak azpimarratu du alde handia egongo litzatekeela Frantziako espetxean egindako zortzi urteak kontuan hartuko balira: «Eragin handia du. Kondena luzatzea sekulakoa da, psikologikoki eragin handia du, bai barruan dagoenarentzat, eta baita senideentzat ere». Halaber, nahiago izan dute zigor metaketan askorik ez pentsatu: «Inoiz ez dugu pentsatu zortzi urte gehiago izango zirenik; ez dut hala kontatu nahi; espero dut gauzak aldatuko direla lehenago».

Etorkizunari begira

Hain justu, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiaren ostean, zer bide jorratu buruan dute senideek eta euskal presoen abokatuek. «Aukeretako bat da Luxenburgoko Auzitegira jotzea», egin du proposamena Josune Dorronsorok. Haren esanetan, Estrasburgoko auzitegiak ikusi du ez direla «giza eskubideak urratzen», baina, Luxenburgokoak Europako legediari erreparatuta, esan dezake Espainiaren moldaketa ez dela legezkoa. Bestela uste du Arkauzek: «Mendeku politika da, bai, baina legearen oinarria dute. Zer egin dezakegu legearen aurka?».

Finean eta funtsean, bi irtenbide ikusten dituzte Josune Dorronsorok, Unai Arkauzek eta Axun Olarrak: «Bakegileek negoziatu zuten Frantziarekin zigor metaketarena. Hemengo alderdiek ere egin dezakete hori Espainiarekin», azaldu du Dorronsorok. Olarrak ere uste du hori dela aukeretako bat: «Joan den larunbateko Donostiako manifestazioa plurala izan zen, askotariko jendea zegoen, eta agian egin daiteke lanketa bat». Ados da Arkauz ere.

Hala ere, uste dute berme handiena mobilizazioa dela: «Euskal gizartea aurretik doa. Zigor metaketak ez digu guri bakarrik mesede egiten; bake justu eta iraunkor baten bidean, Euskal Herri guztiari eragiten dio», nabarmendu du Olarrak. Arkauzek ere uste du «jende gehiagorengana» heldu behar dela auzia azaltzeko.

Euria ari du euskal presoen senideentzat, «ekaitza» izan dute asteon, hainbeste «ilusioren» ostean. Orain, ordea, babesaren premia dute, eta hori behintzat jaso dutela dio Ar kauzek: «Senide gisa, biziki garrantzitsua da jendea hurbil sentitzea».

BERRIAn argitaratua (2018/10/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA