gizartea
«Ezin diegu erdiei bizkar eman eskola publikoa sendotzeko»
Jon Rejado
Txostenak nahiko oinarri eskaintzen du horren gainean legea eraikitzeko?
Adostasun nahiko zabala lortu da txosteneko bost arloen gainean. Oinarri horietatik hasi behar dugu eraikitzen zeintzuk izango diren hezkuntza sistemaren zutabeak. Prozesuan horiek aberasteko aukera egongo da.
EAJk, PSE-EEk eta PPk botoak gehitu zituzten ebazpenak onartzeko. Aurrekaria izan daiteke legearen garapenera begira?
EAJren aldetik ez dago inolako asmorik zentzu horretan: irekita dauzkagu ateak. Astelehenean, akordioak lortzeko aukera bakarra PP izan zen. PPrekin ados jartzea leporatu zigutenek ez zuten kartarik jarri mahai gainean, bestelako akordioak lortzeko.
Hiru alderdi horien babesarekin onartuz gero, legeak nahiko babes izango luke?
Alderdiek legebiltzarrean duten ordezkaritzaz haratago, zeharkakotasunez landu behar da legea. Interesgarri ikusi genuen Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitatearekin lantzea testua, eta legebiltzarra azkena izatea iritzia ematen. Behin testu baten aurrean gaudenean, ekarpenak egiteko aukera izango dugu guztiok. Ahalik eta adostasun zabalena eta pluralena duen lege bat lortu nahiko genuke.
Finantzaketaren gaian sartu ez izana kritikatu zaio akordiorako oinarrien txostenari. Zein da EAJren iritzia?
Batetik, uste dut ez dela bidezkoa esatea bost arlo baino ez direnik sartu. Modu integralean irakurri behar dira, bakoitzaren barruan azpigaiak daude eta. Bestetik, ez diogu uko egiten finantzaketaz hitz egiteari. Heldu beharko zaio, baina behin helburuak zehaztuta: zein da etorkizunerako nahi dugun euskal hezkuntza sistema? Zeintzuk zutabeak? Zeintzuk helburu nagusiak?
Finantzaketaren barruan itunpeko hezkuntzaren egiturazko gastuak sartu beharko lirateke?
Gaur egun finantzaketa ikasle kopuruen arabera ezarrita dago, langileen soldata... Egiturazko gastu batzuk aurreikusita daude. Irizpideak berrikus litezke. Prest gaude hitz egiteko, baina, diru publikoa den heinean, kontrol zorrotza egin behar dugu, bi sareetan.
PSE-EEk, gobernuko bazkideak, esan du sare publikoak sistema ardaztu behar duela. EAJ bat dator horrekin?
Gobernu akordioan finkatzen da eskola publikoaren ardatz izaera. Publikoak duen garrantzia kontuan izanik, hezkuntza sisteman errealitatea da erdi bana banatuta daudela ikasleak. Ezin diogu bati bizkarra eman eskola publikoa sendotzeko. Eskola publikoa sendotu behar da, baina inolaz ere ez beste baten kaltetan.
Hori posible da?
Bai.
Bat zatoz euskararen eta gazteleraren ezagutzan B2 maila helburu izatearekin?
Bi hizkuntza ofizialek leku nabarmena izango duten sistema bat proposatzen dugu, euskaran eta euskal kulturan ardaztuta. Euskarak ardatz izan behar duela diogu bistakoa delako oraindik gizartean desoreka nabarmena duela.
Zein da hizkuntza ereduen etorkizuna?
Bilakaera bat izan du, eta, gaur egun, agian ez du ematen nahiko genituzkeen emaitzak. Baina ez dugu uste murgiltze eredua arazoen konponbidea denik. Aurrera egin behar dugu, betiere ikastetxeen hizkuntza proiektuei garrantzia emanez, haiek ezagutzen dutelako beren testuingurua.
Segregazioak eztabaida piztu du prozesu osoan. Zergatik gertatzen da?
Egia da ikastetxe batzuek batezbestekoa baino aniztasun handiagoa dutela. Horren errua ezin diogu hezkuntza administrazioari soilik egotzi. Eskolatik haratago begiratu behar dugu: etxebizitza politika, familien egoera sozioekonomikoa... Horrez gain, ezin dugu ahaztu familiek eskubidea dutela proiektu bat aukeratzeko.
Kontrajarrita dago familiek proiektua aukeratzeko duten eskubidea segregazioa eragozteko politikekin?
Ez. Gurasoek hainbat aukera jar ditzakete, eta administrazioak esleitzen ditu postuak, eskariaren eta eskaintzaren arabera. Matrikulazio prozesuetan iruzurra badago, administrazioak berariazko kontrola egin behar du.
Errebalidek ezinegona sortu zuten. Behar dira?
Ebaluazioa oinarrizko elementu bat da, aurrera egin nahi badugu. Ebaluazio guztiak positibotzat jotzen ditugu, ez ikasleenak soilik: irakasleak, ikastetxeak, sistema... Horiek aukera ematen dute zehatzagoak diren ikerketak egiteko: egoera sozioekonomikoa, generoa, eta abar.
Irakasleen prestakuntza jomuga duten zenbait zuzenketa egin ziren. Hutsuneak daude hor?
Ez nuke esango hutsune bat dagoenik, baina berrikusi behar dugu eskolen errealitatea eta irakasleen hasierako prestakuntza. Sisteman sartzen diren irakasle berriek teknologia berrietan jantziak egon beharko dute, baita hizkuntzen irakaskuntzan ere. Era berean, etengabeko prestakuntzaz hitz egin dugu. Eskoletan gauza ezberdinak egin behar baditugu, profesionalek formakuntza beharko dute egiteko beste moduetan trebatzeko, eta ikastetxean guztiak norabide berean joateko.
Kontratazio sistema aldatu beharko litzateke, proiektuen egonkortasuna bermatzeko?
Egonkortasuna funtsezkoa da, hezkuntza proiektuei jarraitutasun bat emateko, pertsonak proiektuarekin sustraitzeko. Neurriak hartzen ari dira hori bermatze aldera: lan eskaintza publikoak, aldi baterako langileei postuan jarraitzeko aukera....
Herenegun programaren harira, nola adostu daiteke eskoletan emango den kontakizuna?
Herenegun programak Euskadiko azken hamarkadetako historia du helburu, eta, beraz, denetatik hitz egin behar du: ETA, GAL, Poliziaren indarkeriaren biktimak... Oso ikuspuntu pluralak dituzten pertsonak bildu ditu. Herenegun-ek gogoan du biktimekin izan beharreko elkartasuna. ETAren deslegitimazioa ageri da. Polemika bat piztu nahi izan da. Beste unitate batzuek eztabaida piztu zuten -biktimak eskoletan sartzearenak, adibidez-, eta oso balorazio ona dute egun. Halako polemikak sortzeak ez dakar ezer onik.