astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

gizartea

Hildako bat lau egunean behin

Garikoitz Goikoetxea

Hildako bat lau egunean behin

Koskatxo bat gora egin du errepideko istripuetan hildakoen kopuruak: 98 pertsona zendu ziren iaz, aurreko urtean baino sei gehiago. Begirada epe luzeagoan jarrita, hala ere, nabarmena da jaitsiera ildoa. Konparaziorako: Nafarroan urtean ehun lagun baino gehiago hiltzen ziren 2002 aurretik, orain Euskal Herri osoan baino gehiago. Jaitsiera lerroa frenatzea batez ere Gipuzkoako zenbakiek eragin dute: 2014an hamabi lagun zendu ziren, eta iaz, 31. Ia hirukoiztu egin da kopurua, beraz. Bigarren mailako errepideetan gertatu dira hildakoak eragin dituzten istripurik gehienak, joan-etorri laburretan.

Istripuen kopuruari begiratzen bazaio, gutxiago dira. Hala ere, igo egin da hildakoen kopurua. Istripu gutxiago izan dira, baina larriagoak. Zirrara berezia eragin zuten horietako batzuek: Azpeitian (Gipuzkoa) irailean hiru gazte zendu zirenekoak eta Eibarren (Gipuzkoa) urtarrilean hildako bi ikaskideenak. Lerinen (Nafarroa), osaba-iloba batzuk hil ziren uztailean, ibilgailuarekin kamioi bat jota.

Lau egunean behin lagun bat hil da errepidean. Batez besteko hori utzi du 2015ak. Herrialdeka aztertuz gero zenbakiak, Gipuzkoa da azpimarratzekoa, gorakada handiagatik. Udako istripuen balantzea egin zutenean bistaratu zen igoera, eta urte amaierako datuetan ere nabarmendu da. Azken bost urteetako kopuru handiena eduki zuen 2015ean Gipuzkoak. Gainerako herrialdeetan ez da era horretako goraldirik izan.

Alderaketa 2014ko zenbakiekin soilik egitea ez da erabat zuzena, urte hartako jaitsiera oso handia izan baitzen, ordura arteko joerarekin bat ez zetorrena —Araban, esaterako, hamasei hildakotik hirura apaldu zen kopurua, eta Gipuzkoan, 26tik hamabira—. Hala ere, Gipuzkoari dagokionez, urteak egin beharra dago atzera hildakoen pareko kopuru bat ikusteko.

Jaitsiera handia Nafarroan

Nafarroakoa da aurkako egoera. 25 lagun hil dira, azken urte luzeetako kopururik txikiena. Igoerak eta jaitsierak izan dituzte azken urteetan Nafarroako errepideetako zenbakiek, baina joera orokorrari begiratuta, bistakoa da aldea: orain 15 urte, 2001ean, 108 lagun hil ziren. Lau aldiz gehiago.

Araban ere gorabeherak ageri dira. Aurreko urteko datuarekin alderatuta bikoitza baino gehiago igo da, baina 2013koaren erdia da kopurua. Bizkaian etengabe jaitsi da, eta eutsi egin dio 2015ean. Lapurdin bikoiztu egin da kopurua, hamasei hildakorekin; hala ere, aurreko urteetako datuak hobetzen ari da. Zuberoan eta Nafarroa Beherean bi hildako izan dira, aurreko urtean baino gutxiago —hildakorik gabeko urteak ere izan dituzte—. Iparraldeko abenduko datuak behin-behinekoak dira.

Bigarren mailako errepideetan gertatu dira istripu larririk gehienak, ez autobidean —nabarmentzekoa da, esate baterako, N-1ean lagun bakar bat hil dela Gipuzkoan, nahiz eta zirkulazio handiko errepidea izan—. GI-2132 errepidea dago kontrako egoeran: bost lagun zendu dira han —Errenterian, Astigarragan eta Hernanin—.

Oinezkoen kopurua ere aintzat hartzekoa da: hildakoen laurdena haiei dagokie. Errepide orokorretan ere gertatu dira kasu batzuk, baina gehienak hiriguneetan ibilgailuek harrapatuta hil dira. Adinekoak ziren zendutako oinezko gehien-gehienak, eta andrazkoak.

BERRIAn argitaratua (2016/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA