astekaria 2018/11/02
arrowItzuli

gizartea

«Hau ezin da bideratu lau bileratan: sakontasuna behar da»

Garikoitz Goikoetxea

«Hau ezin da bideratu lau bileratan: sakontasuna behar da»

Ogibidez sare publikoko irakaslea da Rebeka Ubera (Elgeta, Gipuzkoa, 1972). EH Bilduko legebiltzarkidea da gaur egun, hezkuntza batzordeko bozeramailea.

Hutsetik hamarrera, zenbateko aukera dago akordioa lortzeko?

Une honetan, huts. Baina horrek ez du esan nahi ez garela ahaleginduko. Birplanteamendu bat behar da: indarrean dagoen sistemak eman du eman beharrekoa.

Parlamentuan, ez zenuten parte hartu ebazpenen bozketetan. Aldaketarik ezean, hori egingo duzue legearen eztabaidan ere?

Ikusita zer gertatu den prozesu osoan, Jaurlaritzaren arduragabekeria handia izango litzateke legea ekartzea. Birplanteatu egin behar du. Bizkar eman zaio hezkuntza komunitate osoari. EAJk nahiago izan du PPrekin adostu, LOMCE aplikatu duenarekin.

Jaurlaritzak dio hezkuntza legea behar dela, badela garaia.

Bai, guk ere uste dugu behar dela. Baina, legea erdiesteko, hiru irizpide ikusten ditugu: indarrean den legea ebaluatzea, lege berrirako gai zerrenda bat egitea denen artean, eta gordintasun osoz negoziatzea. Hau ezin da bideratu lau bileratan: beste sakontasun bat behar da. Bi urte gutxienez. Hezkuntza komunitatearen adostasun zabala behar du, eta ez alderdi politikook lau hormen artean hezkuntza lege bat egitea.

Jaurlaritzak orain aurkeztuko balu lege proiektua, EH Bildu prest legoke negoziatzeko?

Hezkuntza komunitatearekin benetako prozesurik ez balego, ez ginateke sartuko. Badago aukera prozesua berregiteko.

Beraz, Jaurlaritzak prozesua berriro egiten ez badu, EH Bildu ez da sartuko.

Hori da.

Legearen edukiei dagokienez, jarrera finkatua duzue EH Bildu koalizioan? Adibidez, itunpeko sarearen finantzaketaz?

Ez daukagu jarrera finkaturik. Guztiekin hitz egin behar dugu. Eskola publikoa izan behar da gure herriaren oinarria. Gaur egungo antolakuntza eredua, sareena, ez da bideragarria: segregatzailea da. Guztion artean adostu behar dugu, ez da EH Bilduren kontua soilik.

Koalizio barruan badaude eztabaidak itunpeko sarea dela eta?

Noski. Iritzi diferenteak daude, eta kontraesanak ere egon daitezke. Baina hori gainditzeko prest gaude. Kohesioaren alde lan egin nahi badugu, gainditu beharreko gai bat da.

Segregazioaren gaiak gogortu egin ditu sareei buruzko iritziak?

Baliteke. Ikusi da antolakuntza ereduak ez duela laguntzen, baina indarrean dagoen politikagatik sortu da segregazioa. Ez da soilik hezkuntzaren erantzukizuna: denon ardura da. Ez dugu planteatu behar sareen arteko talka modura: hori korporatibismoa da. Gizarte ereduaren auzia da segregazioa, eta ikuspegi integral horretatik eman behar zaio soluzioa.

Korporatibismoa aipatu duzu. Hezkuntzako eragileak korporatibismoz ari dira?

Bai, zalantzarik gabe.

Legeari begira ere bai? Nolabait ere bakoitza berea salbatu nahian ari da?

Oro har. Pitzadurak eta arrakalak areagotu egin dira. Askotan, geure artean borrokatzera eramaten gaituzte, eta hori gainditu egin behar da. Hezkuntza ez da enpresa soil bat.

Pitzadurak, noren artean?

Hezkuntzako eragileen eta alderdien artean. Hori gainditu egin behar da.

Euskarari dagokionez, adituek B2 maila erreferentzia gisa jartzea proposatu zuten. Ados?

Bai.

Eta ingelesean? Adituek B1 proposatu zuten, baina legebiltzarrak B2 eskatu du ebazpenean.

Ingelesa ikasi behar da, eta ez dugu lortzen behar den maila. Baina PPk interes batengatik aurkeztu zuen ebazpen hori: euskara gutxiestea. Murgiltze eredua nahi dugu, tokian tokiko baldintzen arabera: euskara gehiago indartu behar da batzuetan, besteetan ingelesak beste trataera bat du...

Eta beste batzuetan gaztelania gehiago?

Agian, bai. Hor oso irekiak gaude, betiere euskara gaitasuna lortuta. Proiektu zehatzak behar ditugu, gune soziolinguistikoari lotuta. Orain, ordea, proiektu eleaniztunen atzean Isabel Zelaaren garaiko hiru elekoa bultzatzen ari da, benetan hausnartu gabe zer lortu nahi dugun. Egin dezagun zientzian oinarrituta.

Azterketa orokortuek kezka sortu dute azkenaldian. PISA azterketa, bai edo ez?

Guretzat ez da erreferentzia bat.

Baina askotan erabiltzen da.

Guztiok erabiltzen dugu. Ebaluazio guztiak erabiltzen ditugu momentu jakinen batean. Adostu behar dugu zein ebaluazio eredu behar dugun, eta batez ere zertarako: ez gaude ados PISA zertarako erabiltzen den. Rankingak egiteko erabiltzen dute, sistema hobetzeko baino gehiago.

Ebaluazio diagnostikoak, aldiz, bai, behar dira?

Bai. Baina pentsatu behar da nola egin: proiektu berritzaileenak dituzten ikastetxeekin talka egiten du ebaluazioa egiteko moduak.

Ebaluazio diagnostikoen alde zaudetela diozu. Zergatik onartzen dituzue LH4ko eta DBH2ko ebaluazioak, eta LH3koari eta LH6koari kontra egin?

LOMCEk ezarri zituen azken biak. Eztabaida handia egon zen LH4koa eta DBH2koa ezartzean ere. Maila guztietan egin behar ditugu ebaluazioak? Ez dakit egokiena den. Horretaz hausnartu beharko dugu. Ikastetxeak aintzat hartu behar dira.

Irakasleen prestakuntzaz agertu dute kezka adituek. Arazo bat dago hor?

Erronka. Gizartea aldatu den bezala, irakasleen formakuntza ere egokitu beharko litzateke. Irakasleek babes handiagoa beharko lukete hor. Baina Jaurlaritzak gai hori ezin du erabili ardura osoa irakasleen gain uzteko. Hau ez da torlojuak egitea, eta onenak eta konprometituenak behar ditugu.

Onenak diozu. Eta hautaketa sistema egokia da horretarako?

Ez. Espainiako ereduari lotutako sistema daukagu. Bestelako bitartekoak sartu behar dira: formakuntzak bestelako puntuazioa izatea, heziketa ibilbide bat sartzea, irakasleak ebaluatzea... Adostasuna behar da horretarako.

Herenegun programak polemika sortu du. Zer iritzi duzue?

Ikastetxeetara heldu baino lehen, beste lanketa bat behar du: pausatua, diskretua, ikuspegi poliedrikoa duena, inklusiboa.

Urteak dira biktimak eskoletara joaten hasi zirela. Zein da EH Bilduren iritzia horri buruz?

Zantzu guztien arabera, positiboa da biktimentzat, eta ikasleek ondo hartzen dute. Hala ere, tentuz ibili behar da: ezin ditugu ikasgeletara eraman maila politikoan eta gizarte gisa konpondu gabeko arazoak. Eskola ezin da bilakatu gai delikatuekin esperimentuak egiteko laborategi bat.

BERRIAn argitaratua (2018/10/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA