politika
Benetakoa da kezka
Edurne Begiristain
Eskuinaren eskuinera daudenak ei dira Vox alderdikoak. Horietako asko PPko kide ohiak, Mariano Rajoyren gobernuarekin sumindutakoak, alderdiaren norabidearekin gustura ez eta alde egin zutenak, eskuinerago jotzeko. Eskuin muturrera. 2014an sortu zen Vox, Europako hauteskundeen atarian, Alejo Vidal Quadrasen gidaritzapean, eta Santiago Abascal eta Jose Antonio Ortega Lara bidaide zituela. Haren programaren ideia nagusiak, honakoak: nazio espainiarraren batasun zatiezinaren defentsa; gobernu bakarra, subiranotasun nazionala gordeko duen parlamentu bakarra, Auzitegi Goren bakarra eta autonomien estatua desegitea.
Programa horrekin aurkeztu zen Vox aurreneko aldiz 2014ko Europako hauteskundeetara, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu. 246.600 boto inguru erdietsi zituen Espainian (%1,57), eta horietatik 7.596 Euskal Herrian. 2016an, Espainiako Gorteetarako bozetan, 47.182 boto lortu zituen (%0,2), eta 774 boz baino ez EAEn (%0,07) urte berean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Datorren urteko Europako hauteskundeei begira, berriz, inkestek gorakada handia aurreikusten diote Vox alderdiari, hiru eserlekurekin. Analistak, baina, ez datoz bat pronostikoetan: Espainian eskuin muturraren gorakada geldiezina dela diote batzuek, eta fenomeno horri duen baino garrantzi handiagoa ematen ari zaiola beste batzuek. Nolanahi ere, BERRIAk kontsultatu dituen adituak bat datoz: kontuan hartzeko fenomenoa da, baita Euskal Herrian ere.
Garrantzi kualitatiboa
Miriam Urtaran EHUko Zientzia Politikako kide eta ikerlariak ez du zalantzarik: «Europan sendotzen ari den eskuin muturreko alderdi politiko ultranazionalista, xenofobo eta populisten familia berriaren barruan dago Vox». Alderdiaren hauteskunde programa aztertu du Uretak, eta argi du Abascalen alderdiak bat egiten duela ultraeskuineko ideologiarekin. Eta ohartarazi du: «Bertan geratzeko etorri dira».
Espainiaren batasunaren alde zabaltzen duen mezua da horren adibide. «Nazio bakar baten aitortza aldarrikatzen du, eta, beraz, Espainiako estatuan dauden beste nazio eta identitate batzuen ukazioa». Europako eskuin muturreko alderdien ideologiarekin bat egiten du ukazio horrek, haren ustez: «Estatu-nazioen ikuspegi mugatu batekin bat egiten ez duten adierazpenak debekatzeko, legez kanporatzeko eta kriminalizatzeko eskatzen dute ultraeskuineko taldeek, eta gauza bera egin nahi du Voxek espainiarra ez den nazioen aldarrikapenekin».
Kezkatzeko arrazoiak badaudela uste dute, halaber, Felix Arrieta Deustuko unibertsitateko Zientzia Politikoko doktoreak eta Xabier Aierdi EHUko irakasle eta soziologoak. Biek ala biek diote Voxek garrantzi handia izango duela Espainiako eskuinaren hegemonia eskuratzeko lehian. Arrietaren iritziz, eskuinaren barruan «eztabaida lerroak» baldintzatuko ditu Abascalen alderdiak, PPren eta Ciudadanosen norabide politikoa finkatzeraino. Hartara, «tentsioa» aurreikusten du eskuineko alderdien artean: «Kuantitatiboki ez da fenomeno esanguratsua izango, baina bai kualitatiboki, eskuinari interesatzen zaizkion hainbat gai eztabaida publikoaren erdian jartzeko ausardia izan baitu Voxek».
Aierdiren aburuz, ordea, kuantitatiboki ere kezkatzeko modukoa izan daiteke Voxen moduko alderdi ultraeskuineko bat zabaltzea. Europan hedatzen ari den ideologia xenofoboaren barruan kokatu du Abascalen alderdia, eta gogoratu du Europako hauteskundeetan botoen herenak lortzea dutela xede. «Ezin dugu txantxetan hartu; adi egon behar dugu joera honekin, eta gaiari merezi duen garrantzia eman».
Arrietak zalantzan jarri du ultraeskuinak betidanik defendatu dituen ideiak berpiztu direnik. Uste du ideologia hori beti egon dela Espainian, baina orain arte ez dela azaleratu PPk gaitasuna izan duelako bere baitan biltzeko eskuinaren barruko sentsibilitate guztiak, baita frankistenak ere. Orain Voxek bereganatu ditu ustez PPren barruan ezkutatuta zeuden eskuin muturreko horiek. Kezkagarria da berez fenomenoa, baina are gehiago hainbat komunikabide alderdi horren mezua zabaldu eta «legitimatzen» hastea, haren iritziz.
Voxen diskurtsoa «oso arriskutsua» da. Horretan bat datoz hiru adituak. Argi mintzo da Ureta: «Menperatzearen ideia elikatzen du, arraza, klase, genero eta naziotasun irizpideen araberako sailkapena egiten baitu». Haren ustez, gizartearen sektore «ahulenen» botoak eskuratzeko «proposamen antidemokratikoen amua» erabiltzen du alderdiak. «Alarma guztiak» pizteko arrazoiak badirela dio.
Sektore baten babesa
EHUko ikerlariak azaldu duenez, Voxek Vistalegren egindako ekitaldia «gerra diskurtso» bat zabaltzeko baliatu zuen, eta, horretarako, «ongi antolatutako lau estrategia» taularatu zituen. Lehen estrategia izan zen gizartea bera bi bloke homogeneotan banatzea, Espainiaren batasunaren aldeko «heroien» eta «traidoreen» arteko zatiketa eginez; bigarrena, Espainiaren «etsaiak» identifikatzea eta kalte guztien errudun egitea, jomugan jarrita ezkerreko sektore guztia, PP eta Ciudadanos; hirugarren estrategia «biktimizazioaren» diskurtsoa bultzatzea izan zen, Voxen jarraitzaileak etsai horien biktimatzat hartuta; eta, azkenik, «errebantxaren» ideia astintzea, herritarrak ustezko etsai horien aurka altxatzera deituz.
Santiago Abascalen lidergoa ere nabarmendu du Uretak. Izaera pertsonalista eta jendearen etsipena bideratzeko gaitasuna duten karisma handiko liderrek gidatzen dituzte eskuin muturreko alderdiak, eta profil horretakoa da Abascal, haren ustez. «Komunikazio politikoan moldatzeko trebetasuna du; sare sozialei etekin politikoa atera die, eta hautesleak mobilizatzeko diskurtso bat eraiki du».
Fenomeno horren atzean zer dagoen ulertzeko gakoak ere eman dituzte adituek. Muturreko ideologiaren goraldia elikatzen duten faktoreak askotarikoak direla gogoratu du Aierdik, baina, bereziki, egungo gizarte modernoetan krisiak jotako sektore batengan jarri du fokua. «Baztertuta sentitzen den sektore horrek bere kalte guztien erruduna bilatzen du, eta proposamen xenofoboak egiten dizkion horretan topatzen du babesa». Voxek funtzio hori betetzen du mezu argiekin eta errazekin, politikoki egokia den horretatik harago doan diskurtso batekin, eta herritarren sentimenduei eta beldur oinarrizkoenei helduta.«Vox atsekabetuen sentimenduak erabiltzen ari da bere mezua gorpuzteko, eta Abascal langile kaltetu horien ordezkari bilakatu da».
Antzeko analisia egin du Uretak ere. Azaldu duenez, krisi ekonomikoetan ohikoa izaten da gizartearen sektore batek etorkinak «mehatxutzat» jotzea, eta Voxek herritar horien botoak erakarri nahi ditu etorkinen aurkako mezu gogorra erabilita. Ongi neurtutako estrategia bat daukala uste du ikerlariak: kanpaina handiena Madrilgo auzo txiroenetan ari da egiten, mitinak antolatzen, eta auzo aldarrikapenekin bat egiten. «Langileen babesa eskuratu ohi duen ezkerrari botoak kentzeko bidea da hori».
Europako bozetan, zer?
Datorren urteko maiatzean ospatuko diren Europako hauteskundeetan jarriak ditu indar guztiak Voxek. Boz horiek izango dira, izatekotan, Espainiako eskuin muturraren benetako babesa neurtzeko lehen aukera garrantzitsua. Adituak, baina, ez dira ausartzen aurreikuspen fidagarri bat egitera. Uretak uste du Voxek «ezustea» eman dezakeela eta ordezkaritza lortu, 2014an Podemosekin gertatu zen bezala.
Arrieta, ordea, ziur da Voxek ez duela izango bozetan ordezkaritza eskuratzeko adinako babesik. «Espainian, ultraeskuinak ez du ibilbide handirik alderdi independente gisa, PPk eta Ciudadanosek betetzen baitute espazio hori». Ordezkaritzarik ez, baina kanpainaren eztabaida baldintzatuko duela uste du.
Voxen diskurtsoak Euskal Herrian ere izan dezake bazka. «Euskal Herria ez da irla bat, eta gure eztabaida politikoa Espainiakoak baldintzatuta dago neurri batean», ohartarazi du Arrietak. Ideia horrekin bat dator Aierdi, eta, horregatik, ezinbesteko deritzo ezkerreko alderdiek elkarrekin lan egiteari eskuin muturreko ideologia gurean ez zabaltzeko. «Ezkerrak inteligentziaz jokatu behar du, eta gizarteari proposamen proaktiboak eskaini behar dizkio».