kultura
Azokaren azoka guztiak
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Atzerako kontua martxan da. Durangoko Azokaren agertokia prestatzen ari dira Gerediaga elkarteko kideak, eta, bien bitartean, lan berriak aurkezten dabiltza sortzaileak han eta hemen. Hilabete barru, Landako guneak bilduko ditu denak. «Sormenaren lurraldea askotarikoa da, zentzu fisiko eta metaforikoan: bertan elkartzen dira sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia, eta komertziala bezala, apurtzailea». Mujikaren arabera, aniztasuna du ardatz Durangoko Azokak, eta aldarrikapen horri heldu nahi diote 53. aldian.
«Azoka bizitzeko era asko dago: batek ikusi egiten du, besteak entzun, batzuek abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian usaindu edo dastatu, askok irakurri, eta beste hainbatek, berriz, sentitu. Euskal kulturak modu anitz ditu, baina guztion eskuetan dagoela adierazi nahi dugu». Nabarmendu du egitarauan ere irudikatuko dutela aniztasuna.
Aniztasunari gorazarre
Durangoko Azokak ateak irekiko dituen egun berean egingo da ikasleen eguna. «Begiak etorkizunean jarriak ditugu». Baina ez da izango geroaldiari begirako ekinaldi bakarra, etorkizuneko sortzaileei laguntzeko beka bat abiatuko baitute 53. aldian. Euskarazko sorkuntza bati lagunduko dio Gerediagak, hasieratik bukaerara, eta literatura izan da egitasmoaren gai nagusia. Ekainean zabaldu zuten lanak aurkezteko epea, eta, Mujikak azaldu duenez, aurtengo azoka egunetan emango dute aukeratutako proiektuaren berri. «Sortzaile berriek asko dute guri emateko, eta guztiei ahotsa ematea izan da azokaren adierazle nagusia. Durangoko Azokan iragarriko dugu zein proiektuk jaso duen beka, eta 2019ko azokan, berriz, lagundutako egitasmoaren lehen emaitzaz gozatuko dugu».
Euskal kulturari egindako ekarpena saritu izan du Gerediaga elkarteak orain arte, Argizaiola sariaren bitartez. Iaz, baina, planteamendua irauli, eta iraganeko ibilbideak saritzeari utzi, eta iragarri zuten etorkizunekoei laguntzen hasiko zirela.
Aurtengo irudia sortzeko ere sortzaile gazteengana jo dute: Txakur Gorria sormen kolektiboko kideengana, alegia. Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute taldea, eta ilusioz hartu dute Gerediaga elkartekoen enkargua. Hala azaldu du Arbeok. «Duela hiru urte hasi ginen Txakur Gorria kolektiboan lanean. Guk txikitatik ezagutzen dugu Durangoko Azoka, eta, duela bi urte, erakusmahaia jarri genuen bertan, Itu bandarekin eta Errime eta Erraiak egitasmoekin batera». Postu propioa izango dute irudia jarri dioten azokan. «Berezia» izango da horregatik.
Landako guneko planoan oinarrituta egin dute irudia, Amenabarrek azaldu duenez. «Azokan eta Landako gunean izaten diren mugimenduak islatzen saiatu gara», berretsi du Labakak, aldamenetik. «Landakon zerbait baldin badago, askotariko mugimenduak daude, eta hori adierazi nahi genuen sortu dugun irudian. Mugimenduak elkarren osagarriak dira, harmonikoak, eta iruditzen zaigu erritu izaera bat dutela». Testua ere jarri diote ondu duten irudiari. Azokara doazen herritarren istorio gurutzatuak biltzen ditu idazkiak. Hon hemen bukaera: «Putzu baten erdigunera botata inguruan uhin borobilak sortzen dituzten harrien antzera, Landakoren barruan sortutako mugimenduak ere ez dira kristalezko hormen barruan soilik geratzen».
Durangoko Azoka babesten duten hainbat erakunderekin familia argazkia ateratzeko aitzakia ere izan zen atzoko aurkezpena. Han izan ziren, horregatik, Joxean Mun?oz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea. Andreen ekarpena aipatu zuen Muñozek. «Loraldi batean dago euskal kultura. Oro har, emakumeen ekarpena izan da azken urteetako ezaugarririk nabarmenena. Euskal kultura aberatsa da, erakargarria, berria, berritzailea, askotarikoa eta emakumeena».