astekaria 2018/10/26
arrowItzuli

kirola

NEKANE ARZALLUS

«Jaitsiko bagina ere, proiektuaren etorkizuna ziurtatuta dago»

Ainara Arratibel Gascon

«Jaitsiko bagina ere, proiektuaren etorkizuna ziurtatuta dago»

Illunbera iritsi berri da Nekane Arzallus Delteco Gipuzkoa Basketeko presidentea (Astigarraga, Gipuzkoa, 1965), elkarrizketa egiteko. Gertukoa da tratuan, eta jokalariekin eta entrenatzailearekin ere hala da. Entrenamendua ikusi, eta lasaitasuna eta konfiantza eman nahi die.

Jokatutako bost partidak galdu ditu taldeak.

Ez da egoera erraza. Jokalari berri asko etorri dira; horietako asko, gainera, min hartuta. Beraz, taldea berandu hasi zen egokitzen. Baina gero eta hobeto ari da jokatzen, eta ziur nago pixkanaka aurrera aterako dela.

Zerk kezkatzen zaitu gehien?

Zaragozaren eta Teneriferen aurka galtzeak min handia egin zigun. Garaipena eskura izan genuen bi partidetan, baina ez genuen azken minutuak jokatzen jakin. Teneriferen aurkakoan, gainera, epaileak ez ziren ondo aritu. Bi garaipenekin gauzak desberdinak lirateke.

Halako egoeretan jokalariekin hitz egin zalea al zara? Edo nahiago duzu lanean lasai utzi?

Gustuko dut entrenamenduak ikustera etorri, eta haiekin hitz egitea, batez ere garai txarretan. Gertukoa izaten ahalegintzen naiz, eta lasaitasuna eta konfiantza ematen. Dena den, lasai ikusten ditut. Ziur daude partida bat irabazita gora egingo dutela.

Eta Sergio Valdeolmillos entrenatzailea?

Halako egoeretan beti dago kezka pixka bat, baina hura ere lasai dago. Argi du Gutierrez, Sekulic, Burjanadze eta halako jokalariak osatu eta sasoian jartzen joan ahala, taldeak koska bat egingo duela gora. Orain, %70era daude. Pazientzia izan behar dugu.

Kirolean, ordea, pazientzia gutxi izaten da. Halakoetan, ohikoena entrenatzailea kargutik kentzea da. Valdeolmillosek jarraituko al du?

Egunero ikusten dugun nola egiten duen lan, eta oso lasai gaude. Uste osoa dugu harengan.

Porfi Fisacekin eguneroko harremana zenuen. Eta Valdeolmillosekin?

Entrenatzaile bakoitza diferentea da, eta ez dut gustuko alderaketak egitea. Porfirekin harremana egunerokoa eta gertukoa zen. Une oso onak eta oso zailak bizi izan genituen harekin. Normala zen, beraz, harremana halakoa izatea. Sergio iritsi berri da, baina harremana ere oso ona da.

Min hartutako hainbeste jokalari ekarrita, taldea osatzeko arriskatu egin zutela onartu du hasieratik Valdeolmillosek. Zuk ere hala uste duzu?

Alde batetik, bai; baina, bestetik, argi dago ekarri ditugun jokalariak oso onak direla. Ziurrenik, min hartuta egon izan ez balira, ez ziren hona etorriko. Egoera horrek eman digu jokalari horiek ekartzeko aukera, eta espero dugu beren onena ematea. Gainera, fitxaketak egitea ez da gure egitekoa. Entrenatzaile taldeak argi badu jokalari horiekin aurrera aterako dugula taldea, ez dugu ezer esateko.

Aurreko sasoia oso ona izan zen. Jokalari gehiagori eusteko itxaropenik ba al zenuen?

Buruhausteren bat izan genuen horren kontura. Izan ere, denboraldia ona eginda, eta jokalariak pozik ikusita, espero genuen gehiagok jarraitzea. Adibidez, nik ez nuen uste Norel Breoganera joango zenik. Gure antzeko taldea da, eta, gainera, igo berria. Kolpe bikoitza izan zen, bai pertsonala, eta bai kirol mailakoa.

Illunben jokatutako bi partidetan 2.000 ikusle eskas izan dira. Kezkatzeko moduko datuak dira, ezta?

Oso. Aurreko sasoi amaieran, taldearen joko eta emaitza onei esker, ikusle kopura igo egin zen. Hori aprobetxatzea espero genuen, baina ez dugu lortu. Nire kezka handienetako bat da. Ahalegin handia egiten ari gara ikusleak Illunbera etor daitezen, baina kostatzen ari zaigu. Uste dugu, gainera, mailari eusteko borrokan zaleen babesa eta hauspoa funtsezkoak direla. Beti esan dugu gure helburua dela partida guztietan 5.000 ikusle biltzea Illunben. Baina urruti gaude.

Zergatik? Zenbakiak ikusita, batek baino gehiagok pentsa dezake ez dagoela zaletasunik, eta jendeak ez duela ACB liga nahi Gipuzkoan.

Arazoa ez dugu guk bakarrik. Aurrekoan telebistaz Murtziaren eta Burgosen arteko partida ikusten aritu nintzen, eta harmailak ia hutsik zeuden. ACB Ligako beste talde askoren kezka ere bada, eta aztertzen ari gara zer egin. Baina, gureari helduz, uste dut zaletasuna badagoela. Bazkide kopuruari eutsi egin diogu, adibidez. Prezioak ere ez dira garestiak. Beraz, beste hiru arrazoi aipatuko nituzke: Gipuzkoan dagoen goi mailako kirol eskaintza, partiden ordutegia, eta Illunberen kokapena. Hona iristea ez da erraza, aparkatzeko arazo asko dago, eta ez dago partida aurretik edo ondoren zaleak mokadutxo bat egitera joan ahal izateko tabernarik.

Nola konpon daiteke hori?

Guk nahiago dugu Gaskan jokatu. Baina ez da posible. Horretarako, Gaskak 5.000 eserleku izan beharko lituzke, eta agian ez dago lekurik. Beste bi aukerak dira askotariko ekintzak egiteko balioko lukeen pabiloi bat egitea, edo Illunbe egokitzea. Kirol azpiegitura egoki baten faltak ez digu bakarrik guri eragiten, IDKri, Bera Berari eta Txuriri ere eragiten die, adibidez. Bestalde, horren ondorioz, hemen ezin da goi mailako txapelketarik antolatu. Guri ACBk behin eta baino gehiagotan proposatu digu, baina ezinezkoa da. Gipuzkoak duen arazo bat da, eta zaleek behin eta berriz galdetzen diote beren buruari zergatik antola daitekeen Euroligako Lauko Final bat Gasteizen eta hemen ez. Arabak Buesa Arena du; Nafarroak, Nafarroa Arena; eta Bizkaiak, Miribilla. Gipuzkoak, berriz, halako kirol azpiegitura bat falta du. Aldundia eta udala jakitun dira hortaz. Espero dugu behin Anoetako obrak amaitzean, horri heltzea.

Zuek zeren aldekoak zarete?

Ez dagokigu guri hori erabakitzea. Baina argi dago zentzugabea dela dela Illunbe bakarrik guk erabiltzea, eta beste kirol batzuetarako egokitua ez egotea. Adibide adierazgarri bat jarriko dut: bi aldagela baino ez daude. Beraz, zaleak erakartze aldera, guk eta IDK-k nahiko bagenu egun batean biek hemen segidan jokatu, ezinezkoa litzateke. Klubek nahiko genuke elkarlan hori izatea, baina ezinezkoa da halako traben ondorioz.

Gorriak ikusi eta gero, badirudi klubaren egoera ekonomikoa egonkortu dela, ezta?

Hobetzen ari da, bai, batez ere zorra murriztu dugulako. Aldundiarekin genuen hitzarmena berritu dugu, eta Deltecorekin oso pozik gaude. Sasoi honetan igo egin du bere ekarpena. Pena da urtero 400.000 euro ordaindu behar ditugula ligan parte hartzeko. Horrek asko estutzen du gure aurrekontua,

Diru sarrera propioak lortzeko zein gaitasun dauka gaur egun klubak?

Pixkanaka ari gara horretan ere. Sasoi honetan aurrekontua 2,5 milioi eurokoa izango da, eta erakundeek milioi bat jarriko dute. Guk, beraz, gaitasuna badugu 1,5 milio euroren diru sarrerak sortzeko. Aurreko denboraldikoa balentria izan zen ekonomiari eta eta kirol arloari dagokienez, eta zaila da hori urtero errepikatzea.

Klubarentzat ekonomikoki bideragarria da berriz jaistea?

Dugun aurrekontuarekin arriskua beti hor dago, baina, jaitsiko bagina ere, proiektuaren etorkizuna ziurtatuta dago. Bi sasoi hauetan parte hartzeko jarri ditugun 800.000 euroak hor ditugu. Jaitsiz gero, itzuli egingo dizkigu ACBk. Gainera, aurrekontua jaitsi egingo litzateke. Babesleetako asko, gainera, urte asko daramatzate gurekin, eta gustura daude. Baina argi dago sasoi honetan ACBn segitzea funtsezkoa eta oso garrantzitsua dela, aurreko sasoian lortu genuen egonkortasuna sendotzeko balioko duelako.

BERRIAn argitaratua (2018/10/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA