astekaria 2018/10/26
arrowItzuli

gizartea

MARIA ACALE SANCHEZ

«Historikoki, Zigor Kodea patriarkatuaren adar armatua izan da»

Ion Orzaiz

«Historikoki, Zigor Kodea patriarkatuaren adar armatua izan da»

Indarkeria sexista kasuetan eta, batez ere, sexu eraso delituetan Espainiako Zigor Kodeak jokatzen duen rola ikertu du Maria Acale Sanchez Zigor Zuzenbideko katedradun eta Cadizko Unibertsitateko irakasleak (Espainia). Euskal Herrian izan da berriki, Iruñeko Udalak antolatutako Indarkeria Sexistei Buruzko Nazioarteko Biltzarrean.

Zigor zuzenbidean aditua zara, baina gogor kritikatu duzu Zigor Kodea. Zergatik?

Historikoki, Zigor Kodea patriarkatuaren adar armatua izan delako. Azken bi mendeetako kasuak aztertuta, ondoriozta dezakegu legeak ez zuela emakumea babesten berezkoak dituen eskubideengatik, gizonekin zuen harremanarengatik baizik; alegia, emaztea, ama edo alaba zen heinean. Emakumeen kontrako delituak auzipetzen zirenean, benetan gizonen ohorearen aurkako laidoak epaitzen ari ziren.

Adibidez?

Hainbat urtez, bortxaketa delitua koito baginal gisa ulertzen zen. Alegia, sarketa baginalaz kanpoko eraso guztiak definizio horretatik kanpo gelditzen ziren, eta, ondorioz, askoz zigor txikiagoak ezartzen zitzaizkien. Eta zergatik zigortzen ziren gogorrago koito baginal bidezko bortxaketak? Bada, sexu mota horrek dakarrelako haurdun gelditzeko arriskua, eta hori umiliazioa zelako... biktimaren senarrarentzat. Are: bortxaketa bereziki larritzat jotzen zuten, biktimaren birjintasunaren galera bazekarren. Emakumearen birjintasuna bortxaz urratzea oso larritzat jotzen zen, eta oso ongi zehaztua zegoen legedian, ulertzen baitzen biktimaren senargaiari zegokiola lehen koito hori eta, nolabait, gizonari eskubide hori kendu ziotela. Ez pentsa, dena den, aspaldiko kontuez ari naizenik, Espainiako Konstituzioa indarrean zegoen ordurako! Eta jurisprudentzia joria dago kontu horren gainean. 1995. urtean hasi zen egoera aldatzen, orduantxe hasi baitzen Zigor Kodea emakumezkoek berezkoak dituzten askatasun sexuala eta ohorea errespetatzen.

Justizia patriarkal hori ez al da gizartearen beraren isla?

Tamalez, bai. Gizarte osoa blaitzen duen arazoa da. Horregatik, genero indarkeriaren aurkako borrokaren abangoardia izan nahi badugu, ezinbestekoa izanen dira erroko aldaketak, ez soilik Zigor Kodean, baita oinarrizko kontzeptuen definizioan ere. Formakuntza espezifikoa eman behar zaie epaileei, ez dezaten sentsibilitate berarekin epaitu iruzur ekonomiko bat edo bortxaketa bat. Ez da gauza bera emakume bati sexu erasoa egitea eta denda batean lapurtzea, baina epaile askok berdin-berdin jorratzen dituzte biak. Eta, jakina, neurri horien guztien barruan, beharrezkoa izanen da gizartearen ikusmoldea ere aldatzea. Sanferminetako talde bortxaketaren kasu famatuan, akusatuen alde sutsu aritu ziren euren lagunak —tartean, zenbait emakume—, epaian frogatuta egon arren bosten artean emakume bati sexu gehiegikeriak egin zizkiotela. Oso kezkagarria iruditzen zait jarrera hori. Adibidea muturrera eramanda, agian pentsa dezakezu dena gezurra dela, bost gizon horiek amarru baten biktima izan zirela... Baina, kasu honetan, grabatuta dago dena. Ez dago zalantzarako tarterik. Hortaz, noiz arte segituko du gizarteak halako jarrerak babesten, onartzen eta justifikatzen?

Hedabideek hauspoa ematen diete gisa horretako jarrerei?

Zalantzarik gabe. Sanferminetako talde bortxaketaren auzian, defentsako abokatuetako batek salatu zuen akusatuak aldez aurretik kondenatuak izan zirela, mugimendu feministaren ustezko lintxamendu bat aipatu zuen, eta hedabideak jo zituen horren erantzule. Horretan oinarrituta, epaiketaren ezeztatzea ere eskatu zuen, prozesua kutsatuta zegoela argudiatuta. Baina nork baliatu du hobekien hedabideek eskainitako bozgorailua? Prozesuak iraun duen bitartean, nor azaldu da telebista saio eta egunkarietan? Defentsako abokatu horixe bera. Zuzenbidearen munduan, abokatu honek ez zuen osperik edo izen onik batere. Nik ez nuen haren izena inoiz aditu, talde bortxaketaren epaiketa hasi zen arte. Orain, ordea, oso ezaguna da. Kasu mediatiko honetan, hura izan da onuradun nagusia, aurrerantzean sexu eraso edo bortxaketa bat leporatzen dieten guztiek bai baitakite norengana jo dezaketen. Ene ustez, hedabideak baliatzeko estrategia oso bat diseinatu zuen bere burua ezagutarazteko. Eta hedabide batzuk horren konplize izan dira.

Apirilean heldu zen sententzia. Zer iruditu zitzaizun?

Oso lan lardatsa. Teknikoki, oso gaizki egina dago. Frogatutako gertaerak, adibidez, ez ziren denak atal berean jaso, eta sententzia oso-osorik irakurri beharra zegoen gertatutakoaz jabetzeko. Biktima zokoratuta zegoela, laguntza eske oihu egin zuela... Hori guztia frogatutzat jotzen du sententziak, baina deskuiduan bezala aipatzen da, beste atal batean.

Aurki argitaratuko da helegiteei buruzko epaia. Zer espero duzu?

Ikusi beharko dugu, lehenik eta behin, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zer dioen: sexu abusu kalifikazioari eusten dion ala eraso delitua izan zela ebazten duen. Epai osoa irakurrita, uste dut ez dagoela zalantzarik: akusatuek larderiaz jokatu zuten biktima beldurrarazteko, gehiago zirela eta fisikoki gailentzen ahal zirela baliatuta. Larderia inplizitu horrek justifikatuko luke delituari eraso kalifikazioa ematea, baina gerta liteke hiru epaimahaikideak ados ez jartzea eta abusu kalifikazioari eustea. Kasu horretan, aurreko sententzian ezarritako zigorra gogortuko duten susmoa dut. Zigor kodeak aukera ematen die, kalifikazioa aldatu gabe ere, sexu abusuak hamabi urte arteko espetxealdiarekin zigortzeko. Ni, dena den, ez nator bat horrekin. Zigorra gogortzea ez da inoiz ezeren konponbide. Giza eskubideen aldekoa naiz, eta horrek esan nahi du espetxean dauden guztien eskubideak ere errespetatzea. Horregatik, uste dut delituaren aitortza dela gauzarik inportanteena auzi honetan: 2016ko sanferminetan gertatutakoa sexu eraso bat izan zela esatea. Eta, horrez gain, emakumearen birbiktimizazioa saihetsi behar dugu.

Nola egin daiteke hori?

Zigor Kodea moldatzeko proposamen bat tramitatzen ari dira Espainiako Kongresuan, eta horren helburuetako bat izanen da sexu erasoei lotutako prozedurak fintzea. Gaur egun, bortxaketa gauzatzen bada indarkeria edo larderia erabiliz, sexu eraso kategoria ematen zaio; gainontzean, abusua da. Bereizketa hori ezabatu beharra dago Zigor Kodetik. Izan ere, bortxaketa bat abusua ala erasoa izan zen ebazteko, biktima jartzen dugu jopuntuan: zer zeraman jantzita? Ligatzeko asmoz atera zen etxetik? Zer esan zien akusatuei? Horren ondorioz, biktima askorentzat, askoz traumatikoagoa da prozesua, bortxaketa bera baino.

BERRIAn argitaratua (2018/10/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA