gizartea
Lau 'ahobizi', 'belarriprest' bat
Garikoitz Goikoetxea
Euskaraldia zertan den azaltzeko agerraldia egin zuten atzo Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek eta hizkuntza politikaren eskumena daukaten hiru erakunde nagusiek: Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Lehen zenbakiak eman zituzten, baina ohartarazi zuten Euskaraldiaren helburua ez dela atxikimendua lortzea, jendeak bat egitea, baizik eta aldaketa benetakoak lortzea, «inertziak astintzea».
Herriz herri mugimendu handia ari da sortzen Euskaraldiaren bueltan: Euskal Herri osoko 400 udalerritan baino gehiagotan ari dira prestatzen. Herritarrek izena emateko epea orain hilabete ireki zuten, eta bi modu daude horretarako: herriz herri jartzen ari diren postuetan eta elkarteen bidez apuntatu, edo Interneten. Izena emateari garrantzia eman diote, ikerketa zabal bat egingo baitute. Zehazki, ikusi nahi dute Euskaraldiak nolako eragina izan duen hizkuntza ohiturak «astintzeko».
Euskaltzale aktiboak
Horrelako egitasmoak egin dituzte aurretik beste herri batzuetan, eta izen emateetan izan dituzte gorabeherak haietan ere: ahobizi nabarmen gehiago. Hala izaten ari da Euskaraldian ere. Horren oinarrian zer dagoen, bi hipotesi aipatu ditu Arrate Illaro koordinatzaileak. Batetik, denbora epea: izen ematearen lehen fasea izan dela orain artekoa, eta batez ere «euskaltzale aktiboak» apuntatu direla. Ahobizi rola aukeratu dute gehienek. Bestetik, ez dela erabat ondo ulertzen ari belarriprest figura. Sarri bigarren mailakotzat hartzen dute, eta, areago, erlazio okerrak egin ere bai, gaitasunarekin lotuta: euskaraz hitz egiteko gai direnak, ahobizi; ulertzen dutenak, belarriprest. Ez: ohartarazi dute gaitasuna soilik ez dagoela oinarrian, baizik eta ohiturak aldatzeko konpromisoa. Hots, ahobizi izateko ezinbestekoa da euskaraz hitz egiteko gaitasuna, baina konpromiso handiagoa eskatzen du: euskarari eustea ahal den guztian, nahiz eta besteak erdaraz erantzun. Hortaz, euskaraz hitz egiteko gai direnak ere izan litezke belarriprest, beren burua ez badute gai ikusten ahobizi rolari dagokion konpromisoa hartzeko.
Rol bakoitza nola bete, tailerrak ematen ari dira herriz herri; prestatzaile izateko heziketa jaso dute 400 bat lagunek. Txapak ere banatuko dituzte, rolari ikusgarritasuna emateko. Datozen asteetan hasiko dira zeregin horretan.
Euskaraldian izena emateko, jo hona:
izenematea. euskaraldia.eus