astekaria 2018/10/26
arrowItzuli

bizigiro

Nork jarraitu beharko luke bizirik?

Ana Galarraga

Nork jarraitu beharko luke bizirik? Ana Galarraga

Demagun etorkizun hurbilean zaudela eta errepidean zoazela, auto autonomo batean; alegia, gidaririk gabeko auto batean. Bi errei daude, eta, justu zure autoaren parekoan, pertsona bat dago. Pertsonak saihesteko agindua du autoak; horretarako, beste erreira aldatuko litzateke. Baina beste erreiaren parean ere bada norbait! Demagun bi pertsona horiek ez direla berdinak: bat gaztea da, eta bestea, zaharra; edo bat haurdun dago, eta bestea gaixorik; edo erreietako batean pertsona bakarra dago, eta bestean bi. Zer egin beharko luke autoak egoera horietako bakoitzean? Nola programatu?

Era horretako galderak erantzun nahian dabiltza adimen artifiziala duten makinen garatzaileak; tartean, auto autonomoen diseinatzaileak. Erantzuna, ordea, ez dago haien esku, gizarte osoak onartu behar baititu makinei ezarritako arau etikoak, makinak berak onartuak izan daitezen.

Hala, jendearen iritzi moral edo etikoa ezagutzeko, orain arteko esperimenturik handiena egin dute. Moralaren Makina (Moral Machine) deitu diote, MIT Massachusetseko Teknologia Institutuak gidatu du, eta 233 herrialdetako milioika pertsonaren 40 milioi erantzun jaso dituzte.

Hauek dira esperimentuan aukeran emandako egoerak: pertsonak salbatzea (etxe-animalien ordez), martxa berean jarraitzea (autoen artean nora-hara ibili beharrean), autoan doana salbatzea (oinezkoaren ordez), bizidun asko salbatzea (gutxiren ordez), gizonak salbatzea (emakumeen ordez), gazteak (zaharren ordez), zuzen dabiltzan oinezkoak (autoen tartetik gurutzatzen ari direnen ordez), sasoi onean daudenak (hain sasoi onean ez daudenen ordez), eta gizarte-maila altukoak (gizarte-maila baxukoen ordez).

40 milioi erantzun horiek aztertuta, ikusi dute auzi batzuetan adostasun handia dagoela: jendeak nahiago du pertsonak eta gazteak salbatu; eta asko badira, hobe. Hiru kasu horietan, beraz, garbi legoke zer agindu eman makinei.

Beste batzuetan, aldiz, erantzuna nork ematen duen, aldea dago lehentasunetan. Esaterako, emakumeak salbatzeko lehentasuna % 0,06 txikiagoa zen gizonen artean, oro har; baina, hego-hemisferioko herrialdeetan, genero batekoek zein bestekoek egiten zuten emakumearen biziaren alde.

Ikertzaileek aitortu dute azterketa auzia konpontzeko hurbilketa bat baino ez dela, baina, erantzun-kopurua aintzat hartuta, ateratako ondorioak aintzat hartzekoak direla iritzi diote. Hala ere, ikertzaileek hainbeste galdera gaizto egin ondoren, agian ez legoke gaizki beste hau ere gehitzea: benetan pentsatzen duzuna erantzun duzu (ala galdetzailearen oniritzia bilatu duzu)?

BERRIAn argitaratua (2018/10/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA