gizartea
Sakelakoa itzali, arreta pizteko?
Ion Orzaiz
Kontuak eztabaida piztu du hezkuntza komunitatean. Debekuaren alde azaldu dira batzuk, eta Frantziak hartutako bidea urratzeko eskaera egina diote Espainiako Gobernuari -Podemos alderdiak propio egin du horren aldeko eskaera-. Beste zenbait adituk eta profesionalek, ordea, ez dute begi onez ikusi debekua, eta uste dute mesede baino kalte handiagoa eraginen duela sakelakoen erabilera errotik erauzi nahi izateak.
Dabid Dominguez Gonzalo Euskal Hizkuntza eta Literatura irakaslea da Iruñeko Iturrama institutuan. Bost urte daramatza hor lanean. Aurretik, beste hainbat ikastetxetan eman zituen eskolak, eta denetan antzeman du sakelakoen arazoa. «Erabat orokortua» dagoela uste du. «Duela zortzi bat urte hasi ginen fenomenoa nabaritzen, baina, azken urteetan, Whatsapp eta sare sozialak hedatzearekin batera, gainezka egin du: auzia arautua ez badago, ikasleak mezuak bidaltzen ibiltzen dira, Youtuben bideoak ikusten edo Instagramen argazkiak jartzen... Batzuetan, oso zaila izaten da gaiak azaltzea ikasleek burua beste nonbait badute».
Arazoak izan ditu behin baino gehiagotan, halakoetan hartu beharreko neurriak aldatu egiten direlako eskola batetik bestera: «Institutu batzuetan, debeku zorrotza ezarria dute, eta ikasleek ezin dute sakelakoa erabili ikastetxeko eremu osoan: ez ikasgelan, ez pasabideetan, eta ez jolastokian. Beste batzuetan, araua malguagoa da, eta ikasgelari bakarrik eragiten dio». Iturramakoa, adibidez, «zorrotzetakoa» dela dio Dominguezek: «Ikasleek ezin dute sakelakoa erabili institutuko eremu osoan, ez ikastetxe barruan, ez patioan». Irakasle askok, ordea, nahiago izaten dute arau urratzeei ez ikusi egin, eztabaidak eta egoera deserosoak saihesteko.
Dominguezek berak nahiago du eskola barruko arauak «zurrunegiak ez» izatea, «une oro polizia lanak egiten» ez ibiltzeko. «Egoeraren araberakoa da kontua: gauza bat da eskola ematen ari zaren bitartean ikasle bat harrapatzea txatean edo klaseko erritmoa apurtzen, eta, halakoetan, logiko ikusten dut sakelakoa kentzea eta gordetzea; baina oso bestelako kontua da pasabideetan edo patioan ikasleen atzetik ibiltzea, telefonoak konfiskatzen. Ni, behintzat, malguagoa izaten naiz halakoetan».
Aukera berriak
Maite Goñi Eizmendi aditua irmo azaldu da sakelakoak ikasgeletan debekatzearen aurka. Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolan eman zituen lehen eskolak, eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea da gaur egun. Luze hausnartu du teknologia berriek eta gailu digitalek hezkuntzaren esparruan izan ditzaketen erabileren inguruan, eta uste du bestelako aukerak aztertu beharko liratekeela telefono adimendunei betoa ezarri aurretik: «Zuri-beltzean hitz egiteko joera dugu, eta tarteko ñabardura asko daude eztabaida honetan. Ni arautzearen alde nago, baina debekuen kontra. Arautzeak esan nahi du auzia ondo aztertu, alde onak eta txarrak nabarmendu, eta gailuek eskaintzen dituzten aukerak baliatzea, helburu pedagogikoekin».
Zehazki, sakelakoak hezkuntzarako «oso baliagarriak» izan daitezkeela uste du Goñik, baina, horretarako, ezinbestekotzat jo du «metodologia aktiboak» ezartzea: «Eskola magistral bat edo hitzaldi bat entzuteko, adibidez, ez duzu sakelakoa ezertarako behar, baina, proiektuetan edo erronketan oinarritutako metodologia bat aplikatuz gero, ikasleek gailua erabili beharko dute argazkiak sarera igotzeko, dokumentuak partekatzeko, elkarrizketak grabatzeko... Mobile learning izena du horrek, eta sakelakoei nahiz tableta dispositiboei egiten die erreferentzia».
Mondragon Unibertsitateko irakaslearen aburuz, gainera, ikasleek arreta gal ez dezaten, metodologia aldatu behar da, eta ez teknologia: «Ikasleek denbora gal dezakete sakelakoarekin... edo leihotik begira. Arreta arazoek lotura estuagoa dute ikasgaiarekin eta metodologiarekin, sakelakoekin baino. Planteatzen dizkiegun jarduerak motibagarriak badira, ez da horrelako arazorik sortuko».
Are: sakelakoek eta tabletek ikasketa prozesua bera «atseginago» egin dezaketela uste du. «Aplikazio mordo bat daude hezkuntzan erabil daitezkeenak: planetak eta izarrak ezagutzeko, gorputz atalak identifikatzeko, hizkuntzak ikasteko... Gamifikazio edo joko puntu bat ere badute, eta, horrela, ikasleek errazago barneratzen dute ikasi beharrekoa. Gure ikasle garaian halakoak existitu izan balira, askoz modu atseginagoan ikasi eta kontzeptuak errazago ulertuko genituzkeen», azaldu du.
Prestakuntza digitala
Goñik ez du uste sakelakoak etxean utzi behar direnik, baina ñabardura bat gehitu dio eztabaidari: «Nik ez dut esaten gailu digitalak une oro erabili behar direnik; bakarrik helburu didaktikoekin». Hala ere, horretarako, «ikasleen eta, batez ere, irakasleen konpetentzia digitala» landu beharko dela azpimarratu du: «Ez da kontu berria: ordenagailuekin ere gertatu zen. Ikastolak, eskolak eta unibertsitateak ordenagailuz hornitu ziren, eta hor geratu ziren asko, armairuetan gordeak, etekinik atera gabe. Ingurune digitala behar bezala lantzeko, beharrezkoak dira plangintza on bat eta profesionalen prestakuntza».
Dabid Dominguezek «interesgarritzat» jo ditu aukera horiek, baina uste du ezin direla kasu guztietan erabili. «Nire ikasgaian, adibidez, erabilera gutxi ikusten dizkiot sakelakoari». Hala ere, auzia diziplinaren eta zigorren esparrura mugatu ordez, teknologia berriekiko harremana «familian» lantzea proposatu du: «Ongi legoke halako gaiak etxean lantzea, hitz egitea eta kontzientzia hartzea, ardura osoa irakasleen bizkar utzi gabe. Egokiena, niretzat, sakelakoa etxean uztea litzateke, denok dugun mendekotasuna apaltzen lagunduko bailuke horrek».
Goñik, berriz, argi du gailu adimendunak ez direla desagertuko ikasgeletatik, eta denbora beharko dela teknologia horrek eskaintzen dituen aukerak baliatzeko: «Ikasle asko ez daude ohituak sakelakoak helburu didaktikoekin erabiltzera. Hortaz, bat-batean, ikasgelan sakelakoa erabiltzeko baimena ematen badiezu, zer eginen dute? Bada, txateatu, sare sozialetan ibili... Logikoa da. Argi izan behar dugu prozesu bat dela, eta ez dugula trebatze digital hori egun batetik bestera lortuko».