ekonomia
Navalen itzalean dihardutenak
Lander Muñagorri Garmendia
Naval ontziolaren parean daude Asier Goitia eta Asier Txabarri. Lantegira begiratu dute, eta etsipen puntua sumatzen zaie geldirik dauden garabia erraldoiak ikusten dituztenean. Datorren astelehenean, 177 langileen kontratuak eteten hasiko da bertako zuzendaritza, eta, horrek itxaropenerako tarte txikiegia uzten duen arren, etorkizunean garabiak mugitzen irudikatzen dituzte biek. «Ontziolak gauza garrantzitsuak egin ditu, eta halako azpiegiturak dituen beste enpresarik ez dago Euskal Herri osoan; gainera, norbaitek ontziola erosi nahi badu, langilerik gabe merkeago aterako zaio», Goitiaren arabera. Biek egin dute behar Sestaoko lantegian, baina ez dira Navaleko langileak. Hain zuzen, ontziolak sortzen dituen zeharkako 1.800 lanpostuetako bi betetzen dituzte Goitiak eta Txabarrik.
Zorrek ito zuten Naval, eta, ordutik, urtebete geldi daramate bertako garabiek. Eta horrek zuzenean eragin die ontziolarentzat lan egiten zuten 400 enpresa ingururi. «Guri, esaterako, bete-betean eragin digu; beste enpresa batzuetatik ateratako lanekin eutsi ahal izan diogu, baina 1,6 milioiko zorra dauka Navalek gure enpresarekin». Zamudion (Bizkaia) dagoen Pine lantegiko langile batzordeko kidea da Goitia, eta sistema elektrikoen muntaketan langile gutxiago daude egun beharrean. Horra albo kalteetako bat: «Egun, Bizkaiko ordezkaritzan 175 langilek egiten dugu behar, baina Navalek lan karga duenean 100 langile izaten gara bertan bakarrik lanean; beraz, pentsa zer-nolako eragina izan duen gurean».
Hala ere, gaur egun Euskal Herriko beste ontziola txikiago batzuentzat ere ari dira lanean, eta azaldu du horrek daukaten langile kopuruari eusten laguntzen diela gaur-gaurkoz. «Baina urte berria hasten denean gure etorkizuna zein izango den ez dugu jakingo». Dauzkaten enkarguak amaitu egingo baitzaizkie ordurako, eta, Navalen etorkizuna zein izango den ez dakiten bitartean, 2019. urtea zalantzaz beteta ikusten dute.
Antzeko adierazpenak egin ditu Txabarrik ere. GS Hydrok ontzietako taula hidraulikoak egiten ditu, eta 50 pertsona ari dira han lanean. «Navalentzat behar egiten genuen garaian 184 ere izan ginen», esan du. Horra hor beste enpresa batek izan duen galeraren neurria. «Bidean enpresa asko erori dira, ontziolaren mendeko zirelako, eta lantegi txiki batzuek ezin izan dietelako zorrei aurre egin».
Baina euren kasua ere izan zitekeen. Hiru milioi euro zor dizkio Sestaoko ontziolak Sondikan (Bizkaia) dagoen lantegiari, eta porrot ere egin zuen, gainera. «Navalen eraginez, hartzekodunen konkurtsoan egon ginen, baina Interpump multinazionalak erosi gintuen, eta horri esker jarraitzen dugu lanean». Egun, Txabarrik egunero egiten du joan-etorria Santanderreko portura (Espainia), han baitago duela urtebete Navalen eraikitzen hasi ziren Vox Amalia ontzia. Van Oord armadoreak ontziolatik atera zuen draga, eta han ari da amaitzen. «Hori amaitzen denean, ez dakigu zer edukiko dugun». Goitiaren kezka bera azaldu du Txabarrik ere.
Negozio eredu berrien bila
Navalek azken urtean bizi izan duen krisia baino lehen, 2013an ere kinka larrian egon zen tax lease auziagatik. Auziak sortu zuen nahasmenaren erdian, Pineko zuzendaritza negozio eredu berrien bila irten zen, eta, Euskal Herriko Itsas Foroaren eskutik, bi irtenbide topatu zituen: gurutzaontzien sektorea eta itsasoko energia eolikoa. Egun, gurutzaontziek %25eko pisua dute Pineren negozioan, eta itsasoko energia eolikoak, %60koa. «Enpresak negozio eredu berriak bilatu ditu, bai, baina muinean ez du Bizkaiko ordezkaritzan eragin, kanpoko beste ordezkaritzetan sortu du horrek eskulana», Goitiaren arabera. Hau da, bi sektore horiek Navalen krisiari aurre egiteko balioko diola Pineri, baina Bizkaiko langileei ez diela horrek hainbesteko lanik ematen.
Horregatik, kezkatuta begiratzen diote Sestaoko ontziolari, inbertitzaile bat azaltzen ez bada, eta behin betiko ixten bada, 1.800 lanposturi zuzenean eragingo diolako horrek. «Armadoreak esan digunez, oraintxe bertan ontziolan amaitzeko dagoen draga hori hemendik kanpo eramaten badute ere, gurekin lan egin nahiko du; bada, ontzi horren atzetik joan beharko nuke nik ere», esan du Txabarrik.
Eta langileen artean ahoz aho dabilen helmuga Singapur da. Haraino joan beharrik gabe, Jaurlaritzari esku hartzeko eskatu dio Txabarrik: «Oso ongi dago 4.0 industria bultzatzea, baina hemen industria astunak dauka pisua».