astekaria 2018/10/26
arrowItzuli

kultura

XABIER GANTZARAIN

«Gaur ezer ez da sedimentatzen»

Itziar Ugarte Irizar

«Gaur ezer ez da sedimentatzen»

Historia hurbilari begiratzeko enkargua jaso zuen Xabier Gantzarainek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) Tene Mujika beka lortzean, 2012an. Azterketa artetik egitea zen bere proposamena, eta hala egin du Zuloa saiakeran, Euskal Herriko artista garaikideen 23 artelan amu gisa hartuta. Baina memoria zulo bat da, ahanztura zulo bat da, eta zera galdetzen du: «Zure historia hain bada ezina ikusten, zer esan besteaz, herri batenaz, jende batenaz?» Edo: «Oroitu al gaitezke ahaztu ez dugunaz?».

Horiek aurrean, 23 artelanen kronika pertsonal bana harilkatu du. Arte teorietatik urrun, «ikuslearen esperientziatik» idatzi du, eta hainbat belaunalditako lanak bildu, Amable Ariasekin hasi, Itziar Okarizekin segitu, eta Miriam Isasirenganaino, besteak beste. «Denek aukera eman didate Euskal Herriko historia hurbilaz, nire inguruaz, gure garaiaz hitz egiteko».

Nola hasten da Zuloa?

Madrilen hasten da. Masterrean Ibon Aranberri elkarrizketatu nuenean. Bera eta niretzat garrantzitsuak ziren Euskal Herriko beste artista batzuk mundu mailako artistak ziren ordurako, baina konturatu nintzen hemen inor gutxik ezagutzen zituela, artearen inguruan ez bazen. Idazleen artean aipatzen nituenean ere ez zituzten ezagutzen. Hor ikusi nuen nolabaiteko zulo bat, garai batean ikusten ez zena. Hori, bat-batean, juntatu zen ETAren behin betiko su-etenaren iragarpenean Gara-k atera zuen azalarekin eta kontrazalarekin.

Zumetaren Gernika lana erabili zuten une hori irudikatzeko.

Hor dena elkartu zen. Liburuan kendu egin dut, baina azala ikustean pentsatu nuen aukera ona zela Ibon Aranberriren Nova era jartzeko: metalezko txapa bat da, eta zulatuta dago, bala zuloak, ikurrin bat marraztuz. Noski, Zumeta zerbaitengatik aukeratzen da.

Aranberriren Zuloa eraman duzu azalera, izenburura. Zure ustez, Oteiza hiltzen du Aranberrik lan horretan, haitzulo bat metalezko xafla batekin ixtean. Oteiza hil, bizirik iraunarazteko?

Hori da ideia. Belaunaldi honentzat, eta aurrekoarentzat, Oteiza oso garrantzitsua izan da. Txomin Badiolak esan zuen: «Guk sortzen ditugu gure arbasoak». Aranberrik aurreko tradizio hori eten egiten du keinu biolento eta sinboliko oso indartsuarekin, eta, aldi berean, jarraipena ematen dio. Tradizio batetik aldendu, eta, era berean, hor txertatu. Geruza askoko lan bat da: haitzulo bat ixteak eta gizakiari sarrera debekatzeak lotura dauka horrek sinbolizatzen duen guztia ixtearekin.

Jatorri mitiko baten beharrik ez dela aldarrikatzearekin ere bai?

Hortik ere badu. Aranberrik, Asier Mendizabalek... tradizio horren interpretazioa egin dute luzez. Badago 1960ko hamarkadan sortu eta 1970ekoan finkatutako arte sakralizazio bat hankaz gora botatzeko gogoa, esateko garaiak aldatu direla, gu ere aldatu garela, eta horrekin abiatu behar dugula.

Zera diozu gaurko belaunaldiko artistez: «Herri bat irudikatzeko moduaz gehien hausnartu duten artistak herriak ez ditu hartu herri bat irudikatzeko egoki».

Eta ez dakit oso ondo zergatik gertatu den. Gaurtik begiratuta ematen du Gaur taldeak, berdin Ez Dok Amairuk, sekulako garrantzia izan zutela sortu ziren une berean, eta ez, hori gero dator. Orduko zentsuragatik gauza batzuk ezin zirenez esan, esanahi subertsibo bat eskultura abstraktu bati lotu zitzaion, eta funtzionatzen zuen jende askorentzat, obra abstraktu bat izaten jarraitu arren.

Lanak baino gehiago, garaiak azaltzen du, beraz, artista haiekin askok sentitu zuten lotura?

Bai. Ez da artelanen nolakotasunagatik. Egungo artistak informazio masa ikaragarri batean urtuta daude. Zailagoa da haien lanak sinbolo funtzioa betetzea. Mendizabal agertuko da telebistan lan bat inauguratzen, baina agertuko dira beste mila gauza, eta hor galtzen da dena orain.

Arteko ikasleek ere sarri jotzen omen dute gaur Oteizarengana.

Bai. Oso jende gutxik berreskuratu ditu aurreragoko euskal artistak, baina Oteiza beti da berreskuragarria; hain da erradikala artearekiko bere konpromisoan, asmo esperimentalean... Figura oso polemikoa da, baina abiapuntu bat da artista guztientzat. Bilboko Arte Ederren museoan 68aren ostean erakusketa irekiko dute, eta seguru oraindik pisu handia emango diotela. Museoak, gainera, obra gehiago ditu ordukoenak, garaikideenak baino.

Picassoren Gernika. Askorentzat Euskal Herriaren zanpaketaren ikur izan daitekeena 78ko erregimenaren ikono bihurtu da zuretzat. Zer gertatzen da hor?

Gernika sortu zen funtzio bat betetzeko: gerra salatzeko. Espainiako Errepublikaren Gobernuak Picassori egindako enkargu bat izan zen, Parisko expoan jartzeko. Ia-ia panfleto bat zen. Gero izenburua Gernika jarri zitzaionez, erabili izan da Euskal Herriko zapalkuntza salatzeko. Hori logikoa da diktaduraren garaian, baina gero trantsizioa etorri zen, eta Gernika New Yorketik Madrilera ekarri zuten, Guardia Zibilak eskoltatuta. Ordutik, koadroa ia-ia edozertarako da: Zilbetiko basoan pintatu zuten, Maravillas gaztetxean, Gure Esku Dago-k erabili berri du...

Rafael Verak eta Jose Barrionuevok kartzelako patioan margotu zutela ere kontatzen duzu.

Horregatik! Hori da ikusten diodan arriskua. Edozertarako balio du; beraz, ez du ezertarako balio. Ez du benetan ezer salatzen.

Zumetaren Gernika-n, berriz, Joxe Arregiren oinazpiak ikusten dituzu, torturak erretakoak.

Iruditzen zait Zumetak egin zuela ahalegin bat bonbardaketa irudikatzeko. Berez, Picassorenean ez dago halakorik, gehiago da alegoria bat. Zumetari liburua eraman nion, eta galdetu nion: «Hor agertzen diren oinazpi horiek Joxe Arregirenak dira?». Eta esan zidan Andrea Mantegnaren Cristo morto koadroko oinazpiak direla. Oso ona da. Ni ari naiz bilatzen han hemendik ez dakit zer izango den... Eta besteak esan dit ezetz, gustuko duen artista baten lan bateko oinak direla.

Halere, hor egongo dira Joxe Arregiren oinazpiak zuretzat.

Bai. Batak ez du bestea ezeztatzen. Sinboloa ikusleak sortzen du.

Txomin Badiolaren Malas formas erakusketaren atalean kontatzen duzu ikasle garaian ikustean ez zenuela deus ulertu, baina erabat liluratu zintuela.

Artearekin erabiltzen da, batez ere, ulertu aditza. Inork ez du esaten disko bat ulertu duenik, ze disko bat ez da ulertzeko. Arazoa agian hori da, ez dago artea ulertu beharrik. Sentsazioa gogorra da, bestalde. Arte ederretako ikasle, erakusketa batera zoaz, eta esaten duzu: «Hau zer ostia da?» Baina erakusketa mundiala da: eskulturak, manifestazioetako kartelak, Ertzainez jantzitako jendea bideo batean, kaputxadunak... Erreferentzia pila bat, eta loturarik ez. Zuk joan behar duzu zure loturak eginez. Lehenengo aldietakoa izango zen gatazkaren iruditeria hain nabarmen agertzen zena.

Zein joera egon dira, oro har, gatazka irudikatzeko?

Modu askotara irudikatu da, baina niri gehien interesatzen zaizkidanak geroagokoak dira, ez direnak hain esplizituak. Aranberrik Lemoizko argia-n zeharka irudikatu nahi du beste guztia, Lemoiz gainean suzko argiak botata. Horrek, berez, ez dauka erreferentzia zuzenik gatazkarekin. Beste leku batetik pentsarazten dizu. Lan hori ezin izan zuen egin azkenean, baina handik ateratakoarekin joan da gauzak eginez. Eta hor ohartzen zara harentzat inportantea dela nola sortzen den Ibedrola ere, nola Iberduero, zer eragin duten lurraldearen eraketan, nola aldatzen duten gizartea... Gauza pila bat daude, eta hori gustatzen zait.

Katalepsis ere «gatazkaz» ari da, liburuko lanik berriena.

Beste belaunaldi bat da, eta lana egiteko modua zuzenagoa da. Katalepsis, agian, abstraktuagoa da, baina Nora Aurrekoetxeak eta Laura Ruizek aurretik egin zuten ETAko zuloei buruzko beste lan bat, oso zuzena. Aurreko belaunaldiak zeharka heltzen dio, gauza asko aztertu nahi ditu. Aldiz, hauek distantzia batetik ari dira, eta antzeman egiten da.

Bestelako gaietara ere heldu zara: edertasuna, etxebizitza... Arte garaikideak gaurko errealitateez hitz egiten ez dueneko ustea deseraiki nahi izan duzu?

Bai; nolabait, arteari askotan egozten zaio sublimea izatea, gure garaiaz ez hitz egitea, eta nik ez dut hala bizi. Niretzat, arteak balio izan du, eta balio du, nire bizitza eta garaia azaltzeko, beste gauza askok bezala, eta batzuetan, hobeto. Iratxe Jaiok eta Klaas von Gorkumek etxebizitzari buruzko lan bat egiten dutenean, denon problematika batez ari dira, zuzen-zuzen.

Eta non egosten da kontrako diskurtso hori?

Agente askok dute arduraren zati bat. Allan McCollumek esaten du artearen mundua dagoela asmatuta inor ez sartzeko. Eta, bai, batzuetan artetik ere zabaltzen da artea gauza sakratu bat dela, ulertu edo ez ulertu gurtu beharrekoa. Hedabideetan ere, artea enkanteei edo museo eta erakusketa handiei lotuta agertu ohi da askotan. Oso ondo egituratutako mundu bat da. Baina artea eta sistema edo merkatua bi gauza dira. Hor dago arazoa: nola puskatzen da hori? Aurrekoan [Miguel] Zugazak [Bilboko Arte Ederren museoko zuzendaria] BERRIAri emandako elkarrizketan ikusten zen.

Sistemako parte da bera.

Eta badaki zer egin behar duen museoarekin: nola berritu behar duen, nola hurbildu behar duen beste jende batengana... Ez da kasualitatea Kirmen Uriberi ematea bildumari beste interpretazio bat egiteko ardura. Edo orain arte Euskal Herriko arte garaikideari eta emakumeen lanei kasurik egin ez badiote, orain 68aren ostean antolatzea, emakume artistak kontuan hartuko dituztela esatea... Azkarra da Zugaza.

Arte garaikidean Tabakalera nabarmentzen da orain. Haren aurreko Kalostra eta Arteleku ezagutu zenituen zuk gertutik.

Aurrekoan, Koldo Mitxelena Kulturunean, artista nobelen erakusketan mahai inguru bat antolatu zuten. Maider Zilbeti, Ismael Manterola eta ni gonbidatu gintuzten. Bi komisarioak gehi gu, bost, eta entzutera etorri zirenak, bi. Oso ona da ikusteko nola dagoen kontua; Gipuzkoan, batez ere. Asko-asko atera zen Artelekuren gaia. Edozein egunetan joaten zinen, eta liburutegi bat zeneukan, artista baten tailerra, hitzaldi bat, hango langileak. Leku berean interes oso diferenteak baina, aldi berean, komunak izan zitzakeen jendea. Orain, ez dago halako lekurik.

Eta zeren sintoma da?

Arteleku desagertu zen Tabakaleraren ideia bera sortu zen unean.

Tabakaleran badaude gauzak, baina eskala eta fluxuak ezberdinak dira. Eta aurrekontua jaten du, noski. Garai aldaketaren sintoma da, kultura hiri marka indartzeko erabiltzearena, aisialdia lehenestearena... Artelekuri sorreran inork ez zion kasurik egiten. Norbaitek esan zuen «Artelekuri esker nago hemen», eta begi guztiak Artelekurengan jarri ziren. Artelekuk hau eman badigu, bost aldiz handiagoa den batek bost aldiz gehiago emango digu. Karikatura bat da, badakit, baina hori gertatu da: oinarria indartu beharrean, beste guztia indartu da.

Argazkia nahi izaten da?

Oso argazki ona agertu zen behin: Montevideoko egonaldi batera zihoan dantzari bat, eta erakundeetako bost pertsona zeuden. Hau da, artista batek, bere buruari ez, baina bost laguni ematen die jaten. Azpiegituren eta erakundeen inflazio izugarria egon da, eta artistak ahal duen moduan jarraitzen du bizitzen. Guk arazo bera daukagu [Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikaria da]: egitura bat muntatzen duzu, eta, berez, sortzaileek lana egitea bultzatu nahi duzu, baina lan hori egiturari eusteko ere bada.

Hitzaurrean gogoeta egin duzu memoriaz, orainaren iraungitzeaz. Inoiz baino lehenago zahartzen da oraina?

Inoiz baino lehenago zahartzen da, baina, aldi berean, inoiz baino gehiago irauten du. Orainaldi iraunkor batean bizi gara, ezleku batean beharrean, ez-denbora batean. Dena zahartzen da berehala, baina, oraina bakarrik dugunez, hortxe gaude, denbora guztian hortxe, heldulekurik gabe. Dena da bloup handi bat. Niretzat, hori da gogorrena, gaur ezerk ez duela uzten sedimenturik. Dena da hain gaseosoa, gauzek ez dutela destilatzeko denborarik. Hori desagertu egin da.

Antzematen da artelanetan?

Artean aspaldian dezente aipatzen den kontua da hondakinaren ideia. Adibidez, June Cresporen lanak badu hortik. Baztertutako materialak, zementu puska bat, maniki zati bat, egur zati bat... Osotasunari ezin heldu, eta, beraz, hortik askatzen diren soberakinekin egin behar da lana.

Hitzaurreko azken galdera: artea fikzioa da?

Arteak ihes egiten dio fikzioa- ez-fikzioa dikotomiari. Egia moduan saltzen zaiguna, Teleberri bat, erabat eraikita, beraz fikzionatuta, dago. Eta artelan batek hortik alde egiten du. Aranberriren Zuloa txapa bat da haitzulo batean. Narrazioari ihes egiten dio. Plaf planteatzen dizkizu gauzak, eta ea zer egiten duzun horrekin. Hori da artearen benetako balioa, gauzak horrela agertzen dizkizula, gordin. Hor dena dago bistan.

BERRIAn argitaratua (2018/10/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA