astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

politika

Kantu bat askatasun ametsari

Hodei Iruretagoiena

Kantu bat askatasun ametsari

Amets bat zuela kontatu zuen Martin Luther Kingek Washingtonen egindako diskurtsoan, 1963an. Edorta Jimenez idazlearen hitzetan, huraxe izan zen XX. mendeko askatasun prozesuetan bakearen bila egindako diskurtso nagusia. Euskal Herrian ere, «askatasunaren egunsentia behar dugu, aldarri egin behar dugu. Azken finean, kartzelan direnek amets bat izan zuten, eta ametsak dituzte. Garaiak aldatu dira, aurrera goaz, eta kalean behar ditugu gurekin batera». Narrazio gisako horri hitzak jarri dizkio Jimenezek, hitzei doinuak Joserra Senperenak, eta doinuei hotsak eta ahotsak beste hainbat musikari eta bertsolarik.

Denek batera, kartzeletako eta erbesteko amets horiek atera nahi dituzte kalera eta mundura, kantuz. Abesti bat egin dute horretarako Free Otegi, Free Them All kanpainaren barruan , talde lanean, eta bideoklipa sortzeko bidean dira. Helburua, «Euskal Herriko bazter guztietan entzungo den abesti bat osatzea» dela azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.

Jimenezi egin zioten hitzak idazteko proposamena, Senperenarekin batera kantu bat osatzeko. «AEBetatik etorri berri nengoen, eta nire ingeles kaxkarrean hasi nintzen. Hitzekin banuen buruan musika estilo bat, gero Senperenak egin duena. Beltzek kantatua euskaldunek kantatu dute», kontatu du idazleak. «Gospel ingurutik» sortutako estilo bat zuen gogoan, eta erreferentziak ere bai: Free Mandela, adibidez. «Pisu handia zen».

Arnaldo Otegiren bi mezu sartzea beharrezko ikusi zuen: Anoetako belodromoan olibondo adarrarekin atera zenekoa bata, bakearena, eta irriarena bestea. Luther Kingen diskurtsotik ere sartu ditu hainbat esaldi: «Ez daukagu atzera egiterik», eta «ez gara aurrera bakarturik joango, elkarrekin baizik».

Erronka handietako bat «pertsonalismoaren problema» zela dio idazleak, eta, horregatik, bi polo uztartzeko lana egin behar izan dutela: «Pertsonalitatea, aurpegi batzuk ematea, eta gero egoera hain zabaldua izatea». Argi utzi nahi izan dute proiektua «guztiena» izango dela. Jimenez: «Kantua pluralean doa gehiena. Eta bere anbiguotasunean, espero dut senideek, gurasoek, presoek, iheslariek eta guztiek ikustea kantu honetan guztien aldeko aldarria dagoela».

Zabala eta kolektiboa

Helburua jendearengana iristea izanik, beste erronka batzuk ere izan dituzte bidean: «Ezin duzu diskurtso handirik egin, ezin duzu inor mindu...». Hasieran, hamaika hizkuntzatan egin zituen hitzak: katalanez, italieraz, galegoz, alemanez... Azkenean, ordea, lau hizkuntzatara mugatzea erabaki zuten: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa.

Sortzean ere zabala eta kolektiboa izan da prozesua, Jimenezek nabarmendu duenez. Sorkun Rubio, Furia, Ines Osinaga (Gose), Maite Arroitajauregi (Mursego), Joseba Tapia, Francis Diez (Doctor Deseo), Niko Etxart, Unai Iturriaga, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Asier Serrano, Jon Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Petti, Oier Aranzabal (Lou Topet), Xabi Solano (Esne Beltza), Rafa Rueda, Karlos Aranzegi, Migel Artieda, Iñigo Egia... ibili dira abestiarekin, eta bakoitzak eman dio bere ukitua, idazlearen hitzetan: «Askatasun ariketa izan da». Bideoaren aurrerapen bat ere kaleratu berri dute, Karlos Trijuekek grabatua.

Martxoan dira Otegi askatzekoak. Jimenez: «Beste guztiak ere aske izango ahal dira! Bitartean, kantua hor egongo da».

Free Otegi eta guztiak kantuz' proiektuan lagundu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.karena.eu

BERRIAn argitaratua (2016/01/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA