astekaria 2018/10/26
arrowItzuli

kirola

BEñAT INTXAUSTI

«Zaila, gogorra eta luzea izan da azken urteetan bizitakoa»

Eñaut Agirrebengoa

«Zaila, gogorra eta luzea izan da azken urteetan bizitakoa»

«Gogotsu eta ilusioz beterik». Hala dago Beñat Intxausti (Muxika, Bizkaia, 1986), Euskadi Muriasekin urtebeterako sinatu ostean. Azken hiru urteetan ia ez da lehiatu gaixotasun baten ondorioz, baina dagoeneko ez dago gaitzaren zantzurik, eta Muriasek bere alde eginiko apustua eskertu du. Goretsi egin du taldeak azken urteetan izandako bilakaera, eta Euskaltel «ispilu egokia» dela deritzo. «Datorren urtean edo 2020an» gustatuko litzaioke Murias Frantziako Tourrean ikustea, eta baikor dago: «Euskal Herrian ditugun zaleekin, ziur Tourrak arin batean zabalduko dituela ateak».

Muriasen ariko zara datorren denboraldian. Zergatik erabaki duzu hara joatea?

Etxeko taldera itzultzeko gogoa nuen. Muriasen aukera sortu zen, eta baiezkoa eman nien. Haiek taldearen maila hobetu nahi dute, eta, horretarako, erreferentzia izan daitekeen etxeko txirrindulari baten bila zebiltzan. Taldea hazten ari da, eta proiektu polita eta garrantzitsua dela deritzot.

Txirrindularitzan jarraitzeko aukera bakarra zen, edo bazeneukan beste eskaintzarik?

Skyn jarraitzeko aukera baztertuta zegoen. Banekien ez zidatela kontratua berritu behar. Hori horrela, Muriasekin ez ezik, beste bi talderekin hitz egin dut. Eskaintzarik erakargarriena, ordea, Muriasek egin dit, eta ez dut askorik pentsatu behar izan. Pozik nago hartutako erabakiarekin.

Zer ekarpen egin diezaiokezu Euskadi-Muriasi?

Nik asko eman diezaioket Muriasi, taldeak niri bezalaxe. Nire mailarik onenera itzultzen banaiz, aurrean egon naiteke lasterketa garrantzitsuenetan. Sasoi aproposarekin, gai naiz podiumeko lehian izateko, eta lasterketak irabazteko ere bai. Eta, emaitzez gain, esperientzia ere emango diot Muriasi. Talde gaztea da, etorkizun handiko txirrindulariak ditu, eta ondo etorri ahal zaie alboan eskarmentua duen ziklista bat izatea. Dakidan guztia erakutsiko diet, eta ziur nik ere gauzak ikasiko ditudala haiekin. Binomio ona izango da.

Zer helburu jarriko diozu zeure buruari datorren denboraldiari begira?

Izan nintzenera itzuli nahi dut. Lehentasuna horrek du, helburu zehatzen aurretik. Gozatu egin nahi dut berriro bizikleta gainean. Motibazio handiarekin ariko naiz, Murias etxeko taldea izaki. Ederra izango da hemengo lasterketetan parte hartzea. Nire gorputzari eskatzen diot lehengo Beñat Intxausti izatea berriz. Badakit lan handia egin beharko dudala horretarako.

Aurten jauzi handia eman du Muriasek. Hartara, exijentzia handiagoa izango da datorren urtean. Zeure burua prest ikusten duzu?

Dudarik gabe. Taldea nabarmen hazi da, emaitzek ondo erakusten dutenez. Nik asko exijitzen diot beti neure buruari, eta datorren urtean ez da gutxiago izango. Txirrindulariok beti eman nahi dugu gure onena, norberaren eta taldearen mesedetan. Nire hondar alea jartzen saiatuko naiz proiektua haz dadin.

Azken hiru urteetan, 25 egunez besterik ez zara lehiatu, mononukleosi baten ondorioz. Nola zaude orain?

Ondo. Osasuntsu nago jada. Normal ari naiz entrenatzen, eta denboraldi-aurre arrunta egitea espero dut. Gogotsu eta ilusioz beterik nago. Hasieran, erritmo falta nabarituko dut agian, gutxi lehiatu bainaiz azken sasoietan. Baina, lasterketetan parte hartu ahala, ziur sasoi ona lortuko dudala. Ziklista sentitu nahi dut berriro, eta tropelaren barruan izateak konfiantza emango dit.

Ez duzu birusaren aztarnak berriro itzuliko zaizkizun beldurra?

Beldurra, edo zalantza hori agian. Baina uste dut hori lasterketetan parte hartuta pasatuko zaidala. Orain ondo ikusten dut neure burua, eta pixkanaka zalantzak uxatuz joango naiz.

Nola laburtuko zenuke azken hiru urteetan bizitakoa?

Zaila, gogorra eta luzea izan da. Erronka psikologiko handia izan da. Ez da batere samurra etxean egotea ezin entrenatuta. Batzuetan, analisi eta osasun probetan dena normal zegoela zirudien, baina ezin izan dut bururik altxatu. Mononukleositik osatzeko prozesua oso luzea da, eta gorabehera handiak izaten dira. Askotan, ematen du momentu onak ez direla sekula iritsiko, baina, zorionez, ondo nago jada.

Askotan pasatu zaizu burutik erretiroa hartzea?

Noski. Bi urte luze izan dira, eta normala da une zailak eta gogorrak izatea. Buruari buelta asko eman dizkiot. Eskerrak sekulako babesa izan dudan, taldearena eta ingurukoena. Horrek ikaragarri lagundu dit. Egia esan, gogoa neukan txirrindularitzan jarraitzeko. Uste dut errepidean zeresana eman dezakedala oraindik. Gauza txarrek beti dute beren alde ona, eta uste dut orain psikologikoki indartsuagoa naizela.

Ezin izan diozu zukua atera Skyko egonaldiari. 2016an iritsi zinen hara, Movistarretik, eta gaixotasunak ez dizu gozatzen utzi. Pena handia duzu?

Lastima handia da, nire ibilbideko unerik onenean iritsi bainitzen munduko talderik indartsuenera. Arantza hori barruan sartua dut, baina, tira, horri bueltak ematea jada ez du merezi. Taldeaz oso oroitzapen ona gelditu zait, oso ondo portatu baita lehen egunetik azkenekora arte. Laguntza eta babes handia eman didate, eta hiru urteko kontratua errespetatu. Eskerrak eman besterik ez daukat.

Orain, World Tourreko talde indartsuenetik Kontinental Profesional mailako talde batera igaro. Lehen begi kolpean, atzerapauso handia dirudi. Zuk nola ikusten duzu?

Bai, atzerapausoa izan daiteke, baina uste dut hori dela momentu honetan behar dudana: etxeko talde bat, konfiantza emango didana. Jende ezagun asko dut taldean, eta uste dut horrek asko lagunduko nauela. Egia da Murias Kontinental Profesional mailan dagoela, baina egutegi ona dauka, eta askatasuna izan dezaket nire aukerak jorratzeko. Hortaz, atzerapausoa nire onerako izango da.

Zer iritzi duzu Muriasek azken urteetan eginiko lanaren inguruan?

Urtetik urtera hazten ari da. Jauzi garrantzitsua egin du aurten, World Tourreko hainbat probatan emaitza onak lortuta. Eta bestelako lasterketetan ere aurrean izan da. Oro har, urte oso erregularra osatu du. Orain, jendea oso motibatuta dago datorren denboraldiari begira. Gazteak heltzen ari dira, eta, haiek beste urrats bat eginez gero, are emaitza hobeak lortuko ditu etorkizunean. Azkenean, hori da Muriasen funtsa: gazteei aukerak ematea, eta haiekin batera haztea.

Garai batean Euskaltelek egindakoa egin al dezake?

Uste dut Euskaltel-Euskadi ispilu egokia izan daitekeela Muriasentzat. Hemengo taldea da, gurea, eta urrats handiak ari da egiten azken urte hauetan. Ea datorren urtean edo 2020an Muriasen elastiko berdea Frantziako Tourrean ikusten dugun. Zergatik ez? Gainera, Euskal Herrian ditugun zaleekin, ziur Tourrak arin batean zabalduko dituela ateak. Orain arteko garapenari jarraipena emanez gero, Murias talde garrantzitsua izan daiteke epe labur batean.

Urtebeterako sinatu duzun arren, zeure burua luzaroan ikusten duzu Muriasen?

Zergatik ez? Azkenean, luxua da etxeko taldean aritu ahal izatea. Taldeak anbizio handia dauka, Tourrean epe motzean egotea du helburu, eta amets horren parte izan nahi dut nik.

Italiako Giroan bi etapa irabazi dituzu, eta elastiko arrosa soinean izan duzu; Euskal Herriko Itzulian bigarren izandakoa zara. Oso urrun ikusten dituzu garai haiek?

Bai; egia esan, denbora aurrera doa. Orain, balio handiagoa ematen diot garai batean lorturikoari. Ederra izan zen Euskaltelekin Euskal Herriko Itzuliko podiumera igotzea, eta zer esan Giroko bi etapa garaipenez…

Datorren urtean, agian, Espainiako Vueltan izan dezakezu aukera hiru asteko itzuli batera itzultzeko. Pizgarri izango da aukera hori, ezta?

Bai, Espainiako Vuelta helburu polita izan daiteke denboraldi honetarako. Prestatzeko denbora dago oraindik, ia urtebete. Denboraldian gauzak espero bezala joaten badira, sasoi onean eta gauza politak egiteko moduan irits naiteke hara.

Pasatu duzun guztiaren ostean, hutsetik hasten ari zarela sentitzen duzu?

Ia-ia hutsetik, bai. Kostako zait puntan lehiatzeko behar den erritmoa hartzea, baina sasoia maila txukun batean hastea espero dut. Taldeak nahi dudan egutegia eman dit, eta konfiantza horri errepidean erantzutea dagokit niri. Denboraldi-aurreko lanarekin hasi naiz jada, eta, oraingoz, dena ongi doa.

BERRIAn argitaratua (2018/10/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA