astekaria 2018/10/26
arrowItzuli

ekonomia

ORDULARIA TRINKOTZEKO ORDUA

Xabier Martin

ORDULARIA TRINKOTZEKO ORDUA

Tximistorratzaren asmatzaileak irribarre egiten du ehun dolarreko billetean. Akaso haren proposamen batek eragindako ekaitza gaur arte iritsi delako bizi-bizirik? Benjamin Franklinek (1706-1790) abiarazi zuen auzia, XIX. mendean. AEBetako enbaxadore zela Frantzian, Le Journal de Paris egunkarian proposatu zuen ordua alda zitekeela kandeletan aurrezteko. 1784an baliatzen ziren argizariak ez, baina argindarra aurrezteko helburua du gaur egungo Europako sistemak: neguan ordutegi bat edukitzeak eta udan beste bat. Harenak egin duela ematen du, ordea, Europako Batzordeak sei hilabete eman baitizkie estatu kideei ordu finko bat aukeratzeko.

Erantzunak baino galdera gehiago eragin ditu egoerak gehienentzat. Hasteko, Euskal Herria zatitzen duten muga administratiboez gain, hortxe dago orduaren muga ere sortuko ote den kezka. Irunen hamabiak eta Hendaian ordu bata? Zaila dirudi, Espainiak Frantziarekin lerrokaturik jarraitzeko zio ugari baititu, baina gaur-gaurkoz ezin da baztertu aukera hori. Izan ere, Madrilek eratu duen adituen kontseiluak martxorako jakinarazi behar dio gobernuari zein den bere gomendioa, eta, udako eta neguko ordutegiak aztertzeaz gain, GMT (Greenwich Mean Time) ordutegira itzultzearen egokitasuna ere eztabaidatu behar du, Londreskora itzultzearena, alegia. Beraz, aukera guztiak daude zabalik.

Euskal Herria ordubete aurreratua dago meridianoen logikan, baina Europa osoarena da eguzkiaren argiaz beste doan ordulariaren arazoa. Eta Europako Batzordeak azkartu egin du aspaldiko eztabaidak hauspotu duen eskaera bat: ordu aldaketa kentzea. Horiek horrela, gaur zortzi izango da ordua aldatzen den azken aldia urriko hilean, udako ordutegiaren aldeko hautua egiten duten herrialdeetan. Estatu horiek 2019ko martxoaren 31n egingo lukete azken ordu aldaketa, udako ordutegian geratzeko. Batasunak 1996tik indarrean duen sistema derrigortuan, hura litzateke azken ordu aldaketa. Bruselak marraztu duen bide orriaren arabera, 2019ko urriaren 27an azken aukera legoke ordu finkoa ezartzeko; baliatzen dutenak negukoarekin geratuko dira.

Batera edo bestera, datorren urteko apirila baino lehen jakinarazi beharko dute estatu kideek udako ala neguko ordutegia nahiago duten. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula halakorik erabakitzea, eskualdeak, hiritarrak eta estatuak banatzen baitituzte jokoan dauden interes ugariek. Turismoaren aldeko lobby-ek, eskualdeen kokagune geografikoak eta beste estatuekiko mugek eta harremanek zeresan handia izango dute. Aldea egin baitezake askorentzat eguzki ordu gehiago edukitzeak goizean ala arratsaldean.

Labur esateko, neguko ordutegiarekin udan egongo lirateke aldaketak: Euskal Herrian 06:00 aldera argituko luke eta 21:00 aldera ilundu. Udako ordutegiarekin, berriz, neguan leudeke alde handienak: 9:00ak baino beranduago argituko luke goizak, eta 18:15 arte ez luke ilunduko.

Kanarietan bezala?

«Oso zaila da posizio argi bat hartzea orain. Ez dakigu zer euskarritan iritsiko zaigun auzia, zer baldintzatan, eta, horren arabera, guk ere geure hautua egin eta defendatu beharko dugu», dio Joseba Agirretxeak, EAJk Madrilen duen diputatuak. Dena den, Kongresuko diputatuak uste du arazo larria dagoela ordutegiekin, urtean bitan ordua aldatzeaz harago. «Ez goaz Europako herrialde aurreratuenekin batera, ez lan esparruan, ez hezkuntzan, ezta aisialdian ere. Espainiako Estatuan produktibitateak gora egingo zuen akaso, baina berandu goaz leku guztietara; bazkaltzeko tarte handiak hartzen dira, eta berandu bukatzen dugu eguna. Horrek guztiak dinamika jakin bat eragin du aisialdian, telebistan eta abar. Eta okerrena da gurasoen ordutegia eta haurrena ez doazela batera, ez direla ongi moldatzen».

Hori guztia konpondu behar da, Agirretxearen arabera, eta uste du aztertu egin behar dela nola lagundu dezakeen udako edo neguko ordutegia aukeratzeak esparru horretan. Halaber, aldagai ekonomikoak, osasun alorrekoak eta beste hainbatek zeresan handia izango dutela dio.

Eta Frantziak eta Espainiak ordutegi desberdinak aukeratuko balituzte? «Gerta daiteke; ezin da ukatu, baina guri zein tarte emango digute aukeratzeko? Eta iparraldekoei? Espero dugu halakorik ez gertatzea; ez genuke ibili nahiko Kanarietan bezala. Guk geurea esateko aukera izango dugu, eta, beharbada, gure gizarte eredua ez da bat etorriko Andaluziarenarekin; beraz, ikusteko dago hau dena».

Lan esparruan ere izan ditzake ondorioak ordu trinkoak. Haatik, beharginei zer komeni zaien ez da aintzat hartuko, LAB sindikatuaren arabera. «Maila handiko erabakiak hartzen dituztenean, inoiz ez da kontuan hartzen langileen iritzia, eta ordutegiaren eztabaidarekin gauza bera gertatzen ari da. Hortaz, hartuko duten erabakia sistemaren eta kapitalaren mesederako izango da, bistan da, langileen ongizatea aintzat hartu gabe».

Turismoaren arrazoiak

Begien bistakoa da turismoaren arrazoiak pisu handia izango duela Madrilek hartzen duen azken erabakian. OCDEko estatuen artean Espainia da bere BPG barne produktu gordinean zatirik handiena duena turismoari lotua, eta nekez emango dio bizkarra Madrilgo gobernuak halako argumentuari. Euskal Herrian ere gora egin du sektore horrek azken urteetan, indar handiz Donostian. Oraindik Ipar Euskal Herrian duen pisutik urrun dago, besteak beste Miarritzeren moduko klasikoei esker, baina jadanik BPGaren %13 da turismoa (2017) Donostian, eta sektoreko patronalaren eskaera argia da: «Ordu aldaketa baztertzea oso albiste ona da guretzat, betiere udako ordutegia aukeratzen bada». Gipuzkoako Ostalaritzak dio «arrazoi oso sinplea» dagoela hautu horren atzean: «Argi gehiago egongo da arratsaldez, normalean jende gehienak ordu libre gehiago dituenean, eta horrek eragin dezake jende gehiago ateratzea kalera eta gehiago kontsumitzea». Ordu aldaketak sektoreari kalte egiten diola erakusten duten ikerketa asko daudela gogorarazi du Gipuzkoako Ostalaritzak, eta udako ordutegian geratzeak turismoari lagunduko liokeela. «Turista gehiago etorriko lirateke gurera, eta horrek mesede egingo lieke hotelei, jatetxeei eta tabernei».

Udakoak meridianoaren ordutegi naturaletik bi ordu atzeratuta ibiltzea ekarriko luke, baina ostalaritzaren patronalak ez du ikusten haren aurkako argumentu sendorik. «Negukoaren alde eginez gero, hain zuzen arestian aipatu ondorioen aurkakoak lortuko lituzke gobernuak». Gaueko aisialdiari «kalte handia» egingo lioke goizago iluntzeak, elkarte horren irudiko, «laster iluntzen duenean jendeak joera handiagoa duelako etxean geratzeko edo goizago etxeratzeko».

Iparraldea vs hegoaldea

Segurua al da, ordea, zirt edo zart egin behar dutela estatuek? Alegia, ez da izango aukerarik ordua aldatzen jarraitzeko? Europako Parlamentuak onartu behar du neurria, baina haren ekinaldia da ordu finkoa ezartzea; Batzordearen proposamena Parlamentuaren bultzadak eragin du, alegia. Beraz, ez da espero oztopo handirik neurriak aurrera egin dezan. Baina prozesuak luze jo dezake; izan ere, Europar Kontseiluaren oniritzia beharko du, estatuen jokalekuak, eta gerta daiteke 2019ko amaiera arte ez onartzea arau berria. Dagoeneko hamar bat kidek babestu dute Batzordearen proposamena, baina badira matxinoak. Portugalek esan du ordu aldaketa finkatzen duen sistemari eutsiko diola, GMT eta GMT+1 erabiliz, bere zientzialari taldeak gomendio hori egin duelako eguzkiaren argia modu hoberenean baliatzeko.

Iritzi oso desberdinak baitaude Europako herrialdeen artean ordu aldaketa eteteko egokitasunaren inguruan. Aski ezagunak dira, gainera, eztabaida zahar baten aldeko eta aurkako arrazoiak. Ekonomikoa da orratzak mugitzen jarraitzearen aldekoen arrazoia nagusia: energia aurrezten dela diote. Neguan lehenago argitzen du, argiarekin egin dadin gizartearen jardueraren zati handiena, eta udan beranduago iluntzen, eguzkiaz argitzeko jarduera horren luzapen bat. Errepidean ere segurtasuna hobeto bermatzen dela diote, argi ordu gehiagorekin; eta, gainera, aisialdirako tarte handiagoa lortzen dela ilundu aurretik.

Ordularien orratzak geldirik utzi nahi dituztenen arrazoiak Violeta Bulc Garraio komisarioak azaldu zituen, Batzordeak ordu finkoaren proiektua plazaratu zuenean, Bruselan. «Herritar gehienentzat deserosoa da, eta ezaguna da zer ondorio dituen aldaketa horrek osasunean. Orain ez dago gerrarik, ezta petrolioaren krisirik ere, ordu aldaketa ezarri zen garaietan bezala; badira aurrezteko modu eraginkorragoak. Ugariak dira ordu aldaketak eragiten dituen distortsioak: behiek ez dakite zergatik egun batean ordu batean jezten dituzten eta hurrengoan ordubete beranduago».

Europako iparraldean bultzatu dute ordularia aurreratzen eta atzeratzen duen sistema gainditzea. Kontinente osoko 4,6 milioi pertsonak parte hartu dute Bruselak aurtengo udan antolatutako kontsultan, baina gehien-gehienak Alemanian eta iparraldeko estatuetan: «Zer duzu nahiago: ordutegi aldaketari eutsi ala kendu?». %84 aldaketa bertan behera uztearen alde azaldu dira, baina desberdintasun handia sumatu da kokapen geografikoen arabera.

Adibidez, Finlandian %95 dira orratzak geldirik utzi nahi dituztenak, eta Portugalen %80 horiek mugitzen jarraitzearen aldekoak. Iparraldean neguko ordutegiaren alde egin dezakete estatu gehienek, eta hegoaldean alderantziz, udakoaren alde. Besteak beste, turismoak Espainian eta Italian duen garrantzia ez baitu inork ezbaian jartzen; argi dago sektore hori udako ordutegiaren alde ariko dela sutsuki.

Hiru ordutegi

Europako hegoaldean, izan ere, neguko ordutegiak goizegi ekarriko luke iluntasuna uda partean, batez ere Italian. Baina hango hiri askotan bezala, Bartzelonan, Palman eta Mediterraneoko beste hainbat hiritan egun luzeagoak nahi dituzte turismoari loturik bizi diren askok; baita horrek meridianoaren ordu naturaletik bi ordu aldendurik egoteak eragiten badu ere.

Gaur egun hiru ordutegi daude Europako Batasunaren eremuan: Europa Mendebaldekoa (GMT+0 neguan, eta GMT+1 udan), Europa Erdialdekoa (GMT+1 neguan eta GMT+2 udan) eta Europa Ekialdekoa (GMT+2 neguan eta GMT+3 udan). Baina 2019tik aurrera gehiago egon daitezke. Horregatik, Batzordeak eskatu die bizilagunak diren estatuei ados jartzeko, barne merkatua kaltetu ez dadin ordutegi desberdinak direla eta.

Hain zuzen, bizilagunen ordutegiarekin batera bizitzeko helburua du Finlandian ordu aldaketa baztertzeko saioak. Errusiak ez du ordu aldaketarik egiten 2011z geroztik, eta Finlandiak abagunea luke urte osoan haren ordu berean aritzeko, mendebaldeko bizilagunekin ere (Suedia) lerraturik egonda. Biek ala biek GMT+3 aukeratzea baino ez lukete. Izan ere, ordu aldaketak ez du eragin handirik Helsinkin. Ekainean 04:00etan argitzen du, eta 22:30ean iluntzen; abenduan, berriz, 09:00etan argitzen du, eta 15:00etan iluntzen. Iparraldeko herrialdeek EBren harmonizazioaren mesedetan egin dute orain arte ordu aldaketa, bistan denez.

BERRIAn argitaratua (2018/10/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA