bizigiro
Xehetasunak, agerian
Ainhoa Larretxea Agirre
Eskulangileak egurrezko piezaren ezaugarriei jaramonik egin gabe pintatu zuen pieza. Polikromia guztiak estali dizkio gainetik ezarri dioten pinturak, eta itxura erabat desitxuratua hartu du San Jurgiren figurak. Orain, gainetik jarri dioten pintura guztia kendu, eta figurari itxura originala emateko lanean ari dira Nafarroako Gobernuko teknikariak.
Maiatzaren bukaeran, Lizarrako bizilagun baten deiari esker jakin zuten gertatutakoaren berri Nafarroako Ondare Historikoan. San Jurgiren egurrezko figura zegoen lekura joan ziren gobernuko teknikariak, eta, pieza aztertu ondotik, Nafarroako Gobernuak Iruñean duen artxibo historikoko laborategira eramatea erabaki zuten, pintatzeak sortutako kalteak arintzeko. Egun, oraindik Iruñean dago, zaharberritze lanak oraindik ez baitituzte guztiz bukatu.
Figura Iruñera iristean egindako lehen pausoa ikerketa erradiologiko bat egitea izan zen, Martinezen arabera: «X izpiak erabili genituen, eta ikusi genuen pintura berriaren azpian polikromia originalak zeudela». Polikromia horiek mantentzen zirela ikusita, gainetik jarritako pintura kentzea erabaki dute: «Proba batzuk egin genituen, 30 inguru, eta ikusi genuen azetona eta kotoia erabiltzea zela metodorik egokiena pintura geruza berri hori kentzeko». Metodoa aurkituta, pieza garbitzeko lanetan ari dira buru-belarri. Piezaren zati handi bat garbitu badute ere, oraindik luze joko du; izan ere, bertze bi edo hiru aste beharko dituzte pieza osorik garbitzeko. Langile andana ari dira eskuetan kotoia eta azetona dituztela, pazientziarekin, pintura berriaren arrastoak kentzen. Hasierako pintura hori kenduta, litekeena da leku jakin batzuetan garbiketa xehetasun handiagoz egin behar izatea, eta, beraz, prozesua luzatzea. San Jurgiren figura garbituta, gogoeta prozesu bat hasiko dute pieza nola utzi erabakitzeko.
Martinezen arabera, bi aukera dituzte piezaren konponketa bukatzeko. Lehenengo aukera arkeologikoa da; hau da, garbiketaren ondoren gelditzen den bezala uztea pieza. Bigarren aukera, berriz, polikromiak integratzea da. Hau da, mantendu diren egurrezko polikromia horiek aztertu, eta horien ezaugarriak dituzten berriak sortzea.«Bi aukera horien artean erabaki beharko dugu zer egin». Aukeratzen dena aukeratuta ere, piezaren leheneratzea bukatuta, San Migelgo parrokiara eramango dute berriro ere.
Alderaketek ez dute balio
Albistea jakin zenetik, sare sozialetan anitzek alderatu dute San Jurgiren zaharberritzea Borjako (Espainia) Ecce Homo koadroarekin. Ecce Homo koadroaren kasuan, zaharberritze desegoki batean koadroa guztiz kaltetu eta desitxuratu zen. Martinezek, ordea, uste du Lizarrako kasuak ez daukala Borjakoarekin zerikusirik, eta alderaketa horiek saihestu nahi izan ditu: «Ez du zerikusi handirik Borjako kasuarekin. Kasu honetan, pieza kaltetu bada ere, oraindik kontserbatzen baita».
Izan ere, kaltetuta badago ere, hasierako pieza ez da galdu. Polikromia batzuk galdu diren arren, teknikariek anitz berreskuratu ahal izan dituzte, eta, beraz, horiek aztertu ondotik, berriak ere egin daitezke. Lanak bukatu ondotik San Jurgiren figura modu «duinean» geldituko den esperantza du Martinezek, nahiz eta polikromia eta xehetasun anitz galdu diren bidean.
Nafarroan, bertze leku anitzetan bezala, ondare historikoaren zatirik handiena jabego pribatuaren esku dago. Ohikoa izaten da jendeak bere ondarea zaindu eta konpondu nahi izatea. Zaharberritze horiek ongi egin daitezen bermatzeko, protokolo bat dute bai gobernuak eta bai artzapezpikutzak. Protokolo horren arabera, edozein zaharberritze edo aldaketa egiteko orduan, gobernuaren baimenarekin egin behar da, eta beti profesionalek egin behar dute. Zaharberritze horiek ongi egiten direla ziurtatzeko, gobernuak esku hartzen du lanek irauten duten bitartean.
San Jurgiren figuraren konpontzearen atzean irakaspen bat dago, Martinezen arabera: «Irakaspen didaktiko bat eman nahi dugu; hau zabaldu nahi dugu, horrelakorik berriz ez gertatzeko». Martinezek nabarmendu du horrelako piezetan, bizitzako bertze alorretan bezala, esku hartzea «profesionalek» egin behar dutela.
Kasu konkretu honetan, gainera, uste du nahigabe sortutako kaltea izan dela: «Ezagutzarik eza eta arduragabekeria nahastu dira. Uste zuten ongi egiten ari zirela». Egun, prozesu judiziala irekita dago, eta apezpikutzak eta zaharberritzea egin zuen langileak 6.000 euro arteko isuna jaso dezakete. Gainera, pieza lehengoratzeko lanen kostua artzapezpikutza ari da ordaintzen.
Ikusteko dago auzia nola bukatuko den, lehenengo garbiketa bukatu eta zaharberritzeko bigarren fasean zer egin erabaki beharko baitute lehendabizi. Behin bukatuta, Lizarrako San Migel parrokiara eramanen dute. Egindakoak eginda, pozik da Martinez: «Pieza mantentzea lortu dugu; orain, ongi zaindu behar da. Pieza ezagutu egin behar da ongi kontserbatu eta zaintzeko; hori da ondarea babestea».