astekaria 2018/10/19
arrowItzuli

bizigiro

NAZARIO LUQUE

«Bitan banatzen da jendea: sexua maite dutenak eta gorroto dutenak»

Lander Muñagorri Garmendia

«Bitan banatzen da jendea: sexua maite dutenak eta gorroto dutenak»

1970eko hamarkadako Bartzelonako underground mugimenduko erreferenteetako bat da Nazario Luque (Castilleja del Campo, Espainia, 1944). VĂ­bora aldizkarian Anarcoma detektibe transexualaren istorioak kontatu zituen, eta harekin ezagun egin zen. Turandot eta Ali Baba y sus 40 maricones (Ali Baba eta bere 40 marikoiak) komikiak ere argitaratu ditu. Egun, komikigintza utzia du, eta argazkilaritzan murgilduta dabil. Hala ere, oraindik komikigintzan erreferente da, eta gaur hasiko den Getxoko Komiki azokan omenduko dute (Bizkaia).

Gustura hartu duzu egingo dizuten omenaldia?

Omenaldi hau ez nuen espero, baina pozik sentitu naiz, Getxon nire lana baloratzen delako. Duela lau urte ere erakusketa bat jarri nuen Zentsura At! jaialdian, eta polemika izan duten lanak erakutsi nituen bertan.

Zentsura handia eduki duzu?

Kordoban [Espainia] egin nuen erakusketa batean jende pila batek itxialdia egin nahi izan zuen, itxi zezatela eskatzeko. Azken urteetan Facebooken ere hainbat aldiz itxi didate kontua biluziren bat ateratzeagatik. Badakit Facebooken ez dutela uzten biluzirik, sexurik edo bestelakorik erakusten, baina manifestazioren bateko argazkiren batean bular biluziren bat agertuko zen, eta itxi izan didate. Indarkeria baldin badago, ordea, ez da ezer gertatzen. Kultua egiten diogu indarkeriari, baina sexuari kultua egitea arriskutsua da.

Atseginagoa izango da sexuari kultua egitea, ala?

Bai, noski! Sexualki gustura dagoen pertsona bat ez da arazoen iturri. Nik, esaterako, bizitza sexual osasuntsua daramat nire bikotekideekin, eta ez dut inor jipoitzeko gogorik.

Sexua oso presente dago zure komikietan. Anarcoma pertsonaia detektibe transexual bat zen, esaterako.

Aurrerapauso bat eman nahi nuen, eta ikusi zer gertatuko zen halako pertsonaia baten istorioak argitaratuz gero. Ez zen ezer gertatu. Gustura nengoen istorio homosexualak aldizkari heterosexual batean argitaratzeagatik.

Esan izan duzu probokatzeko egin zenuela Anarcoma. Zergatik?

Zineman eta komikietan sexu harreman heterosexualak agertzen ziren era esplizituan. Nik hori egin nuen, baina harreman homosexualekin, eta lortu nuen jendeak normal ikus zezala edozein sexu mota. Beti pentsatu izan dut jendea bitan banatzen dela: ez homosexualak batetik eta heterosexualak bestetik, baizik eta sexua maite dutenak eta gorroto dutenak. Sexua gorroto duena edozertarako prest dagoen norbait da, bizi behar duen bezala bizi ez den pertsona bat da.

Sexua gorrotatu daiteke?

Haur bat sexu harremanak izatera behartzen duen pertsonak ez dauka sexu osasuntsurik; gorroto du.

Nola erreakzionatuko zuen gaur egungo gizarteak Anarcoma berriz agertuko balitz?

Iraganean Anarcoma argitaratu zuen Alemaniako editore batek uko egin zion berrargitaratzeari, arazoak izango zituelakoan. Atzerapauso bat dago oro har. Ultraeskuinak indarra irabazi duen lekuetan homofobiak espazioa hartu du.

BERRIAn argitaratua (2018/10/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA