astekaria 2018/10/19
arrowItzuli

politika

Elkarrizketaren legealdia

Joxerra Senar

Elkarrizketaren legealdia

Balantzea egiteko ordua da. Legealdiko politika orokorreko azken eztabaida egin zen atzo parlamentuan, eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak kultura politikoaren aldaketa «erabakigarrian» jarri zuen azpimarra. Panorama politikoa zaila izanik ere, gobernua sostengatzen duten lau alderdiek, «eskema zaharra bazter utziz», elkarrizketa landu dutela azaldu zuen, eta esparru horretatik harago gizarte eragileekin ere hitzarmenak lortu dituztela nabarmendu. Barkosen hitzetan, horrek egonkortasuna eman die bai erakundeei eta bai ekonomia berari. «Benetan uste dut duela hiru urte baino hobeto gaudela».

Ordu eta erdiko hitzaldian, Nafarroako egoerari eta etorkizuneko erronkei buruzko azterketa xehatu zuen Barkosek. Estatistika zaparradaren ostean, oposizioaren txanda heldu zen, eta, legealdi osoan egin bezala, hitz gogorrak erabili zituen UPNko Javier Esparzak. Nafar guztientzat ez gobernatzea leporatu zion Barkosi: «Zure hitzaldiaren hoberena da azkena izango dela». 2019an parlamentaria lortzeko arazoak izan ditzakeela jakinik, PPko Ana Beltran koska bat harago joan zen: «Otso larruko ardiak zarete, lurraldea deuseztatzera etorri zarete. Jauregi barruan dagoen Troiako zaldia zarete». Barkosek erantzun zion Hungariako Victor Orban babesten duen PPk bai ematen duela beldurra.

Atzoko saioan une oro hauteskunde kanpainaren itzala nabaritu bazen ere, batik bat PSNko Maria Txibiteren ahoan egin zen ageriko. Aldaketaren balantze «gazi-gozoa» egin ostean, egungo gobernua agortuta dela iritzi dio: «Sozialistek hurrengo gobernuaren gidaritza nahi dugu. Bildukoek barre egiten dute bosgarren indarra garelako, baina 8.000 botoren aldea dago gu eta Geroa Bairen artean». Zuzenean eskua luzatu nahi izan zien Ahal Dugu-ri eta Ezkerrari. Argudio horri arratsaldean erantzun zion Barkosek: «Ez gaituzte bakarrik 8.000 botok bereizten. Zure alderdia eta beste lau indarrok gehien bereizten gaituena aldaketaren alde apustu egiteko ausardiarik eza izan da».

Geroa Baiko Koldo Martinezi «tristea» iruditu zaio PSNren jarrera legealdi osoan, UPN eta PPrekin bat eginda. «Ezkerreko lezioak ematen dituzue sofa batean, eta gero Madrilen zuek kritikatzen zaituztenen argudio berak errepikatzen dituzue hemen». Martinezek oposizioari gogoratu zion legealdi hasieran iragarritako apokalipsia ez dela heldu.

Laukoaren barruan, ñabardurak egon ziren aldaketaz. EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, «merezi izan du» bidaiak: «Duela hiru urte hasi genuena ez da bukatu, asko falta zaigu egiteko. Geure buruari jarri genizkion helburuak ez dira bete, baina bide onean gaude». T.S. Eliot poetaren hitzak bere eginez ausardia eskatu zuen: «Urrutiegi joatearekin amets egiten dutenek bakarrik jakin dezakete noraino irits daitekeen. Arriskuak hartuz jakin daiteke noraino hel daitekeen aldaketa».

«Duela hiru urte, ilusiozko une hartan, iragarritako nahi, beldur eta mesfidantza ugari berretsi egin dira denborarekin». Zuhur azaldu zen Ahal Dugu-Orain Bai taldeko Laura Perez: «Okerren daudenen bizimoduak hobetzeko urratsak egin badira ere, egiturazko politikak, agian, ez dira guk nahiko genukeen bezala aldatu».

EKONOMIA ETA KONTUAK

Hondamendirik ez





Legealdiaren hasieratik, eskuinak hondamendi ekonomikoa iragarri zuen. Hiru urte geroago, Uxue Barkosek nabarmendu zuen «gezurrezko kontakizunen aurrean» Nafarroak egun konfiantza eragiten duela. Berriro ere jasotako ondareari egin zion erreferentzia: altxortegia «hutsik» topatu zuten; zorra 3.323 milioi euro zen; eta, ekarpen bidez urtero foru erkidegoak Espainiari 100 milioi gehiago ordaintzen zizkion, zegokiona baino %20 gehiago. «Kontuak orekatzea lehentasunezkoa izan zen, eta irmo esan dezaket lortu dugula».

Iraganean hondamendia iragarri zuen UPNko Jose Javier Esparzak, eta gaur, berriz, egungo egoera ekonomiko ona halabeharraren gauza izan dela azpimarratu du. «Nafarroa testuinguru on baten olatu gainean hazi da, eta gobernuak inertziaz jokatu du goranzko ziklo horretan. Benetako drama eta zure arduragabekeria da etorkizunerako politikak ez egin izana», egotzi zion Barkosi. Txibitek ere politikarik ez egitea egotzi zion.

Barkosek gogorarazi zien biei egun Nafarroako altxortegian 630 milioi euro daudela, zorraren interes tasetan 117 miloi euro aurreztu direla, eta ekarpena urtero 120 milioi murriztu. Plangintza ekonomikoan, aurrekoekin alderatuta, egungo gobernuak «bultzada irmoa» egin duela aldarrikatu zuen, eta lehiakortasuna hobetzeko berrikuntzan, ikerketa eta garapenean, lanbide heziketan, banda zabalaren hedapenean, enplegu politiketan edo nazioarteratzean egindakoa azpimarratu zuen.

Legealdian, oposizioaren beste jomugetako bat 2016ko zerga erreforma izan da, eta UPNk, PPk zein UPNk nafarrei «zergak igo izana» leporatu zion laukoari. Esparzaren arabera, «zerbitzu publikoak ez dira hobetu, gainera». Barkosek «demagogia egitea» egotzi zion, errenta apalei zerga jaitsi zaiela arrazoituz: «Errenta handiena dugunok bai ordaintzen dugu gehiago. Erreformak 2014ko egoerara itzuli zuen sistema, baina gurea progresiboagoa izan zen», azaldu zuen, PSNren aurkakotasuna ulertu ezinik.

Laukoaren barruan, Laura Perez autokritiko azaldu zen. «UPNren itzal luzea dago zor handiaren atzean, eta, kritikatzetik urrun, gobernua ez da ausartzen zor hori auzitan jartzera». Bere ustez, zorraren amortizazioan 2.000 milioi euro ordaindu dira, eta «ez dago hori gainetik kentzeko gai den erreformarik».

POLITIKA SOZIALAK

Pobrezia behera





Gizarte eskubideetan pertsonak oinarri izan dituztela aipatu zuen Barkosek bere hitzaldian. Alargunen pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko osagarriak 2017an igo zituzten, aurreko inbertsioa 2,5 milioi eurotik 12,2 milioira igoz, eta bestelako pentsio apalei ere ezarri diete osagarri hori, beste erritmo batean bada ere. Menpekotasuna dutenen artean, laguntzaren bat edo zerbitzua jasotzen dutenen kopurua %51 handitu dela azaldu zuen. Errenta bermatua jasotzen duten familiak %42 handitu direla azpimarratu zuen, eta 8.000 haur onuradun daudela gogorarazi.

Hartara, Barkosen arabera, hiru urteotan pobreziak behera egin du. Alor horretan talka egin zuen Esparzarekin, UPNko buruzagiak pobrezia Espainian jaitsi den bitartean Nafarroan puntu erdi igo dela esan baitzuen. «Nahi duzun adierazlea ateratzeko erronka proposatzean dizut. Ez dut uste INE estatistika erakundea abertzaletzat jo daitekeenik, bada 2015etik 2017ra Nafarroan pobrezia %13 jaitsi dela dio eta Espainian %2,3.

UAGN nekazaritza sindikatuak berriki errenta bermatuaren aurkako kritika gordina egin du, eta polemika hori presente egon zen atzo. Koldo Martinezen ustez, Europatik datozen eskuin muturreko mezuen aurka sutsu egingo dute: «Ez dugu xenofobia zuritzeko ahalegin bat ere onartuko». Adolfo Araizek, berriz, errenta bermatuaren beharra azpimarratu zuen: «Nolakoa litzateke egoera 30.000 pertsona horiek diru sarrera bakar bat ere ez balute? Nola biziko lirateke?», galdetu zuen.

EUSKARA - ELKARBIZITZA

Lege berrirako deia





Memoriaren arloan, 36ko gerrako errepresaliatuen senideek 80 urte itxaron behar izan dutela gogorarazi zuen Barkosek. Ikur frankistak kentzeko ahalegina edo Memoriaren institutua sortu izana azpimarratu zituen. Era berean, gogoratu zuen «ETAren behin betiko amaiera geroztik Nafarroaren egoerari buruzko lehen eztabaida» izan zela atzokoa. «Iraganaren memoria kritikoan urratsak egiteko garaia da, indarkeriaren izaera bidegabe eta justifikaezina aitortuz».

Legealdi osoan bezala, UPNk eta PPk zabar jokatu zuten eremu horretan. Esparzak, «lotsarik gabe» elkarbizitzaz hitz egitea leporatu zion: «Zure bazkide EH Bilduk ez du barkamenik eskatu ETA babesteagatik». Halaber, euskararen «defentsa fanatikoa» egitea egotzi zion gobernuari.

Erantzunean, euskararen arloan emandako urratsak goraipatu zituen Barkosek: «UPNren 20 urteko agintaldiaren ostean, administrazioan euskararen profila lanpostuen %1ek bakarrik dute. Gu errealitatera egokitzeko pausoak ematen hasi besterik ez gara egin. Egiazki, ez al da fanatikoa izango zure euskarafobia?».

Dena den, Adolfo Araizen ustez, hizkuntz politikan aurrerapausoak eman badira ere, legealdi hasieran «hutsune handi» bat zegoen, akordio programatikoan euskararen lege berria egiteko konpromisorik ez zutelako lortu. Azken hilabeteetan, batzorde berezi bat osatu da, eta bertan kanpotik argibide eta ekarpenak jaso ostean, aukera baliatzeko deia egin du: «32 urtez itxita egon den ate bat irekitzeko unea da».

AUTOGOBERNUA

Espainian, arazoak





Uxue Barkosek 2015-2019 eperako ekarpenaren akordioaren garrantzia azpimarratu zuen, baina gainerakoan, Espainiako ezegonkortasuna kaltegarri izan dela kritikatu zuen. «Hiru urteotan, Kongresuan hiru legealdi izan dira eta Moncloan lau gobernu. Horrek ez dio lagundu bi gobernuen arteko beharrezko elkar ulertzeari». Halaber, azpimarratu zuen 2001ean lortu zela azken eskumena bereganatzea, eta Foruzaingoan, beketan edo ikerketa eta garapenean eskumenak lortzea etorkizuneko helburuen artean jarri zuen. Hitzarmen Ekonomikoaren Legea berritu beharra dagoela uste du. Urriaren 31n bilduko da Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, eta gai horiek helaraziko dizkio.

BERRIAn argitaratua (2018/10/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA