astekaria 2018/10/19
arrowItzuli

mundua

Heriotza salbazio

Ane Irazabal

Heriotza salbazio

Mohamed, Hamsa eta Ali elkarrekin bizi dira plastikozko kanpadenda batean. Hiru gazteak siriarrak dira, hirurak adingabeak. «Laster 18 urte beteko ditugu, hemen, Lesbosen», zehaztu du Alik. Hiru lagunek ez zuten elkar ezagutzen Greziara iritsi ziren arte; bada, bakoitza Siriako mutur batekoa da: Mohamed, Idlibekoa; Hamsa, Daraakoa, eta gazteena, Ali, Deir ez-Zorkoa.

Halere, patu berak batu ditu. «Asilo eskaera egin nahi dugu, baina ez digute erantzun», azaldu du Mohamedek. Hiru lagunek bi urte bete dituzte Greziako Lesbos uharteko Moria kanpalekuan. Alik asaldatuta deskribatu du taldean nagusi den etsipena: «Hasieran, esperantzaz beteta iritsi ginen, baina, denbora pasatu ahalean, gero eta tristeago sentitzen gara. Munduarekin haserre gaude».

Eta amorruaren markak agerikoak dira gazteen gorputzetan. Hamsak eta Mohamedek ebakiduren orbainez beteak dituzte besoak. Autolesioen arrastoak dira. «Batzuetan, sumindurak gaina hartzen dit. Orduan, labana txiki bat hartu, eta ilara zuzenak marrazten ditut besoetan», azaldu du Hamsak. Mohamedek, berriz, medikuak emandako errezetak atera ditu. Fluoxetina eta Nozinan hartzen ari da. «Esan didate egokiak direla depresioa eta oldarkortasuna kontrolatzeko, baina gero eta amesgaizto gehiago ditut», erantsi du.

Bi aldiz giltzapetuta

Zoritxarrez, halako kasuak ez dira bakanak Moria kanpalekuan. MSF Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute azkenaldian ugaritu egin direla autolesio eta suizidio saiakerak errefuxiatuen artean. Alessandro Barberio psikiatraren ustez, iragan mendeko zoroetxeen antza dauka Moriak: «1960an Franco Basaglia psikiatrak salatu zuen Italiako eroetxeen utzikeria bera nabaritzen ari naiz hemen. Muturreko baldintzek eta askatasunik ezak atzera-bueltarik ez duten ekintzak egitera bultzatzen dituzte asko».

Gaur egun, 9.000 asilo eskatzaile harrapatuta daude Morian. Hesiez inguraturiko zentroak behin-behineko erregistro gune bat izan beharko luke, baina kartzela baten itxura du. Barruan pilatuta bizi dira familiak, nagusien laguntzarik gabe bidaiatzen duten umeak, haurdun dauden emakumeak eta gizonezko gazteak. «Orduak pasatzen ditugu ilaran itxaroten. Gosaria hartzeko, komunera joateko, medikua ikusteko... Gure existentzia itxaronaldi luze bat da», salatu du Alik. Hasieran, 3.000 asilo eskatzaile jasotzeko egin zen Lesboseko zentro nagusia. Baina gainpopulazioak beste kanpaleku baten sorrera bultzatu du hesien beste aldean.

Izan ere, asilo politikoa eskuratzeko prozesua kolapsatuta dago Grezian. «2019ko maiatzerako eman didate elkarrizketa egiteko txanda», azaldu du Mohamedek. Eta uharteetara iristen diren iheslariek ez dute handik ateratzeko baimenik. Irailean, 2.000 pertsona heldu dira. «Bi aldiz giltzapetuta daude», azaldu du Barberiok, «itsasoz inguratutako lur pusketa batean eta, aldi berean, irlaren barrenean dagoen zentro itxian».

Bestalde, Atenasko gobernuak soilik iheslari ahulenak lekualdatzen ditu penintsulara. Lesbostik joateko baimena bakarrik dauden emakumeek, gaixotasun larriak dituzten umeek eta familiaren barruan indarkeria pairatzen dutenek jasotzen dute. Baina ez beti. «Zeintzuk diren pertsona bat ahultzat jotzeko erabiltzen diren irizpideak? Ez dakigu» esan du Barberiok. Kontuak kontu, ahultasun ziurtagiria jasotzea da Morian harrapatuta dauden gazte askoren ametsa.

Hala, errefuxiatu batzuentzat alarma deiak dira autolesioak. Idoia Moreno erizain gasteiztarrak Mugarik Gabeko Medikuen klinika pediatrikoa koordinatzen du: «Aste honetan, eskumutur bat josi behar izan diot 16 urteko gazte bati, eta, duela egun batzuk, bere buruaz beste egiten saiatu zen 17 urteko neskato bat jaso nuen». Morenoren ustez, errefuxiatuek Morian duten «infernuaren» ondorio zuzena da hori: «Europako asilo politikek duintasuna eta itxaropena lapurtu dizkiete».

Krisi psikotikoak

Edonola ere, iheslarien artean atzeman diren suizidio kasuek arazo sakonagoa azaleratu dute. «Trauma handiak dituzten pertsonak dira. Lesbosen, eta oro har Grezian, ez dago haiei laguntza psikologiko edo psikiatriko espezializatua emateko sistemarik», salatu du Barberiok: «Egunotan, adibidez, krisi psikotiko bortitzak dituen gazte bat ikusten ari naiz. Segurtasun arrazoiengatik, ezin ditut izena eta herritartasuna argitu, baina izugarria da mutil horrek pairatu duena. Miliziek ama eta arreba bortxatzera derrigortu zuten, bere aurrean hil zituzten, eta, ondoren, gaztea ere bortxatu eta torturatu egin zuten».

Barberiok irizten du halako kasuak atzematea oso zaila dela, eta nabarmendu du gaixoek jarraipen berezia behar dutela: «Pertsona hauek ez dira gai laguntza eskatzeko. Izugarri kostatzen zaie barruan daukatena ateratzea». Horregatik, Mugarik Gabeko Medikuek tokian tokiko bisitak egiten dituzte terapia psikiatrikoa behar duten asilo eskatzaileak identifikatzeko. Azken hilabetean 120 kasu atzeman dituzte.

«Baina halako traumak ez dira pilula antidepresiboekin eta lasaigarriekin sendatzen», uste du Barberiok: «Terapia beharrezkoa da, eta ez hori bakarrik». Psikiatra italiarrak frogatu du harreman zuzena dagoela iheslariek Morian bizi duten egoera tamalgarriaren eta autolesio kasuen artean: «Izan ere, kanpalekutik apartamentuetara lekualdatu ditugun gazteek hobekuntza itzela izan dute».

«Dei efektuaren» disuasioa

Morenorentzat, berriz, borondate politikoa behar da horretarako: «Ez da zaila Morian pilatuta dauden 9.000 pertsonei harrera egokia ematea. Egun ez gaude larrialdi egoera baten aurrean, larrialdi horren kronifikazioaren aurrean baizik. Europak ez du erantzun duin bat eman nahi». Erizain gasteiztarrarentzat, Bruselak argi utzi du «dei efektua» delakoa eragozteko disuasio politika guztiak gutxi direla.

Nolanahi ere, Barberioren iritziz, utzikeria politikoak bultzatu duen egoera uste baino larriagoa da Lesbosen: «Ongizate kolektiboa dago jokoan. Uharte guztia zoroetxe handi bat bilakatzen ari da».

BERRIAn argitaratua (2018/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA