gizartea
JOSU REPARAZ
«Nafarroa Oinez garai hauetara egokitzeko ahalegina egin dugu»
Ion Orzaiz
Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak antolatu du aurtengo Nafarroa Oinez, baina ikastolen elkartean ere lan eta lan zabiltzate...
Bai, Iñigo Aritza ikastolari egokitu zaio eguneroko lana egitea eta dena antolatzea, baina guk ere badugu zereginik. Antolaketa lanen jarraipen hurbila egiten dugu, elkarlanean aritzen gara haiekin eta arduraz zaintzen dugu prozesu osoa. NIEri dagokio, besteak beste, ikastolen artean boluntarioak bilatzea, baliabideak eskaintzea, Primeran pasa, pasatu gabe unitate didaktikoa prestatzea... Urtero legez, ilusioz eta arduraz heldu diogu lanari.
Altsasuko eta Etxarri Aranazko ikastolek antolatu zuten lehen Nafarroa Oinez, 1981. urtean. Berezia al da, 37 urteren ostean, Altsasura itzultzea?
Aurtengo festak badu etxera itzultzeko puntu berezi hori, bai. Eta niretzat, sakandarra naizen aldetik, are gehiago. Aurreko astean, adibidez, aukera izan genuen lehenbiziko Nafarroa Oinez horren aktak irakurtzeko, eta oso esperientzia bitxia izan zen. Lehen agiri horietan, Nafarroako ikastolen festak Kilometroak izena zuen oraindik, Gipuzkoatik ekarritako ideia baitzen, eta, artean, jatorrizko izena aldatu gabe zegoen. 1981. urte hartan dena egiteko zegoen, hasi-masietan, eta lehen urrats horiek egin zituen ikastolara bueltatzea oso sentsazio ederra da.
Azken urteetan aldatu egin da festaren eredua bera. Ohartuki hartutako erabakia izan da?
Bai. Bi urte daramatzagu festaren ereduaren gainean gogoeta egiten, eta batzorde berezi bat sortu genuen horretarako propio. Festaren bilakaerari dagokionez, aipatu beharra dago hazkunde handia izan genuela, bereziki 2004., 2005. eta 2006. urteetako festetan. Iruditeria kolektiboan iltzatuta gelditu zaigu 100.000 parte hartzaileen kopuru magiko hori, baina hazkunde hori ezin da luzaro mantendu, eta egia da azken urteetan behera egin dugula apur bat. Gaur egun, Nafarroa Oinez oso jai arrakastatsua den arren, ez gara kopuru horietara iristen. Arrazoi asko daude horretarako: besteak beste, Nafarroa Oinez sortu zenean, gisa horretako festak oso urriak zirela, eta gaur egun, aldiz, kultur eskaintza zabala dugula urte osoan. Horregatik, Nafarroa Oinez garai hauetara egokitzeko ahalegina egin dugu urte hauetan; hartara, egun bakarreko festa zena zabaldu eta urte osoko egitasmo bihurtu dugu. Gogoeta horretatik sortu ziren, adibidez, Artea Oinez erakusketa ibiltaria, Oinez Basoa egitasmoa, hizkuntza gutxituei buruzko Txikiak Handi jardunaldiak...
Nafarroa Oinez-ek bezala, garai hauetara egokitu behar izan du NIEk ere. Zein da Nafarroako ikastolen osasun egoera?
Nafarroako ikastolen bilakaera beti egon da garaian garaiko eta tokian tokiko zailtasun eta erronkei lotuta. Hasieran, administrazioak ahalbidetzen ez zuen aukera bati bide emateko sortu ziren ikastolak. Hala, herritik sortutako desio eta borondate bati forma emanda sortu ziren lehen ikastolak, eta gorriak eta bi ikusi zituzten horretarako. Lehen ikasketa horiek ez zeuden legeztatuta, ez zegoen ez baliabide materialik ez espazio egokirik... Baldintza guztiak kontra zituztela jakinda, guraso askok euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin izana balentria iruditzen zait. Euskara salbatzeko gogoa gailendu zen. Gaur egun, berriz, egoera oso bestelakoa da: ikasliburu eta material propioak dituzte ikastolek, baliabide egokiak...
Erronkak beste batzuk dira...
Hala da, bai. Gaur egun, ikastola duten ia herri guztietan D ereduko eskaintza publikoa dago. Ikastolak ez dira jada euskarazko erreferente bakarra. Hortaz, etengabeko prozesu batean murgilduta gaude: nola hobetu dezakegu gure eskaintza? Nola bereizi gainontzeko hezkuntza ereduetatik? Lehen, ikasleen euskalduntzea zen gako nagusia; orain, ardatz garrantzitsua izan arren, ez da bakarra: eleaniztasunak pisu berezia dauka, Kiva jazarpenaren aurkako programa, planteamendu eta metodologia pedagogiko berriak... Oso argi dugu, XXI. mendean, ikastolek badutela toki propioa euskarazko irakaskuntzako erreferente gisa.
Zer harreman duzue, gaur egun, Nafarroako Gobernuarekin?
Ona. Aurreko gobernuekin alderatuta, ikastolekiko beste sentiberatasun bat nabaritzen diogu laukoari. Sintonia ona dugu haiekin. Euskarari dagokionez, aldaketa positiboa sumatu dugu. Gure agintariak euskaraz aritzen dira normaltasunez, eta, txikikeria badirudi ere, horrek lagundu egin dio euskararen prestigioari. Duela gutxira arte, gure ikasleek euskara aditzen zuten ikasgelan edota etxean, baina agintarien ahotan entzuteak bestelako erreferentzialtasun bat eman dio. Aldaketak aldaketa, ordea, badago oraindik gabezia handi bat: ez dute lortu Euskararen Lege berri bat adostea eta ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea.
Kontseiluak hilaren 27rako antolatu duen manifestazioan parte hartuko duzu?
Bai, noski. Kontseiluko kide da Nafarroako Ikastolen Elkartea ere, eta kalera aterako gara larunbatean. Nafar guztion hizkuntza eskubideak aitortzeko eta bermatzeko modua da lege berri bat onartzea eta ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea, eta aldarri horri eutsiko diogu manifestazioan.