astekaria 2018/10/19
arrowItzuli

gizartea

MAITANE PIKAZA GORROTXATEGI

«Jabekuntza eskolen xedea da kontzientzia errealitatera eramatea»

Maite Asensio Lozano

«Jabekuntza eskolen xedea da kontzientzia errealitatera eramatea»

Trebakuntza feminista eskaintzeagatik dira ezagunak jabekuntza eskolak, baina harago doa euren jarduna: emakumeen ahalduntze eta boteretzean eragin nahi dute, eremu pertsonalean zein kolektiboan. Euskal Herrian, Bizkaia izan da aitzindaria: Basaurik, Ermuak, Getxok eta Ondarroak dauzkate eskolak, eta sare egonkor bat sortu dute laurek. Horiei buruz osatu du tesia Maitane Pikaza Gorrotxategik (Bilbo, 1980), eta haren ikerketa saritu berri du Emakundek. Atzo aurkeztu zuen bere lana: Emakumeentzako espazio propioak eta ahalduntze prozesuak: Bizkaiko jabekuntza eskolen sarea. 86 erabiltzaile, irakasle eta berdintasun teknikari elkarrizketatu ostean, ondorioztatu du eraginkorrak direla jabekuntza eskolak: andreen kontzientzia hartzea eta partaidetza sustatzen dituzte.

Hamabost urte bete dituzte Bizkaiko jabekuntza eskolek. Nola sortu ziren?

Basauri hasi zen 2003an; hurrengo urtean batu zitzaion Ondarroa, eta horrela sortu zen eskolen sarea. Ordurako bazeuden emakumeen etxe batzuk; Ermua izan zen aitzindaria. Berez, horrelako egitasmoak 1970eko hamarkadan hasi ziren: emakumeak zentro batzuetara joaten ziren, eta, feminismoa pixkanaka sartu ahala, jabekuntza eskolen hastapena izango zena sortu zen. Autokontzientzia taldeak ziren.

Lau herri oso desberdinetan sortu ziren jabekuntza eskolak. Nolatan?

Nolabait, esperimentu bat izan zen, eta ikusi zen proiektu berak arrakasta izan dezakeela herri hain desberdinetan. Azken batean, emakumeak dira eskola guztien arteko lotura: denak bizi gara gizarte patriarkaletan, eta, Ondarroan izan zein Basaurin izan, proiektua emakume guztientzat da baliagarria.

Jabekuntza eskolak emakumeen etxeen eskutik joan ohi dira: batak bestea elikatzen du. Bereiz al daitezke?

Eskolak emakumeentzat bakarrik dira: guk ahaldundu behar dugu, gizonak ahaldunduta baitaude jada. Normalean, eskolak etxeen barruan egoten dira, eta etxeak mistoak dira. Izan ere, gauza asko egiten dira etxeetan: sexologia zerbitzuak, truke programak...

Jabekuntza edo ahalduntze kontzeptua bera aztertu duzu, erabiliaren erabiliaz modu askotara ulertzen baita. Zein esanahi du eskoletan?

Berez, bi esanahi nagusi ditu jabekuntzak: batetik, jabetzearena, kontzientzia hartzearena; eta, bestetik, norbere buruaren jabe izatearena. Ahalduntzea, berriz, boterea hartzearekin lotuta dago. Biak daude ondo erabilita eskolen esparruan, helburua baita emakumeek kontzientzia hartzea, baina, horrez gain, kontzientzia hori errealitatera eramatea, gizarteratzea, subjektu aktibo moduan garatuz, norbere gaitasunak plazaratuz...

Erabiltzaileek esan dute eurentzat Ā«beharrezkoakĀ» direla jabekuntza eskolak. Zergatik?

Gizartean ez dagoelako horrelakorik: ez hezkuntza formalean, ez informalean, ez dago halako espaziorik. Emakumeek diote eurentzat etxeak eta eskolak nolabaiteko oasiak direla: euren arteko harremanak sortzen dira, parte hartzen dute... Azkenean, behar baten moduan sentitzen dute eskola, bai arlo pertsonalean, bai komunitarioan.

Zein ondorio dute eskoletako jarduerek emakumeengan?

Eskolara zergatik joaten ziren galdetzean, emakumeek lau arrazoi adierazi zituzten: bat, hezkuntza, euren jakin-mina feminismotik asetzeko nahia; bi, arrazoi psikologikoak, Betty Friedanek aipatutako izenik gabeko ezinegonarekin lotuta; hiru, arrazoi sozialak, etxetik ateratzeko eta eurentzat denbora bat edukitzeko asmoa; eta lau, arrazoi politikoak, feminismoarekin eta giza eskubideekin lotutako egitasmoak martxan jartzeko. Beraz, emakume bakoitzarengan eragin desberdina du eskolak, bakoitzaren abiapuntua eta egoera zein den. Dena den, guztiek esan dute esperientzia positiboak direla, nahiz eta batzuetan gogorrak izan.

Ondorioztatu duzu eskolei esker emakumeak herritar gisa birsozializatzen direla. Zer esan nahi du horrek?

Jabekuntza eskoletara heldu orduko, ikasita daukagu zein rol ditugun emakume gisa. Baina eskoletako trebakuntzak dakar kontzientzia hartzea, desorekez ohartzea eta beste plano batean jartzea zeure burua: aurrez ikasitako guztia auzitan jarri ahal izatea.

Hori eremu pertsonala litzateke. Nola egin daiteke jauzi arlo kolektibora?

Bi alderdi daude hor: batetik, pertsonala, emakumeen rolei erreparatzea, nolabait eremu kulturala dena; eta, bestetik, kolektiboa, interes estrategikoei erreparatzea, gizartearen sustraiak eta egiturak aldatzea, eremu politikoa dena. Kontzientzia txikiagoa duten emakumeak eremu pertsonalean kokatzen dira, ahalduntze pertsonalean. Aldiz, feminismoan ibilbide luzeagoa eta kontzientzia sakonagoa dutenek eremu kolektibora egiten dute salto.

Zein oztopo dago batetik bestera jauzi egiteko?

Emakumeak ez gaudela parte hartzera ohituta, ez baitugu ikasi, eta, ondorioz, eremu pertsonalean geratzen garela. Arlo komunitariora salto egitean dago erronka, emakumeen prozesuek eskolen ostean ere jarraipena izan dezaten. Dena den, zenbait talde sortu dira eskoletako jardueraren ondorioz; ikastaroetan eratutako batzuek jarraitu egin dute formatzailerik gabe —literatura kritikoari buruzkoa, adibidez—, eta beste batzuk kalera atera dira —batukadak, pailazo talde bat...—.

Jabekuntzara bideratutako hezkuntza eskubide bat dela diozu.

Bai, hezkuntza, azken batean, eskubide bat delako. Baina txikitatik jasotzen dugun hezkuntzan ez dago emakumeen erreferenterik: gure historia bigarren mailakoa izaten da, eta emakumeak ez dira subjektu politiko moduan agertzen. Hezkuntza sistemak gabezia handia du hor: gizonentzat dago antolatuta, neskek ez dute erreferenterik. Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasun legeak dio kontuan hartu behar direla emakumeak eta haien historia, baina praktikan ez da gertatzen: formakuntza falta zaie irakasleei ere.

Bizkaian lau eskola daude, baina hiriburuan, ez. Bilboko mugimendu feministak urteak daramatza emakumeen etxe bat eta jabekuntza eskola bat eskatzen, baina udalak ez du urratsik egin. Beharrezkoa al da?

Bai, guztiz; Bilbon, eta herri guztietan. Eta leku batzuetan, etxe edo eskola bat baino gehiago beharko lirateke. Sarritan ez da diru kontua, baizik eta kontzientzia kontua. Eta kontzientzia falta da.

BERRIAn argitaratua (2018/10/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA