kirola
JUAN MARI JUARISTI
«Partida txarra denean bakarrik oroitzen da jendea pilotarekin»
Imanol Magro Eizmendi

Pilota hautatzaile kargua utzi duzu. Lasaiago bizi zara orain?
Bai, askoz, baina hutsune bat daukat. Hamahiru urtean [2003an hartu zuen kargua], egunero-egunero pilotekin gora eta behera ibili naiz, aukeraketa, partidak... Orain hori dut faltan, baina ohituko naiz.
Enpresekin ez zinelako akordio batera iritsi utzi duzu, ezta?
Bai. Enpresei esker ona adierazi nahi diet, harreman ona izan dugulako. Baina hiru urtetatik hona beherakada handia izan da baldintzetan. Ez bakarrik niri, intendenteei, langileei, pilotariei... guztiei. Orduan, eskaintza egin zidatenean, ez nuela segituko esan nien, baina azkenean onartu egin nuen. Oraingo honetan beherakada handiagoa izan da, eta iritsi da unea non gauza ona txarra baino gutxiago den, eta hor, «eskerrik asko guztioi, eta hurrengora arte».
Begira, nik pilotari asko zor diot, dirua eman dit, ateak ireki dizkit... Nire buruko minak ere pasa ditut, baina tira, banekien zertan sartzen nintzen. Dena den, pozik noa, onera utzi dut, eta ateak irekita daude. Enpresei eta Peñagarikanori esan diet, zerbait behar izanez gero, laguntzeko nagoela.
Seme edo alaba batentzat nahiko al zenuke ogibide hori?
Hau ez da ogibide bat izan niretzat, gehigarri bat izan da, gehigarri on bat. Nik, pilotari profesionala nintzenean ere, beste lan bat nuen. Profesionala izan naiz prestaketan eta dedikazioan, baina jaten ez dit pilotak eman. Eta, semea hautatzaile? Ahalko banu ez, baina berak erabaki beharko luke.
Nola esplikatu zale bati pilota bera zein puntura arte den garrantzitsua jokoan?
Ulertzeko pixka bat jakin behar da, eta pilota gustuko izan. Nik 13 urte hauetan ikusi dut jende askok ikusten duela pilota. Kalean emakumeek edo aitonek esan izan didate. «Atzo ze pilota jarri huen?». Ez dakit jendeak asko ulertzen duen edo asko jarduten duen. Pilotaren eragina handia da, eta aldarrikatu egingo dut. Partida ona denean inork ez du pilota kontuan hartzen. Partida txarra denean bakarrik oroitzen da jendea pilotarekin. Hain garrantzitsua bada, balorea eman behar zaio. Horregatik ez naiz baloratua sentitu azken hiru urteetan, nik enpresei esan nien. Hain erraza bada, proba zezatela eurek.
Nola beharko luke sistemak eztabaidak saihesteko.?
Pentsatua dut. Garbiena litzateke aurreko astetik nik jakitea non jokatuko diren hurrengo partidak, nork jokatuko duen jakin gabe. Ni hara joan eta loteak jarri. Nik emango nituzke pilotak, pilota egiletik zuzenean. Tira, intendenteak ere beharko lirateke, pilotak prestatu, mimatu eta zaintzeko. Hori ere lan zaila da. Lan horretan ezagutu dudan onena Salva Bergara da. Hark adina ulertzen duenik ez dut ezagutu.
Zergatik ez da hala egiten?
Ni enpresa naizen aldetik, ikuskizuna ematea interesatzen zait. Pilotariek dohain batzuk dituzte, eta askori lagundu egin behar zaie ikuskizuna ematen. Nola? Kidearekin, sakearekin... Eta pilotarekin. Pilota ez da, hartu eta jokatu, eta intendenteak horretarako daude, jokoa orekatzeko. Eta nik, hautatzaile naizen aldetik, piloten gorabeherak orekatu behar ditut. Hori bai, pilotaria figura izateko pilotaren zain badago, gaizki dabil. Figura denak edozein pilotarekin jokatuko du.
Ikuskizuna izan duzu buruan?
Bai, niri gorriek edo urdinek irabazi bost axola. Ni partida ona izateak arduratzen ninduen.
Pikarokeria ikusi al duzu? Alegia, nahita partida bat asko baldintzatzen saiatzea?
Pikarokeriak baino gehiago, anekdota asko. Pentsa, behin Iruñean, bi anaia, olaizolatarrak. Bat Zearrarekin, bestea Otxandorenakin. Asier kexatu egin zen, eta azkenean pilota bat aukeratzeke utzi zuten protesta moduan. Pentsa, bi anaia, etxe berekoak, enpresa berekoak, bizimodu ia gehiena elkarrekin, eta sestra. Ze zaila den. Pilota aukeraketara joan eta haserrea, hori baino pikarokeri handiagorik ba al da?
Jende askok uste du pilota aukeraketa marketin ekitaldi hutsa dela, partida saltzeko.
Ez da hala. Pilotari buruz asko nekiela uste nuen, eta, behin hautatzaile hasi nintzenean, beste mundu bat ezagutu nuen. Zortea izan nuen jende ona izan dudalako alboan. Zintzoa, noblea, Roberto Garcia Ariño. Eta zortea ere bai, pilota kontuan, zaintzeaz, prestatzeaz, maneiatzeaz... Gehien zekiena, Salva Bergara. Lehen Antton Maiz zegoen, eta haren ordez Martin Alustiza, profesional handia hura ere, pilota ezagutu eta sentitzen duena. Talde bat egin genuen, bakoitza bere joerekin, baina talde bat. Ni beti saiatu naiz euren lekuan jartzen, eta eurak nirean. Filosofia bat genuen, eta jokoa hobetu dugula uste dut.
Inoiz ez al zaizu gertatu, intedenteek pilota onik ekarri ez, eta pilota aukeraketa bertan behera uzteko gogoa edukitzea?
Hamahiru urte hauetan hiru egoeratan pentsatu izan dut: «Ni hemen zertan nago?». Dena uzteko intentzioa izan dut. Ez zen aspaldi gertatu, bi pilotari enpresa berekoak, eta garbi-garbi ikusten nuen zein tendentzia zuen enpresak. Izan ere, enpresak ere baditu bere interesak. Nik pilota gehiago eskatu, eta ez, gehiago, eta ez... Joera nabaritzen duzu. Hori da nahi duzuena? Bada, ez nire gustura. Hautatu eta kexa bidali nuen.
Zailagoa al da lana bi pilotariak enpresa berekoak direnean?
Askotan bai. Sestra handienak, normalean, bi pilotariak enpresa berekoak zirenean izan ditut.
Frontis enpresa, bere garaian, pilota uniformizatzen saiatu zen. Hori posible al da?
Ez. Pilota guztiak ezin dira berdin egin. Tenisean, adibidez, pilotak aldatu egiten dituzte. Tenislariek hiru hartu eta bat baztertzen dute. Zergatik? Badu zerbait, eta pilotan are gehiago.
2003an hasi zinenetik pilotak asko aldatu al dira?
Bai! Hasi nintzenean Cipri ere bazegoen, eta gero Punpa etxea sartu zen. Bere garaian hobekuntza iruditu zitzaidan, ondo sartu zen, hoberako, baina gero hartu zuen bidea... Ez berarengatik, baizik eta hura fabrikantea delako, eta fabrikanteak bezeroak eskatzen diona egiten du. Punpako arduradunari esaten nion: «Ander [Ugarte], zure nortasunari heldu iezaiozu, pilota ona egiten ari zara». Eta nik uste dut enpresek pixka bat mareatu egin dutela.
Binakakoan ikusten ari da, eta iritzi gehienak bat datoz, egun pilota biziak erabiltzen direla.
Bai. Niretzat egun ez dago pilota baxurik, azkarra dago, edo, bestela, bizia. Gaurko pilotariek hori eskatzen dute, eta enpresek eman egiten diete. Hor arrisku bat dago, eta hori saihestea nire helburuetako bat izan da. Eskatzen duten guztia ezin diezu eman pilotariei, hala jarraituz gero, desorbitatu egingo delako. Dena den, pilota horrekin pilotariek ikuskizun handia ematen dute. Hori bai, aldeak handiak badira, pilota horrekin are nabarmenagoak dira, eta orduan hasten da jendea hitz egiten. Pilota bizi horiekin partida ona irteten bada, 21nakoak eta: «Hori bai pilota ederra, hori abiadura...». Aldiz, 15-2 badoaz: «Pilotak botea du, ezin da jokatu, txapelketa izorratzen ari da...».
Egun bereziki txarrik oroitzen al duzu?
Bai, bai... Izan dira, bat oso... Bere azalpena izango zuen... Donostiako torneoko finala: Titin-Goñi III.a eta Xala-Pascual, laurak enpresa berekoak. Pilotalekua beteta. Titin eta Goñi ia egunero jokatzen ari ziren, eta, finalean, Xala eta Pascual fresko-fresko zeuden. Xala eta Pascual hirutik aritu ziren, eta errebotea eta errebotea ?2004an, 22-13 irabazi zuten?. Sentsazio oso txarra izan zen.
Hori markatua duzu.
Eta beste bat ere bai: 2. Mailako binakako finala, Jaka-Rezusta, eta Victor-Merino I.a, Iruñean. Rezustak nahieran ibili zuen pilota... Aukeraketan ez zirudien, baina... Merinok ere ez zuen eskua ondo, eta Rezusta hirutik ibili zen ?2014an, Jaka-Rezustak 22-4 irabazi zuten?. Labriten pilota jartzea zaila da, jan egiten du.
Pilotariren batekin izan al duzu liskarrik edo tentsio unerik?
Ez, maila pertsonalean ez. Sentitu, berriz, bai, baina gutxitan. 13 urtean pilotariekin harremana hartu dut. Pilotariek kontratu eta kontuak tituluen arabera dituzte, eta euren numeroak jokoan dituzte. Baina ni ez nago horretarako. Nik kexak entzun ditut, eta nire jarrera azaldu izan diet.
Protestek min eman al dizute? Pilotari oso kexatiak egon dira: Lasa III.a, Goñi III.a, Titin, Irujo...
Bai. Tira, Juanen kasuan, oso noblea da, eta burutik pasatzen zaiona botatzen du. Gure uneak izan ditugu, gauzak diren bezala. Baina orain esan duzula, niretzat, gehien kexatu dena, Oskar Lasa izan da. Lasa lehiakorra zen, eta pilota hautaketan hasten zen partida jokatzen. Nahiz eta gauza bat pentsatu, bestea esan. Ezagutu dudan konpetidore handienetakoa izan da Lasa III.a, eta Fernando Goñi. Konpetidoreak. Oroitzen duzu Goñiren esaldi hura? Irujorekin finala jokatu zuenean Olaizola II.a-Mendizabalen aurka? «Tronkomobilak» zirela pilotak [harriketarren autoa], bada, pilota horiekin izan ziren txapeldun. Bikote bakoitzak besteak aukeraturiko pilotekin jokatu zuen.
Askotan esan izan da, aukeraketatik partidara pilotak aldatuz gero, pilotariak ez liratekeela ohartuko.
Askotan ez. Pilota asko aldatzen da. Zenbat aldiz gertatu da aurkariaren pilotarekin jokatzea epailea nahastu egin delako?
Aitzakia bat ere bada pilota.
Bai, baina Goñi edo Lasaren kasuan, esaterako, hori lehiatzeagatik zen. Zuk jokoa baduzu, edozein pilotarekin jokatuko duzu.
Garai batean asko aipatzen zen 'Olaizola II.aren pilota', ia berarentzat espresuki egiten zela. Hori mito bat zen?
Olaizolak egin duen aldaketa ez du inork egin, botetik airera. Baina irabazi dituen txapelketetan bere pilotekin eta aurkariarenekin jokatu du. Olaizolak bere pilota zuen, eta aurkariak berea. Olaizolak pilota guztiekin jokatzen du, baina egia da pilota harekin min gehiago egiten zuela. Olaizolak aurkariek eskatzen zuten pilota haiek baino biziagoak darabilzki orain. Edozein pilotarekin jokatzeko klasea du hark, figura da.
Barriolak zure lanaren defentsa publiko sutsua egin zuen behin. Errua ez zela zurea, baizik eta pilotak jartzen zituenarena.
Olaizolaren aurka Bilbon jokatu zuen partida batean izan zen, lau t'erdian. Eskertzen diot keinua, baina ez nago horren zain. Begira, partida bat egon zen, 2004an, Errege egun bezperan, Tolosan: Irujo-Lasa III.a eta Olaizola II.a-Armendariz. Entzun ditudan kexa handienetakoak egon ziren aukeraketan, eta gero 22-21 bukatu zuten, eta partida galanta. Hurrengo eguneko kronika horrela titulatu zuten: Eta hori pilota txarrak zirela!
Anekdota asko izango zenituen. Bateren bat barregarria?
Bai, Lasa III.arekin bat. Olaizola I.a-Ruiz eta Xala-Lasa III.a, 2002 edo 2003an. Saskia lurrean zegoen hamar pilotekin, eta hara joan zen Lasa, eta, ikusi zituenean, imintzio eta keinuka hasi zen, «ze pilota dira hauek!», esanez bezala, oso ageriko, eta ez zituen ezta eskuan hartu ere! Are gutxiago botea eman edo pilotakadarik jo! Denak barrez hasi ginen.
Atano XIII.a ere bazara. Atanotar bat atera al daiteke pilotatik?
Harro nago Atanotarra izateaz. Ohorea da. Saiatu naiz izen hori ondo uzten. Nik iloba bat dut jokatzen duena, ikasten ari da, eta beti esaten diot ikasketak lehenesteko. Azkoitian, hori bai, beherakada ikusi dut. Nire sasoian 23 pilotari profesional zeuden, eta orain bat ere ez. Baina tira, zikloak dira, orain Tolosaldean eta Goierrin irteten dira. Azkoitian Andueza VI.a ari da lanean, eta ziur nago fruituak emango dituela.