astekaria 2018/10/19
arrowItzuli

gizartea

Aralarko altxorrak agerian

Karmele Uribesalgo Alzola

Aralarko altxorrak agerian

Mundua leku den lurra. Horixe da Aralar, hari buruzko dokumental bat egin dutenen esanetan. «Aralarren izaera eta gertutasuna islatu nahi izan dugu izenburu horrekin», azaldu du zuzendarietako batek, Aloña Jauregik. Etzi estreinatuko dute Aralar: Mundua leku den lurra dokumentala. Donostiako Principe aretoan izango da lehen emanaldia, 19:30ean.

Landarlan ingurumen elkarteko kide batzuen arteko elkarrizketa batetik atera zen ikus-entzunezko lana egiteko ideia; mundu fisikotik geroz eta aldenduago bizitzearen sentsazioa zuten, eta Aralar leku kuttuna badute ere, planteatzen hasi ziren zein puntutaraino ezagutzen zuten. Gogoetaren ostean, ingurumen elkarteko Aloña Jauregi, Ion Fontenla eta Garazi Auzmendi ideia garatzen hasi ziren. «Hasieran lan xume bat egiteko asmoa geneukan, baina On Produkzioak etxeko Iban Toledok esan zigun ausartagoak izan behar ginela», aipatu du Jauregik. Proiektua aurkeztu ziotenean Toledo ere zuzendaritza taldera batu zen: «Behin horrelako lan bat egiten hasita, kalitatezko produktu bat egiteko beharra ikusi nuen. Parke naturala sekulakoa da, eta, osorik erakusteko, baliabide egokiak erabili behar dira». Helburua argi zuten: jendeak parke naturala sakonago ezagutzea eta sentsibilizatzea. «Haren zaintza denon esku dago, eta denok sentitu behar gara Aralarko etorkizunaren arduradun», adierazi du Jauregik. 85 minutuko dokumentalean saiatu dira ideia horiek biltzen.


Ataungo haitzartea, dokumentaleko irudi batean. / OnProdukzioak

Laurek osatu zuten lantaldea; Toledok, Jauregik, Fontenlak eta Auzmendik. Ikus-entzunezkoetan aditua Toledo zen, eta gainontzekoek ez zeukaten esperientziarik horrelako proiektuetan. Hala ere, «ikaragarrizko» taldea egin dutela aitortu du Jauregik. Izan ere, grabaketa lanak ez dira errazak izan. 2017ko apirilean hasi ziren, eta 2018ko uztailean amaitu zuten. 70 irteera inguru egin dituzte Aralarrera, eta tartean, eguraldiaren gorabehera ugari izan dituzte. «Urtaro guztietan grabatu dugu, eta horrek asko baldintzatu du grabaketa; ahalik eta gehien aprobetxatu behar genuen denbora, aste gutxian zeharo aldatzen baita paisaia», azaldu du Toledok. Argi izan dute hasieratik jasangarritasunaren alde egingo zutela. Hori dela eta, kasu gehienetan, astoan garraiatu dituzte beharrezkoak ziren baliabide guztiak -hiru irteera egin dituzte motordun ibilgailuekin-. Jauregik adierazi du naturarekiko errespetua dela erabaki horren funtsa: «Izugarri maite dugu Aralar, eta ematen zaion erabilera traketsa da dauzkagun arazoetako bat». Bestalde, autoz iritsiko ez liratekeen tokietara joateko aukera izan dute astoekin, eta hori ere abantaila izan da.

Edukiari dagokionez, adituen hitzak bildu dituzte, eta lau bloketan banatu: geologia eta ur sistema, fauna eta flora, historiaurrea eta historia hurbila, eta balio immateriala eta kudeaketa. Aitziber Sarobe da dokumentalean azaltzen den adituetako bat. Biologoa da, eta Naturkoneko kidea. Dokumentala ahots ezberdinak entzuteko parada egokia iruditzen zaio Saroberi, baita interesgarria ere: «Jende, begirada, ezagutza eta bizipen asko batzen dira». Aralarrek natur kontserbazioaren aldetik dituen aukerak azaldu ditu dokumentalean, baita arlo horretan dauden erronkak ere. Beharrezkoa deritzo parke naturalaren kudeaketaren eta jasangarritasunaren artean oreka izateari, eta hala azaldu nahi izan du ikus-entzunezkoan. «Aralar bezalako eremu babestuek oreka bat eskatzen dute kontserbazioaren eta ustiapenaren artean, eta horretarako beharrezkoa da eragile ezberdinek parte hartzea».

Ikuspegi ugari batu dituen lana bada ere, Aralarkoa ez da ohiko dokumental bat; Toledok azaldu duenez, «erreportaje soil» batetik harago joan nahi izan dute. Horretarako, fikziozko istorio batek lotzen ditu adituen kontakizunak. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek idatzi dute testua. Horren bitartez, ametsezko mundu batera bidaiatzen du ikus-entzuleak. Zuzendariek azaldu dutenez, istorio iradokitzailea da, eta gogoetarako gonbita egiten du.


Iban Toledo zuzendari eta argazki zuzendaria, urmael batean. / OnProdukzioak

Dokumentalean irudiek indar handia dute, baina musikak ere izugarrizko garrantzia duela adierazi dute zuzendariek. Pello Ramirez arduratu da soinu banda konposatzeaz. Ikus-entzunezkoaren zenbait alor jorratu ditu. «Musikan misterioak asko erakartzen nau, eta uste dut Aralarrek baduela kutsu hori; leizeek eta gailurrek hori transmititzen didate». Urtaroekin eta faunarekin ere jolastu nahi izan du Ramirezek, eta horiekin lotutako soinuak biltzen saiatu da. «Batak besteetatik nahiko desberdinak dira, eta aniztasuna dagoela esango nuke». Soinu ingeniari bezala, Victor Sanchez aritu da. Ramirezek aitortu du lan handia egin behar izan dutela, baina asko ikasteko balio izan diola. Kolaboratzaile moduan aritu dira Errenteriako (Gipuzkoa) Zaria koru eskola -Imanol Elizasuren zuzendaritzapean-, eta Angel Unzu gitarra eta perkusioarekin.

Behin lana amaituta, sentsazio onarekin gelditu dira zuzendariak eta bestelako parte hartzaileak. Hala ere, publikoaren iritziaren zain daudela diote. Egina dute jada emanaldi bat inguruko jendearentzat. Ikusleen irudipenak jasotzeko asmoarekin egin zuten. «Horrenbeste denbora proiektu batean murgilduta egon ostean, perspektiba galtzen duzu», aitortu du Jauregik. Hori dela eta, 30 bat pertsona inguru batu, eta dokumentala erakutsi zieten: «Jendeak gustura ikusi zuen, eta harrituta gelditu ziren dokumentalaren kalitatearekin».


Jaxinta astoa izan dute lagun Aralarren materiala batetik bestera eramateko. / OnProdukzioak

Etzi Donostiako Principe aretoan egingo duten estreinaldiaren ondoren, beste hainbat aretotan egongo da ikusgai dokumentala: Beasainen, Ordizian, Iruñean, Tolosan, Zumarragan, Bilbon eta Hazparnen, besteak beste. Filmaren zuzendariek areto handietara joateko gonbita egiten diete ikusleei. Izan ere, kalitate handiko baliabideekin grabatutako dokumentala izanik, interesgarria deritze detaile guztiez gozatzea. Hala ere, ez dituzte gutxiesten herri txikietan egingo diren proiekzioak eta horietara ere «oso gustura» joango direla adierazi dute.

BERRIAren bitartez ere eskuratu ahal izango da dokumentala. Abenduaren 15ean eta 16an egunkariarekin batera banatuko da, digipack formatuan: dokumentala USB euskarrian eta Ramirezen soinu banda CD batean. Durangoko Azokan ere salgai izango du BERRIAk, eta emanaldietan eskuragarri izango da.


Hainbat urtarotan grabatu dute dokumentala. 70 igoera egin dituzte Aralarrera. / OnProdukzioak

BERRIAn argitaratua (2018/10/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA