astekaria 2018/10/19
arrowItzuli

gizartea

Ahotsa ozentzen ari dira

Arantxa Iraola

Ahotsa ozentzen ari dira

Abisua eman dute solasean hasi aurretik. «Ez da komeni gaixotasuna hitza erabiltzea». Buruko nahasmenduez aritzea nahiago dute: arazoez. Arbuiatu egiten dute buruko gaixoa izendapena: atzean duen zama guztiagatik. Eguneroko bizitzan, egunik gehienetan, ez baitira eri sentitzen. «Nik ondo egiten ditut bolada luzeak, baina gaizki ere egon izan naiz. Nik esaten dut erotuta egon naizela, eta berriro egon naitekeela, baina orain ondo nago». Iñigo mintzo da; ez du deiturarik eman nahi. Mahaiaren bueltan harekin bildu diren gainerakoen gisan, buruko nahasmendu bat du. Gainerakoak Yolanda Barreiro, Mikel Merino eta Aitor Sastre dira. Abizenik eman gabe, Nuria eta Josune. Seirak buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako Agifes elkartean eratu berri duten lehen pertsonako batzordeko kideak dira. Nahasmenduak dituzten pertsonak elkartu eta ahalduntze aldera, indarra hartzen ari dira tankera horretako elkarteak gaur egun. Ozendu egin nahi dituzte buruko osasunaren sareko erabiltzaile gisara dituzten aldarriak eta kezkak: lehenbiziko pertsonan, beren esperientziatik.

Estigma. Buruko arazoekin lotuta agertzen da usu, eta, batzorde barruan, hor dute lanketarako zioetako bat. Hor baitago mamua: beltz. «Estigma igartzen dugu, eta ondorioetako bat autoestigma da», onartu du Merinok. Ondo daki lotsa zer den. «Nik hamalau urte egin ditut diagnostikoa ezkutatzen: ez da normala. Baina ez naiz bakarra. Kolektiboan hori da ohikoena». Txarrerako: «Zerbait ezkutatzen ari zarenean, hein batean, errudun sentitzen zara, eta hori bera eragozpena izaten da osatzeko».

Kezkarako beste motiboetako bat ospitaleratuta egon direnetan izan dituzten esperientzietatik dator; salatu dute praktika arbuiagarriak erabiltzen direla. «Torturatzat har daitezkeen jardunak normaltzat hartzen dira», ohartarazi du Josunek. Ohera lotutako pazienteez ari da. Ohikoak dira halakoak? «Ohikoegiak. Era bidegabean lotzen da sarri jendea erietxeetan, Konstituzioa bera urratzen da, era guztiz amoralean».

Hobera egin daitekeela diote, badirela esperientziak. Merinok esan du arloko profesionalak jokatzeko beste modu batzuetarako prestatu behar direla horretarako. Usu, fede onez ari direla uste du, baina jarduteko beste era batzuetan trebatzea falta zaiela, beste begirada batekin jardutea. «Izan ere, buruko osasuneko profesionalak diren arren, aurreiritziak dituzte, eta gaiari buruzko eskema jakin batzuk buruan: gizartetik edandakoak». Andaluzian, Katalunian... Hainbat osasun sistematan hobera egin dela diote, paziente gutxiago lotzen dituztela orain, eta lor daitekeela jarduteko era hobe bat Euskal Herriko erietxeetan ere. «Inor ere ez lotzea ez da kimera bat; jarrera onarekin, eta laneko kultura aldatuta, lor daiteke», nabarmendu du Merinok. Josune: «Pertsona batek krisi bat duenean, behar duen azkena lotzea da; seguruenera, gehiago behar du norbait ondoan izatea. Beste estrategia batzuk erabili behar dira, ikuspegi humanista batetik».

Zangoetatik lotuta eduki zuten Barreiro erietxean eduki zutenean. Ez da oso ondo akordatzen: «Izan ere, ni han ez nintzen ni; halako botikak sartzen dizkizute han: joanda bezala zaude zu». Esperientzia aski gogorra dela nabarmendu du Aitor Sastrek. «Hamar egun eduki ninduten lotuta; inolako erreparorik ez dute izaten jendea lotzeko orduan». Merinok dio ondorioak zinetan larriak direla: «Pentsa ezazu horrek zer sorraraz dezakeen zure barruan. Pentsatzen duzu: 'Lotu banaute, ni lotzeko beharra egon bada, zein gaizki portatu naizen, zein gaiztoa naizen...'. Eta, ez. Beti saihestu daiteke,eta zenbaitetan, gainera, funtsik gabea da».

Ez dira lotutako pazienteez bakarrik ari. Ospitaleratzeetan jasotzen duten tratuan, oro har, aldagai bidegabeak ikusten dituzte. Oso kritikoa da Josune: «Ospitaleratuta zaudenean, ez zara existitzen; kexa bat jartzera ere ezin zara mugitu. Eta, zenbait ospitaleratze motatan, bakartu egiten zaituzte; aldi batean ezin duzu bisitarik izan, ezin duzu telefono deirik izan, ezin duzu ezer izan. Baina zeri buruz ari gara? Non daude eskubideak?». Merino: «Eskubide urraketa bat dago hor. Eta, gainera, zera duzu buruan: 'Zintzo portatuko naiz, ez dadila hau luzatu'». Eskubideen dekalogo bat nahi dute: osoa. Josune: «Idatzita daude zigorrak, egin ezin direnak. Baina egin daitezkeenak? Non daude horiek?».

Botikak uzteko arriskua

Botikekin ere kezkatuta daude. Badituzte esperientzia positiboak. Hara Barreirorena: «Nik izan dut aukera hartzen ditudan botiken gainean negoziatzeko. 'Hau kendu egingo nuke: logura ematen dit...'. Era horretan, botikak kenduz joan naiz. Hori bai, ez nituzke kenduko guztiz: inoiz ere ez». Hara Nuriarena: «Orain, haurdun nago. Izan dut aukera botikez solastatzeko medikuarekin». Baina denek ez dituzte hain esperientzia onak. Autonomia handiagoa nahi dutela esan du Merinok. «Diagnostiko psikiatriko bat duen pertsonak ematen du ezin duela aukerarik izan botika bat urritzeak ekar ditzakeen arriskuak bere egiteko. Baina arriskurik gabe, ez dago onurarik. Arriskurik hartu gabe, ez duzu inoiz lanpostu bat utzi eta beste bat hartuko, edo etxe bat erosiko... Erabakiak hartu behar dira», azaldu du. «Badakit: medikuak askotan presiopean daude. Familiak daude alde batetik. 'Ez ezazu ukitu', esaten dute maiz haiek. Baina beldur hori zuk pairatzen duzu, nahigabeko ondorioekin, bizitza laburragoarekin, bestelakoekin...».

Suizidioaz ere ozenago hitz egin beharra aldarrikatzen dute. Barreiro: «Naturaltasunez hitz egin behar da suizidioaz. Inork bere buruaz beste egiten badu, hor atzean pairamen handia dagoelako egiten du. Hor ja zaila da deus egitea. Baina fase horretara heldu aurretik, jendeak sentitu behar du aukera duela suizidioaz hitz egiteko, eta laguntza eskatzeko». Josunek esan du laguntzak azkarra eta osoa izan behar duela kasu horiek saihesteko: ezin da hurrengo kontsultara arte zain egon. «Ezinbestekoa da sarean lan egitea. Pertsona horrek sare bat behar du: heltzeko sare bat. Itxaropenaren telefonoaren antzeko zerbaiti buruz hitz egin izan dugu, trebakuntza duten pertsonek artatuko luketen zerbaiti buruz». Hasiak dira, beren artean, arta ematen ere. Igaroa da pentsamendu ilunenetatik Barreiro, eta argi du laguntza bizkorra eta egokia jaso zuelako dagoela bizirik: «Bi edo hiru hilabete behar izan banitu, ez nengoke hemen».

Badira pazienteek bakarrik osatutako elkarteak. Lehen pertsonako batzorde honetan, Agifesen, familiekin batera ari dira, profesionalekin. Merinok onartu du eroso daudela. «Lubakietan sartu gabe», adierazi du. «Ikuspegi ezberdinetatik eraikitzea da helburua, besteengana hurbiltzeko ahalegina egitea, zeure egiara lotuta geratu gabe».

BERRIAn argitaratua (2018/10/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA