politika
ETAren biktimak, baina ez herrarenak
Enekoitz Esnaola
Maria Jauregi
Sufrimendutik, begirada zabala
»Nik 19 urte neuzkan ETAk aita [Juan Mari Jauregi] hil zuenean. Lagunekin Leitza aldera asteburu bat pasatzera joan ginen, eta han harrapatu ninduen berriak. Ez nuen ulertzen zergatik hil zuten, baina guk etxean hori sekula ez dugu bizi izan gorrotoarekin. Txikitatik giza eskubideen eta errespetuaren balioekin hezi izan naute.
»1994an Gipuzkoako gobernadore zibil sartu zenean, aitaren helburuetako bat atxilotuen tortura salaketak-eta ikertzea, salatzea eta argitara ematea izan zen. Gero, eta dagoeneko karguan ez zegoela, Lasa-Zabala auziko epaiketan egon zen [1999-2000]; Madrilera joan zen, deklaratzera. Galindok bota zion begiradagatik, aitak esaten zuen ez zekiela nork hilko zuen: ETAk edo Galindok. Auziko epaia 2000n atera zen, Galindo-eta zigortu egin zituzten, eta, ondoren, ETAk aita hil zuen, urte berean, uztailean.
ETA-REN BIKTIMAK
»Ez zait inoiz gustatu komunikabideetan ateratzea. Aitaren aldeko omenaldietan beti kameretatik urruntzen nintzen. Nire ama [Maixabel Lasa] azaltzen zen jendaurrean, eta Eusko Jaurlaritzan Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari izan zen, gainera. Ibarretxek deitu zion, eta animatu egin nuen baiezkoa ematera, ondo etorriko zitzaiolako beste biktima batzuekin hitz egitea. Neu, berriz, aurten animatu naiz hedabideetan azaltzera. Uztailean, berriz, Twitter kontua sortu nuen, eta abuztuan Javier Marotoren [PP] adierazpen bati erantzun egin nion. Txioak oihartzuna izan zuela ohartu nintzen.
»PPk biktimen izenean hitz egiteak amorrua eman izan dit, eta hori publiko egitea erabaki dut; erantzun egin nuen azkenerako. Ez ditzala ETAren biktimak erabili. Amak animatu nau iritzia jendaurrean ematera. Badaki nola pentsatzen dudan, eta uste du ekarpen bat egin dezakedala.
»Ez naiz biktima naizela esan zalea batere. Nire iritziak ematen ditut, baina esan gabe zeinen alaba naizen. Huelvan [Espainia] bizi nintzela, ETAren atentatu bat gertatzen zenean hango batzuek esaten zuten egileek gauza bera merezi zutela, eta nik esaten nien ezetz, egileak bezalakoa izatea dela hori. Aita hil ondoren ere berdin erantzuten nien. Maria gisa jarduten nuen, ez Maria Jauregi Lasa gisa. Erantzuten zidaten esateko hori biktimei. Behin bati esateko beharra sentitu, eta esan nuen: 'Ez daukat inori esan beharrik. Nire aita ETAk hil zuen'. Barkamena eskatu zidan.
»Kuadrillan gehienak ezker abertzalekoak dira. Legorretakoa dut kuadrilla. Beti errespetatu izan naute, ez naute sekula baztertu. Biktima batzuek sentitu izan dute bazterketa eta hemendik alde egiteko gogoa. Guk lagunartean ez dugu, agian, gai hauez behar bezainbeste hitz egin, ez ditugu eztabaida asko izan; igual, saihestu egin dugulako eztabaidatzea.
»Espero dut ez naizela izango horrela pentsatzen duen bakarra. Biktimen elkarte asko daude, baina hedabideetan gehienbat handiak agertzen dira. Haietan ez daude biktima guztiak, ordea. Asko ez gaude elkarteetan, gainera. Guk ez dugu gogorik izan batean edo bestean egoteko. Eta baztertu egin dugu aitaren izeneko fundazio bat-edo sortzea; beharrik ez daukagu horretarako.
INDARKERIA
»ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuenean [2011], lasaitasuna sentitu nuen; 'bukatu da', nioen neure artean. Atentatu gehiagoren mehatxua desagertu zen. Lehenago utzi behar zuen ETAk, baina aurrera begiratu beharra dago. Heldu zen erabakia, eta aurrera. Amari bizkartzaina kendu zioten. ETAren armagabetzean eta bukaeran baino lasaiago geratu nintzen ni 2011n.
»Ezker abertzaleari autokritika egiteko eskatzen zaio, eta egin beharko luke. Onartu behar du ETAk egin duena ez dagoela ondo. Pertsona bat hiltzea ez dago ondo. Hilketa guztiak daude gaizki. ETAk atera zuen adierazpen bat eragindako kalteaz; samin handia aitortu zuen. Positiboa da, baina motz geratu zen, biktimak desberdindu zituelako barkamena eskatuz parte hartze zuzenik izan ez dutenei; eta besteei ez?
»Baina ETArena egon den bezala, torturak ere egon dira polizien aldetik, estatu terrorismoa egon da. Eta Espainiako Gobernuari ere eskatzen diot barkamena emateko eta aitortza hori egiteko. Hori egiteak asko lagunduko luke elkarbizitzarako. Guztiaren gainetik daude giza eskubideak.
EUSKAL PRESOAK
»Presoak bere zigorra etxetik gertueneko kartzelan bete behar du, ez ehunka kilometrora. Familiak ezin du zigor hori izan. PPri zer axola zaio presoak zigorra Euskal Herrian edo kanpoan betetzea? Espetxe politikaren helburuetako bat gizarteratzea baldin bada, presoak etxetik ahal den hurbilen egon behar du.
»Aznarren gobernuak presoak gerturatu zituen. Orain PP kontra dago. Koherentzia falta da hori. Baina berriki PPren politikaren aurka agertu dira biktima eta elkarte batzuk, eta egotzi diote ez erabiltzeko biktimak. Gauza bera pentsatzen dut. Pauso berri bat delakoan nago.
»Ez alde batera, ez bestera, gobernu batek ezin du erabaki bat hartu biktimek halako iritzi dutelako, eta presoak gerturatzeko, gainera, legea bete baino ez du egin behar gobernuak. Ausardia handiagoa izan behar du. Hurbilketa ez da kontzesioa.
GIZARTERATZEA
»Pertsona guztiok eskubidea dugu egin dugunaz damutzeko, eta, pertsona batek gogoeta prozesua egin badu, zergatik ez zaio eman behar bigarren aukera? Nire aitaren hilketarekin lotura duten bik egin dute prozesu hori, onartu dute gaizki egindakoa, eta babesten ditut haiek gizarteratzeko neurriak. Baina preso bat gizarteratzeko, gogoeta hori ez ezik, beharrezkoa da ere hura etxetik gertueneko kartzelan egotea, eta, gutxienez, bigarren graduan, legebidea beteta kalera ateratzen hasteko baimenekin edo baldintzapean. Nik uste Langraiz bideak funtzionatu zuela. Zergatik ez orain antzeko zerbait?
»Ez naiz inoiz egon aitarenarekin lotura duten bi kide horiekin. Ama bai. Zalantzak zituen nola erreakzionatuko zuen, baina haiekin egon ondoren lasaitua hartu zuen. Ikusi zuen ez zeudela harro egindakoaz. Ez zekiten zein zen nire aita, ez zekiten ezer aitari buruz. Neuri inoiz ez zait suertatu haiekin egotea; uste dut egongo nintzatekeela. Barne gogoeta bat eginda, gizarteratzeko ahaleginak egiten ari dira.
ELKARBIZITZA
»Aitari asko gustatzen zitzaion mahai baten bueltan jende desberdinarekin eztabaidan jardutea. Gozatu egiten zuen. Zergatik ez dugu elkar errespetatuko? Landu dezagun elkarbizitza.
»Presoei herrietan ongietorriak egitea ez dut egokia ikusten. Pribatuan geratu beharko lirateke. Baina Vera eta Barrionuevo GAL auziagatik kartzelara sartzear zirela gobernuak egindako agurra ere ez nuen ondo ikusi; Felipe Gonzalez bera joan zen atarira, besarkada ematera. Delituegileak ez dira goratu behar, ez batekoak, ez bestekoak. Formak zaindu behar dira, biktimak ez mintzeko.
»Neu ez naiz sekula egon euskal preso baten edo GALen biktimen senide batekin. Ama bai. Ez dut arazorik egoteko. Bakoitzak bere sufrimendua izan du, eta ona da enpatia izatea, bestearen lekuan jartzea. Elkarbizitzan aurrera egin nahi baldin badugu, ona da jarrera hori izatea.
Ezohiko gertaera bat jazo zen duela lau aste: ETAk hildako polizia baten semeak ekitaldi bat egin zuen Errenterian, EH Bilduko alkatearekin. Jose Miguel Cedillo (Sevilla, Espainia, 1979) da biktima hori. Elkarbizitzarako mezua du.
Maialen Andres, Foku
Jose Miguel Cedillo
Gorrotorik gabe bizitzen ikasi
»Orain dela zazpi urte deskubritu nuen aitarekin zer pasatu zen zehazki. Sevillan liburu denda batean Vidas rotas liburua ikusi nuen. Atarikoa irakurri, eta atentzioa eman zidan. Hartu egin nuen. Han ageri dira ETAk hildakoen datuak, xeheki. Tartean, aitarenak. Ordura arte oso gainetik nekien hari gertatutakoa. Ikusi nuen kasuan irregulartasun batzuk daudela, eta lotu gabeko hariak ere badaudela. Bestalde, txikitatik pairatu izan ditudan panikoari, antsietateari eta bestelako minei azalpen bat aurkitu nien liburua leitzean.
»Hiru urte nituen ETAk aita hil zuenean; Donostian bizi ginen, eta biharamunean Sevillara bidali gintuzten; orduan hasi zen nire oinazea. ETAren atentatu bakoitzeko larrialdi zerbitzuetara joan behar izaten nuen, orbanak ateratzen zitzaizkidalako txikitatik izan dudan traumarengatik.
ETA-REN BIKTIMAK
»Aitarena ikertzen hasi nintzen, biktimen elkarteak ezagutzen, ordura artean mundu horretatik aparte egon nintzelako kasuaren ezezagutzagatik. Ohartu nintzen 30en bat elkarte daudela. Gehiegi dira. Gainera, esango nuke batzuk hortik bizi direla. Nahikoa lirateke hiruzpalau elkarte, oinarri batzuk jarriz gero. Ikusi nuen elkarte handiek ez zidatela arretarik eskaintzen batere, eta neure kasa hasi nintzen gauzak mugitzen, Terrorismoaren Biktimen Legea-eta aztertzen.
»Nik, ETAren biktima baten seme modura, ez neukan lekurik legean. Nire sufrimendua ez zuten -eta ez dute oraindik- aintzat hartzen. Fernandez Diaz Barne ministroarekin biltzen saiatu ginen ama eta biok; astebete egon ginen ministerioaren atarian, zain. Egun batzuetara hartu, eta bost orduko bilera izan genuen. Baina ez zuen ezer egin, eta, azkenean, ezgaitasun iraunkor baten kalte-ordaina jasotzeko eskaini zidaten. Uko egin nion, nik nahi dudana biktimen lege barruan egotea delako. Haren ordezko Zoidok ez ninduen hartu ere egin. Ez nuen ulertzen deus. Sarri hitz egiten zuten egiaz, justiziaz, memoriaz eta erreparazioaz, eta ez nengoen biktimen artean.
»Gobernu aldaketarekin hasi dira gauzak aldatzen. Grande-Marlaska Barne ministroari idatzi nion, eta deitu egin zidan. Hartuko omen naute biktimatzat.
»Ezagutzen ditut nirea bezalako kasuak, baina ez dira borrokatzen. Aitaren aurkako atentatukoa da horietako bat. Ondorio berak ari da pairatzen. Esaten diot elkarrekin borrokatzeko, baina ez du aurrerapausoa ematen.
GATAZKA
»Duela hilabete Euskal Herrian izan nintzen, aita zena oroitzeko. Ekitaldi bat egin genuen Errenterian, Mugaritzen. Asko lagundu dit Julen Mendoza alkateak. Euskal Herrian izatean ohartu naiz han gauza gehiago ikusten direla. Handik kanpo, hedabideek eta eragileek erakusten dizutena dago. Euskal Herriaz askoz argazki orokorragoa dut orain, baita jarrera irekiagoa ere.
»Ezein motako indarkeriak ez du justifikaziorik, izan ETArena, izan GALena... Aita polizia zen, baina polizia gehiegikeriak ere izan direla esan didate, eta horiek ere ezin dira onartu. Indarkeriaren justifikazioaren atzean gorrotoa, herra eta mendekua daude.
»Presoen urrunketak ez dauka zentzurik. Zergatik egin behar dituzte haien senideek horrelako bidaiak? Politika horren atzean mendekua dago, izorratzeko gogoa. Presoak gerturatzea ez da espetxe onura bat, legeak baitio etxetik gertuen egon behar dutela preso. Onurak beste gauza bat dira: irteera baimenak, baldintzapeko askatasuna…
»PSOEren gobernuaren aurka egiteko gauza delikatu bat ukitu zuen PPk: biktimak. Baina batzuk atera gara esanez ez erabiltzeko biktimak. PPri ez zaio utzi behar gai hau orokortzen. Udan zioen presoen auzia dela-eta kalera ateratzeko prest dagoela. Neu ez nintzateke joango martxa horretara.
ELKARBIZITZA
»ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenerako neure baitan baneraman prozesu bat, hasiberri samarra. Hori osatzera etorri zen ETAk uztea.
»Mugaritzeko ekitaldiaren ondoren Sevillara bueltatu, eta batzuek galdetu zidaten ea gogoratu al nintzen aita hil zutenekin. Ez nintzen gogoratu, ez baitut gorrotorik eta herrarik, eta ez dut nahi mendekurik. Nik aita neukan gogoan, eta hura omendu nahi nuen. Nik uste aitak bat egingo zuela elkarbizitzaren aldeko mezuarekin. Hilketarekin zerikusia izan zuen preso bat aske geratu zen Parot doktrinaz Europak emaniko epaiarekin, eta une hark sortu zidan haserrea, baina segituan gainditu nuen, jadanik barne prozesua garatuxe nuelako.
»Elkarrekin bizitzea, errespetua izatea eta bestearen iritzia onartzea da elkarbizitza. Pausoak eman dira Euskal Herrian. Etorkizunak bestelakoa izan behar du: bakea eta elkarbizitza behar ditugu, gertatutakoa ahazteke.
»Itzuliko naiz berriro Euskal Herrira. Mugaritzeko ekitaldian izan ziren Fernando Buesa zenaren alabak, eta haren omenaldira joatekoa naiz, datorren otsailean.
2001ean Gorka Landaburu (Paris, 1951) kazetariaren aurkako atentatua egin zuen ETAk. Ikusmena eta hatz batzuk galdu zituen biktimak, «baina mingaina ez». Indarkeria oro beti gaitzetsi duela dio. Aukera ikusten du aurrerabiderako.
Jon Urbe, Foku
Gorka Landaburu
Indarkeriaren lekuko eta biktima
»Paristik Euskal Herrira 1972an itzuli nintzen, 20 urte nituela. Gure aita EAJren ideologo bat izan zen, eta Parisen ezagutu nituen Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manuel Irujo… Frantziako Errepublikaren balioak eta hezkuntza ere jaso genituen. Demokraziaren, tolerantziaren, bakearen eta errespetuaren balioak barneratu genituen.
»ETAren VI. asanbleakoa izan nintzen, 1972-1974an. Nire bi anaia lehenagoko ETAn egon ziren. Francoren aurka militatu genuen. Ez nuen indarkeriarik erabili, etxean horren kontrakoak izan garelako beti. Antifrankismoagatik sartu nintzen ETAn, eta borroka sozialengatik.
HEDABIDEETAN
»Franco hil ostean, komunikazioaren munduan hasi nintzen, kazetari; ikusten eta pentsatzen nuena esaten eta idazten. 1980tik aurrera Radio France-ren Baionako berriemaile aritu nintzen, eta hamar albisteetatik zazpi izaten ziren indarkeriarekin lotutakoak: ETAren bi adarrenak, Triple A-rena, BVErena, GALena… Horiez hitz egiten nuen, garbi.
»ETAk 1983an mehatxatu egin gintuen anaia Ander eta biok. Gutun bat bidali zigun, erabiltzen genituen terminoak ez erabiltzeko eskatuz. ETArekin hitz egin genuen biok, Donibane Lohizunen, eta ETAk ohartarazi zigun ondorioak izan genitzakeela. Hurrengo astean, Triple A-ren eskutitz bat jaso genuen, esanez komunistak ginela, Tejerorekin sartzen ginela, Cambio 16-ko egoitza erreko zigutela, eta Ander, Josu eta hiru anaiok hilko gintuztela. Gu kazetariak gara, gauzak kontatzen ditugu, eta garbi dugu: giza eskubideen urraketa bat giza eskubideen urraketa bat da.
ETA-REN ATENTATUA
»2001eko maiatzaren 15ean jasan nuen ETAren atentatua. Baina aurretik izan nituen erasoak. Behin, atentatua baino bi urte lehenago, semea etorri zitzaidan horma batean Landaburu txakurra jartzen zuela esanez. Semeak esateak gogaitu ninduen gehien. Horrez gain, buzoian gorbata beltzak jarri izan dizkidate, behebarruan ituak margotu, ordu txikietan telefono deiak etxean, molotov koktelak etxepean…
»Neure etxean gertatu zen atentatua, Zarautzen. Pakete bat ireki nuen, goian dudan bulegoan, eta lehertu egin zen. Nire lehen erreakzioa izan zen: ‘Harrapatu naute!’. Bakarrik nengoen, eta eskerrak. Eta zorte handia izan nuen, eztanda saihetsaldean izan zelako. Lehengusu bati deitu nion, anbulantzia eske. Begi batean ikusmena galdu nuen, hatz batzuk ere galdu nituen, baina bizirik nengoen.
»Ez naiz gizon ausart bat eta ez ezer, baina atentatuak are indartsuago bihurtu ninduen. Erietxean esan nuen ETAk mingaina behintzat ez zidala moztu, eta kazetaria naizela eta Euskadin geratuko nintzela. Bizkartzainekin jarraitu nuen, baina hemen.
»Niretzat ETA iraultza zerga delakoari utzi zionean bukatu zen. 2011ko apirilean igorri zien hori esanez gutuna euskal enpresaburuen elkarteei. Horrek esan nahi zuen ETAk jada ez zuela dirurik nahi, eta, beraz, erakundea ixteko faseari ekin ziola. Handik urte erdi batera etorri zen jarduera armatuaren bukaeraren iragarpena, Aieteko konferentziaren ostean. Beste guztia antzezpen moduko bat izan da, bukaerari itxura bat eman nahian: armagabetzea eta ibilbidearen amaiera; bigarren mailako ekinbideak izan dira. 2011n bukatu zen ETA, nire iritzian.
ETA-REN BIKTIMAK
»ETAren biktima izugarri daude, mota askotakoak, eta ez dago elkarte bat, ugari baizik. Inork ezin du biktima denen izenean hitz egin. PPk batzuetan biktimok erabili izan gaitu, eta aurka agertu gara batzuk, lotsagarria baita.
»Ez nuke esango biktimen elkarte batzuek gobernua kontrolatu egiten dutenik, baina bai baldintzatu izan dutela. Ni konbentzituta nago Rajoyk presoen gerturatze progresiboa egingo zukeela 2011tik aurrera, ETAk jarduera armatua utzi zuenetik aurrera, baina ez zuen arazorik nahi inguruan eta ez zuen presorik gerturatu. Biktimen elkarte batzuk denborarekin aldatu egin dira, irekiago daude, baina ez hedabide talde eta sektore kontserbadore eta eskuindar batzuk, eta Rajoyri ez zioten mugitzen utzi.
AUTOKRITIKA
»ETAren jarduera armatuaren bukaeraren berri izatean, sentimendu gazi-gozoa izan nuen. Txikitatik ezagutu nuen ETA, eta, zorionez, bukatu zen, baina 50 urte pasako ibilbidean min handia eragin du. ETAk hildako ezagun
askorekin gogoratu nintzen. Terrorismoa izan da ETArena.
»Ezker abertzaleak autokritika egin beharko luke. ETAk 50 urte pasa iraun badu, adar politiko bat izan duelako iraun du, eta adar politiko horretako parte batek ETArekin kolaboratu du. Oso ondo iruditzen zait ezker abertzaleak demokraziaren alde egitea orain. Lehenago egin behar zuen; nahiko nuke duela 30-35 egin izan balu, ETA pm-k bezala. Autokritika politikoa egin beharko luke. Digestio konplikatua du egiteko, esateko okertu egin zirela eta ez zela justua izan hilketak sostengatzea. Ez dute lortu ezer, eta balantzea latza da: urteetako kartzela, ehunka hilketa…
»Espainiako Estatuak ere egin beharko luke autokritika, ez dut erreparorik hori esateko: tortura egon da, GAL egon da… Guk Cambio16 aldizkarian GALen aurkako azalak egin genituen. Nik GAL gaitzetsi nuen. Aldaketa 16-n ere tortura gaitzetsi genuen, erreportaje bikainekin. Nik ezagutu nuen Mikel Zabalza zena; gure senide bat hamar egunez torturatu egin zuten Tolosako komisarian; ezagutzen dut jende gehiago torturat egin dutena… Onartezina da tortura, onartezina izan zen GAL. Estatuak ezin zuen ETAren aurka jardun haren modu berak erabilita, baina jardun zuen.
»Egunkaria-ren itxieraren aurka azaldu nintzen; 2005-2007ko bake prozesuko elkarrizketen alde ere bai, eta Estrasburgora joan nintzen defenditzera… 2003an, Egunkaria itxi eta egun gutxira, gure biktimen fundazioaren bazkari bat izan zen, eta han azaldu ziren babesleetako arduradunak, baita Jose Maria Aznar ere, Espainiako orduko gobernuburua. Fernando Buesaren alargun Natividadekin nintzen mahai batean, izkina batean, eta halako batean inguratu egin zitzaigun Aznar. Esan nion oso gaizki iruditu zitzaidala Egunkaria ixtea. Erantzun zidan ez zuela berak itxi, Justiziak baizik. Ihardetsi nion egunkariak ez direla ixten. Onartezina iruditu zitzaidan itxiera.
ESPETXE POLITIKAK
»Orain dela hiru urte Espainiako beste gobernuburu bati aurrez aurre esan nion presoak gerturatu behar zirela: Rajoyri. Esan zidan kontua ez zegoela agendan. Agendan jartzeko eskatu nion, eta haren erantzuna: begiratuko zuela.
»Espainiako Gobernuak presoak gerturatu egin behar ditu. Gainera, legeak dio hori. Bukatu egin behar da urruntze politika. Etxetik ahal den gehien hurbilduz gero, hobe. Ez da posible presoen senideek-eta ehunka kilometro egitea bisitetarako. Neuk ere ezagutu nituen 1980ko hamarkadan urruntzea eta sakabanaketa: koinatu bat ETA pm-ko kidea zen, eta, preso zegoela, hura bisitatzera joan nintzen Soriara, Alcala Mecora, Carabanchelera…
»Era berean, presoek urratsak egin beharko lituzkete bigarren gradua lortzeko, gero onurez baliatzen hasteko. Bere garaian Langraiz bidearen alde agertu nintzen, eta orain ere ontzat joko nuke zerbait horrelakoa.
»Baldintzak baldintza eta presioak presio, PSOEren gobernuak emango ditu aurrerapausoak, baina ausardia beharko du.
»Joango nintzateke datorren hilaren 20ko manifestaziora, baina betiere ezker abertzaleak eta presoek aldi berean kontzientzia azterketa bat eginez gero. Presoek gizarteratzeko ahalegin bat egin beharko dute.
ELKARBIZITZA
»Elkarbizitza elkarrekin bizitzea da, desberdin pentsatzen duenarekiko errespetua izatea. Lortu dugu bakea, eta bakean bizi behar dugu. Elkarrizketa zalea naiz, eta konponbidearen aldekoa. Akordiora iristeko denok ere zerbaitetan amore eman behar dugu. Aurrera egin behar da, baina iragana ahaztu gabe, memoria izanda.