politika
Garaikoetxea hiru urratsetan
Berria
-Nik berreskuratu nahi izan dut gaztetan idazten nuen egunerokoa. Grekoko karaktereekin izkiriatzen nuen, etxean inork irakurtzerik izan ez zezan. Azal gogorreko koadernoak erabiltzen nituen, kamuflajeko marrazkiak zeuzkaten haietakoak. Ahaleginak egin ditut koaderno horien bila, baina ez ditut aurkitu, eta pena handia ematen dit; nire zalantza bokazionalei buruz-eta aritu naizen honetan, argibide batzuk emango baitzituzten. Nik uste Orendaingo krisiaren ondoren hasi nintzela idazten, hamalau-hamasei urte tarte horretan. Oso garai interesgarria da hori, orain nire bilobak ulertzen laguntzeko ere bai… kar-kar…
Nolatan hasi ote zinen egunerokoa idazten?
-Gaztetan egunerokoa idazten nuen barne bizitza bete samarra neukalako. Orendainen hain indartsu eta sakon bizi izan nuen existentziaren transzendentziari buruzko ideia horrek eragin handia izan zuen niregan, eta arlo horretako kezkak izaten jarraitu nuen. Eta, gainera, ariketa interesgarria iruditzen zitzaidan. Gerora ez nintzaion idazteari eman bizitza profesional trinkoa izan dudalako, eta, gainera, agian ez nukeen balioko idazteko. Baina beste bizimodu bat izan banu, batek daki, beharbada segituko nuen idazten, ezta?
Zure memoria politikoak zuk zeuk idatziko zenituen, bada…
-Jakina baietz, paperarekin eta lapitzarekin. Nik, Celak bezala, komunikazioa paperarekin izan nahi nuen. Eta horretan jarraitzen dut. Ordenagailua beste eginkizun batzuetarako erabiltzen dut; ez naiz egokitu tresnaren esku hartze horretara. Tontakeria da; izan ere, behin ohitzen zarenean, askoz eraginkorragoa da. Baina… berotasuna falta zaio ordenagailuari, hurbiltasuna.
IRUJO ETA AJURIAGERRA
-Bi enbaxada izan nituen, hortxe, 1973-1974. urteetan. Batetik, Manuel Irujok mezu idatziak bidaltzen zizkidan. Bestetik, Juan Ajuriagerraren mandatuak iristen zitzaizkidan, beste batzuen bitartez. Irujorekin tarteka bazkaltzen nuen, oporretan etortzen zenean Donibane Lohizuneko hotel xume batera. Ajuriagerrak, berriz, hemendik Bilbora bileretara joaten zirenei esaten omen zien: «Noiz harrapatu behar duzue hori?». Haiek bazekiten ni, neurez, jeltzalea nintzela, baina ez nengoen organikoki alderdiari lotuta. Asepsia horretan eusten nion neure buruari, ikastolen kontuengatik-eta, inork ez zezan esan joera jakin batekoa nintzela.
Irujok bidalitako mezu horietako bat atera du Garaikoetxeak. Klandestinitate garaia zen artean, eta ez du jartzen ez non ez noiz idatzita dagoen; gainera, dena metaforen bidez adierazten du Lizarrakoak:
«Maite hori. Herrira noa bueltan. Planoak egiteko daude. Zu arkitekto ona zara. Pentsa ezazu nortzuk izango diren egokiak eraikuntza antolatzeko. Aste batzuk barru, ni neu ez banoa, nire odoleko norbaitek joko dizu atea. Ezin gara lokartu. Estutasunik gabe mugitu beharra dago, baina ibiltzeari utzi gabe. Gauza hauek zuri ezin aise esan, eta bihoaz lerro hauek. Eta horiekin, nire besarkada. Manuel».
Ajuriagerraren Garaikoetxeari buruzko mezuak hauek hitzezkoak jasotzen zituztenetako bat, berriz, Koldo Amezketa zen:
«Ajuriagerrak esaten zigun: 'Gizon hau, ikastolak sortzen eta bat eta beste, oso ondo; baina ea noiz heltzen diozuen eta bustitzen den behingoz!'. Hau da, alderdiaren barruan sartuta nahi zuela Carlos».
Aldi hartan, beste foro batzuetan parte hartu zuen Garaikoetxeak Euskal Herrian zehar.
-Txillardegirekin ibili nintzen, Jose Antonio Aiestaranekin, Andoni Kaierorekin… Gogoan dut hitzaldiak eman genituela Eibarren, Durangon, Mungian, Arrasaten… Foralismoaren eta eskubide historikoen aitzakian mintzatzen ginen, ikuspegi abertzale argi eta garbitik. Ni ez nintzen jeltzale moduan azaltzen; publikoki definitu gabe nengoen artean, eta etorkizunean ESBkoa izan nintekeela eman zezakeen. Nik uste Iñaki Aldekoak sartu ninduela hitzaldi horietan; hura San Fermin ikastolako presidenteordea zen, eta hortik geneukan harremana.
EUSKARA BATUAREN HAUTUA
Gobernu taldea osatuta, zeintzuk ziren zuen programaren ardatzak? Nola irudikatzen zenuten gauzatuz joan nahi zenuten herrialdea?
-Beti egin genuen sektore nagusia industria izatearen aldeko apustua, eta, hortaz, politika industrial anbiziotsu eta berritzailea jarri genuen martxan; gaur egun horrenbeste aipatzen den I+G+B hori -ikerketa, garapena eta berrikuntza- guk asmatu genuen. Gainontzean, lehentasunak ziren Estatutuaren garapenerako urgentziazko programan jasotakoak: kontzertu ekonomikoa, irakaskuntza eta euskara, ertzaintza, irrati-telebista, osasuna eta gizarte segurantza, lan harremanak…
Aipatu izan duzu hiru erabaki zail hartu behar izan zenituela: hiriburutza Gasteizen ezartzeaz gain, euskara batuari buruzkoa eta ereserkiarena. Euskara batuarena giltzarria izan zen.
-Hori oso gai garrantzitsua izan zen gobernu hartan. Erabaki arazotsua, baina ez bakarrik hatxearen kontra edo euskalkien alde zeudenengatik. Nola antolatu behar duzu nazio bat, hezkuntza sistema, hedabideak eta abar, hizkuntza kultu komun batekin ez bada? Zer egin behar genuen, euskalki bat erabili Leioako Unibertsitatean, eta beste bat Donostiako campusean? Nik harreman estua neukan Koldo Mitxelenarekin -gero EAkoa izan zen, gainera, Joseba Elosegi bezala-, eta baita Martin Ugalderekin ere. Mitxelena izan nuen aholkulari horretan. Baina auzia ez zen erraza; izan ere, Euskerazaintzan ere itzal handiko pertsonak zeuden, benetako euskaltzale eta abertzaleak. Hor erabaki bat hartu beharra zegoen, eta ondorio guztiekin hartu nuen -ondorioak, betiere, handiagoak ziren Bizkaian-. Banekien zer-nolako kostua zeukan horrek, eta ehunka etsai eragingo nituela. Etxenike -Mitxelenarekin oso lotua hura ere- laguntzaile aparta izan nuen.
Pedro Miguel Etxenikek berretsi egin du lehendakariak esandakoa:
«Garaikoetxea ohorezko euskaltzain izendatu behar lukete! Euskararen alde norbaitek egin badu nik ere bai, e!, Garaikoetxea izan da lehena. Euskara batuaren alde egin genuen apustua Mitxelenaren babes intelektualarekin egin genuen, baina ez nuen sekula Mitxelena erabili nire iritzien aterki gisa. Ardura nirea izan zen, Garaikoetxearen babes osoarekin. Euskara, edo hiltzera zihoan, edo batu egin behar zen, nola ez, ñabardura guztiekin. Batzoki guztietan hitz egin nuen nik horri buruz; iskanbila bi batzokitan piztu zen: Ondarroakoan eta Amaran, Donostian. Lan hori dena egin genuen, eta Euskararen Legea adostasun ia erabatekoarekin onartu zen, HBkoak barne. Etxevike deitzen zidaten orduan».