politika
Bide malkartsu eta oztopoz betea
Gotzon Hermosilla
Luze jo du auziak 2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas Lizeranzu zauritu zuenetik -bost egun geroago hil zen-. Sei urte eta erdi igaro dira geroztik; bidea malkartsua eta oztopoz beterikoa izan da, baina, azkenean, epaiketa iritsi da.
Akusazio partikularrak «zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa» leporatzen die sei akusatuei, eta lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatzen du haietako bakoitzarentzat. Fiskalak, aldiz, ez du delitu zantzurik ikusten, eta absoluzioa eskatzen du.
Instrukzio faseak iraun duen bitartean ezaguna egin dira Ugarteko ezizeneko ertzainburua, gau hartan operatiboaren arduradun izan zena, eta hark emandako aginduen grabazioak. Akusazio partikularrak hura ere epaitzeko eskatu zuen arren, ez da akusatuen aulkian eseriko, baina epaiketan egongo da, lekuko gisa.
Ugartekok egindako akusazioak eragin zuen, hain zuzen ere, Cabacas auziarekin loturik orain arte egindako epaiketa bakarra: ertzainburuak salaketa jarri zuen Gara eta Naiz.eus agerkarien, Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo hedabide horietako kideen eta Jone Goirizelaia defentsaren abokatuaren kontra, bere «ohorea eta intimitatea» ustez urratzeagatik, baina epaiketan errugabetzat jo zituzten.
Lagunen sostengua
Cabacasen lagun eta senideek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar, 19:00etan, elkarretaratze bat egingo dute Bilboko Albia lorategietan. Musika emanaldiak ere izango dira, eta ondoren gaua hantxe emateko deia egin dute.
Gaubeilaren ostean, astelehen goizean, elkarretaratzea egingo dute berriro, 8:00etan, eta gero lorategietatik epaitegietara joango dira, Cabacasen gurasoei ateraino laguntzera. 9:30etik 12:00etara elkarretaratzea egingo dute epaitegiaren aurrean.