ekonomia
«Aukeratu duzu…»
Irune Lasa
Etiketa berriak, hori bai, osagarriak dira. Ez dituzte ordezkatzen ikur eta marka zaharrak. Hots, ondoan etiketa horiek jartzera derrigortuta daude, baina erregai banatzaile guztiek euren erregaiei nahi duten izena ematen jarraituko dute.
Hori bai, merkaturatzen diren auto berrietan jada izendapen berri horiek soilik agertuko dira -bat edo bi- erregai deposituen tapatik hurbil egoten den eranskailuan, autoak zer erregai mota erabil ditzakeen adierazten duen horretan. Hor bai, berunik gabea, gasolioa eta halako izendapenak desagertu egingo dira.
ZERGATIK ETIKETA BERRIAK?
Pixkanaka batasun osoan etiketa berak orokortuz, arauaren lehen helburua da batasun osoan kontsumitzaileentzat errazagoa izatea erregaia erostea; okerreko erregaiarekin nahasteko aukera gutxitzea kontsumitzaileei. Beste helburu bat Europan erabiltzen diren erregai moten izendapenak soilik ez, erregai mota horiek beraiek ere bateratzen joatea da.
Eta epe luzera, berriz, erregai fosilak gutxiago erabiltzea da xedea, erregai garbiagoen mesedetan. Etiketa berri horiekin, kontsumitzaileek erregai garbiago horiek errazago erostea nahi da, eta, aldi berean, erregaiek dituzten bioosagaien kopuruaz konturatzea.
NON EGONGO DIRA?
Auto berriek deposituaren taparen ondoan erantsita eramango dituzte dagozkien erregaien etiketak. Eta auto berri horien erabilbide eskuliburuetan ere izango dira; baita haien eskuliburu elektronikoetan ere, autoak halakorik badu.
Automobil saltokietan ere egongo dira ikurrak. Gasolindegietan, gutxienez bi tokitan agertuko dira, erregai hornigailuetan eta haien isurgailuetan, markaren izenaren ondoan.
IBILGAILU GUZTIEI ERAGINGO
DIE NEURRIAK?
Ez. Gaurtik aurrera ekoitzitako ibilgailu berriek soilik eraman behar dituzte etiketa horiek depositu ondoan eta eskuliburuetan. Ibilgailu zaharragoei etiketa ez aldatzeko gomendatzen dute automobil ekoizleek, eta zalantzaren bat izatekotan tokiko banatzailearekin harremanetan jartzeko.
ZER IBILGAILUK
ERAMAN BEHAR DITUZTE
HALAKO ETIKETAK?
Berri guztiek: ziklomotorrak, motozikletak, trizikloak eta kuatrizikloak; autoak eta furgonetak; merkataritza ibilgailu arinak; merkataritza ibilgailu astunak; autobusak eta autokarrak.
ZER HERRIALDETAN EGONGO
DIRA ETIKETA BERRI HORIEK?
Europako Batasuneko 28 herrialdeei eragiten die araudiak, baina beste zenbait herrialdetan ere ezarriko dira: adibidez, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetan -Islandia, Liechtenstein eta Norvegia-, baita Mazedonian, Serbian, Suitzan eta Turkian ere. Zer gertatuko da Erresuma Batuarekin brexit-a gauzatzen denean? Haiek erabaki beharko dute.
ZER ADIERAZTEN DUTE
ETIKETA BERRI HORIEK?
Erregai mota bakoitzak diseinu bat dauka. Hala, gasolinen multzokoek zirkulu bat dute, gasolioen multzokoek karratu bat, eta erregai gaseosoek erronbo bat. Irudi geometriko horien barneko hizki eta zifrek esanahi zehatza dute, eta erregaiaren osagai jakin batzuen kopurua azaltzen dute. Ezantzetan, adibidez, E5, E10 eta E85 etiketetako E hizkiak etanola adierazten du, eta zifrak, haren ehunekoa erregai horretan.
Gasolioetan, B hizkia biodieselari dagokio, eta ondoko zifrak, diesel horrek duen biodiesel ehunekoa. XTL hizkiek, berriz, diesel sintetikoa edo parafinikoa adierazten dute.
Erronboetan erregai gaseosoak doaz. H2 ikurra hidrogenoari dagokio, eta, gainerako hiru etiketetarako, gai bakoitzaren ingelesezko akronimoak hautatu dituzte: CNG etiketak gas natural konprimatua adierazten du; LPGk, petrolio gas likidotua -autogas ere esaten zaiona-, eta LNGk, gas natural likidotua.
NOLA JAKIN ZER ETIKETA
DAGOKION NIRE AUTOARI?
Gomendioa argia da: auto berria ez duen kontsumitzaileak orain arte bezala jarraitzea du onena; erreferentziatzat orain arteko izendapenak hartzea. Ildo horretan, auto fabrikatzaileek ez dute gomendatzen auto zaharretan etiketa berriak jartzea.
Hala ere, zalantzaren bat izatekotan, auto eta erregai ekoizleek zentzuzko beste aholku bat ere ematen dute: galdetu gasolindegiko langileari. Hark ezagutzen ditu ondo etxeko erregaien eta etiketa desberdinen arteko baliokidetasunak.
Izan ere, gasolindegiaren markaren arabera, ekoizle bakoitzak erabakitzen ditu bere erregaien bioosagaiak. Dena den, jakin-mina duenarentzat, hemen baliokidetasun batzuk:
Repsolen eta Petronorren gasolindegietan saltzen diren Efitec 95 eta Efitec 98 gasolinek, biek, E10 etiketa izango dute ondoan. Eta Diesel E+ eta Diesel E+10 gasolioei, biei, B7 etiketa dagokie.
Cepsaren gasolindegietan, Star 95 eta Optima 95 gasolinek E5 etiketa dute, eta Optima 98 gasolinak, E10 etiketa. Markaren bi diesel erregaiei -Star eta Optima- B7 etiketa dagokie.
Eroskiren gasolindegietan, berriz, 95 eta 98 gasolinek, biek, E5 etiketa daramate. Gasolioek, arruntak eta gehigarridunak, B7 adierazlea.
Ipar Euskal Herrian ere, oro har, berunik gabeko 95 eta 98 gasolinek E5 etiketa izango dute ondoan, berunik gabeko 95-E10 gasolinak izan ezik, azken horri E10 etiketa baitagokio. Superetanolari, berriz, E85 ikurra.
Horrela, Total petrolio konpainiaren gasolindegietan, Excellium 95 eta Excellium 98 ezantzek E5 etiketa izango dute ondoan. Berunik gabeko 95-E10 gasolinak E10 ikurra izango du, eta diesel arruntak eta Excellium dieselak B7 etiketa.
AUTO ELEKTRIKOEI ERAGITEN
DIE HONEK?
Hibrido elektrikoak diren autoei bai, jakina, haiek ere erregai egokiarekin hornitzen jarraitu behar dutelako.
Edonola ere, guztiz elektrikoak izango diren autoentzat antzeko etiketa sorta bat diseinatzen ari dira, auto elektrikoen bateriak eta karga azpiegitura guztiak kontuan hartuko dituena.
ZER GERTATUKO DA ERREGAI
HORNIGAILUETAKO
GRABAZIOEKIN?
Informazio berri hori erabat osagarria da gasolindegietan; aurreko informazioari ez dio tokirik kentzen, eta banatzaileek ez dute zertan aldatu orain arte ematen duten informazioa. Beraz, gasolindegietako hornigailuan entzungo diren grabazioetan banatzaileak erregaiari emandako markak entzungo dira oraindik ere, eta, zenbait gasolindegitan, gazteleratik hala nola itzulitako agur formulak ere bai: «Bidai on!».