kultura
TOMASITA QUIALA
«Izugarri borrokatu behar izan dut aitorpena lortzeko»
Ane Eslava
Repentismoan hasi ziren lehenbiziko emakumeetako bat da Tomasita Quiala (Banes, Kuba, 1961). Gizonak nagusi ziren eremu batean emakumea eta itsua izanda, oztopo askori egin behar izan zien aurre aitorpena lortzeko. Baina horiek gainditu zituen, eta egun izen handiko artista bat da. Inprobisatzeko ohitura duten kulturak gurutzatzea maite du, eta horretan dihardu Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran.
Zeintzuk dira repentismoaren ezaugarriak?
Repentismoan, bi poetak inprobisatu egiten dute, haien arteko elkarrizketa batean. Izan daiteke kontrapuntuan edo oin bortxatuekin, eta poetek azkar inprobisatu behar dute. Kuban, maiz publikoak jartzen du gaia, eta, beste batzuetan, aurkezleak. Beste inprobisazio modu batzuengandik bereizten duen gauza bakarra hizkuntza eta metrika da. Bertsolariek, payadoreek eta repentistok izen ezberdinak ditugu, baina guztiok jaio gara inprobisatzeko eta egia kantuz esateko.
Repentista jaio egiten dela diozu, eta zu dohain horrekin jaio zinen. Baina kasualitatez konturatu zinen horretaz.
Bai, egun batean, kaletik nindoala, repentista bati eraso egin zioten. Nik inoiz ez nuen abestu, baina kantuan erantzun nion irain horri; barrutik atera zitzaidan. Kasualitatez izan zen, baina nire barruan zegoen poeta atera zen.
Zure aitonengandik jaso zenuen inprobisatzeko gaitasuna, ezta?
Bai, nire aitonak bertsotan esaten zuen guztia. Eta, nik urte bat bete nuenean, nire amari esan zion: «Ez bilatu medikurik; haurrak ez du ikusiko. Baina izango duen dohainari esker, mundua argituko du». Eta hala izan dela dirudi.
Itsuentzako eskola batean ikasi zenuen, La Habanan. Zailtasunak izan zenituen hori lortzeko?
Ez, zailtasunak geroago izan nituen; txikitan erraztasun asko eman zizkidaten. La Habanan itsuentzako eskola bat dago, eta hara joateko beka bat eman zidaten. Doan jaso nuen Lehen eta Bigarren Hezkuntza egiteko guztia: bizilekua, janaria, uniformea eta ikasteko material garestiak. Oso harro esaten dut hori.
Nolakoa izan da emakumea izatea gizonezkoen eremu batean?
Oso zaila izan da. Eta ez bakarrik emakumea izatea: emakume itsua izatea. Izan ere, herrialdean ezinduei babes handia ematen digute, baina gizarteak baztertu egiten gaitu oraindik. Nik 35 urteko ibilbidea dut; beraz, espero dut beste emakume repentista itsu bat badago, oztopo gutxiagori aurre egin behar izatea.
Nola egin zenien aurre horiei?
Gainditu beharreko lehenbiziko hesia jendearen gupida izan zen. Kantatzen hasi nintzenean, La cieguita deitzen zidaten, eta nik esaten nien ez deitzeko La cieguita, nire izena Tomasita delako. Eta agertokian norbaitek begien gaia ateratzen zidanean, erantzuten nion: «Utzi nire begiak bakean, eta tratatu nazazu poeta bat bezala». Erakutsi behar izan nuen abesteko jaioa nintzela, eta balio handiagoa zuela talentuak ikusmen faltak baino. Izugarri borrokatu behar izan dut aitorpena lortzeko.
Aitorpen handia lortu duzu, baina herriari lotuta jarraitu duzu.
Bai, herriaren artista bat naiz. Abesten dut goatekeetan, serenatetan... Gonbidatzen nauten toki guztietan, eta 20 urterekin nuen bizitasun berarekin.
Nortzuk izan dira zure erreferenteak repentismoan?
Asko izan ditut. Profesional izan aurretik, repentistak amateurren mugimendu batean hasten gara, eta horretan talentu handiko irakasleak izan nituen; horien artean, hainbat emakume. Baina bereziki maite dut abuztuan existitzeari utzi zion pertsona bat: Julito Martinez nire lagun eta maisua.
Esan izan duzu repentismoak eman dizun unerik zoriontsuena izan zela Fidel Castro ezagutzea.
Bai, asko maite nuen Fidel: jaso nuen laguntza guztia hari eta iraultzari zor diet. Nire batailan agertu ez balira, loteria saltzaile itsu bat izango nintzateke. Haatik, dena eskura izan nuen; beste edonon hori ezinezkoa litzateke.
Zein beste une zoriontsu eman dizu repentismoak?
Adibidez, behin, lehiaketa garrantzitsu batera joan nintzen, eta diskriminatu egin ninduten: garrantzirik gabeko jarduerak egitera bidali ninduten. Zuzendariarengana joan nintzen, eta esan nion: «Itsua naiz, baina gainontzekoekin lehiatzera etorri naiz». Hark gai bat jarri zidan, osatu nuen, eta barkamena eskatu zidan. Jarraian antzokian kantatu nuen, eta gertatu zena eldarniozkoa izan zen: agertokitik alde egin behar nuela esan zidaten: «Ez zaitez joan, 5.000 pertsona dituzu zutik zure aurrean». Hala konturatu ziren baloratu behar nindutela.
Gaur egun zein da repentismoaren egoera Kuban?
Repentismoak ez dio inoiz hazteari utzi; baina Unescok Gizateriaren Ondare Immateriala izendatu zuenetik, loraldi izugarria izan du. Repentista jaiotzen dela mantentzen dudan arren, orain, haurrentzako tailerrei esker, repentistak direnak goiz konturatzen dira horretaz, eta ez dute itxaron behar beren barruko poeta atera arte. Tailerrak oso lagungarriak izan dira tradizioaren jarraipena segurtatzeko.
Zein da emakume repentisten egoera gaur egun?
Neskato asko daude, oso gazteak. Oraindik gainditu beharreko oztopoak daude, baina jada ez horrenbeste. Gizonak konturatu dira toki hau ez dela soilik haientzat, eta, oro har, emakumeak babesten dituzte. Hala ere, pentsatzen dut emakume repentista asko dagoela beren etxean ezkutatuta. Askok jasaten dituzte matxismoaren kalteak, eta batzuk ez dira ausartzen abestera.
Zu erreferentea izan zaitezke horientzat, baita itsutasuna edo halako arazoren bat dutenentzat ere. Nola bizi duzu hori?
Niretzat garrantzitsua da jakitea erreferente izan naitekeela, eta neska gazte askok nire bideari jarraituko diotela. Horregatik, uste dut egin dudan ahaleginak merezi izan duela.
Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran parte hartzera etorri zara. Garrantzitsua da loturak sortzea inprobisazio ereduen artean?
Jakina. Gu, munduko inprobisatzaile guztiok, arimaren medikuak gara. Jaio gara besteak alaitzeko, gure sentimenduak erakusteko edota gustatzen ez zaiguna salatzeko. Horregatik, gustatuko litzaidake dohain hori dugun kultura guztiak familia bat izatea, hizkuntzaren edo pentsaeraren hesiei aurre eginez.
Hogei urteren ostean, Euskal Herrira itzuli zara. Pozik zaude?
Gonbidatu nindutenean, liluratuta gelditu nintzen! Uste nuen ez nituela berriro ikusiko Andoni [Egaña], Maialen [Lujanbio] eta beste batzuk. Izugarri eskertzen dut Mintzolak egin duen ahalegina, oso polita baita kulturak gurutzatzea: Maialenekin berriro abestea, Julio [Soto] eta Araceli [Arguello] ezagutzea... Kubara itzultzen naizenean zaharra izango naiz, baina Euskal Herrian berriro gazte sentitzen naiz.