ekonomia
Azken dinosauroa, erortzear
Lander Muñagorri Garmendia
Navalen atarian zegoen Sancho adierazpen horiek egin zituenean, eta ontziolaren itxiera salatzeko langileek deitua zuten manifestazioa noiz abiatuko zain zegoen. Atzean ontziola zeukan, garabi erraldoiak zerumugaren gainetik, eta ontziren baten piezak izan zitezkeenak pabiloien aurrean zeudela. Dena zegoen geldi. «38 urte daramatzat hemen lanean: gaztetan hasi nintzen, eta orain arte. Orain eskainiko diguten aukera bakarra Ferrolera edo Cadizera joatea izango da». Itxaropenik gabe egin zituen adierazpenak: «Itxaropena eta denbora amaitzen ari dira; irtenbiderik ez diot ikusten egoerari. Inguru honetan guztian geratzen den azken dinosauroa ere erortzear dago».
Ostera abiatu zen manifestazioan ere itxaropenik eza sumatu zitekeen bildu zirenen artean. Ia 3.000 pertsonak egin zuten ontziolatik Sestaoko udaletxerainoko bidea, eta ibilbidean denetariko oihuak entzun ziren: «Naval, ez itxi!», «Atzo Euskalduna, gaur Naval!», «Erreskatea bai, itxiera ez!». Hala ere, oihu horiek ez ziren oso ozenak izan. Ontziolaren aldeko borrokan ez zuten aurrerabide handirik ikusten. Horren lekuko Sanchok lankide bati esandakoa: «Hau amaitzear dago».
Inbertitzailerik ez
Arratsaldeko manifestazioa baino lehen, eta langileek kontratuak etengo zizkietela jakin aurretik, ordea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak Onda Vasca irratian hitz egin zuen. Garbi hitz egin zuen ontziolaren inguruan eta irits daitekeen egoeraren inguruan: «Salbatzailerik ez bada agertzen, Navalek itxi egin beharko du: ez dago beste aukerarik». Eta, oraingoz inbertitzailerik azaldu ez denez, argi azaldu zuen zein izango den ontziolaren geroa: «Interesa erakutsi duten pertsona, enpresa eta inbertitzaileak azaldu dira, baina salbatzailerik ez; gaur-gaurkoz ez da existitzen».
Langileek, ordea, beste behin ere Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren erreskatea eskatu zuten manifestazioaren amaieran. Juanjo Llorden langile batzordeko idazkariak adierazi zuenez, azken hamazazpi hilabeteetan geldirik dagoen draga amaituko duen inbertitzaile pribatu baten bila ari dira gobernuak, «baina inork ba al daki zer lan baldintza eskatzen dioten?». Horregatik, argi adierazi zuen zein den langile batzordearen lehentasuna: «Langileok ez dugu onartuko Jaurlaritza edo Espainiako Gobernua ez den beste inbertitzaile nagusirik; kudeatzaile kualifikatuak behar ditu Navalek».
Beharginen ahotsa hartu zuen Llordenek oholtza gainean, baina manifestazioan alboan izan zituzten ordezkari politiko ugari, eta bestelako ahotsak ere entzun ziren. Josu Bergara Sestaoko alkateak, esaterako, «parte diren eragileei irtenbide bat topatzeko» eskatu zien, denbora gutxi dagoela jakin badakien arren. Mikel Torres Portugaleteko alkate eta PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiak, berriz, azaldu zuen triste zegoela ontziola ixteko aukera gero eta errealagoagatik. «Navalek irtenbide argi eta seguru bat behar du; ezin gara beti epe motzetan hitz egiten aritu, inora ez doazen planekin. Langileek etorkizun bat behar dute, eta hori eskatzeko etorri gara haien ondora».
Rosa Martinez Ahal Dugu-ko legebiltzarkideak, bestalde, proposamen zehatz bat egin zuen: konpainiaren erreskate publikoa. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, inbertitzaile pribatuaren bila ahalegin gehiago egiteko eskatu zion Tapiari. «Ez badu topatzen, inbertitzaile talde bat sortu dezala beharrezkoa bada, eta Jaurlaritza horren parte izan dadila».
Arduradun politikoak Navalen irtenbidea adostu ezinean dabiltzan bitartean, ordea, langileei kontratua etengo diete datozen hamabost egunetan.