astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

ekonomia

JUAN CARLOS LOPEZ DE

«Dena alda daitekeelako joan gara, batez ere hobetzeko bada»

Jon Fernandez

«Dena alda daitekeelako joan gara, batez ere hobetzeko bada»

«Ez dut polemikan sartu nahi. Ez da produktiboa». Errioxa sor-markak Artadiren erabakiaren ostean aurkeztu duen agirian upategiaz esandakoak ez dituela komentatu nahi esan du Juan Carlos Lopez de Lacallek (Guardia, Araba, 1956). Baina, nahi izanda ere, ezin isilik gelditu.

Errioxa sor-markak dio Artadik Errioxari esker lortu duela ospea, eta hori aprobetxatuz zoazela zure bidea egitera.

Guk gure orain arteko bidean jarraituko dugu; sor-marka bat nahi dugu, egoera errealaren isla dena, gure inguru eta lurraren isla dena. Gure lurraldea aldarrikatzen dugu, gure mahatsondoak. Zer esango niokeen Errioxaren agiriari? Kordoba eta Granada mairuenak zirela, eta orain espainiarrak direla.

Sor-markak dio ez dituela ezagutzen Artadik alde egin izanaren arrazoiak.

Uste dut ezagutu beharko lituzkeela, bestela zerbait ari da txarto egiten. Agiriak ere badio dena dela aldagarria, batez ere hobetzeko bada. Bada, berak erantzun dio bere buruari: dena alda daitekeelako joan gara, eta batez ere hobetzeko bada.

Ez duzu salmenten beldurrik?

Azken egunetan babes dei eta mezu ugari jaso ditugu. Gure bezeroak eta banatzaileak ilusio handiz daude, eta lanean jarraitzeko gogoz. Haiek ere gertuago sentitu nahi dute terroir kontzeptua, idenfitikazioarena, bereizketarena. Horregatik animatzen gaituzte.

Zer jarriko du etiketan?

Artadiz gain, printzipioz, Araba jarriko du.

Hala ere, beste ardogile batzuekin batera sor-marka bat sortzea da zure helburua.

Nik uste dut sor-marka berriak Araba izena behar duela, eta Errioxaz ahaztu.

Badaukazue babes politikorik?

Badaukagu, legeak ahalbidetzen duelako sor-marka bat sortzea, baita upategi bakar batentzat ere. Nik ez dut hori nahi, baina esan nahi dut hogei edo 50 bagina legez egin daitekeela.

Upategi gehiago aterako dira Errioxa sor-markatik?

Baietz uste dut. ABRAn barne inkesta bat egin dute, eta diotenez, kideen %50etik gora daude prest Errioxatik atera eta sor-marka propio bat sortzeko. Garrantzitsua da hori. Baina denboraz eta lasai hartu behar da: upategiek hausnartu egin behar dute. Ezin da globalizazio plan bat egon txikiak barne hartzen dituena. Ardogile familiarrek egitura txikiak behar dituzte; globalizazioak irentsi egiten ditu bestela.

Errioxatik ateratzea «liberazioa» izan dela esan duzu.

Jakina. Imajinatu, uzta-biltzaileok %2ko ordezkaritza daukagu sor-markan. Ez diot txarrak direnik, baina beste interes batzuen aldeko erabakiak hartzen dituzte. Enpresa horiek gai dira baliabide asko sortzeko, 95 boto dituzte 200dik. Eurentzako pentsatutako neurriak hartzen dituzte, logikoki. Euren lanari eta ahaleginari esker, proiektu arrakastatsua lortu dute: Errioxa. Guk ere txikien proiektu arrakastatsu bat eraikitzeko aukera izan nahi dugu.

Eusko Jaurlaritzaren babesa daukazue horretarako?

Bai, baina upategi txiki askok oraindik ez dute argi, eta pentsatu egin behar dute. Jaurlaritzak ere denok gobernatzen gaituenez, normala da zuhur jokatzea. Baina eskatzen dut, denoi babesa emateko ahalegin horretan, soilik arabar izan nahi dugunoi ere babesa emateko. Dena den, pozik nago administrazioek ondo jasotzen dituztelako Arabako ardogileen alternatiba eskaerak.

BERRIAn argitaratua (2016/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA