astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

politika

Herriko etxeen erantzu(kizu)na

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Herriko etxeen erantzu(kizu)na Maddi Ane Txoperena Iribarren

Ondoko hilabeteetan fase politiko garrantzitsu batean sartuko da Ipar Euskal Herria. Hala diote Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko eragile politiko nagusiek, edo, behintzat, beren burua abertzale gisa edota hiru lurralde historikoak bateratzearen alde azaltzen dutenek. Pierre Andre Durand prefetak 2014ko ekainean egindako proposamenari buruz ari dira, joan den asteartean Pauen (Okzitania) berretsi zuena. Ipar Euskal Herriko elkargo bat sortzeko aukera eman nahi die prefetak hautetsiei, eta, horregatik, haiengan ezarri du heldu diren hilabeteotan egitura berriari buruz iritzia emateko erantzukizuna. Herriek bozka bidez eman beharko dute ihardespena, udaberrian: Ipar Euskal Herria hirigune elkargo batean bateratu nahi duten, ala ez.

Frantziaren ordezkaria den prefet baten partetik, eskaintzak oparia lirudike. Emanen ote die herritarrei, azkenean, hainbertze urtez aldarrikatu eta landutako lurralde ezagutza? Galdera horren erantzuna ez da dirudien bezain erraza.

2014an hirigune elkargoaren proposamena egin zuenetik, urte bat baino gehiago pasatu da jada. Horrekin batera, bertze hainbat aukera ere aurkeztu zituen Durandek: egitura federalagoak, integratuagoak, eskumen gehiago ala gutxiago dutenak, fiskalitate propioa dutenak ala bertze erakunde bati lotuak... Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak Acadie kabinetearen laguntzarekin lan handia egin du hilabeteotan aukera horien guzien artean onena zein den hautatu, eta nola goberna litekeen pentsatzeko. Eta juristen 80 orritik gorako txostenak aski argi uzten du: hirialde elkargoa litzateke Ipar Euskal Herriari botere gehien emanen liokeen egitura, lehen urteetan diru gehiago eskainiko liokeena, urteetara sufragio unibertsala lortzen ahalko lukeena...

Egitura onena... aukeran emandako horien guzien artean. Ez baita ahantzi behar 2012an lurralde elkargo berezi baten alde agertu zela Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengo handi bat. 2013an baztertu egin zuen aukera hori Frantziako Gobernuak, ordea. Orain askoz xumeagoak diren proposamenekin dator prefeta, eta, gainera, ez borondate propioz: Notre Frantziako lurralde erreformaren barnean beharturik zegoen gaur egun existitzen diren herri eta hiri elkargoak elkartzera. «Manifestazioen» garaia igaro dela erran zuen asteartean Durandek berak Pauen, eta horregatik proposatu duela Ipar Euskal Herri osoa batuko duen egitura bat. Nonbait, bateratze horrekin asebeterik izanen ote diren hautetsiak...

Egindako proposamen guzien artean prefetak baztertu egin du, alta, legearen barnean sartzen diren aukeren artean indartsuena litzatekeena: hirialdearena. Hirigune elkargoari atxiki zaio berriz ere, duela urte bete egin zuen bezala. Eta galdera bakarra eginen die hautetsiei heldu den udaberrian: «Nahi duzu Ipar Euskal Herriko 158 herriak elkartuko dituen hirigune elkargo bat?». Bertze egitura aukerei buruz ez die galdetuko, eta nork daki, orduan, zergatik aurkeztu zituen prefetak hainbertze proposamen 2014ko ekainean.

Hirialdea zergatik baztertu duen galdetuta, mesfidati erantzun die Durandek kazetariei. Hautetsiak beldur direla aldaketez. Eta, funtsean, hori nahi badute 2020tik aitzina hirigunea hirialde bihur lezaketela. Ez die oraindanik galdetuko zer nahi duten, ordea; «adostasuna» lehenetsi dute.

Bukatu da egiturari buruzko eztabaida, beraz. Orain ahalik eta hautetsi gehien konbentzitzea gelditzen zaie Ipar Euskal Herria bateratzearen aldeko herritar eta hautetsiei. Urriaren 24tik landa buru-belarri sartuko da horretan Batera plataforma, eta EH Baik ere errana du indarra horretan ezarriko duela.

Bizkitartean, lurralde kontratuaren negoziazioak harrabots sobera atera gabe bururatu dira. Hautetsien Kontseiluak hitzarmena blokeatzeko mehatxua egin zuen hasieran, baina euskararentzako igoerarik gabe izenpetuko du azkenean Ipar Euskal Herrian 2020ra arte iraunen duten diru laguntzei buruzko dokumentua. Denborarekin zuritu du hark ere eztabaida: 2017tik aitzina egon litekeela kontratua berrikusteko aukerarik. Horretarako, berriz, herriko etxeek euskararentzako diru gehiago eman beharko dute bi urtez; kontratuko bertze kideei —Akitaniari, departamenduari eta Frantziako Gobernuari— erakutsi ahal izanen diete horrela herriak saiatu direla hizkuntz politikarako dirua emendatzen. Herriko etxeei erantzukizuna, berriro. Eta ikusi beharko da egin egiten duten, Ipar Euskal Herriko elkargoaren eztabaidekin izanen baitute nahikoa lan, hizkuntz politika aldatzeaz ere kezkatzen hasi behar izateko.

Herriek egiten ez badute, haien arduragabekeria izanen da euskararen galera? Eta hirigune elkargorik sortzen ez bada, herrien errua? Erantzukizuna badute herriko etxeek. Baina bertze norbaitek erabaki du herriek zertaz, noiz eta nola erabaki behar duten.

BERRIAn argitaratua (2015/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA