astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

iritzia

Hegan egin nahi dute

Asier Etxenike

Hegan egin nahi dute Asier Etxenike

Hori da katalanek adierazi dutena igandean. Zeruari begira egotea baino, nahiago dute hegan egin. Orain, hori nola egin pentsatu eta adostu beharko dute, baina erabakia hartu dute.

Zenbakien gaineko eztabaidetatik haratago, prozesua martxan da, gustatu ala ez. Prozesua ez zen igandean hasi, ezta gutxiago ere, baina igandean beste salto kualitatibo handi bat eman zuten Katalunian. Gainera, prozesua martxan egoteaz gain, sendoa ere badela erakutsi du. Azken urteetan mobilizazio ezberdinetan indar handia mantentzea lortu dute erabakitzeko eskubidearen aldekoek lehenik, eta ondoren independentistek. Eta antolatutako hauteskunde ezberdinetan ere independentismoak bildutako emaitzek erakutsi dute katalanen borondatea sendoa dela, ez dela moda bat, ez dela sukar bat. Ez dela besterik gabe pasatuko.

Prozesu eratzailea dator orain, eta horrek bere horretan beste fase batean, beste dimentsio batean kokatuko ditu eztabaida politiko eta sozial asko.

Batetik, Katalunian. Ikuspegi elektoral batetik, indar harremanak aldatu dira eta neurri handi batean polarizatu. Tartean geratzen saiatu diren aukerek (Podemos bereziki) emaitza txarrak jaso dituzte eta zentzu horretan diskurtso horiek ahulduta edo anulatuta geratu dira. Horretaz gain, prozesu eratzailea martxan jartzeak dekantazioa oraindik eta gehiago bultzatuko du. Zirt edo zart egin beharko dute. Bi aukera nagusi izango dituzte: batetik, sortuko diren kontsentsu sozial, marko politiko eta erakunde berrietan (edo berrituetan) parte hartu eta beren ekarpena eginez horretan eragin. Edo, bestetik, prozesutik kanpo geratuz, Estatuko botere faktikoekin lerratu, erregimenarekin alegia, eta ezetzaren eta inposizioaren blokearekin bat egin.

Ikuspegi sozial batetik, prozesu eratzaile zabal eta parte hartzailea egiten den neurrian, herri gisa pentsatzeko aukera izango dute. Ariketa kolektibo itzela izango da eta hori Eskozian ikusi zen bezala, herri gisa beste maila batean jarriko ditu katalanak. Katalunia zatituaren diskurtsoak edo independentismoak %50entzat gobernatuko duelako diskurtsoak ez du ibilbide handirik izango, baldin eta diskurtso horiek erabiltzen dituztenek zatituta egon nahi ez badute. Hori egingo balute, katalanen aurrean erretratatuko lirateke, beste behin. Datozen hilabeteetan, orain arte independentismoa ez den beste aukera batzuen alde egin dutenek prozesuan integratzeko aukera izango dute eta prozesua bultzatu dutenek ere hori bilatuko dute. Dagoeneko eztabaida ez da independenteak izan nahi duten edo ez, baizik eta zein estatu mota, zein elkarbizitza eredu nahi duten. Konplexurik gabe, norberak zer nahi duen, zer nahiago duen, zeintzuk diren beren lehentasunak, horiek nola antolatu, eta abar. Inongo morrontzarik gabe (edo, hobe esanda, beste edozein estatuk duen morrontza maila berarekin) eztabaidatu eta erabaki ahal izango dute. Horrek komunitatea, herria, demosa, (deitu nahi bezala) indartuko du, autoeraketaren bidetik.

Bigarrenik, Espainian. Bi aukera galdu dituzte han, teorian kontrako posizioetan daudenek galduak. Lehenik begi bistakoa eta aspalditik errepikatua: Estatuak aukera galdu du katalanen desioak kontuan hartuz eskaintza politiko egokia egin eta independentziaren aukera saihesteko. Beste aukera galdua Podemoseko sektorearena izan da. Estatuan, inon prozesu eratzaile bat sortzeko aukera baldin badago, Katalunian da. Kataluniako prozesuarekiko hartu duten jarrerak, ordea, Espainiako statu quo-arekin lerratuz, bi ondorio gutxienez izan ditu: ondorio bat Espainian balizko beste prozesu eratzaile bat sortzeko aukera ahultzea izan da. Estatuan haiek izan zitezkeen prozesu eratzaile baten erreferentzia, eta horretan eskarmentua eta legitimitatea zuten bakarrak. Aldiz, hortik kanpo geratuz askoz zailago izango dute horrelako zerbait sortzea. Gainera, jarrera horrek orain arte pentsatu gabeko beste estatu egituraketa baterako eta horren aldeko pedagogia egiteko aukera zapuztu eta darabilten diskurtsoa erabat sinesgaitz bihurtu du.

Azkenik, Euskal Herrian. Hegan egin nahiko genukeen asko, momentuz, zerura begira gaude. Ezin esan egun alderdi ezberdinak euren posizioetan argiak ez direnik, anbiguoak direnik. Neurri handi batean, Kataluniako prozesuak berak eragin du Euskal Herrian independentziarekiko posizioa hartzea. EAJrenaz ari naiz zehazki, beste alderdiek nahikoa argi adierazia baitzuten aurretik ere. EAJren moduko alderdi batek Espainiarekin lotuta egon nahi izateak, zalantzarik gabe, prozesu independentista eta eratzaile bat asko oztopatzen du. Kataluniako egoerak gure buruetan aukera bat irudikatzen laguntzen du. Aldiz, erabakitzeko eskubidearen edo, haratago, independentziaren aldeko mugimendu sozial indartsurik gabe, EAJren posizioak euskal herritarron buruetan aukera eza irudikatzen du. Horrek prozesu demokratiko eta independentista baterako aukera ezinezkoa ez, baina zailagoa bihurtzen du. Dena dela, aukerak badaude eta egongo dira. Katalanek bidea erraztu ahal badigute ere, gure aukera sortzea eta aprobetxatzea gure esku dago. Hegan egitea gure esku dago.

BERRIAn argitaratua (2015/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA